118. ALDIZKARIA - 1997ko urriaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

M A R C I L L A

Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzen duen ordenantzaren behin betiko onespena

Marcillako Udalak Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzen duen ordenantza behin betikoz onestea erabaki zuen 1997ko irailaren 4an egin osoko bilkura arruntean.

Aditzera ematen da orok jakin dezan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legearen 325. artikulua betez.

Alkatea, María Jesús Moreno Garrido.

ETXEKO ANIMALIAK ETA BEREZIKI ZAKURRAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Xedea

1. artikulua. Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.

2. art. Ordenantza honi doakionean, gizonak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.

Zakurren inskripzioa

3. art. Zakur guztiak Udalaren zentsuan inskribatu beharko dira.

Alta edo bajarik izanez gero, jabeak hori gertatu eta hogeita lau orduko epearen barrenean jakinarazi beharko du.

4. art. Alta izanez gero, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak txertatu eta aztertuko du, agiriak eta identifikatzeko xafla emanen dizkiolarik.

5. art. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta noiz ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.

Txertaketa

6. art. Zakur guztiak urtero txertatu beharko dira, jabeak aurkeztuta.

Jabeei identifikazioa eta txertoa frogatzen dituen xafla emanen zaie, animaliari idunekoan ezar diezaioten.

7. art. Amorruaren kontrako txertoa urtero eman behar denez eta hura ezartzea errazagoa izan dadin, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu, baita haien tasak ere.

Parada horretaz baliatuko da Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzua zakurren egoera orokorra eta bizkarroirik ote duten aztertzeko. Zerbitzu horrek agintzen duen tratamendua bete beharko dute jabeek.

8. art. Animaliarengan eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurren jabeak albaitaria azal dadila eskatzera beharturik egonen dira, eta hogeita lau ordu baino lehen, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.

Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakarrik utziko da, Udalaren lokaletan horretarako hautatzen denean, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.

Debekuak

9. art. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurrak idunekorik edo urtean urteko identifikagarririk edo xaflarik gabe ibiltzea.

10. art. Debeku da zakurrak Marcillako hirigunean barna eta gurpildun ibilgailuetarako karrika edo errepideetan deslai ibiltzea.

Alde horietan, zakurrek gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo katea batetik arduradun bati loturik ibili behar dute, eta, nahitaez, muturrekoa ezarrita.

11. art. Marcillako udal mugapearen barnean, biziguneen inguruan hiri lurzorutzat harturik dauden aldeetan, zakurrak ibili ahal izanen dira muturrekoa ezarrita, hede edo katearik gabe, arduradunarekin joanez gero.

Hala ere, zakurrarekin batekin doan arduradunak aitzineko kapituluan ezarritako baldintzak dituen hedea edo katea eraman beharko du beti aldean, zakurrari kontzeko, horrek jendeari traba egin edo gauzei eta bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte egiten ahal badie.

12. art. Udal mugapeko alde guztietan, aitzineko hiru artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Foru Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta eramanen ditu.

13. art. Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.

14. art. Debeku da zakurren edo bertze edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan edo erabilpen publikoko bertze edozein alderditan, Marcillako hiri barnean.

Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak, eta bereziki zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.

15. art. Debeku da zakurrak edozein saltoki edo garraiobide publikotan sartzea, katea eta muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoaz ere. Eraikinetan igogailua erabiltzea ere debeku da. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espreski baimendu beharko dira.

16. art. Jabego partikularreko barrutietako zakur zaindariak libre egon ahal izanen dira, baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.

Erantzukizunak

17. art. Animalia baten edukitzaileak baldintza onetan atxiki behar du higienearen eta osasunaren aldetik eta aurrea hartzeko edozein tratamendu egin beharko du hura nahitaezkotzat jotzen bada.

18. art. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:

a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.

b) Halaber, ardura izanen du animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.

c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak saingaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko handik goiti horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.

Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea

19. art. Bere eskumenen esparruan, Marcillako Udalari dagokio:

a) Animalia abandonatuak biltzea.

b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, baldin eta tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio itxurak badituzte, edo behar ez bezalako instalazioetan badaude.

20. art. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo eta zakurra harrapatu eta hiruretan hogeita hamabi orduko epearen barnean jabeak eskatu ezik, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko eman ahal izanen da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.

21. art. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.

22. art. Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean zakurrak horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko dira, albaitari batek azter ditzan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dagoen arauen ariora jokatuko du.

23. art. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

Arau-hausteak

24. art.

1. Ordenantza honi doakionean, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

2. Honakoak dira arau-hauste arinak:

a) 7/94 Foru Legearen 10. artikuluaren ariora zentsuan sartu gabe, lagun egiteko animalia bat edukitzea.

b) Animaliak identifikaturik izateko arautegia ez betetzea edo animalia identifikagarririk gabe edukitzea.

c) Prebentzio kontrolik gabeko txertaketa.

d) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea hede edo katea batez lotu gabe.

e) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.

f) Inori eraso eginak diren zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

g) Beren zakurren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen denean.

3. Honakoak dira arau-hauste larriak:

a) Animaliak behar duten mantenurik gabe atxikitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten muntaduretan edukitzea, edo higiene eta osasun baldintza txarretan edukitzea.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea edo hiltzea albaitariaren kontrolik gabe edo 7/94 Foru Legeak ezarritako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat jo dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Osasun zerbitzu ofizialei ez aditzera ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

f) Elikagaiak prestatu, erabili edo biltegiratzen diren tokietara animaliekin sartzea.

g) Animaliak saltzea bizkarroiak edo eritasunak dituztela edo eritasunik ez dutelako albaitariaren ziurtagiria gabe.

4. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:

a) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

b) Animalia abandonatzea, bai bizirik, bai hilik.

c) Arau-hauste larrietan berrerortzea.

Zehapenak

25. art. Arau-hauste arinek 5.000tik 10.000ra bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 10.001etik 25.000ra bitartekoak, eta oso larriek 25.001etik 50.000 pezeta bitartekoak.

26. art. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:

a) Alkateari edo zinegotzi eskuordeari, arau-hauste arinak badira.

b) Udalbatzaren osoko bilkurari, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.

Erantzukizun zibila

27 art. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.

Animalien babesa

28. art. Animalien babesari doakionean, maiatzaren 31ko 7/94 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordezko aplikazioa. Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan kontutan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/94 Legean eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretuan ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: A9707973