10. ALDIZKARIA - 1997ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

475/1996 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, lehen mailako kirol lehia nazionaletan parte hartzen duten kirol taldeak dituzten nafar klubei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Goi mailako kirol jarduerak sustatu eta bultzatzea da Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuaren xedeetako bat, kirolaren praktika sustatzeko programaren barnean.

Kirol bakoitzean nazio arloan goreneko maila daukaten taldeei, hots haien ligetan goreneko titulu nazionala eskuratu dezaketenei, dirulaguntzak emateak zuzenean laguntzen du xede hori lortzen.

Goi mailako kirolerako dirulaguntzen alorrean, komeni da dirulaguntzak zertarako eman daitezkeen argitu eta mugatzea. Horrexegatik, komenigarria da aurreko Foru Agindua indarrik gabe utziko duen Foru Agindu berri bat onestea, dirulaguntzen araubidearen oinarriak ezartzeko.

Kirol eta Gazteri arloko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuak ezartzen du aipatu dirulaguntzetarako deialdi irekia eginen dela Foru Agindu baten bidez.

Horrenbestez, abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Goi mailako kirol jardueretan, nazio eremuko kategorian parte hartu eta nazio mailako titulu gorena eskuratzen ahal duten kirol taldeak dituzten nafar klubei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea, Foru Agindu honetako eraskin moduan agertzen diren oinarriei jarraikiz.

2. Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariaren urtarrilaren 9ko 5/1996 Foru Agindua indar gabe uztea.

3. Ahalmenak ematen zaizkio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aurkeztutako eskabideak baloratzeko irizpideak eta baremo bat ezar ditzan urtero.

4. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila eta bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hogeita hamarrean.-Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Calixto Ayesa Dianda.

E R A S K I N A

O I N A R R I A K

1. Xedea.

Deialdi honen xedea Nafarroako kirol klubei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da, goi mailako kirol taldeen mantenimendua hein batean ordaintzeko.

2. Esparrua.

Aurreko oinarriak aipatzen dituen dirulaguntzak, Nafarroako kirol taldeek goi mailako ohiko liga ofizialetan parte hartzeak sortzen dituen gastuak ordaintzeko izanen dira. Halakotzat hartuko dira goreneko titulu nazionala eskuratzeko bidea ematen dutenak.

3. Onuradunak.

Dirulaguntzak Nafarroako kirol klubek eskuratzen ahalko dituzte, kirol taldeak baldin badituzte eta horiek, beren kirol motan, nazio eremuko ohiko liga ofizialean lehiatzen badira.

4. Agiriak.

Eskariak eskabide orokorra Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutura bidaliz aurkeztuko dira, eta harekin batean, honako agiriak erantsiko dira:

a) Kasuan kasuko Kirol Federazioaren ziurtagiria, dirulaguntza eskatzen duen klubaren kirol taldea nazio eremuko lehen mailako ohiko ligan aritzen dela eta beraz nazio mailako lehen goreneko titulua erdietsi dezakeela adierazten duena.

b) Ligaren egutegi ofiziala eta erregelamendua, kasuan kasuko Kirol Federazioak zigilatua.

c) Dirulaguntza zein kirol taldetarako eskatzen den, haien dirusarrera eta gastuen aurrekontua. Aurrekontu horiek Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako ereduko kontzeptuen arabera aplikatzen direla adierazten duen ziurtagiria. Agiri horiek guztiak Klubaren Zuzendaritza Batzordeak onetsitakoak eta lehendakariak izenpetuak behar dute izan.

d) Kirol proiektuak deskribatzen dituen fitxa, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako ereduaren araberakoa.

e) Aurreko urteko deialdian dirulaguntzak jaso dituzten taldeak dauzkaten kluben kasuan, betebeharrei buruzko idazatian presentzia instituzionalari buruz esaten dena bete beharko dute.

5. Aurkezteko epea eta tokia.

Dirulaguntzetarako eskabideak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Erregistroan aurkeztu beharko dira urtarrilean. 1997 urtean, ohi ez bezala, Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 15 egunera bukatuko da epea.

Dirulaguntzaren eskaera, kirol talde bakoitzak aurkeztu beharko du.

6. Balorazioa.

6.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren Kirol Zuzendariordetzak dirulaguntzak erabakitzeko bidezko diren frogapenak izapidatu, baloratu eta aztertuko ditu, urtero Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzaileak, ebazpenaren bidez, ezarriko duen baremoa erabiliz.

Eskaerak hobeki baloratu ahal izateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Kirol Zuzendariordetzak klub eskatzaileei aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobetzeko eskatu ahalko die.

