II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea
Mankomunitateko Estatutuak
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 50. artikuluan eta harekin bat heldu direnetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Erriberri aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea eratzeko Estatutuak, ondotik ageri direnak, ematen dira argitara:
Erriberrin, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hogeita batean. Mankomunitateburua, sinadura ulertezina.
I. KAPITULUA
Eraketa, izena eta helbidea
1. artikulua. Erriberriko, Beireko, Caparrosoko, Murillo el Cuendeko, Pitillasko, San Martin Unxeko eta Uxueko Udalek Mankomunitate hau eratu dute, Estatutuen II. kapituluan adierazten diren zerbitzuak, beren eskumenekoak, antolatzeko.
Beste kideren onartzeko Estatutu hauen arauei jarraikiko zaie.
Mankomunitate honen antolakuntza eta funtzionamendua Estatutu hauek xedatzen dutenari lotuko zaizkio, eta horien ordez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legeari, Toki Araubidea arautzen duen Oinarrien Legeari, baita Toki Korporazioen Antolamenduari, Ihardunbideari eta Araubide Juridikoari buruzko Erregelamenduari ere.
2. art. Izaera juridikoa. Mankomunitate honek, bere helburuak betetzeko, gaitasun juridiko osoa izanen du izaera publikoko entitate administratiboa den aldetik, eta une bakoitzean hura osatzen duten toki erakundeen mugapeak hartuko ditu bere esparruan.
3. art. 1. Toki Entitate honek Erriberriko aldeko Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoen Mankomunitatea du izena eta Erriberriko Osasun Etxeko lokaletan izanen du egoitza.
Egoitza Batzarre Nagusiaren erabakiz aldatu ahalko da.
2. Aurreko puntuak ondorioak izan ditzan, Udalek beren egoitzak Mankomunitateari uzteko beharra dute, haren organo kolegiatuen bilkuretarako.
II. KAPITULUA
Xedeak
4. art. Mankomunitatearen xedea izanen da kide diren Udalek eskuordetzen dizkioten gizarte zerbitzuak, Udalen eskumenekoak, ematea eta bereziki, gizarte zerbitzu oinarrizkoekin ikustekorik dutenak, indarra duten xedapenek une bakoitzean horri buruz ezartzen dutenaren arabera.
5. art. Arestian adierazitako eskumenen barnean, Mankomunitateak badu ahalmena iharduera guztiak egiteko aurreko artikuluan aipatutako xedeak eta, zehazki, honako hauek, betetzeko:
1.-Estatuari, korporazio publikoei nahiz pribatuei dirulaguntzak, sorospen eta bestelako laguntzak eskatzea.
2.-Mota guztietako hitzarmen edo kontratuak gauzatzea.
3.-Mankomunitatearen zerbitzu guztiak antolatzea.
4.-Obrak, instalazioak eta haien mantenimendu nahiz zainketa lanak esleitzeko mota guztietako kontratuak egitea; aurrerakinen eta kreditu-maileguen kontratuak egitea.
5.-Mota guztietako material, tresna, lanabes eta ondasunak eskuratzea.
III. KAPITULUA
Indarraldia
6. art. Mankomunitate honen iraupena edo indarraldia mugagabea izanen da, eta Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen direnetik aitzina hasiko da funtzionatzen, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.
IV. KAPITULUA
Zuzendaritza eta kudeaketa organoak
7. art. Hauek dira Mankomunitatearen zuzendaritza organoak:
-Mankomunitateburua eta buruordea.
-Batzarrea.
Batzarrea da Mankomunitatearen organo nagusia. Estatutu honetan aipatzen diren eskumenak zein eskurantzak eta ordenamendu juridikoan aitortzen zaizkion guztiak izanen ditu.
Hauek dira Mankomunitatearen borondatezko organoak.
-Batzarre Nagusiaren erabakiz sortutako beste organo guztiak.
Idazkaritza, Kontuhartzailetza eta Diruzaintza eginkizunak indarra duen legeriak Mankomunitateetarako aurreikusten duenaren arabera beteko dira.
8. art. Mankomunitatea eta Mankomunitateko Toki Entitateak elkarlanean arituko dira zerbitzuak hobeki egitearren, argibideak, laguntza eta zaintza elkarri emanez.
V. KAPITULUA
Batzarre Nagusia
LEHEN SAILA
Osaketa
9. art. Mankomunitatean sarturik dagoen toki entitate bakoitzeko ordezkari bat, nor bere udaleko zinegotzia, egonen da Batzarre Nagusian.
10. art. Ordezkariak hautatzea. Korporazio bakoitzak nahi bezala hautatu eta aldatuko ditu bere ordezkariak, eta udal haustekunde bakoitzaren ondotik izendapena berritu beharko dute ezinbestean.
Batzarkideren batek kargua utziko balu, bai berak hala nahi duelako bai Udalbatzen erabakiz edo beste edozein arrazoia dela eta, aurrekoak kargua utzi eta hilabeteko epearen barnean ordezkoa hautatuko da
BIGARREN SAILA
Bilkuren araubidea
11. art. Batzarreak gutxienez ere hiru hilabetetik behin eginen du bilkura.
Halaber, bidezko juzkatzen diren bilkurak eginen dira, bai Batzarreko lehendakariak erabakita, bai hango ordezkarien laurdenek eskatuta.
