Iragarkia
118. ALDIZKARIA - 1997ko urriaren 1a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Agintariak eta Langilegoa
705/1997 EBAZPENA, irailaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Unibertsitate honetako Kudeaketa Eskala Teknikoan (arlo ekonomikoa) 3 lanpostu huts betetzeko hautapen proben deialdia egiten duena.
Errektoretza honek, U.E. Legearen 18. artikuluan, arau bereko 3 e) artikuluari buruz, esleiturik dauzkan eskumenak erabiliz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 40. artikuluak esleitzen dizkidan eskurantzak erabiliz, ebatzi du Kudeaketa Eskala Teknikoan (arlo ekonomikoa) sartzeko hautapen probetarako deialdia egitea, ondoko arauei loturik:
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.-Arau orokorrak.
1.1. Unibertsitate honetako Kudeaketa Eskala Teknikoan (arlo ekonomikoa) 3 funtzionario lanpostu betetzeko hautapen proben deialdia egiten da.
1.2. Hautapen proben bidezko deialdi honetan iragarritako lanpostuaren eskala berean lanpostu huts gehiago sortzen badira Unibertsitate honetan, lanpostu horiek 1.1. idazatian eskainitakoei gehitu ahalko zaizkie, Unibertsitateko errektoreak oposizioko hirugarren ariketa egin baino lehen eman beharreko ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek gehitzen diren lanpostuak ere deialdi honetako hautapen proben bitartez bete ahal izateko baimena emanen du.
1.3. Hautapen probak egiterakoan, ondokoek ezarritakoa aplikatuko da: Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea; martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretua; Unibertsitateko Estatutuak eta deialdi honetako arauteria.
1.4. Izangaien hautapen bideak ondoko aldiak izanen ditu:
A) Oposizioaldia:
1.4.1. Lehen ariketa: bi zati izanen ditu eta biak baztertzaileak izanen dira.
Epaimahaiak erabaki ahalko du ariketa hau saio batean baino gehiagotan egitea; baita, halaber, zati bakoitza deialdi ezberdinetan egitea ere.
Lehen proba:
Erantzun bat baino gehiago duen test moduko galdera sorta bat, I. Eraskineko gai berariazkoei zein orokorrekoei buruzkoa, idatziz erantzutea.
Proba hau egiteko bi ordu emanen dira, gehienez ere. Zerotik hamar bitarteko puntuazioa izanen du eta bazterturik geldituko dira gutxienez bost puntu lortzen ez dituzten izangaiak.
Bigarren proba:
Hiru gai garatu beharko dira idatziz. Epaimahaiak deialdi honetako I. eraskinean azaltzen den programaren zati bakoitzetik bi gai aukeratuko ditu, zozketa bidez, eta horietako bana aukeratu beharko du oposiziogileak, ondoren garatzeko.
Bigarren proba egiteko emanen den denbora ez da sei ordutik goitikoa izanen.
Izangai guztiek proba honetako ariketa irakurri beharko dute epaimahaiaren aurrean, jendaurreko saio batean.
Gai bakoitzari 0-10 bitarteko puntuazioa emanen zaio eta proba gainditzeko gai bakoitzean 4 puntutik gora lortu beharko dira eta, guztira, hurrengo lerroaldean zehazten den gutxieneko puntuazioa baino gehiago.
Bigarren probaren azken puntuazioa ateratzeko, gai bakoitzean lorturiko puntuazioak batuko dira. 15 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak baztertuko dira.
1.4.2. Bigarren ariketa: baztertzailea izanen da:
Izangaiek kasu praktiko bat edo batzuk egin beharko dituzte, Epaimahaiak proposatuak eta programako gaiekin eta deialdiko lanpostuak berezko dituen eginkizunekin lotuak.
Bigarren ariketa hau egiteko denbora bost ordukoa izanen da gehienez.
Izangai bakoitzak bere ariketa irakurriko dio epaimahaiari, jendaurreko saio batean. Saio honetan epaimahaikideek egoki juzkatzen dituzten galderak egin ahalko dituzte, kasu praktiko horietako hainbat alderdiri buruzkoak.
Ariketa honen balorazioa 0 eta 20 puntu bitartekoa izanen da. 10 puntura iristen ez diren izangaiak baztertuko dira.
1.4.3. Hirugarren ariketa: baztertzailea izanen da.
Zenbait proba psikotekniko eginen dira, izangaiek deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunetarako duten gaitasuna neurtzekoak. Proba hori Nafarroako Gobernuko Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen du, erakunde horrexek finkatu tokian eta saioetan.
Ariketa hau 0tik 10 puntura bitarte baloratuko da. Gutxienez 5 puntu biltzen ez dituzten izangaiak baztertu eginen dira.
B) Lehiaketaldia:
Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen balorazioa izanen da, ondoko baremoari jarraikiz. Ez da inolaz zilegi izanen lehiaketaldiko atal ezberdinei dagozkien merezimenduak batuz ateratzen den puntuazioa 30 puntu baino gehiago izatea.
1.-Merezimendu profesionalak: honakoak baloratuko dira, atal honetako puntuazioa gehienez 16,5 puntukoa izanik:
a) Eskabideak aurkezteko epea akitzen den eguna arte, unibertsitate publikoetan deialdiko lanpostuen antzeko eginkizunetan egindako hilabete bakoitzeko, 0,30 puntu, eta gehienez ere hiru urte.
b) Eskabideak aurkezteko epea akitzen den eguna arte, unibertsitate publikoak ez diren bestelako administrazio, organismo eta erakunde publikoetan deialdiko lanpostuen antzeko eginkizunetan egindako hilabete bakoitzeko, 0,15 puntu, eta gehienez ere hiru urte.
