I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
338/1997 FORU DEKRETUA, azaroaren 17koa, Nafarroan, 30 urte baino gutxiagokoendako alokairuko etxebizitzei buruzko jarduketa babesgarriak (Gazte-Alokairua) arautzen dituena.
Nafarroako Parlamentuak 1997ko ekainaren 24an onetsi Nafarroarako Etxebizitza Plana 1997-2000 izenekoan "Gazte-Alokairua" izeneko arlo berri bat proposatu zen. Plan hura garatzeko, Nafarroako Gobernuak egin du Foru Dekretu hau, manu parlamentarioa bete eta Etxebizitzaren Finantzazioari buruzko 14/92 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarriaren bigarren idazatia garatzen duena.
Gazteek zailtasun ekonomiko finantzario larriak izaten dituzte ohiko etxebizitza eskuratzeko eta, honen ondorioz, gurasoen etxean oso berandu arte gelditzen dira. Zailtasun hori gazteen lan kontratuak etenak edo behin-behinekoak izatearen ondorioz heldu da. Honek etxebizitza bat eskuratzeko esfortzuari ekiteko beharrezkoa den egonkortasuna galarazten baitu. Bestalde, alokairu libreen prezioak horren altuak dira non dirusarreren portzentaia handia eramaten baitute, honek etxebizitza erosteko ezinbertzekoa den aurrezkia egitea galarazten duelarik.
Foru Dekretu hau egiteko aholkua eskatu zaie Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuari, Gazteriarendako departamenduen arteko Batzordearen Etxebizitza Azpibatzordeari baita alokatzeko etxeak eraikitzen dituzten sustatzaileei ere.
30 urte baino gutxiago dutenei modu berariaz laguntzeko asmoz maizterrendako hileko alokairua mugatua izanen duen etxebizitza mota garatuko da, gazte horiek erdiesten dituzten dirusarrerekin bateragarria izan dadin.
Etxebizitzek tamainu murritza izanen dute (70 m2 erabilgarri, gehienez ere) bainan 30 urte baino gutxiagokoek izan ohi duten familia osaketari egokituak. Prezio mugatuko alokairu erregimen honen helburua da gazte hauek alokatutako etxean bizi eta prezio mugatua ordaintzen ari diren bitartean, aurreztu ahal izatea, aurrezki horrek jabego erregimeneko etxebizitza eskuratzeko zailtasunak gutxitzeko adina saldo izanen duen Etxebizitzarako Aurrezki Kontu bat irekitzea ahalbidetuko dielarik.
Adjudikazio hartzaileen hautaketa deialdi publiko bidez eta baremo bati jarraikiz eginen da. Bertan honako hauek lehenetsiko dira: dirusarrera txikiagoak izatea, familiaren osaketa eta adjudikazio hartzaileen adina.
Hortaz, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko azaroaren hamazazpian egin bilkuran, hartu duen Erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Xedea.
Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, babes ofizialeko etxebizitzak eta haien eraskinak, eraiki berriak eta erregimen orokorrekoak, sustatzeko, eta 30 urte baino gutxiagokoei alokairuan lagatzeko, laguntza eta bultzada gisa Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen jarduketak eta dirulaguntzak arautzea da, hain zuzen, Foru Dekretu honen xedea.
2. artikulua. Eskuratzeko baldintzak.
a) Hartzaileek, eskabidea egiten duten unean, 30 urte beteak ez izatea.
b) Dirusarrera familiar haztatuak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino 3,5 bidez txikiagoak izatea edo dirusarrera familiar haztatugabeak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino 0,7 bider handiagoak izatea.
c) Babes ofizialeko etxebizitzetako araudi orokorraren eskakizunak eta Foru Dekretu honetan xedatutakoak bete ditzaten.
d) Etxebizitzaren tamaina, gehienez ere, 70 metro karratu erabilgarrikoa izatea.
e) Etxebizitzako metro karratu erabilgarri bakoitzeko prezioa, kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoari dagokion Aurrekontuari buruzko Foru Legean aipatutakoa ez gainditzea, hots, behin-behineko sailkapenaren eskaera egiten den unean indarra duen modulo haztatuaren ehuneko 110aren baliokide.
