10. ALDIZKARIA - 1997ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 1997ko urtarrilaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, behin betikoz onesten duena.

I.-Aurrekariak.

1996ko urtarrilaren 15ean Nafarroako Gobernuak espedientearen tramitazioa hastea erabaki zuen, baina zenbait zehaztapen ezarriz hura onetsi aitzin bete beharrekoak, eta jendaurrean paratu zuen 1996ko otsailaren 5eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

Harrezgero, Nafarroako Gobernuak, espediente hartan Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen 62. artikuluan ezarritako zehaztapenak jaso ez zirela eta, berriro erabaki zuen, 1996ko ekainaren 10eko bilkuran, hura atzera ere jendaurrean jartzea, zehaztapen haiek erantsi ondotik eta ahalmena eman zitzaion Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari dokumentazio osoa eskuratutakoan jendaurreko aldi hori zertzeko.

Urriaren 11ko 39/1996 Foru Aginduaren bitartez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, Hezkuntza eta Kultura Departamentuak sustatua, hilabeteko epean jendaurrean para zedin agindu zuen, Foru Agindu hura Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik aitzina. Foru Agindu hura 1996ko urriaren 25eko 130. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

II.-Egindako alegazioak eta haien erantzuna.

1996ko azaroaren 27an eman zitzaion sarrera Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean Iruñeko alkatearen azaroaren 14ko Ebazpenari, zeinetan hainbat alegazio egiten baitzitzaizkion txosten honen xede den espedienteari.

Alegazio horiek epez kanpo aurkeztu direnez gero, ez da bidezko horiek aztertzea eta aintzakotzat hartzea.

III.-Erantsi diren zehaztapenak.

Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 1996ko abenduaren 20an luzatutako txostenean zehaztapen hauek sartzea proposatzen zen:

a) U-3-A eta U-3-B unitate berriei "lurzoru urbanizagarri programatua" izena jartzea.

b) Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko arauen artean lerroalde hau sartzea: "Indarra duen UGPSean ezarritako beste zehaztapen guztiek, aldatu ez direnek, indarrean segituko dute eta aldaketa honetan ezarritako unitate berriei aplikatuko zaizkie".

c) Kiroldegiak egiterakoan bete eginen da Oztopo Fisiko eta Sentsorialei buruzko Foru Legeak eta haren Erregelamenduak ezarritakoa.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak 1996ko abenduaren 20an adostasun txostena eman duelarik, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 65. artikuluari jarraikiz, eta Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Iruñeko Udalak egin alegazioak ez onartzea, epez kanpo eginak direlako.

2. "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, behin betikoz onestea, zehaztapen hauekin:

a) U-3-A eta U-3-B unitate berriei "lurzoru urbanizagarri programatua" izena jartzea.

b) Udalez Gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko arauen artean lerroalde hau sartzea: "Indarra duen UGPSean ezarritako beste zehaztapen guztiek, aldatu ez direnek, indarrean segituko dute eta aldaketa honetan ezarritako unitate berriei aplikatuko zaizkie".

c) Kiroldegiak egiterakoan bete eginen da Oztopo Fisiko eta Sen- tsorialei buruzko Foru Legeak eta haren Erregelamenduak ezarritakoa.

3. Adieraztea Erabaki honen aurka administrazioarekiko helegitea paratu ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailean, erabakia argitaratu edo, bestela, jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epearen barruan.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, "Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campusa" Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren behin betiko onespen hau aditzera eman eta orok jakin dezan.

5. Erabaki honen berri ematea Iruñeko Udalari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urtarrilaren zazpian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A9700429