2.-Euskaraz jakitea eta beste hizkuntza batzuk: honako merezimenduak baloratuko dira, atal honetan 9 puntu gehienez ere:
2.1.-Euskara:
a) Euskararen Gaitasun Agiri Ofiziala (E.G.A.) edo titulu ofizial baliokideren bat izateagatik, 6,75 puntu.
b) Euskarako Oinarrizko Zikloaren Agiri Ofiziala edo titulu ofizial baliokideren bat izateagatik, 4,5 puntu. Balorazio hau eta aurreko lerroaldeak aipatzen duen merezimenduarena bateraezinak dira.
c) Goiko a) eta b) idazatiek aipatzen dituzten titulazioak aurkeztu ezinean dauden izangaiek, zilegi izanen dute, nahi badute, euskara zenbateraino dakiten neurtzeko proba batera aurkeztea. Proba hori borondatezkoa eta merezimenduzkoa izanen da eta 0tik 2,7 puntura bitarte baloratuko da. 1.7 oinarriak agintzen duenari lotuko zaio.
2.2.-Beste hizkuntza batzuk:
a) Europako Batasuneko hizkuntza ofizialetako edozeinetan Gaitasun Agiria izateagatik, edo baliokidea, Hizkuntza Eskola Ofizialen batek luzatua, 4,95 puntu hizkuntza bakoitzeko.
b) Europako Batasuneko hizkuntza ofizialetako edozeinetan Oinarrizko Zikloaren Agiria izateagatik, edo baliokidea, Hizkuntza Eskola Ofizialen batek luzatua, 3,15 puntu hizkuntza bakoitzeko.
3.-Bestelako merezimenduak, 4,5 puntu gehienez ere:
3.1.-Bestelako tituluren bat izateagatik, baldin eta izangaiek hura bera alegatu ez badute deialdiko 2. c) oinarriaren baldintza betetzeko, gehienez 2 puntu, eskala honen arabera baloratuta:
a) Unibertsitateko lizentziatu titulua edo balio berekoren bat izateagatik, 2 puntu.
b) Unibertsitateko diplomatu titulua edo balio berekoren bat izateagatik, puntu bat.
3.2.-Organismo eta erakunde publikoetan, unibertsitate publiko edo pribatuetan egindako ikastaroak gaindituak izateagatik, beti ere aprobetxamenduaren ziurtagiria aurkez badaiteke, deialdi honetako lanpostuen eginkizunen inguruko gaiei buruzkoak izan badira, 2,5 puntu bitarte baloratuko da.
1.5. Epaimahaiak deklaratuko du hautapen prozesua gainditu dutela eta, beraz, karrerako funtzionario izendatuko ditu oposizioaldia gainditu eta oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioak batuta puntuazio altuena lortu duten izangaiak. Haien kopurua ez da izanen deitutako lanpostuak baino handiagoa, 5.11 oinarrian xedatutakoari jarraikiz.
Lanpostu hutsak funtzionario berriei esleitzeko, probak gainditu dituzten oposiziogileek behin betiko puntuazioaren arabera egiten dituzten eskaerei eginen zaie kasu.
1.6. Oposizioaldiko lehen ariketa 1998ko maitzaren bigarren hamabostalditik aurrera eginen da.
1.7. Euskara proba borondatezkoa, lehiaketaldiko 2.c) idazatiak aipatzen duena, oposizioaldia hasi baino lehen eginen da. Horretarako Nafarroako Gobernuko Hizkuntz Eskola Ofizialaren laguntza eskatuko da. Eguna eta ordua finkatzen dituen deialdia Unibertsitateko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki oholean argitaratuko da, eta bertako prentsan iragarkiak argitaratuz zabalduko da. Proba hori euskara hutsean eginen da eta honako zatiak izanen ditu:
a) Idatzizko proba, gramatika edukiak eta idazmena neurtzekoa.
b) Ahozko proba, ahozko ulermena eta mintzamena neurtzekoa.
Oposizioaldiko lehen ariketa hasi baino berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez, epaimahaiak argitara emanen du izangaien zerrenda, lehiaketaldian izan duten puntuazioarekin. Zerrenda hori, beti ere, oposizioaldiko lehen ariketa eginen den egoitzan bederen egonen da jendaurrean eta Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki oholean ere bai.
2.-Izangaien baldintzak.
2.1. Hautapen probak egitera onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiarra izatea edo Europako Batasuna osatzen duten herrialde batekoa.
b) Hemezortzi urte beteak eta hirurogeita bost urte bete gabe edukitzea.
c) Ekonomiako lizentziatu titulua edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzakoa izatea edo baliokideren bat.
d) Lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisikorik ez izatea.
e) Inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik disziplina espediente baten bidez berezi gabekoa izatea, eta eginkizun publikoetan aritzeko epai irmo baten bidez desgaitua ez egotea.
2.2. Aurreko arauetan ezarritako baldintza guztiak, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean eduki behar dira eta horien jabe beharko da izan karrerako funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartzen den arte.
3.-Eskabideak.
3.1. Hautapen proba hauetan parte hartu nahi dutenek horrela adierazi beharko dute IV. Eraskineko eskabidean. Eskabideari nortasun agiri nazionalaren fotokopia erantsiko zaio, baita lehiaketaldian alegatutako merezimenduei dagozkien agiriak ere.
Interesatuak horrekin batera aurkeztuko du azterketa eskubideak ordaindu izana frogatzen duen banku agiria, 3.4 oinarrian agintzen denaren arabera.
3.2. Lehiaketaldian merezimenduak alegatzen dituzten izangaiek eskabide orriaren 24D) idazatian azaldu beharko dute aurkezten duten dokumentazioa.
Lehiaketaldiko 1. puntuko a) eta b) merezimenduak egiaztatzeko, izangaiek zerbitzuak zer organismotan eman dituzten, hango langileria unitateak luzaturik aurkeztu beharko dituzte horien egiaztagiriak.
