10. ALDIZKARIA - 1997ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

543/1996 FORU AGINDUA, abenduaren 20koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, "Zangotzako Ikastola" eta Tafallako "Garcés de los Fayos Ikastola" ikastetxe pribatuei 1996/97 ikasturtean, salbuespen gisa eta aldi baterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzak emateko eta hezkuntza itunen araubidean sartzeko baimena ematen diena.

251/1992 Foru Dekretuan ezarritakoaren babesean, Tafallako "Garcés de los Fayos Ikastola" eta "Zangotzako Ikastola" ikastetxe pribatuek Bigarren Hezkuntzako zentro bana ireki eta abian jartzeko baimena eskatu dute, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzak emateko eta, horrekin batera, horien hezkuntza itunen araubidean sartzea.

Bi ikastetxeok 1996/97 ikasturtean hasi dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzak ematen, kasuan kasuko eskualdean zegoen eskaerari erantzuna eman nahian eta Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloan eta Lehen Hezkuntzan hizkuntz eredu horretan ematen ari diren irakaskuntzen jarraipen gisa, irakaskuntza horietako unitateak irekitzeko eta abian jartzeko behar bezalako baimena baitute eta, halaber, dagokien dirulaguntza eta ituna, hurrenez hurren.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza emateko behin betiko baimenak bideratzeko prozesuak derrigorrez dakartzan tramiteen eraginez atzerapenak izan daitezkeela kontuan harturik, egokiena da 1996/97 ikasturterako baimenak "salbuespen gisa eta aldi baterako" ematea. Izan ere, aukera hori zilegi da, irailaren 16ko 325/1996 Foru Dekretuaren 2.1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera (irailaren 25eko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa), bi ikastetxeok eremu ez- euskaldunean daudelako, D ereduan eskaintza publikorik ez dagoen eskola barrutietan, eta, hortaz, eskolaratze beharrei erantzuten dietelako.

Gainera, Foru Dekretu horren 2.2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, beharrezkoa da ikastetxe horiei eskaintzea 1996/97 ikasturtean hezkuntza itunen araubidean sar daitezen.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 c) eta d) artikuluek eman dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Salbuespen gisa eta aldi baterako, "Zangotzako Ikastola" eta Tafallako "Garces de los Fayos Ikastola" ikastetxe pribatuei baimena ematea 1996/97 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion irakaskuntzak eman ditzaten.

2. Ikastetxe bakoitzak 30 eskola postu izanen ditu gehienez, 1996/97 ikasturtean eman behar dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hiru ikasmailetako bakoitzean.

3. 1.-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren ziklorako honako hezkuntz itun hauek sinatzea onartu da:

"Zangotzako Ikastola" ikastetxeari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen ziklorako unitate bat eta bigarren zikloko hirugarren kurtsorako beste unitate bat jartzeko ituna. Eskatu diren hiru unitateentzat ez da itunik onartu, unitate bakoitzeko ikasleen ratioa oso baxua izanen litzatekeelako, 9,67koa hain zuzen.

Tafallako "Garcés de los Fayos" ikastolari, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren kurtsoetan unitate bana jartzeko ituna.

2.-Sinatu diren hezkuntz itunen indarraldia 1996/97 ikasturterako izanen da, horren hasiera-hasieratik.

3. Hezkuntz ituna urte baterako izanen da. Ikastetxeok bi zikloak emateko behin betiko baimena lortuko balute edo lehen idazatian adierazitako salbuespen gisako aldi bateko baimena luzatuko balitzaie ituna luza liteke, are Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren kurtsora zabaldu ere, hirugarren kurtsotik laugarrenera igaroten diren ikasleak eskolaratzeko behar den adina unitate, alegia.

4. Itun eta Dirulaguntza Bulegoak interesatuei adieraziko dizkie hezkuntz itunaren administrazio agiria sinatzeko tokia, eguna eta ordua. Itun hori Hezkuntza zuzendari nagusiak eta ikastetxeetako titularrek edo behar bezala kreditaturiko legezko ordezkaritza duen pertsonak sinatu beharko dute.

Ongi arrazoituriko kasuetan izan ezik, ikastetxe pribatuko titularrak aipatu egunean agiria sinatzen ez badu eskubide guztiak galduko ditu.

5. Ikastetxe horietako irakasle diren langileei ordainketa delegatuaren bidez ordainduko zaie 1996/97 ikasturtearen hasieratik, itunen araubidearen arauetan esandakoari jarraikiz.

6. 1.833.862 pezetako ordainketa onestea, 1996ko iraila-abendua lauhileko "Bestelako gastuak" kontusailaren kargura, era honetan banatua:

"Zangozako Ikastola": Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko unitate bategatik 348.170 pezeta eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsoko unitate bategatik 394.676 pezeta.

Tafallako "Garcés de los Fayos Ikastola": Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko bi unitaterengatik 696.340 pezeta eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren kurtsoko unitate bategatik 394.676 pezeta.

7. Ekonomi eta Ogasun Departamentuari eskatzea behar diren ordain aginduak eman ditzan ikastetxe interesatuen alde, indarra duen gastuen aurrekontuko honako kontusailen kargura:

789.352 pezeta, "BBBko eta DBHko bigarren zikloko irakaskuntza pribatuarentzako laguntzak" 40220-4811-4223 kontusailaren 13370-0 lerroaren kargura.

1.044.510 pezeta, "Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakaskuntza pribatuarentzako laguntzak" 40220-4811-4222 kontusailaren 13360-2 lerroaren kargura.

8. Foru Agindu honetan xedatutakoaren aurka interesatuek helegite arrunta jarri ahalko dute Nafarroako Gobernuan, administrazioarekiko bideari ekin aurretik, ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epearen barruan.

9. Foru Agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

10. Foru Agindu hau ikastetxe interesatuei, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontuhartzaile delegatuari, Inbertsio Zerbitzura, Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikastetxe Atalera, Itunpeko eta Diruz Lagundutako Ikastetxeen Nomina Bulegora, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Itun eta Dirulaguntza Bulegora, Eskolatze eta Hezkuntza Estatistikaren Bulegora eta Ikastetxeak Baimendu eta Erregistratzeko Bulegora bidaltzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hogeian.-Hezkuntza eta Kultura kontseilaria, Jesús Javier Marcotegui Ros.

Iragarkiaren kodea: A9700089