I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
3749/1997 FORU AGINDUA, irailaren 5ekoa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, ekainaren 3ko 2568/1997 Foru Aginduaren bidez ezarri zen jendaurreko aldia ebatzi eta "Uharte-Arakil eta Irañeta arteko toki errepidea egiteko proiektua" behin betikoz onesten duena.
Bide Zerbitzuak adierazi du Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak ekainaren 3an emandako 2568/1997 Foru Aginduaren bidez "Uharte-Arakil eta Irañeta arteko toki errepidea egiteko proiektua" teknikoki onetsi eta ukituriko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea xedatu zela.
Jendaurreko aldian zenbait alegazio aurkeztu dira. Hona hemen eman zaien erantzuna:
1. alegazioa.
José Luis Domínguez de Vidaurreta Pascual jaunak adierazi du:
1. Uharte-Arakilgo katastroko 2. poligonoko 99. lurzatiaren jabea dela eta lurzati hori duela urte bat inguru erosi zuela.
2. Egin gogo den errepideak lurzati hori banatzen duela eta, horren ondorioz, kalte eta diru-galerak izanen dituela.
Hauxe eskatu du:
1. Proiektuaren trazadura alda dezatela, errepidea inguruko finken mugetara egokitzeko.
2. Aurrekoa egitea ezinezkoa bada, balorazioa egiten denean, kontuan har dezatela obraren ondorioz alegazio- egileari etorriko zaion ondare-galera.
Erantzuna:
1. Eskatu den trazadura aldaketa ez da onartzen, arrazoi teknikoengatik. Izan ere, errepidea 80 Km/h-ko abiaduran joateko proiektatu da eta alegazio-egileak proposaturiko aldaketa onartzea ezaugarri tekniko horietatik ateratzea litzateke. Horrelakorik ezin da onartu, are gutxiago interes partikular hutsengatik bada.
2. Desjabetzapen prozesuan alegazio-egileak egoki juzkatzen dituen arrazoi eta agiriak aurkeztu ahalko ditu, Desjabetzapen Atalak baloratu ditzan.
3. Alegazio-egileak aipatzen duen lurzatia, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko datuen arabera, Uharte- Arakilgo 2. poligonoko 115. lurzatia da eta horren jabea Julián Betelu Vicondo jauna da.
Alegazio-egileak aurkeztu duen idazkian titulartasun aldaketa eskatu ez badu ere, jabego hori egiaztatu beharko du desjabetzapen prozesuan, behar diren agiriak erakutsiz.
2. zenbakia.
Concepción Zubeldía Lizarraga andreak, Irañetako 1. poligonoko 71. lurzatiaren jabeak, hauxe eskatu du: "Bidearen trazadura berrikustea, bera ukitzen duen zatian, desjabetzapena lurzatiaren mugetatik kanpora eramateko."
Erantzuna:
Ez da onartu, aurreikusi den trazadurak hobeki betetzen dituelako proposaturiko helburu teknikoak eta errepide eta bideen trazadura ezin daitekeelako interes partikularren menpe jarri, kasuan kasuko helburu teknikoak lortze aldera baizik. Gainera, lur-jabe bat gutxiago kaltetzeko asmoz trazadura aldatzeak beste jabe bati okupatu beharreko azalera handitzea ekarriko luke, inolako funts teknikorik izan gabe.
3. zenbakia.
José Miguel Fernandino Aragón jauna, Uharte-Arakilgo alkatea, bertako Udala ordezkatuz, Arakil ibaian eraiki beharreko zubiak ura husteko izanen duen ahalmenaz kezkati azaldu da. Hitzez hitz hauxe
Eskatu du:
"Behar diren azterlanak egin daitezela eta zubia aski altua izan dadila, urak zubia betetzerik izan ez dezan.
Erantzuna:
Behar diren azterlanak egin dira eta proiektuari erantsi zaizkio. Horien arabera, 500 urteko ur-emaria husteko ahalmena bermatuta dago, 528,530 m3 segunduko, hain zuzen.
Dena den, adierazi behar da ubidea egoera onean egoteko, garbi-garbi mantendu behar dela, urak eraman eta zubian geldi daitekeen materialik egon ez dadin, horrela zubiaren ura husteko ahalmena gutxitu baitaiteke.