Lehiaketaldiko 2. eta 3. puntuetako merezimenduak alegatzen dituztenek tituluen fotokopia konpultsatua ekarri beharko dute, edo fotokopia eta jatorrizkoa, bertan kotejatzeko.
Lehiaketaldiko euskara proba borondatezkoa egin nahi duten izangaiek, hala eman beharko dute aditzera eskabide orriaren 24 A) idazatian "Euskara Proba" jarriaz. Hautaprobetara onartzeko eskabide orrian borondatezko euskara proban parte hartzeko nahia agertu ez dutenei ez zaie ariketa hori eginen.
3.3. Eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean (Administrazio eta Kudeaketa eraikina. Beheko solairua. Arrosadiako campusa, z.g., 31006 Iruña) aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarri bezala, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitara eman eta biharamunetik hasita, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore txit garaiari zuzenduko zaizkio.
3.4. Azterketa eskubideak 3.000 pezetakoak izanen dira eta Iruñeko Aurrezki Kutxaren edozein bulegotan sartuko dira 3300.064001901.4 zenbakiko kontu korrontean, identifikazio honekin: "Hautapen probak-Kudeaketa Eskala Teknikoa (arlo ekonomikoa)".
Azterketa eskubideak ordaintzeak ez du inolaz ere 3.3 oinarrian adierazitako organoaren aurrean eskabideak behar den garaian eta moduan aurkeztu beharra ordezkatuko.
Azterketa eskubideak ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du.
3.5. Egitatezko akatsik atzematen bada, zilegi izanen da edozein momentutan zuzentzea, hala ofizioz nola interesatuak eskaturik.
4.-Izangaien onarpena.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak gehienez ere hilabeteko epean Ebazpena emanen du eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Ebazpen horretan izangai onartu eta baztertuen zerrenda onetsitzat emateaz gain, nahiz eta baztertuak baizik ez agertu baztertzeko zergatiekin batean, ariketak hasteko tokia eta eguna zehaztuko dira.
4.2. Izangai baztertuek, Ebazpena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunetik, hamar eguneko epea izanen dute baztertzeko bidea eman duen akatsa zuzentzeko.
Izangai onartu eta baztertuen zerrenda behin betikoz onesten duen Ebazpenak administrazio bidea agortzen duenez, haren aurka administrazioarekiko helegitea paratzen ahalko da bi hilabeteko epean, Unibertsitateko errektoretzako iragarki oholean argitara eman eta biharamunetik aitzina, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 110.3 artikuluan aipatzen den jakinarazpena egin ondoan.
4.3. Azterketa eskubideak bakarrik hautapen probetatik behin betikoz bazterturik gelditu diren izangaiei itzuliko zaizkie ofizioz.
5.-Epaimahaia.
5.1. Proba hauetako Epaimahaia deialdi honen II. Eraskinean agertzen da.
5.2. Epaimahaikideek ez dute probetan parte hartuko, eta hala jakinaraziko diote Unibertsitateko errektoreari, beraiengan Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 28. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean edo izangaiak hautapen probetarako prestatzen ibiliak badira deialdi hau argitara eman aitzineko bortz urteetan.
Epaimahaiburuak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 28. artikuluan aurreikusitako inguruabarretatik libre daudelako deklarazioa espreski eskatzen ahalko die epaimahaikideei.
Halaber, izangaiek atzera bota ditzakete epaimahaikideak, oinarri hauetan aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direnean.
5.3. Hautapen probak hasi aitzin, deialdia egiten duen agintaritzak "Estatuko Aldizkari Ofizialean" Ebazpena argitara emanen du, 5.2 oinarrian aurreikusi arrazoietariko bat dela eta mahaikide izaera galdu dutenak ordezkatzeko kide berriak izendatzeko.
5.4. Epaimahaiburuak deia eginda, Epaimahaia eratuko da. Horretarako, guttienez ere kideen gehiengo absolutua bildu beharko da, titular nahiz ordezko izan.
Bilkura horretan, epaimahaiak dagozkion erabaki guztiak hartuko ditu, hautapen probak zuzen eraman ahal izateko.
5.5. Hautapen prozesuaren barrenean, Epaimahaiak arau hauek interpretatu eta aplikatzean sor daitezkeen zalantza guztiak argituko ditu. Hautapen prozesuaren barnean ustekabez suertatzen diren kasuak erabakitzeko neurriak ere hartuko ditu.
Epaimahaiaren jarduketa, beti ere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarritakoari lotuko zaio.
5.6. Epaimahaiak beren lanetara aholkulari adituak ekartzea xedatzen ahal du, beharrezko jotzen dituen ariketen probetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetara mugatuko dira. Aholkulariak izendatzen badira, Unibertsitateko errektoreari jakinarazi beharko zaio.
Horri dagokionez, euskara proba borondatezkoa zuzentzeko Unibertsitateko Errektoreak izendatuko duen aholkulari talde baten laguntza izanen da, eta 1.7 oinarrian ezarritakorekin bat. Aholku-emaile horiei 5.2. oinarrian zehaztu diren abstentzioari buruzko xedapenak aplikatu zaizkie. Epaimahaikideek onesten dituzten zuzenketa irizpideen arabera baloratu beharko dute borondatezko proba hau.
5.7. Epaimahaiak behar diren neurriak hartuko ditu beharrezko gertatzen den kasu guztietan, izangai minusbaliatuak gainerako partehartzaileen antzeko baldintzetan egon daitezen ariketak egiterakoan.
5.8. Epaimahaiburuak behar diren neurriak hartuko ditu oposizioaldiko ariketak, idatzizkoak eta epaimahaiaren aitzinean irakurri behar ez direnak, izangaien nortasuna jakin gabe zuzenduak izan daitezen.