Lurzoru urbanizatuaren eragina, gehienez ere, ondoan dagoen kopuruaren ehuneko 17,50ekoa izanen da. Kopuru hori honela kalkulatuko da: etxebizitzetako azalera erabilgarriko metro karratuaren gehieneko salmenta prezioa bider ondokoen batuketa, hots, etxebizitzetako azalera erabilgarria gehi babestutako gainerako eraikinetako azalera erabilgarriaren ehuneko hirurogeia.
f) Adjudikazio hartzaileen hautaketa prozedura deialdi publikoaren bidez eta Foru Dekretu honetako baremoa aplikatuz egitea.
g) Adjudikazio hartzaileak bertze etxebizitza baten titularrak ez izatea, eta azken bortz urtetan etxebizitza baten jabaria eskualdatu ez izana.
Aurreko idazatian xedatutakoa galarazi gabe, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, kasuan kasuko ingurumariak aztertu ondoren, aurreko murrizketak salbuetsi ahalko ditu ondoko kasu hauetan:
Alokairu adjudikazio eskaera egiten deneko aurreko bortz urtetan bertze etxebizitza baten titulartasuna eskualdatu baldin bada banantze edo dibortzioaren gaineko epaien ondorioz, lan egoera dela, bizitokia dela, edo Departamentuak onartutako ezinbertzeko arrazoiak direla kausa, eta aski justifikatuak baldin badaude.
Bertze etxebizitza baten titularra izanda ere, kasu hauetako batean baldin badago: hirigintza berkokapenak, bizigarritasunaren gutxieneko baldintzarik ez duen etxebizitza, etxebizitzako azalera familiaren osaketarekin bat ez etortzea, edo, bertze etxebizitza bateko jabaria partekatzeagatik edo jabego soila izateagatik hura erabiltzeko edo hartaz gozatzeko posibilitaterik ez duenean.
Foru Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako soilik, etxebizitza desegokitzat hartuko da haren azalera erabilgarria, metro karratutan, familia unitatearen partaide kopurua bider hamar baino txikiagoa denean.
h) Hartzaileak alokairu erregimenpean gehienez ere bortz urtez egotea.
i) Hartzaileak, adjudikazio unean, Etxebizitzako Aurrezki Kontua irekia izatea, bertan, bortz urteko epean alokairu-etxebizitzak salmentarako duen gehieneko prezioaren %10aren diru kopurua gutxienez izatera behartuta egonen delarik.
j) Etxebizitzak sukaldea hornitua izatea.
k) Familia unitatearen partaide kopurua bortz izatea gehienez ere.
3. artikulua. Dirulaguntzak.
1.-Nafarroako Gobernuak gazte alokairuko etxebizitzen sustatzaileei, aurrekontuen kargura, ondoko dirulaguntza emanen die
Etxebizitzen eta haiei lotutako garajeen saltzeko gehieneko prezioaren ehuneko 25a. Prezio horiek honela kalkulatuko dira: sailkapena eskatzen den unean indarra duen modulu haztatuaren ehuneko 110a etxebizitzako metro karratuko erabilgarri bakoitzeko, eta aipatutako moduluaren ehuneko 66a lotutako trasteleku eta garajeetako metro karratu bakoitzeko.
2.-Nafarroako Gobernuak aurreko puntuaren dirulaguntza behin-behineko sailkapena egin ondoan ordainduko du, apirilaren 14ko 100/1997 Foru Dekretuaren 22. artikuluaren baldintzei jarraikiz.
4. artikulua. Mailegu gaituen ezaugarriak.
Ondoren 30 urte baino gutxiagokoei alokairuan uzteko babes ofizialeko etxebizitza eta haren eraskinak, eraiki berriak, sustatzeko mailegu gaituek ondoko ezaugarri hauek izanen dituzte:
a) Gehieneko zenbatekoa, lehenbiziko aldiz eskualdatzen direnean etxebizitzak, eta lotutako garajea hala denean, saltzeko gehieneko prezioaren %75a izanen da.
b) Amortizazio epea, gehienez ere, hogei urtekoa izanen da gehi ezaldiko hiru urteko aldia gehienez ere, sustatzaileari emandako maileguetan.
c) Kreditu entitate publikoek zein pribatuek emandako maileguetarako korritu mota apirilaren 14ko 100/1997 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren b) puntuari lotuko zaio.
d) Maileguak hipoteka bidez bermatuko dira eta, hala bada, baita kreditu entitateek mailegariei eskatzen ahal dizkieten bermeekin ere.
