10. ALDIZKARIA - 1997ko urtarrilaren 22a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langilegoa

EBAZPENA, 1997ko urtarrilaren 13koa, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko 54 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdian antzemandako akatsa zuzendu eta eskabideak aurkezteko bertze epe bat ematen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko 54 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiko 2.2 puntuan akatsa egin baita, bidezkoa da hori zuzendu eta ukitutako izangaiei eskabideak aurkezteko bertze epe bat ematea.

Horrenbertzez, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak irailaren 25ean eman zuen 659/1996 Foru Aginduaren bidez eskuordeturik ditudan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko suhiltzaile izateko 54 lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiko 2.2 puntuan antzemandako akatsa zuzentzea; honela gelditu da:

"2.2. Igoera txandako izangaiek, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean, aipatu baldintzez gainera, c) salbu, honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta jatorrizko lanpostuan borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

b) Deialdiko lanpostu hutsen maila bereko edo baxuagoko langilea izatea.

Aurreko baldintzez gain, igoera txandako izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bi baldintza hauetako bat bete beharko dute:

c) Eskola Graduatua, lehen graduko Lanbide Heziketa edo haren baliokidea den tituluaren jabe izatea edo lortzeko baldintzak betetzea, eta administrazio publikoetan egiazko zerbitzuetan gutxienez bost urteko antzinatasuna duela egiaztatzea.

d) Administrazio publikoetan egiazko zerbitzuetan zortzi urteko antzinatasuna duela egiaztatzea.

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa ezarriz, igoera txandan parte hartu ahalko dute baita Nafarroako Parlamentuko funtzionarioek ere, baldin eta txanda horretan parte hartzeko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badituzte."

2. Ukitutako izangaiei bertze hamar egun natural ematea, Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, beren eskariak egin ditzaten.

3. Ebazpen hau epaimahaikideei jakinarazi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea, ondorio egokiak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko urtarrilaren hamahiruan.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

Iragarkiaren kodea: A9700387