4. zenbakia:
Juan Huarte Huarte jaunak, Irañetako 2. poligonoko 127. lurzatiaren jabeak,
Eskatu du:
1. Bere lurzatiaren mugen inguruan harri-lubeta bat jar dezatela, uste baitu finka hori ibaiak ukitua izanen dela, zubia kokatuko den tokian hain zuzen.
2. Abereak igarotzeko lur azpiko pasabidea egin dezaten, errepideak finka bi zatitan banatuko baitu.
3. Lurzatia itxi dezatela.
Erantzuna:
1. Ez da onartu eskaturikoa. Zubiak ez dio ubideari mugarik jartzen, ura husteko ahalmenari dagokionez. Egun, proiektutik kanpoko arrazoiengatik jakina, inoiz urak alegazio-egilearen finka hartzen badu, arazo hori proiektu honi ez dagozkion jarduketen bidez zuzendu behar da.
2. Eskaturikoa ez da onartu. Errepidetik finkaren bi aldeetara joateko maldak eginen dira.
3. Egun dagoen egoera berean utziko da.
5. zenbakia.
Francisco Irurtia Lizásoain jaunak, Irañetako 1. poligonoko 235A lurzatiaren jabeak, errepidearen trazadura aldatzea eskatu du, berak duen prototipo eolikoen tailerraren funtzionamendua kaltetuko duelakoan.
Erantzuna:
Eskaturikoa ez da onartu; izan ere, hautatu den konponbidea Nafarroako Gobernuak eta Irañeta eta Uharte- Arakilgo udalek adostu baitzuten. Hori horrela, ezinezkoa da trazadura aldatzea beste jabe batzuk kaltetu gabe eta gainera aldaketa hori ez da teknikoki justifikatzen.
Nolanahi ere, Desjabetzapen Atalak eragiten diren kalteak baloratuko ditu eta bidezko kalteordainak emanen.
6. zenbakia:
Pedro Beraza Gastesi jaunak, Irañetako alkateak, bertako Udala ordezkatuz,
Eskatu du:
1. Futbol zelaiko aldagelak iparralderago eramatea, eraiki beharreko errepidetik oso hurbil geldituko direlako.
2. Arrazoi berberengatik, futbol zelaiko hegoaldean, gutxienez 4 metroko altuerako sare bat jartzea.
3. Herrian sartzeko biribilguaren alde bietan gehieneko abiadura 40 Km/h-tan ezartzea.
4. Errepideko obrak ukituko dituen ur, saneamendu eta argi sareak lekuz aldatzea.
5. Irañetako biribilgutik aurrera trazadura Ekialderantz aldatzea, errepide zaharretik ahalik eta hurbilen eramanez, 72 eta 73 A lurzatiak gutxiago ukitzeko.
6. Errepide berriaren seinalizazioan "Abereendako pasabidea" adierazgarriak jartzea.
Erantzuna:
1. Ez da onartu, errepideak aldagela-etxea ukitzen ez duelako.
2. Onartu da. 4 metroko luzerako sare bat jarriko da.
3. Errepidearen seinalizazioa indarra duten seinalizazio arauei jarraikiz eginen da.
4. Ukitzen diren zerbitzuak berriz jartzea aurreikusi da proiektuan.
5. Idazati honetan aurreikusitakoa ez da onartu, arrazoi teknikoengatik. 1. alegazioko 1. puntuan emandako erantzunak honetarako ere balio du.
6. Eskaturikoa onartu da.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernua arautzen duen 23/1983 Foru Legearean 36.2. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz,
AGINDU DUT:
1. Ekainaren 3ko 2568/1997 Foru Aginduaren bidez ezarri zen jendaurreko epea ebaztea.
2. "Uharte-Arakil eta Irañeta arteko toki errepidea egiteko proiektua" behin betikoz onestea. Obraren aurrekontua 222.616.448 pezetakoa da, BEZa barne, eta egiteko epea 6 hilabetekoa.
3. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko bi egunkaritan argitaratzea.
4. Foru Agindu hau jakinaraztea alegazio-egileei, Irañeta eta Uharte-Arakilgo udalei, Desjabetzapen Atalari eta Bide Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko irailaren bostean.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.
Iragarkiaren kodea: A9708222