10. ALDIZKARIA - 1997ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 1997ko urtarrilaren 7an hartua, Iruñerrian, Noaingo akueduktuaren eta Zuastiren artean, trenbidearen azpiegiturarako lurren erreserba egiteko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eta bidaiariendako tren geltokiaren kokaleku berria behin betikoz onesten dituena.

I.-Aurrekariak.

Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren espedientearen tramitazioari 1996ko martxoaren 16an eman zitzaion hasiera, Plan Sektorialari buruz Lurraldearen Antolamendu Batzordeak eman zuen adostasun txostenarekin, zeinetan ezartzen baitzen Noain eta Arazuri artean lur erreserba eginen zela xede horretarako.

Udalez Gaindiko Plan Sektoriala Nafarroako Gobernuaren esku utzirik, hark egoki juzkatu zuen lur erreserba handitzea, Noaingo Akueduktua-Zuasti tartea ere barnean izan zedin.

Handipen hori dokumentu berriari erantsirik, berriro ere Lurraldearen Antolamendu Batzordearen esku utzi zen eta ondotik Nafarroako Gobernuaren esku, zeinek jendaurrean jartzea xedatu baitzuen irailaren 2ko Erabakiaren bidez. Erabaki hura 1996ko irailaren 16ko 112. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

II.-Egindako alegazioak eta erantzuna.

Jendaurreko epean alegazio hauek aurkeztu dira:

-1. alegazioa, Volkswagen Navarra, S.A. enpresak aurkeztutakoa:

Laburpena:

Volkswagen lantegiko Hornitzaileen Parkea behin betikoz onetsirik (96ko ekainaren 24ko N.A.O.), afektazio materiala gertatzen da eta horrekin batera betebehar batzuk sortzen dira Arga ibaiaren urbanizazioari eta babesari buruzkoak, bai eta hirigintza planeamendua aldatzeagatik egokitzen diren kalteordainei buruzkoak ere.

Era berean, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) trazadura Volkswagen Navarra, S.A.ren jabetzapeko lurretatik kanpora izatea proposatu da.

Erantzuna:

Nafarroako Gobernuak behin betikoz onetsi zuen Seat- Volkswagen lantegia handitzeari buruzko Udalez Gaindiko Plan Sektoriala 1989ko abuztuaren 3an hartutako Erabakiaren bidez. Bertan, etorkizunean trenbide baten trazaduraren igarobiderako 30 metro zabaleko korredore bat erreserbatzen zen.

Antolamendu hartan oinarrituz, Nafarroako Gobernuak 1995eko abenduaren 4an hartutako Erabakiaren bidez, aipatu UGPS aldatzea onetsi zuen trenbidearen korredorearen eta Arga Ibaiaren artean Hornitzaileen Parke bat egiteko, kontuan izanik trenbidearen trazadurarako 30 metroko zabalera hura (96ko ekainaren 24ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

Horren ondotik, enpresak Arga Ibaiaren Babesgunea Egokitzeko Proiektu bat eta Urbanizazio Proiektu bat erredaktatu ditu, une honetan Oltzako Udalean tramitatzen ari direnak, 30 metroko korredorea kontuan hartzen delarik.

Testuinguru honetan aintzakotzat hartu behar dira xehetasun hauek:

a) Trenbidearen korredorea jatorriz Renfek eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 1990eko azaroan prestatu zuten "Iruñerriko Etorkizuneko Trazaduraren Oinarrizko Proiektutik, Oritz-Zuasti tartea" abiatzen dela, eta, hain zuzen ere, huraxe izan zen Seat-Volkswagen lantegiaren UGPSaren oinarria eta bertan jasotzen zen erreserba zabalera aipatu 30 metro horietan sartzen da.

b) "Abiadura handiko trenaren Nafarroako korredorearen trazadurari buruzko alternatiben ikerketak" proiektuak, une honetan TYPSA enpresa (Técnica y Proyectos, S.A.) Sustapenerako Ministerioak eskaturik prestatzen ari denak, hasierako trazadura aldatu edo berraztertzen ahal du.

c) Proiektu Sektorial honetan finkatutako zabalerak Sustapenerako Ministerioaren adostasuna izan du, zeinen esku baitago azpiegitura horren eraikuntza, mota horretako aurreikuspenentzat orokorrean erabiltzen diren irizpideei jarraikiz.

d) Zerrenda horren afekzio erreala Volkswagen Navarra, S.A.ri egozteak behin-behineko erabilpena mugatzen du, harik eta Nafarroako AHT proiektua erredaktatu eta onesten den arte, beraz, printzipioz ez dakar desjabetzapenik eta aski izanen da hornitzaileen poligonoko lurzatien atzealdea ixten duen hesia 8 metro desplazatzea.

