97. ALDIZKARIA - 1996ko abuztuaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L E I T Z A

Udal merkatua erabiltzeagatik dagokion prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala

Lehen artikulua: Ordenantza honen xedea, Leitzako merkatuaren instalakuntza, funtzionamendua edo ikuskapenari buruz Udalaren jokaera arautzea da.

Bigarren artikulua: Merkatuaren kokagunea herriko plazan izanen da, une bakoitzeko beharrek hala eskatzen badute, Udalak lekuz aldatzeko duen eskumenaren kalterik gabe.

Hirugarren artikulua:

a) Merkatua ostiral goizetan eginen da. Merkatu eguna jaieguna baldin bada, aurreko egunean eginen da. Dena den, Udalak merkatu eguna aldatzeko eskubidea erreserbatzen du eta baita interes publikoak horrela aholkatzen duenerako etenarazteko eskubidea ere. Adjudikaziodunek ez dute izanen arrazoi horrengatik inolako kalte-ordain eskubiderik.

b) Merkatuaren ordutegia hau izanen da: 6etatik 9etara postuak muntatzea, 9etatik 13:30tara produktuen salmenta eta 13:30etatik 16etara postuak kentzea.

c) Salmentarako ordutegian erabat debekatua dago merkatugunetik autoekin ibiltzea. Honela, sarrera orduetatik kanpo etortzen den saltzaileak, autotik hasi eta hartua duen salmenta postura eskuz eraman beharko ditu bere gauzak. Autoak, behin hustu eta gero, merkatugunetik kanpo utzi behar dira, autoa bera salmentarako egokitua dagoenean ezik.

d) Merkatuan bere iharduera garatzeko behar den baimena duen saltzaileetako inork ez dezake gora edo behera b) atalean aipatutako ordutegia gainditu.

Laugarren artikulua: Hasiera batean, edozein produktu mota saldu daiteke, zehazki berauei aplika lekizkiekeen arauak betetzen dituzten bitartean, haragia eta arraina ezik, nahiz freskoa edo izoztua.

Euren postuak arlo sanitarioan dagoen arautegira egokitu behar dituztela aditzera eman zaie saltzaileei.

Udalak, saltzaileen eskari kopurua kontutan hartuz, eta nolanahi ere, denen mesederako, postu bakoitzean salduko den artikulu mota aukeratzeko ahalmena erreserbatzen du.

Bosgarren artikulua: Postuen gehieneko kopurua 40 izanen da, guztiak finkoak, eta segidan zenbakituko dira.

Postuen kopurua gehitu arren, beste zonalde batzuk bilatu beharko dira, plazatik kanpo beharko balitz ere, baserrietako eta denboraldiko produktuak saltzeko.

Seigarren artikulua: Postuen esleipena pertsonala eta besterenganaezina izanen da eta urtebeteko indarra izanen du. Urteoro lizentzia fiskala aurkeztu ondoren berritu beharko da.

Titular berri bakoitzak, nahiz uzten duen kontzesiodunaren senditartekoa izan, lizentzia berri bat eskatu beharko du. Nola nahi ere, postuaren titularitatea eskuratu nahi duenak, legezkotzat jotzen duen edozein inguruabar aipa dezake bere eskaeran (aurreko titularrarekiko ahaidetasuna, udalerrian bizitzea, etabar).

Saltzaile batek ez dezake postu bat baino gehiago izan.

Zazpigarren artikulua: Postuen esleipena egitearren, jendearen informaziorako hilabeteko epealdia irekiko da interesatuek eskaerak aurkez ditzaten.