5.9. Jakinarazpen eta gainerako gorabeheretarako, epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketa eraikinean izanen du egoitza.
5.10. Epaimahaiak, martxoaren 4ko 236/88 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, lehen kategoria izanen du.
5.11. Epaimahaiak ezin izanen du inoiz ere onetsi ez eta deklaratu ere, deialdiko lanpostuak baino izangai gehiagok hautapen probak gainditu dituztela. Probak gainditu dituztenei buruzko edozein proposamen, ezarritakoari aurka egiten badio, baliogabekoa izanen da eskubide osoz, martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuak onetsitako Estatuko Administrazioaren zerbitzuko langileria sartzeko eta lanpostuak hornitzeko erregelamenduko 25. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5.12. Hautapen prozesua akiturik, eta beti ere Nafarroako Unibertsitate Publikoaren langile premiak horretara behartzen badu, epaimahaiak lanpostua eskuratu ez duten izangaien zerrenda ordenatua eginen du, bitarteko funtzionario izendatu edo aldi bateko kontratua egin ahal izateko.
6.-Ariketen garapena.
6.1. Epaimahaikideek edozein momentutan eskatzen ahalko diete izangaiei beren nortasuna egiazta dezaten.
6.2. Oposizioaldiko ariketetan, deialdi bakarra eginen zaie izangaiei, eta probetatik bazterturik geldituko dira agertzen ez direnak, ezinbertzeko kasuak salbu, behar bezala frogatu eta epaimahaiak onetsi ondotik.
Izangaiendako deialdiaren ordena alfabetoaren arabera eginen da, Administrazio Publikoarendako Estatuko Idazkaritzak horretarako urtero egin ohi duen zozketan ateratzen den letratik hasita.
6.3. Hautapen prozesuaren edozein unetan, epaimahaiak baldin badaki izangairen batek deialdi honetan eskatutako betebehar guztiak betetzen ez dituela, interesatuari entzutea eman ondoan, hura baztertzeko proposamena eginen dio Unibertsitateko errektoreari eta jakinaraziko dio era berean, zein diren izangaiak hautapen probetara onartua izateko eskaeran egindako oker edo faltsukeriak, behar diren ondorioak sor ditzan.
7.-Gainditzen dutenen zerrenda.
7.1. Ariketa bakoitza akituta, Epaimahaiak argitara emanen du ariketa izan den toki berean, gainditzen duten izangaien zerrenda, hurrenez hurren erdietsitako puntuazioaren arabera, haien nortasun agiri nazionala eta guzti.
7.2. Oposizioaldia akituta, epaimahaiak hura gainditu duten izangaien zerrenda argitara emanen du, haien nortasun agiri nazionala eta guzti, ariketako toki berean eta egoki juzkatzen dituen gainerakoetan, hurrenez hurren behin betiko puntuazioaren arabera, ariketa bakoitzean eskuratutako puntuazioen batuketa egin ondoan.
7.3. Epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du, erdietsi duten behin betiko puntuazioaren arabera, oposizioaldikoa eta lehiaketaldikoa batuta. Epaimahaiak aditzera emanen du nor den hautapen prozesua gainditu duena: oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioak batuta puntuaziorik handiena eskuratu duten izangaiak, deialdiko lanpostuak baino gehiago ez, 1.5. eta 5.11 oinarrietan xedatutakoaren arabera, eta karrerako funtzionario izendatzeko proposamena eginen dio Unibertsitateko errektoreari.
8.-Agirien aurkezpena eta funtzionarioen izendapena.
8.1. Probak gainditzen dituzten izangaien zerrendak 7.1. oinarriak aipatzen dituen tokietan argitara eman eta biharamunetik hasita hogei egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Unibertsitateko Erregistro Orokorrean:
8.1.1. Deialdiko 2.1.c) oinarrian eskaturiko tituluaren fotokopia, behar bezala konpultsatua.
8.1.2. Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazteko behinere ez dutela disziplina espediente baten bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko, deialdi honen III. Eraskinean ageri den ereduaren arabera.
8.1.3. Lanpostu horretako eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duen egiaztagiri mediko ofiziala, osasun arloan eskumena duen Probintziako Zuzendaritzak edo Kontseilaritza/Departamentuak luzatua.
8.2. Finkatu epearen barnean eta ezinbertzeko kasuak salbu agiriak aurkeztu ez dituztenak, edo beroriek aztertuta 2.1. oinarrian adierazitako baldintzaren bat betetzen ez dutela ikusten bada, ezin izanen dira funtzionario izendatu eta beren jarduketak deuseztatuko dira, hasierako eskaeran egindako faltsukeriagatik izan lezaketen erantzunbeharra deusetan galarazi gabe.
8.3. Izangaiei puntuazioaren arabera esleitu beharko zaie destinoa eta 1.5. oinarrian xedatutakoa kontutan harturik.
8.4. Epaimahaiak proposaturik, deialdia egin duen agintaritzak karrerako funtzionario izendatuko ditu, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpenaren bidez.
9.-Azken araua.
9.1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra, bai eta deialdiak eta Epaimahaiaren jarduketak sortarazten dituzten administrazio egintza guztien kontra ere, zilegi izanen da inpugnatzea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarritako kasuetan eta moduan.
Halaber, Unibertsitateak, hala behar baldin bada, epaimahaikoen ebazpenak berrikusten ahalko ditu, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraikiz.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko irailaren hiruan.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Antonio Pérez Prados.
I. ERASKINA
LEHEN ZATIA
Ekonomia, finantza matematika, estatistika eta kontabilitatea
1.-Politika ekonomikoaren ereduak: eredu neoklasikoa. Eredu keynesianoa. Ikuspegi neomonetarista. Espektatiba arrazionalen ikuspegia.