e) Aipatu mugapen horrek ez dakar inolako eragozpenik hornitzaileen poligonoan aurreikusia dagoen gainerako urbanizazioa burutzeko.

f) Volkswagen Navarra, S.A.k eskatutakoa balioestea ia ezinezkoa da, izan ere, lehenbiziko eskariak lehendik onetsita dagoen beste Plan Sektorial batean (Seat-Volkswagenen UGPSaren Aldaketarenean) aldaketa gehiago sartzea ekarriko bailuke, eta gainera aldaketok negoziatu egin beharko direz ez daude oraindik zehaztuta. Bigarren eskariak, berriz, seguraski AHT Iruñerritik igarotzeari uko egitea ekarriko luke.

Horren ondorioz, ez da onartu aurkeztutako alegazioa. Horrek ez du galarazten enpresari jakinaraztea Nafarroako Gobernua prest dagoela negoziazio prozesu bati ekiteko trenbidea eraikitzeko behin betiko proiektua ezagutzen denean, eta handik aurrera, Parkeko lurrak antolatuko dituen Plan Sektorialaren aldaketaren bitartez, konpentsazioak aztertzeko baldin eta halakorik justifikatzen bada.

-2. alegazioa, Ezkirozko Kontzejuak aurkeztua.

Laburpena:

Hirilurzorua murriztea eta "aurreikusitako azpiegiturarako lurzoru ez urbanizagarri" bihurtzea, eta enbarazurik izan ez dadin urruntzea eskatzen delarik.

Areatze izeneko baratze multzoaren afekzioa eta trenbidearen korredorea desplazatzea.

Trazadura orain dauden bide eta errepideei egokitzea, desjabetzapen gehiago saihestearren.

Herriko sarbideen gaineko alternatibak kontuan hartu eta aztertzea.

Korredorea Aireportu aldera mugitzeko proposamen alternatiboaren 1/5.000 planoa aurkezten da.

Erantzuna:

Alegazioak auzitan jartzen dituen alderdi guztien oinarria da trenbide instalazio bat -arrunta nahiz abiadura handikoa-, egokitu daitekeela tokian tokiko geografiara edo problematikara, eta hori ez dago beti egiterik.

Aurreikusi den lur erreserba oinarritzen da Nafarroako Gobernuak eta RENFEk elkarrekin 1990eko azaroan prestatu zuten "Iruñerriko Etorkizuneko Trazaduraren Oinarrizko Proiektuan, Oritz-Zuasti tartea". Trazadura horrek baldintza tekniko konplexuak eskatzen ditu abiadura handirako eta ez du, horregatik, aipatu tartean aldaketarik onartzen, eta, halaberean, autobidearen azpiko iraganbideak aurreikusi eta eraikita utzi zituen. Ardatz eta plataforma posible horren gainean erreserbako zabalgune bat aplikatu da, Lurgaineko Garraioa Antolatzeari buruzko Legean finkatzen dena, eta kasu honetan, topografia arrazoiak direla eta, 25 + 35 metroko zerrenda bat zehaztu da.

Horren ondorioz, ezinezkoa da trenbidearen korredorerako lurren erreserba mugitzea, Ezkirozko herriguneko Hiri Lurzorutik bereiziz, Areatze baratze multzotik aldenduz edo dauden bide eta errepideetara egokituz, baldin eta abiadura handiko ezaugarriak lortu nahi badira.

Ohartarazi behar da, bestalde, trenbide bidezko garraio arloan Estatuak duela eskumena eta Azpiegituren Plan Gidaria (1993-2007) Ministroen Kontseiluak onetsi zuela (94-03-4).

Aurrekoa hala izanik ere, komeni da Ezkirozko sarbide berriak Eskualdeko Hirigintza Arauetan jasotzea, Kontzejuko arazo hori modurik egokienean konpontzeko.

Alternatiba gisa aurkeztutako planoari buruz adierazi behar da Sustapenerako Ministerioko Trenbideen eta Errepide bidezko Garraioaren Zuzendaritza Nagusiak aginduta Nafarroako Abiadura Handiko Korredorearen Trazadurari buruzko Alternatiben Ikerlana egiten ari denez komenigarri dela informazio horren berri ematea hortaz arduratzen den enpresa teknikoari, ea proposatu den trazadura bidezkoa ote den aireportuaren pistaren egonkortasuna, eta orobat zabalera arrunteko eta abiadura handiko trenbideak alderanzteko aukera arriskutan jarri gabe.

Horren ondorioz, ez da onartu aurkeztutako alegazioa. Nolanahi ere horrek ez du galaraziko Sustapenerako Ministerioko talde teknikoak etorkizunean herriko sarbideen soluzioa eta trazaduraren alternatiba azter ditzan.