Zortzigarren artikulua: Merkatuan salmentarako Udal baimena eskatu ahal izateko hauek dira beharrezko agiriak:

a) Erabiliko dituen metroak edo moduluak.

b) Alkatetzara zuzendutako eskaera, haren Idazkaritzan sartu izanaren erregistroarekin.

c) N.A.N.aren fotokopia.

d) Saldu behar duen merkantziaren epigrafeari dagokion Lizentzia Fiskalaren fotokopia eta hura ordainduta duela frogatzen duen ziurtagiria. Lizentzia Fiskal nazionala, probintziala ala tokikoa izaten ahal da baina beti Leitzako Udalean ordaindutakoa.

e) Gizarte Segurantzan altan dagoela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

f) Udal zerga eta tasak ordainduta eduki beharko dira.

d) eta e) puntuetako betebeharrez aske gelditzen dira baserriko produktuak saltzen dituztenak baldin eta Leitzako Baserriak badira. Baita ere langabezian egon eta laguntzarik jasotzen ez dutenak, edo nahiz kobratu, lanbidearteko gutxieneko soldata ez dutela gainditzen frogatzen dutenak. Horiek, beraiek landu eta bildutako produktuak saldu ahal izanen dituzte.

Bederatzigarren artikulua: Aurkeztutako agiriak ikusita, Udalak erabakiko du baimenaren emakida. Hau, berak errebokatu ahal izanen du komenigarria deritzonean, inolako kalte-ordainik edo konpentsaziorik gabe.

Hamargarren artikulua: Behin lurzatiak mugatuta, esleipena ondoko irizpide hauekin bat eginen da:

a) Jadanik esleituta dauden postuak.

b) Leitzako egoiliarra izatea.

c) Merkatura etorriz duen antzinatasuna.

Hamaikagarren artikulua: Merkatuko postuekin ibilbide publikoa hartzeagatik dagokion Udal Prezio Publikoa aurrerago zehazten den moduan geldituko da:

-6 metro lineal baino gutxiago: 510 * 13.

-6tik 12ra: 950 * 13.

-12tik 18ra: 2.020 * 13.

Hiruhileko horretan merkatura saltzera etorritako egun kopurua ez da kontutan hartuko prezio hau kobratzerakoan.

Aipatu den prezio hau hiru hilabetetik sortzen da eta aurreko epeetan ordainduko da:

Lehen Hiruhilekoa: hilbeltzaren 15a baino lehen.

Bigarren Hiruhilekoa: martxoaren 15a baino lehen.

Hirugarren Hiruhilekoa: ekainaren 15a baino lehen.

Laugarren Hiruhilekoa: irailaren 15a baino lehen.

Hamabigarren artikulua: Debekatua gelditzen da:

a) Postu bakoitzeko eremuz kanpo merkantziak zabaltzea eta jendea ibiltzeko lekuetan trabak jartzea. Bide horiek beti garbi eduki behar dira.

b) Merkantzia edo ontziak ondoko postuen ikuspegia eragozten duten moduan jartzea.

c) Jendearentzat diren guneetan edonolako hondakinak botatzea.

d) Gorabeherak edo liskarrak piztea, eragiten duen arrazoia edozein dela ere, eta zigorgarriak diren merkataritza operazioak burutzea.

e) Megafonia sistemaz edo nolanahiko tresnaz merkantzia iragartzea, non eta ez diren musikako zinta edo diskoak saltzen.

f) Aurrez udal baimena eman gabe, hirugarrenei postua uztea.

g) Norberari esleitutako postuak ez direnak erabiltzea.

h) Behar den txukuntasun eta taiu onaren kontra doan beste edozer gauza.

Hamahirugarren artikulua: Adjudikaziodunen betebeharrak: Utzitako postuak erabat garbia edukitzea, salmenta garaiaren ondoren garbituz eta zaborrak edukinontzietan botaz, eta erreketan edo errepideetan zaborrak botatzea espreski debekatzen da.