2.-Zerga politika. Egonkortzaile automatikoak. Defizitaren erabilpena.
3.-Moneta politika. Eskualdatzearen mekanismoa. Moneta politikaren eta zerga politikaren konbinazio hobezina. Azken urteetako moneta eta zerga politikak.
4.-Hazkunde ekonomikoa. Horren zergatia azaltzen duten faktore nagusiak. Ekoizpena, inbertsioa eta aurrezkia. Aurrerapen teknikoa.
5.-Plangintza ekonomikoa. Prezioek eta kopuruek gidaturiko ereduak. Plangintza ezartzearen arazoak.
6.-Errentak. Definizioa eta sailkapena. Errenta irankorrak eta aldakorrak, progresio aritmetikoa eta geometrikoa. Errenta zatituak.
7.-Maileguak. Errenboltsu bakarraren bidez amortizatzen ahal diren maileguak. Errentaren bidezko amortizazioa. Amortizazio progresiboa edo frantses metodoa. Urteroko errenta iraunkorraren bidezko amortizazio progresiboa. Bestelako amortizazio sistemak.
8.-Prestamenak. Definizioa eta sailkapena. Prestamen arrunta. Batera amortizatzen ahal den prestamena, progresio aritmetikoko urteroko sari aldakorren bidez. Batera amortizatzen ahal den prestamena, progresio geometrikoko urteroko sari aldakorren bidez.
9.-Banaketa estatistikoaren joeraren neurriak: bataz bestekoa, mediana eta moda. Barreiatze neurriak: bariantza, desbiderapen tipikoa eta aldaketa koefizientea. Kontzentrazio neurriak.
10.-Bi aldagai batera aztertzea. Kobarazioa. Erregresioa. Minimo karratuen bidezko doikuntza. Bariantza erresiduala eta determinazio koefizientea. Koerlazio sinplea.
11.-Zenbaki indizeen teoria. Zenbaki indize sinpleak. Zenbaki indize konplexuak. Abiapuntuko epealdiaren aldaketa. Moneta unitate arruntetan adieraziriko serie kronologikoen deflazioa. Gehien erabiltzen diren indizeak: KPIaren aipu berezia.
12.-Denborazko serieak: ezaugarriak eta autokoerlazioa. Denborazko serieen osagaiak. Mendean mendeko joera. Urtaroan urtaroko aldaketak. Gorabehera ziklikoak. Iragarpena.
13.-Laginen teoria. Populazioa eta lagina. Laginketa metodoak. Laginen ezaugarrien bataz bestekoa eta bariantza.
14.-Kontabilitateari buruzko Plan Orokorreko eredu kontablea. Kontabilitateari buruzko Plan Orokorreko ezaugarriak, xedeak eta egitura. Kontabilitateari buruzko Plan Orokorreko printzipio kontableak eta balorazio arauak. Kontabilitateari buruzko Plan Orokorreko urteroko kontuak.
15.-Balantzea. Kontzeptua, esanahia eta balantze motak. Ondare masen ondoriozko egoera balantzearen sailkapena. Balantzearen aukerako aurkezpenak: Europako Batasuneko Sozietateen Zuzenbideari buruzko laugarren zuzentarauaren aipu berezia.
16.-Emaitzen egoera. Emaitzen egoeraren kontzeptua eta haren esanahia. Emaitzen sailkapena: osagai nagusiak. Emaitzen balantzearen aukerako aurkezpenak: Europako Batasuneko Sozietateen Zuzenbideari buruzko laugarren zuzentarauaren aipu berezia.
17.-Memoria eta kudeaketari buruzko txostena. Memoriaren egitekoa urteroko kontuen esparru informatiboan. Memoriaren edukia. Kudeaketari buruzko txostenaren edukia. Agiri horiei buruzko legezko arauteria espainiarra.
18.-Fondoen jatorri eta aplikazioaren egoera. Edukia. Eragiketa motak: egiazkoak eta gezurrezkoak. Fondoen jatorri eta aplikazioaren egoeraren aukerako aurkezpenak. Fondoen jatorri eta aplikazioari buruzko legezko arauteria espainiarra: finantzaketa koadroa.
19.-Balio erantsiaren egoera eta bestelako finantza egoera osagarriak. Balio erantsiaren egoera kontzeptua eta esanahia. Kontabilitateari buruzko Plan Orokorreko memoriako kontu analitikoa. Bitarteko eta behin-behineko finantza egoerak.
20.-Kontu auditoretzaren kontzeptua eta xedeak. Auditoretza kontablearen kontzeptua eta xedeak. Nazioz gaindiko auditoretza erakundeak. Kontu auditoretza Europako Batasunean. Kontu auditoretzaren legezko esparrua Espainian.
21.-Finantza egoeren azterketa. Finantza egoeren azterketaren xedeak. Finantza egoeren azterketan erabiltzen diren tresna motak. Ratioak: kontzeptua eta motak. Finantza egoeren azterketaren alorrak.
22.-Epe laburrerako finantza egoeraren azterketa. Ibilkorraren ratioen azterketa: kaudimena eta zorpetzea. Heltze batez besteko epealdiaren azterketa. Maniobrako fondoaren azterketa. Diruzaintzako sartu-atereak: cash flow delakoa.
23.-Epe luzerako finantza egoeraren azterketa. Epe luzerako finantza egoeraren azterketa dinamikoa. Finantza geldialdia. Egitura ekonomiko-finantzarioa. Finantza plangintza: edukia eta ereduak.
24.-Azterketa ekonomikoa. Emaitzen egoeren sailkapen funtzionala. Puntu hila edo errentabilitate ataria. Ekoizpenaren azterketa. Ekoizkortasunaren neurketa: ekoizkortasun orokorraren soberakinaren metodoaren aipu berezia.