6.2. Orohar, balorazio-baremoan ondokoak hartuko dira kontuan:

a) Kasuan kasuko kirol motaren berariazko ezaugarriak.

b) Lehietako egutegia eta haiek sortzen dituzten gastuak.

c) Jokalari eta teknikari nafarrek parte hartzea.

d) Kirol motaren eragin soziala, interesa eta intzidentzia.

e) Dirulaguntza goi mailako zein kirol taldetarako eskatzen den, haien aurrekontuei klubek berendik ematen dizkieten baliabideak.

7. Ebaztea.

7.1. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak behin-behinekoz ebatziko ditu eskabideak, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen, baina gero batean abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren 13.1.g) artikuluak ezarritakoaren arabera birdoitu ahal izanen dira. Dirulaguntza eskaera ebazteko gehienezko epea ebazpenik eman gabe iragan bada, eskaera ezetsi dela hartuko da.

7.2. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak eskabideak erabakitzeko batzorde laguntzaile bat izendatu dezake.

7.3. Dirulaguntzak emateko ebazpenean, xedeak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira.

7.4. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak lankidetza hitzarmenak egin ditzake ukitutakoekin, beti ere dirulaguntza horien pentzutan, abenduaren 18ko 594/1995 Foru Dekretuaren 10 eta 13.1.g) artikuluetan ezarritakoarekin bat.

7.5. Beti ere, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren aurrekontuetan helburu horrekin agertzen den kredituaren zenbatekoak baldintzapetuko du dirulaguntzaren norainokoa.

7.6. Ekitaldi ekonomiko jakin batean dirulaguntzak eskuratzeak ez du berarekin ekarriko ondorengo ekitaldi ekonomikoetan dirulaguntzak lortzeko eskubideak bereganatzerik.

8. Betebeharrak.

8.1. Liga bukatu eta gehienez ere hilabetera, dirulaguntza eskuratu duten klubek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte:

a) Kirol taldeek zer lehiatan parte hartu duten, haren aktak.

b) Joan-etorrietan erabilitako garraiobidea frogatzen duten jatorrizko fakturak eta haien kopia bana.

c) Dirulaguntza goi mailako zer kirol talderengatik eskuratu den, haien kontura eginiko dirusarrera eta gastuen balantzea, eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak emandako ereduan seinalatutako kontzeptuen araberako haren aplikazio zehatza.

Kasuan kasuko agiriak klubaren Zuzendaritza Batzordeak onetsiak eta lehendakariak sinatuak izan beharko dute.

d) Dirulaguntza eskabidearekin kirol proiektuak deskribatzeko aurkeztu zen fitxan aldaketarik izan bada, horien aipamena.

e) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua- Nafarroako Gobernuaren presentzia instituzionala frogatzen duen dokumentazio grafikoa edo ikusizkoa, hurrengo puntuan ezarritakoaren arabera.

8.2. Klub onuradunek Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren presentzia instituzionala bermatu beharko dute, dirulaguntza zein taldek jaso duen, haren jokatzeko zelaian eta publizitate material guztian. Bideak urratu beharko dira Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko teknikari edo ordezkariak oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzera ager daitezen.

8.3. Taldea edo taldekideek, kirolarekin zerikusirik duten jardueretan parte hartu beharko dute, urtean 2 aldiz gehienez ere, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hala eskatuta, ezintasun argia eta justifikatua dagoenean salbu.

8.4. Dirulaguntza hauen onuradunek eman ziren xedeetarako erabili beharko dituzte, agiriekin justifikatu beharko dute haiek betetzen dituztela eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak egiaztapenik egin nahi izanez gero, horiek onartu eta lan horretarako bideak jarri beharko dituzte.

8.5. Dirulaguntza baten onuradun izateko, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak ordainduta eduki beharko dira, eta ordainketa, halakorik bada, harekiko dauzkan zorrak kitatuz ordaintzen ahalko dira.

9. Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarriak ez betetzeak, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe datuak faltsutzeak edo dirulaguntzaren helburuak aldatzeak aipatu dirulaguntza galtzea eta jaso diren kantitateak itzuli beharra ekarriko ditu. Halaber, antzeko dirulaguntzak jasotzeko etorkizunean aurkezten diren eskaerak ez onartzea ekar lezake, ordenamendu juridikoan aurreikusita dauden bestelako erantzukizunak deusetan galarazi gabe.

10. Helegiteak.

Deialdi honen oinarriak aplikatzeko egintzen aurka, helegite arrunta paratzen ahal da Nafarroako Gobernuan, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik hasi eta hilabete baten barnean.

Iragarkiaren kodea: A9700151