10. ALDIZKARIA - 1997ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 1997ko urtarrilaren 7koa, Nafarroako Gobernuak hartua, Irurtzun-Gipuzkoako muga Autobiako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa, Pagozelaiko Zerbitzuguneari dagokiona eta Huviar, S.L.k sustatua, behin betikoz onesten duena.

I.-Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak iragan uztailaren 22an hartutako Erabakiaren bidez (1996ko abuztuaren 28ko N.A.O.), Irurtzun-Gipuzkoako muga Autobiako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa, Pagozelaiko Zerbitzuguneari dagokiona eta area horretako eraikuntza eta ustiapenaren kontzesio hartzailea den Huviar, S.L.k sustatua, aldatzeko espedientearen tramitazioa hasi zen.

Aldaketa horren xedea da erabilpen berri bat sartzea Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren eraikuntza kontrako bazterren babes Arauen 4.2 atalean, halatan non bide eman dezan Zerbitzugunean eraiki den ostalaritzarako eraikinean 11 gela gaitzeko.

II.-Egindako alegazioak eta erantzuna.

Arestian aipatu den jendaurreko epearen barruan, Larraungo Udalak zenbait alegazio aurkeztu zituen, zeinetan bereganatzen baitzituen zona horretako ostalaritza enpresarioek bere garaian egin zituztenak.

Alegazio horietan laburki honakoak azaltzen dira:

1. Ostatu eta ostalaritza zerbitzuak (UGPSean expreski aurreikusi ez direnak) oso ongi betetzen dira zona horretan, eta ezarri nahi denak kaltea ekarriko lieke lehendik dauden ostalaritza establezimenduei (Udalaren Erabakia).

2. Francisco Javier Ayestarán Oquiñena jaunak eta José Ignacio Jauregui Garro jaunak beren alegazioak ondoko arrazoietan oinarritzen dituzte:

-Larraungo Ibarra aldean, ezarri nahi den zerbitzua nahikoa eta soberan betetzen dute jada inguruan kokatuta dauden Plazaola Ostalaritza Enpresarien Elkartearen establezimenduek.

-Gogorarazten dute autobiak moztu egiten dituela pertsona askoren joan-etorriak zona horretako herrietan zehar eta horrek kalteak dakarzkiela ukitutako herri horietan eskaintzen diren ostalaritza zerbitzuei.

-Ostalaritza zerbitzu bat baimentzeak kaltea areagotu eginen luke, horrekin pertsona askori herri horietarako pasabidea guztiz saihestuko litzaiekeelako, izan ere, ostalaritza zerbitzua autobiatik atera beharrik gabe erdietsiko bailukete.

-Kaltea ez litzaieke zerbitzu berdina emanen luketen establezimenduei bakarrik eginen, baita beste batzuei ere, hala nola, jatetxe, denda, tailer, eta abarri.

Arestian aipatu alegazioen ardatza bi ideia nagusi hauetan egonen litzateke:

a) Zerbitzugunean 11 gela egiteak ostalaritza sektoreari bai eta beste zerbitzuei (jatetxe, denda, tailer, e.a.) ekar lekiekeen kaltea, berez autobia egiteak ukitutako herrietan eskaintzen diren ostalaritza zerbitzuei ekarri dienaren gainetik.

b) Ostatu zerbitzua nahikoa eta soberan ematen da zona horretan.

Erantzuna:

Begibistakoa da edozein herri lanek, Nafarroarako interes orokorrekoa bada ere, zenbait kalte puntual ekartzen ahal dituela, bai eta hainbat abantail bertan baloratzekoak, denboraren iraganean gutxi edo gehiago iraunkor izan daitezkeenak.

Kalte-abantailen gaineko balantze orokorrago bat egiteko, nolanahi ere, epe ertainera begiratu behar da, nahiz eta kasu batzuetan balorazio zaileko adierazleei lotuta agertzen den, hala nola adierazle kualitatiboei; autobia duela gutxi jarri izan baita martxan.

Hala eta guztiz ere, hainbat elementu sumatzen dira zona horretan pizten ari den dinamismo ekonomikoari lotuak, hein batean autobiaren presentziaren bultzada edo laguntza dela medio. Eta, dudarik gabe, elementu horiek ostalaritza sektorearentzat ere lagungarri izanen dira: baten bat aipatzearren, Lekunberri eskualdean egin berri den industrialdea, dagoeneko handitu nahian dabiltzana, sektoreak harrera ona izan baitu, edo zona horretako ekimen turistikoak, besteak beste, hurbilen dauden bi bizigune handienetatik -Iruñetik eta Donostitik- orain eskurago izateari esker sortu direnak, edo egoitzak paratzeko agertu diren aukerak. Azken finean, faktore horiek guztiek eskualdeko herriburua (Lekunberri) aurrera bultzatzen dute.