25.-Errentabilitatearen azterketa: errentabilitatearen kontzeptua eta haren motak. Errentabilitate ekonomikoa eta errentabilitate finantzarioa. Errentabilitate ratioak.
26.-Normalkuntza kontablea. Normalkuntza kontablearen indar bultzatzaileak eta oztopoak. Erakunde normaltzaile nagusiak: sailkapena. Kontabilitaterako Nazioarteko Arauen Batzordearen normalkuntza: nondik norakoak eta aplikazio eremua. Armonizazio kontablea Europako Batasunean. Normalkuntza kontablea Espainian.
27.-Kostuen kontzeptua eta sailkapena. Kostuaren kontzeptua: ekonomikoa, kontablea, ekonomiko-kontablea. Kostu, gastu eta despoltsapenaren arteko diferentziak. Kostuen sailkapena, haien izaeraren arabera. Kostuen sailkapena, irizpide teknikoen arabera. Kostuen sailkapena, aukerei jarraikiz neurturiko irizpide ekonomikoen arabera.
28.-Kostuen ereduak. Kostu oso edo full cost-aren eredua. Direct costing delakoaren eredua. Egozketa arrazionalaren eredua. Aukerako kostuaren eredu osagarria.
29.-Sektore publikoa eta haren kontabilitatea. Kontabilitate publikoa eta sektore publikoaren kontabilitatea: Espainiako kontabilitate publikoaren kontzeptua eta araubidea. Kontabilitatea Espainiako administrazio publiko bakoitzean. Kontabilitate publikoaren kontzeptua eta haren banaketa.
30.-Normalkuntza kontable publikoa. Erregulazioaren xedeak eta formak. Normalkuntza kontable publikoaren bilakaera nazioartean. Kontabilitate publikoaren erakunde normaltzaile nagusiak. Erregulazio publikoa Espainian.
31.-Kontabilitate Publikoari buruzko Plan Orokorra. Kontabilitate Publikoari buruzko Plan Orokorra eta printzipio kontable publikoei buruzko agiriak. Kontabilitate Publikoari buruzko Plan Orokorraren ezaugarriak. Kontabilitate Publikoari buruzko Plan Orokorraren egokitzapenak.
32.-Gastu aurrekontuaren betetzearen ondoriozko eragiketa kontableak. Gastu eragiketen sailkapena. Gastu eragiketen konpromezua eta betetzea. Ekitaldi batzuetan burutu beharreko gastuak. Urte askotako aurrekontuen doikuntzak. Aparteko gastuen betetzea aurrekontuan.
33.-Dirusarrera aurrekontuaren betetzearen ondoriozko eragiketa kontableak. Dirusarrera aurrekontua betetzeko eragiketen sailkapena. Eskubideak aitortu, kitatu eta iraungitzea. Dirulaguntzen, transferentzien eta atzerriko monetaren diferentzia positiboen aipu berezia.
34.-Finantza afektatuko gastuen tratamendu kontablea. Finantza afektatuko gastuen kontzeptua eta ezaugarriak. Finantza afektatuko gastuei buruzko aurrekontu-kontsideroak.
35.-Ibilgetu ez finantzarioa eta haren kontabilitatea. Ibilgetu ez finantzarioaren kontzeptua eta ezaugarriak. Ibilgetu ez finantzarioaren osaketa Administrazio Publikoan. Ibilgetu ez finantzarioaren amortizazioa: kontzeptua eta metodoak. Amortizazio kuotek aurrekontuan duten eragina.
36.-Ibilgetu finantzarioaren eta aldi baterako inbertsio finantzarioen tratamendu kontablea. Ibilgetu finantzarioaren eta aldi baterako inbertsio finantzarioen kontzeptua eta ezaugarriak. Ibilgetu finantzarioaren jarraipen kontablea. Ibilgetu finantzarioari buruzko aurrekontu-kontsideroak. Ibilgetu finantzarioari aplikatu beharreko printzipio kontableak.
37.-Zorpetzearekin eta garbiarekin loturiko eragiketak. Kontzeptua, ezaugarriak eta sailkapena. Nazioko eta atzerriko monetetako zorpetzearekin loturiko eragiketen kontabilizazioa. Ekitaldiaren bukaerako eragiketak. Ondare garbia: kontzeptua, erreserbak eta emaitzak.
38.-Diruzaintzako eragiketak. Administrazio Publikoen diruzaintzaren egitura. Diruzaintzako eragiketen sailkapena eta kontabilizazioa. Kobrantzen eta ordainketen aplikazioa. Ordaintzeko prozedura berezia: justifikatu beharreko ordainketak eta kutxa finkoko aurrerapenak.
39.-Aurrekontutik kanpoko eragiketen tratamentu kontablea. Kontzeptua. Aurrekontutik kanpoko eragiketen sailkapena: aurrekontutik kanpoko hartzekodunak eta aurrekontutik kanpoko zordunak. Kudeaketa eragiketak eta likidazio eragiketak.
40.-Ekitaldiaren bukaerako eragiketak. Dirusarreren eta gastuen aldian aldikoa. Balioaren zuzenketak: amortizazioak, saneamendua eta hornidura. Erregulatzeko eta ixteko eragiketak. Aurrekontu itxiei dagozkien eragiketak.
41.-Urteroko kontuak. Kontabilitate publikoko aldian aldiko informazio kontablearen prestakuntza. Arauteria erregulatzailea. Egoera balantzea eta ekonomi eta ondare emaitzen kontua. Memoria: egitura orokorra, finantzaketa koadroa, diruzaintzako soberakina, gastu eta dirusarrera publikoen betetzeari buruzko informazioa.