-3. alegazioa, José Miguel Oroz Nuin jaunak eta beste 11 pertsona gehiagok aurkeztua.

Laburpena:

Hirilurzorua murriztea eta "aurreikusitako azpiegiturarako lurzoru ez urbanizagarri" bihurtzea, eta enbarazurik izan ez dadin urruntzea eskatzen delarik.

Areatze izeneko baratze multzoaren afekzioa eta trenbidearen korredorea desplazatzea.

Trazadura orain dauden bide eta errepideei egokitzea, desjabetzapen gehiago saihestearren.

Herriko sarbideen gaineko alternatibak kontuan hartu eta aztertzea.

Erantzuna:

Aurreko alegazioan azaldu gogoetak berresten dira.

Horren ondorioz, ez da onartu aurkeztutako alegazioa, inola ere galarazi gabe etorkizunean herriko sarbideei soluzioa ematea.

-4. alegazioa, Francisca García Cornejo andreak aurkeztua.

Laburpena:

Alegazio orokorra, aisialdiko baratza, alegazio egilearentzat gutxieneko pentsioaren ezinbesteko osagarri dena, okupatzeagatik.

Erantzuna:

Gutxieneko dirusarrerak direla-eta trenbidearen korredorea, 517 m² dituen 142 lurzatitik, landa-etxabola barne, igarotzeari aurka egitea ulergarria bada ere, kasu honetan ezin du interes orokorreko azpiegitura publiko bat egitea hipotekatu. Eta hori, bere kasuan bidezko izan daitezkeen kalte-ordainak galarazi gabe.

Gune horretan lurzoru erreserba egitearen arrazoia da Nafarroako Gobernuak eta RENFEk elkarrekin 1990eko azaroan prestatu zuten "Iruñerriko Etorkizuneko Trazaduraren Oinarrizko Proiektua, Oritz-Zuasti tartea", zeinen ardatza, gutxi gora-behera, ukitutako lurzatiaren gainetik pasatzen baita.

Gainera, ohartarazi behar da lurren erreserbarako UGPSaren espediente honek ez duela lurzoru horiek berehala besterentzea proposatzen, baizik eta horien gainean eraikitzearen erregulazioa, behar den garaian Renferen eta abiadura handiko trenbidearen korredorea egin ahal izan dadin.

Ondorioz, ez da alegazioa onartu.

-5. alegazioa, Mª Iciar Vegas Aldalur andreak eta Idoia Esther Alcorta Osoro andreak aurkeztua.

Laburpena:

Prozedura desegokia, horren beharraren gainean eztabaida publikorik izan ez delako.

Eragin ekologiko eta soziala ikaragarrizkoa eta kostu ekonomiko handia.

AHT Iruñera ekartzearen aurka daude, errotik.

Erantzuna:

Alegazioak nahasi egiten ditu UGPSaren zentzua eta abiadura handiko trenbidearen azpiegitura egitea egokia den ala ez eztabaidatzea.

Lurren Erreserbaren proposamenak Abiadura Handiko Trena instalatzeko bide ematen du eta egin eginen dela berma dezake, hala erabakitzen bada. UGPS honek ez du beste xederik. Beraz, Abiadura Handiko Trenaren beharra eztabaidatzearen egokiera, horren eragin ekologikoa eta soziala alde guztietan eta hortik hel daitezkeen bestelako afekzioak, horiek guztiak baloratzea ez da bidezko espediente honen tramitazioan.

Ondorioz, alegazioa ez da onartu.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordeak 1996ko abenduaren 20an emandako adostasun txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 65. artikuluarekin bat, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztutako alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian adierazitakoaren arabera.

2. Iruñerrian, Noaingo akueduktuaren eta Zuastiren artean, trenbidearen azpiegiturarako lurren erreserba egiteko Udalez Gaindiko Proiektu Sektoriala eta bidaiariendako tren geltokiaren kokaleku berria behin betikoz onestea.

3. Erabaki honen kontra administrazioarekiko helegitea jar daitekeela adieraztea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailean, Erabaki hau argitaratu edo, hala bada, jakinarazten den egunetik hasita bi hilabeteko epean.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, jendaurrean egonez denek ezagutu ahal dezaten Iruñerrian, Noaingo akueduktuaren eta Zuastiren artean, trenbidearen azpiegiturarako lurren erreserba egiteko Udalez Gaindiko Proiektu Sektorialaren eta bidaiariendako tren geltokiaren kokaleku berriaren behin betiko onespena.

5. Erabaki hau jakinaraztea alegazio egileei, ukitutako Udal eta Kontzejuei, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eta Sustapenerako Ministerioari.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamazazpiko urtarrilaren zazpian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua.

Iragarkiaren kodea: A9700427