Bestalde, batzuentzat kaltea dena -edozein dotaziok, txikia bada ere, lehendik dauden establezimenduei bezero potentzial zenbait kentzen dizkie-, era berean beste batzuentzat abantaila da: esate baterako gidarientzat, autobia hobeki hornitua baitago; edukiera handiko ibilgailuek ez dute kalerik zeharkatu behar, ez dago haien zarata ezorduetan entzun beharrik gidariek gaua ostatu batean pasatu nahi izanez gero, e.a. Kalte gehigarria, zerbitzugunean 11 gela egiteak lekarkeena, alegatzaileek (ostalaritzako enpresariak) jatetxe, denda, tailer eta abarretara hedatzen dutena, neurriz kanpoko ondorioa dela dirudi.

Ostatu zerbitzua zona horretan nahikoa eta soberan ematen dela baieztapen hutsa besterik ez da, datuetan oinarritzen ez dena eta analogia terminoetan aipatu gabea, hau da, justifikatu gabea.

Gure kasuan, abiapuntua da indarra duen UGPSak bi zerbitzugune bakarrik ezartzen dituela autobiatik zuzeneko sarbidearekin: mantenimendu gune bat eta Pagozelaiko zerbitzugunea, bigarren hori delarik 11 gelako dotazioarekin osatu nahi dena. Zerbitzugune hori Nafarroa ibilbide luzeko komunikazio sistema nazional eta nazioartekoan eduki handiko -autobideak eta autobiak- bidesarearekin lotzen duen bial batean kokatu da. Zerbitzugunea hor dago eta 11 gelako dotazio hain arrazoizko batekin hornitzea autobiaren erabiltzaileari begira neurri egokia eta onuragarria dela dirudi.

Bestalde, ostatu dotazio horren eginkizuna -arruntean, bidaiariak gaua igarotzea- ez dirudi konpara daitekeenik beste dotazio egokiago eta aproposago batzuek egonaldi luzeagoak emateko duten aukerarekin, zona horren eta bere kokalekuaren baldintza turistikoak kontuan hartuz, eta industriari eta agente komertzialei zerbitzu eman ahal izatea ezertan galarazi gabe.

Turismo Zerbitzuak, 1996ko azaroaren 26an emandako txostenean zera adierazten du:

Huviar, S.L. enpresak, 1995eko uztailaren 5ean bidezko laguntzak eskatu zituen Zerbitzuguneko instalazioak eraikitzeko, zeinetan aipaturiko 11 gela bikoitzak sartzen baitziren.

Proiektu horrek jatetxe eta ostalaritzako establezimenduei buruzko indarra duten arauzko zehaztapenak betetzen ditu, beraz, obrak aurkeztutako proiektuaren arabera eginen balira, jatetxe-lojamendua multzoa kategoria orokorreko Ostatu gisa sailkatzeko baimena emanen litzateke.

Bestalde, Huviar, S.L.ri hainbat dirulaguntza eman zaizkio, eta beste batzuk ere ematea aurreikusita dago inbertsioen exekuzioa justifikatzen duenean.

Txostena laburpen honekin amaitzen da: "Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ostalaritzako ekimen pribatu bat diruz laguntzen du, kontuan izanik indarra duen arautegi turistikoa bakarrik, eta beste establezimenduekiko konpetentzia bezalako edo alojamenduko 22 plaza izanen dituen Ostatu bat eraikitzeak zona horretako ostalaritza sektoreari ekar lekiokeen kaltea bezalako auzietan sartu gabe, izan ere Espainiako Konstituzioak 38. artikuluan enpresa askatasuna aitortzen baitu merkatu-ekonomiaren barrenean".

Horrenbestez, alegazioak ez dira onartu.

Hori horrela, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak 1996ko abenduaren 20an emandako adostasun txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 64. artikuluarekin bat, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztutako alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

2. Irurtzun-Gipuzkoako muga Autobiako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren aldaketa, Pagozelaiko Zerbitzuguneari dagokiona eta Huviar, S.L.k sustatua, behin betikoz onestea.

3. Erabaki honen kontra administrazioarekiko helegitea jar daitekeela adieraztea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailean, Erabaki hau argitaratu edo, hala bada, jakinarazten den egunetik hasita bi hilabeteko epean.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jendaurrean egonez denek ezagutu ahal dezaten Irurtzun-Gipuzkoako muga Autobiako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren, Pagozelaiko Zerbitzuguneari dagokion eta Huviar, S.L.k sustatu duen aldaketaren behin betiko onespena.

5. Erabaki hau jakinaraztea Larraungo Udalari, Huviar, S.L.ri, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urtarrilaren zazpian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A9700428