42.-Auditoretza sektore publikoan eta kontrol ekonomiko-finantzarioa. Kontrol motak sektore publikoan: kanpoko kontrola eta barruko kontrola. Kanpoko eta barruko kontrolerako erakundeak: Foru Komunitatean, Estatuko Administrazioan eta Europako Batasunean. Sektore publikoko auditoretza printzipio eta arauak.
43.-Sektore publikoko informazio eta kudeaketaren kontabilitate sistemak eta sektore publikoko kudeaketaren kontabilitate sistemak. Informazio kontablearen sistemak eta kudeaketa kontabilitatea sektore publikoan. C.A.N.O.A. proiektua: aurrekariak, xedeak, kostuen egitura eta finantza kontabilitatearekiko harremana.
BIGARREN ZATIA
Ogasun publikoa eta Zuzenbide administratiboa
1.-Jarduera ekonomikoa eta jarduera finantzarioa. Ogasun publikoa.
2.-Jarduera finantzarioa eta baliabideak banatzeko eraginkortasuna. Ondasun publikoak.
3.-Aurrekontua: kontzeptua eta metodologia. Aurrekontuaren eginkizuna. Aurrekontuen sailkapena. Aurrekontua kudeatzeko tresna den aldetik.
4.-Aurrekontuaren prozesua. Aurrekontu klasikoa. Aurrekontu klasikotik Planing Programing Budgeting System delakora (P.P.B.S.ra). Aurrekontuaren zuzendaritza eta jardueren aurrekontua.
5.-Programaka planifikaturiko aurrekontua, baliabideak banatzeko formula eraginkorra den aldetik. Erabiliriko oinarrizko kontzeptuak. Faseak. Abantailak. Programakako aurrekontuaren arazo nagusiak.
6.-Aurrekontu publikoa eta haren esanahia. Aurrekontu publikoaren erregulazioa. Aurrekontuei buruzko Lege Orokorra. Ogasun Publikoari buruzko Foru Legea.
7.-Ente publikoetako aurrekontuen edukia eta haien egitura. Aurrekontua Unibertsitatea Berritzeko Legean.
8.-Aurrekontuaren exekuzioa. Dirusarrerak eta gastuak betetzeko prozedura. Aurrekontuen aldaketak.
9.-Dirusarrera publikoak: kontzeptua eta motak. Prezioak: kontzeptua, motak eta eraginkortasuna. Tasak. Kontribuzio bereziak.
10.-Zerga: kontzeptua eta osagaiak. Teoria orokorra. Zergaren banaketa teknikoa, formala eta ekonomikoa.
11.-Zergen eta zerga sistemen sailkapena. Pertsona fisikoen errentaren gaineko ezarpena. Salmenten gaineko ezarpena.
12.-Finantza dirusarrerak: zor publikoa. Kontzeptua eta motak. Zorra luzatu, bilakatu eta amortizatzea.
13.-Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga Nafarroan ordainarazteko arauak.
14.-Balio erantsiaren gaineko zerga Nafarroan ordainarazteko arauak.
15.-Gastu publikoa: kontzeptua eta motak. Gastu publikoaren garapena eta mugak. Gastu publikoaren ondorio ekonomikoak. Gastu publikoaren eraginkortasuna eta zintzotasuna.
16.-Defizit publikoa: zioa eta ondorioak. Defizit publikoaren finantzaketa.
17.-Espainiako finantza sistemaren erakunde egitura. Finantza agintaritza. Kreditu bitartekariak: bankuak eta bankuak ez direnak. Finantza merkatuak.
18.-Gizarte Segurantza: antolamendua eta finantzaketa.
19.-Funtzionario publikoen araubide juridikoa. Langile funtzionarioak: karrerako eta enpleguko funtzionarioak. Funtzionarioak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Funtzionarioen egoera administratiboak. Haietariko bakoitzaren kasuak eta ondorioak.
20.-Espainiako konstituzionalismoaren oinarrizko ildoak. Espainiako 1978ko konstituzioa.
21.-Konstituzioaren oinarriak, funtsezko eskubideak eta askatasun publikoak Espainian.
22.-Administrazioaren kontrolerako organo konstituzionalak: Kontuen Epaimahaia. Arartekoa. Kontsultarako Administrazioa. Estatuko Kontseiluaren aipamen berezia.
23.-Administrazio Publikoa: Oinarri konstituzional informatzaileak. Estatuko Administrazioa. Administrazio Orokorreko organo nagusiak.
24.-Administrazio instituzionala. Erakunde autonomoak. Ente publikoak eta Estatuko elkarteak.
25.-Komunitate autonomoak. Antolaketa politikoa eta administratiboa.
26.-Toki Administrazioa: Arautze konstituzionala eta osatzen duten entitateak.
27.-Eskumenen banaketa Estatuko Administrazioaren eta Administrazio autonomikoen artean. Administrazio Publikoen arteko harremanak.
28.-Administrazio egintza. Kontzeptua eta motak. Elementuak.
29.-Administrazio egintzaren eraginkortasuna: Baliogabetasuna, baliogabetzea eta atzera botatzea.
30.-Administrazio prozedura. Kontzeptua, izaera eta bereizgarriak. Guztiendako Administrazio Prozedura eta horren irismena. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: planteamendu orokorra eta oinarri gidariak.
31.-Hiritarren eskubideak Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean. Bermeak prozeduraren garapenean. Egintzen berrikuspena administrazio bidean. Administrazio Publikoen erantzukizuna.
32.-Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa: izaera, hedadura eta mugak.
33.-Kontratu administratiboak. Funtsezko oinarriak. Kontratu motak. Kontratatzeko moduak.
34.-Europako Elkarteen sorrera eta helburuak. Itun sortzaileak eta aldatzaileak.
35.-Europako Batasuneko erakundeak.