Hamalaugarren artikulua: Postuen esleipena, ondoko arrazoiengatik geldituko da indarrik gabe:

a) Titularraren erabakiz, Udal honi behar den moduan jakinarazten dionean.

b) Azpialokatzeagatik edo hirugarrenei postua uzteagatik.

c) Emakidan zehaztutako arlotik kanpo gelditzen diren gauzen salmentagatik, elikagaiak izan ezik.

d) Jarraian lau asteko epealdi batean, edo tarteka utziz 6 hilabeteko epealdian, merkatura ez etortzeagatik, beti ere horren arrazoia frogatzen ez den bitartean.

e) Arrazoirik gabe Hiruhileko baten ordainketa bere garaian ez egiteak baimena deuseztatzen du automatikoki. Lizentzia hori Udalak berehala esleituko dio onartzeko zain dauden eskaeretakoren bati, eta jarraian aurrena datorren hiruhilekoan sortuko du eragina.

f) Hogei egunetako epean postuaz ez jabetzeagatik.

g) Urtebeteko epealdia agortzeagatik.

h) Albienteari edo Udaleko arduradunari desmen egiteagatik.

i) Erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat, adjudikaziodunei dagozkien betebeharretako edozein ez betetzea errepikatzen denean.

Erregelamendu honetako edozein arau-hausterengatik birritan zigortua izan denean hartuko da errepikatutzat ez betetze hori.

Hamabosgarren artikulua: Udal-zaintza zerbitzuek ikuskatuko dute Erregelamendu honen betetze zehatza.

Albienteak, edo Udalak izendatutako arduradunak baiezta dezakete postuen hartzaileak dagokien baimenaren jabe diren ala ez, horretarako beronen erakusketa eskatuz. Era berean, nahiz postuaren kokagunea, nahiz hartutako azalera, emandako baimenera egokitzen diren ala ez baiezta dezakete.

Hamaseigarren artikulua: Zerbitzu sanitario lokalek edozein momentutan baiezta dezakete agerian dauden produktu eta merkantzien egoera eta, behar balitz, baita neurri egokiak hartu ere.

Hamazazpigarren artikulua: Espaloietan, lurzoruan, paretetan, zuhaitzetan, inguruan edo nolanahiko instalakuntzetan kalterik eragiten duen saltzaileak, inolako aitzakiarik gabe ordainduko du konponketaren zenbatekoa.

Hemezortzigarren artikulua: 13. artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe, Erregelamendu honetako arau-hausteak honela zigortuko dira:

a) Postua hartzeko aste bateko eskubidea galduz.

b) Saltzailea arau-hauste berdinarengatik edo beste batengatik lehendik zigortua izana balitz, postua hartzeko segidan bi astetako eskubidea galduz.

Hemeretzigarren artikulua: Merkatuaren antolamendua eta zuzendaritza albienteari edo bestela, Udalak izendatutako arduradun bati dagozkio. Hauek Merkatuari buruz edozeinek egiten dituen erreklamazioak adituko dituzte eta Erregelamendu honetan jasota dauden printzipioen arabera ebatziko dituzte.

Erregelamendu honen interpretazioari buruz sortzen den edozein zalantza, Udal honetako Batzarrak erabakiko du, behin saltzaileen ordezkaritza entzun eta gero.

Hogeigarren artikulua: Arautegi honetan ezarri gabe dagoenerako, maiatzaren 19ko 8/l983, Merkataritza Ihardueraren Ordenazio Legera eta hau garatzen duten gainerako xedapenetara, nola Udal honek ematen dituen ebazpenetara egonen da.

Hogeita batgarren artikulua: Eguneroko bizitzako beste alderdi eta esparruetan bezala, ostiraleko merkatuan ere euskarari dagokion tokia eman nahi dio Leitzako Udalak. Beraz, euskarak behar duen tokia izan dezan, eta egiten zaizkion eskaintzak herritarrak bere ohiko hizkuntzan jaso ahal izateko, postuetan jartzen diren idatzi, kartel, eskaintza-iragarki eta testu oro euskaraz gutxienez idatzi behar dira.

Aipatutako testuak euskaraz idatzi eta zuzentzeko, edota itzulpena egiteko postuetako arduradun guztiek Udalaren eta beronen euskara zerbitzuaren laguntza izanen dute.

Iragarkiaren kodea: A9605895