5. artikulua. Sustatzaileendako maileguen subsidiazioa.
1.-Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu honen xede diren jarduketetan, sustatzaileei emandako mailegu gaituak subsidiatuko ditu.
Subsidiazioa ezaldira ere zabalduko da, horrek gehienez ere 36 hilabeteko iraupena izanen duelarik.
Subsidiatutako korritu tasa ehuneko laukoa izanen da.
Etxebizitzetako sustatzaileak bere titularitatea eskualdatzen badu, eskuratzailea subrogatuko da sustatzaileak, Foru Dekretu honen babesean, bere gain hartutako betebeharretan eta maileguen subsidiazioak segitu du amortizazio epearen bukaeraino.
2.-Sustatzaileak mailegu gaitua ez hartzeko aukera izanen du. Kasu horretan, etxebizitzak eta haiei lotutako garaje eta trastegelak saltzeko gehieneko prezioaren ehuneko hamarreko sirulaguntza jasoko du. Salmenta prezio horiek izanen dira sailkapena eskatzen den unean indarra duen modulu haztatuaren ehuneko 110a etxebizitzako metro karratu erabilgarri bakoitzeko eta modulu horren ehuneko 66a lotutako garaje eta trastegeletako metro karratu bakoitzeko.
6. artikulua. Alokairuetako gehieneko prezioak eta baldintzak:
1.-Hasierako urteko errenta, gehienez ere, alokairu kontratua izenpetzen den unean, etxebizitzen eta haiei lotutako garaje eta trastelekuen salmentarako gehieneko prezioaren ehuneko bortza izanen da. Prezio horiek honela kalkulatuko dira: indarra duen modulu haztatuaren ehuneko 110a etxebizitzako metro karratu erabilgarri bakoitzeko eta modulu horren ehuneko 66a trasteleku eta garajetako metro karratu bakoitzeko.
Aurreko kopurua handitu ahalko da maizterrak erabili eta alokatzaileak ordaintzen dituen zerbitzuen benetako kostuarekin.
2.-Hasierako errenta urtero eguneratu ahalko da, aplikagarria den moduluaren proporzio berean.
7. artikulua. Maizterrek erosteko izanen duten aukera.
Alokairuko bortz urteko gehieneko epea eman ondoren, maizterrek, alokairu kontratuan alokatzailearekin horrela hitzartu bazen, etxebizitza erosteko aukera gauzatu ahalko dute, ondoko baldintza hauekin:
a) Saltzeko gehieneko prezioa, saltzeko unean aplikagarria den modulu haztatuaren ehuneko 110a baino handiagoa ez izatea etxebizitzako azalera erabilgarriaren metro karratu bakoitzeko.
b) Etxebizitzak lotutako garajea edo bestelako eraskin eta lokalak baldin baditu, saltzeko gehieneko prezioa haietako metro karratu erabilgarri bakoitzeko ez da lotuta dauden etxebizitzako azalera erabilgarriaren metro karratuko bakoitzeko salmenta gehieneko prezioaren ehuneko hirurogeia baino handiagoa izanen.
c) Saltzeko gehieneko prezioak murriztuko dira ehuneko lauan, behin betiko sailkapena eman denetik salmenta egiten den arte iragandako urte bakoitzeko.
d) 2. artikuluko i) puntuan zehaztutako beharkizuna, hots, Etxebizitzako Aurrezki Kontua irekitzearena, betea izatea.
8. artikulua. Adjudikazio hartzaileak hautatzeko baremoa.
Adjudikazio hartzaileak hautatzeko prozedura, beti ere 2. artikuluan azaldutako baldintzak betetzen dituen oro baztertua gelditu ezin delarik, deialdi publikoaren bidez eginen da, baremo bat aplikatuz. Honek dirusarrera gutxiago eta famili zama handiagoa dutenak eta adinez zaharragoak direnak lehenetsiko ditu, modu honetan:
a) Dirusarrera haztatuak honela baloratuko dira:
-Dirusarrera haztatuak 1,5 aldiz LGS baino txikiagoak, 40 puntu.
-Dirusarrera haztatuak 1,5 aldiz LGSren eta 2,0 aldiz LGSren artekoak, 30 puntu.