36.-Europako Batasuneko zuzenbidea. Horren iturriak. Komunitateko zuzenbidearen eta Estatu kideen antolamendu juridikoaren arteko harremanak. Komunitateko zuzenbidearen ezarpena. Komunitateko zuzenbidearen ezarpena Espainian.
37.-Europako Batasuna: batasun politikoa eta batasun ekonomikoa zein monetarena.
38.-Espainia Europako komunitateetako kide egiteko prozesua. Guztiz bertakotzeko arazo ekonomikoak. Europako Batasunarekin bateratze ekonomikoa egiteko programa.
39.-Harreman finantzarioak Europako Batasunarekin. Komunitateko aurrekontua.
HIRUGARREN ZATIA
Unibertsitateetako legeria eta antolaketa
1.-Espainiako hezkuntza sistema. Egitura eta ezaugarri nagusiak. Finantzabideak.
2.-Hezkuntza administrazioa. Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa.
3.-Espainiako Unibertsitateen sustrai historikoak eta haien legeriaren bilakaera.
4.-Unibertsitatearen Erreformari buruzko 1983ko Legea: oinarri eta edukinak.
5.-Unibertsitatearen autonomia, LRUn, Espainiako unibertsitateetako estatutuetan eta Konstituzio Auzitegiaren jurisprudentzian.
6.-Unibertsitateen antolamendua, egitura eta araubide juridikoa. Unibertsitateen gobernamendua. Unibertsitateen Kontseilua.
7.-Unibertsitateko irakasleak: irakaskuntzaren kidegoko langileak: horien araubide juridikoa (hautapena, administrazio egoerak, dedikazioa, lansariak). Irakaskuntzaren kidegoko lanpostuak nola betetzen diren.
8.-Irakaskuntzako langile kontratatuak: araubide juridikoa.
9.-Unibertsitateko zentroak: kontzeptua, motak, eginkizunak. Araubide juridikoa. Sorrera, antolaketa eta funtzionamendua.
10.-Unibertsitateko departamentuak: kontzeptua eta eginkizunak. Sorrera, aldaketak eta kentzea. Egitura eta funtzionamendua.
11.-Unibertsitatearen Erreformari buruzko Legearen 11 eta 45. artikuluen babesean egiten diren kontratuak.
12.-Unibertsitateko ikasketa eta titulazioak: lehen zikloko ikasketa eta titulazioak. Bigarren zikloko ikasketa eta titulazioak. Hirugarren zikloa eta graduatuondoko bestelako ikasketak. Beste titulazio batzuk. Ikasketen baliozkotze eta homologazioak.
13.-Unibertsitateko ikasleak. Unibertsitatean sartzeko bideak. Unibertsitatean egotea. Ikaslearen Estatutua: eskubide eta betebeharrak. Unibertsitateko gobernamenduan parte hartzea. Ikasteko beka eta laguntzak.
14.-Unibertsitateetako araubide ekonomiko eta finantzarioa. Aurrekontua eta aurrekontuen kudeaketa.
15.-Nafarroako Unibertsitate Publikoa: sorrera. Eraketaldia.
16.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura: departamentuak, fakultateak, goi mailako eskola teknikoak eta unibertsitateko eskolak. Unibertsitateko institutuak. Bestelako zentroak.
17.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa eta irakaskuntzak: arauteria.
18.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren estatutuak.
II. ERASKINA
Proben epaimahaia
Titularrak:
Epaimahaiburua: Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea edo haren eskuordea.
Mahaikideak:
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gai Ekonomikoen Zerbitzuko zuzendaria.
Nafarroako Gobernuak aukeraturiko kide bat.
Administrazio eta Zerbitzuetako Langile Funtzionarioen Juntak izendatutako bi ordezkari.
Ordezkoak:
Mahaiburua: Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea edo haren eskuordea.
Mahaikideak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitateko Komunitatearen Zerbitzuko zuzendaria.
Nafarroako Gobernuak aukeraturiko kide bat.
Administrazio eta Zerbitzuetako Langile Funtzionarioen Juntak izendatutako bi ordezkari.
III. ERASKINA
..................................... jaun/andreak .....................(e)n helbidea izan eta .............. NAN duenak, zin egiten du edo hitz ematen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionario izendatu ahal izateko, inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik inoiz bereizi gabekoa dela eta ez dagoela desgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
Iruñean, 199.....eko .................... aren ........(e)an.
ANEXO IV /IV ERASKINA
UNIVERSIDAD PUBLICA DE NAVARRA /NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOA
Solicitud de admisión a pruebas selectivas para personal funcionario /Langile funtzionarien hautafrogetarako onarpen eskaera
CONVOCATORIA/DEIALDIA
El abajo firmante solicita ser admitido a las pruebas selectivas a que se refiere la presente instancia y declara que son ciertos los datos consignados en ella y reúne las condiciones exigidas para ingreso en la Función Pública y las especialmente señaladas en la convocatoria anteriormente citada, comprometiéndose a probar documentalmente todos los datos que figuran en esta solicitud.
Behean sinatzen duenak eskabide honetan aipatzen diren hautafrogetara onartua izatea eskatzen du. Era berean, bertan agertutako datuak benetakoak direla adierazten du eta Funtzio Publikoan sartzeko eskatzen diren baldintzak eta arestian aipatutako deialdian bereziki jarritakoak betetzen ere, eskaera honetan agertzen diren datu guztiak agiri bidez egiaztatzeko hitz ematen duelarik.
En ...................................., a ................ de ...................................... de 19................
.......................................(e)n, 19.....(e)ko ...............................aren ...................(e)an
(Firma)
(Sinadura)
EXCMO. Y MAGFCO. SR. RECTOR DE LA UNIVERSIDAD PUBLICA DE NAVARRA.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERREKTORE JN. TXIT PRESTUA.
Iragarkiaren kodea: a9708079
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