-Dirusarrera haztatuak 2,0 aldiz LGSren eta 2,5 aldiz LGSren artekoak, 20 puntu.
-Dirusarrera haztatuak 2,5 aldiz LGSren eta 3,5 aldiz LGSren artekoak, 10 puntu.
b) Adina honela baloratuko da:
-20 urte arteko adjudikazio hartzaileak, 3 puntu.
-21 eta 23 urte bitarteko adjudikazio hartzaileak, 8 puntu.
-24 eta 26 urte bitarteko adjudikazio hartzaileak, 16 puntu.
-27 eta 29 urte bitarteko adjudikazio hartzaileak, 30 puntu.
c) Famili zamak honela baloratuko dira: 5 puntu famili unitateko partaide bakoitzeko. Gehienez ere 20 puntu.
Ondorio hauetarako famili zamatzat hartuko dira eskatzailearekin bizi eta ekonomikoki bere bizkar dauden pertsonak.
d) Entitate edo pertsona sustatzaileek baloratzeko bestelako elementuak ere sartu ahalko dituzte. Gehineko balorazioa, guztietarako, 10 puntu.
9. artikulua. Alokairuarekiko loturaren iraupena.
Foru Dekretu honetan araututako alokairuko etxebizitzen sustapenerako finantziazio kualifikatua erdiesteak ekarriko du etxebizitzak aipatu erabilera erregimenarekin lotuta egotea, Foru Dekretu honetan xedatutako epean, haren sustapenerako lortutako mailegu kualifikatuaren amortizaziorako, edo mailegu librearen amortizaziorako 5. artikuluaren bigarren puntuan xedatutakoari heldu badio, edo, mailegurik izan ezean, 25 urte iragan arte, behin betiko sailkapena ematen denetik kontaturik.
Foru Dekretu honen xede den etxebizitza ezin izanen da desailkatu behin betiko sailkapena ematen denetik hamabortz urte iragan arte.
Epe hori bukatu aitzin erabilera aldatzen bada, jasotako laguntza ekonomiko zuzenen deuseztapena eta itzultzea ekarriko du, epe horretan izandako legezko korritua aplikatuz ateratzen den kopurua ere erantsiko zaiolarik.
Hala eta guztiz ere, epe hori bukatu aitzin jabetza eskuratzen duen maizterra mailegu kualifikatuan subrogatu ahalko da eta haren dirusarrera familiar haztatuen arabera dagokion subsidiazioa lortu. Kasu honetan etxebizitza ezin izanen da inolaz ere lagatu artikulu honen lehenbiziko idazatiko lotura epean. Debeku honetatik salbuetsirik daude "mortis causa" dela eta egindako lagapenak eta, epai judizial irmo baten ondorio direnak, beti ere Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak justifikatutzat ematen baditu.
10. artikulua. Ikuskapena eta kontrola.
1.-Emaniko laguntzen lagapenak berrikusten ahalko dira horretarako irekitako espediente bidez. Honen ebazpenak, datuak izkutatu edo faltsutu badira, laguntzarako eskubidea galtzea ekar dezake eta, beraz, bidegabe jasotako kopurua, jaso zenetik zegozkion legezko korrituekin areagotua, itzuli behar izatea.
2.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio aurreko idazatia aplikatzetik hel daitezkeen espedienteak ireki eta ebaztea eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuari igortzea behar bezalako ondorioak izan ditzaten.
11. artikulua. Kauzio eta arrisku anitzetarako asegurua.
Foru Dekretu honetako laguntzen hartzaileek kauzio eta arrisku anitzetarako aseguruetarako dirulaguntzen onuradunak ere izan daitezke, Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuak Lan eta Gizarte Aferetarako Ministerioarekin izenpetua duen hitzarmenaren baldintzetan.
12. artikulua. Jarduketa babesgarrien izapidatzea.
Jarduketa babesgarriaen izapidatzea apirilaren 14ko 100/1997 Foru Dekretuaren IX. kapituluan (79-86. artikuluak) xedatutakoari jarraikiko zaio.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Foru Dekretu honetan aurreikusi ez den orotan apirilaren 14ko 100/1997 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehendabizikoa.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena.-Foru Dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean.
Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamazazpiko azaroaren hamazazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Yolanda Barcina Angulo.
Iragarkiaren kodea: A9710324