12. art. Toki Araubidearen oinarriei buruzko Legean eta hura garatzen duten legeetan ezarritako prozeduraren arabera eginen da bilkura bakoitzerako deialdia.
13. art. Deiarekin batean gai-zerrenda igorriko da, ordezkariek ebatzi beharreko aferak aztertu ahal izan ditzaten, eta dokumentazioa, berriz, batzarkideen eskura egonen da Mankomunitateko bulegoetan, deia igortzen den egunetik aurrera.
14. art. Erabakiak Toki Udalbatzen erabakien araubideari buruz indarra duen arautegiari jarraikiz hartuko dira, ondorengo artikuluan xedatutakoa izan ezik.
15. art. Ondoren aipatzen diren kasuetan, erabakiak hartzeko Batzarre Nagusia osatzen duten batzarkide guztien legezko gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da:
1.-Ordenantzak edo Erregelamenduak onestea, baita Mankomunitateko zerbitzuen erabiltzaileak edo haren funtzionamenduaren araubidea ukitzen dituzten izaera orokorreko tarifak, Mankomunitatearen eskumenekoak direnak, eta horiek guztiak aldatzea.
2.-Mankomunitatean kide berriak hartzea.
3.-Mankomunitatea deuseztea.
Ondoren aipatzen diren kasuetan, Batzarre Nagusia osatzen duten batzarkide guztien legezko gehiengo soilaren aldeko botoa beharko da erabakiak hartzeko:
1.-Obra edo Inbertsioetarako hainbat urtetako planak, urte bakoitzean hurrengo urtekoa bereziki zehaztuz.
2.-Aurrekontuen onespena.
3.-Mankomunitatearen kontuen onespena.
16. art. Estatutuak aldatzeko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 50.3 artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.
Aldaketaren xede bakarra bada Mankomunitatearen antolamendua edo ihardunbidea indarra duen legeriari egokitzea, Batzarreak aldaketa hori onesteko aski izanen da Batzarkideen gehiengo osoaren aldeko botoa.
Aldaketaren prozesuari ekiteko Batzarre Nagusiak horretarako proposamena egin baharko du, aurreko artikuluan aipatutako quoruma izanik.
VI. KAPITULUA
Mankomunitateburua eta buruordea
17. art. Mankomunitateko Batzarreak mankomunitateburua hautatuko du eta haren ordezkaria izanen da Mankomunitateak beste pertsona fisiko edo juridikoekin dituen harremanetan. Era berean, Batzarreak berak eta honako Estatutu hauek haren esku uzten dituzten eginkizunak beteko ditu.
Lehenbiziko botazioan, Batzarrea osatzen duten boto eskubidedun guztien gehiengo osoa lortzen duen batzarkidea izendatuko da mankomunitateburu.
Inork ez badu aurreko lerroaldean adierazitako gehiengoa erdiesten, bigarren botazio bat eginen da, eta gehiengo soila eskuratzen duen batzarkidea izendatuko da mankomunitateburu.
Berdinketarik izanez gero, biztanle kopuru handiagoa duen Toki Entitatearen ordezkaria izendatuko da mankomunitateburu.
Mankomunitateburua izendatzeko botazioan, botoen arabera bigarren gelditzen dena izanen da buruordea.
VII. KAPITULUA
Eskumenak eta eskurantzak
18. art. Mankomunitateko Batzarre Nagusiari dagokio:
1.-Hura eratu, berritu, eta handitzeko, baita karguak eta langileak izendatu eta kentzeko ere, behar dena erabakitzea, Estatutuei eta aplikatu behar diren legezko edo erregelamenduzko arauei jarraituz.
2.-Mankomunitatearen helburutako aurreikusi zerbitzuak ezarri, garatu eta kudeatzeko behar diren oinarrizko plan eta proiektuak onestea.
3.-Mankomunitatearen aurrekontuak eta urteko kontuak onestea.
4.-Edozein ondasun eskuratu eta besterentzea, obrak eta zerbitzuak kontratatzeko oinarriak erabakitzea eta lehendakariari horiek formalizatzeko ahalmena ematea.
5.-Mankomunitatearen eskubideak defendatzeko ekintzak aurrera eramatea, Mankomunitatea auzitara eramaten duten auzi-eskeei aurka egitea eta mota guztietako helegiteak jartzea edozein maila, gradu eta jurisdikziotako aferetan, iharduneko letratuak aldeko txostena eman ondoren.
6.-Zerbitzuaren antolamendua eta ihardunbidea hobetzeko beharrezko neurriak hartzea.
7.-Zerbitzuek ekarritako gastuak ordaintzea.
8.-Udalei urtero egindako lanaren berri ematea, horretarako txosten bat eginez, ekitaldi horretako zerbitzuaren funtzionamenduaren eta Mankomunitatearen iharduketaren nondik-norakoak Udalbatzei jakinarazteko.
9.-Lan kontratuak onetsi eta ebaztea, baita, behar izanez gero, disziplinazko zehapenak ezartzea ere.
10.-Zerbitzuen garapena kontrolatu eta gainbegiratzea.
11.-Zerbitzuaren iharduerak zuzendu, kudeatu eta ikuskatzea.
12.-Eta Udaleko osoko bilkurei dagozkien gainerakoak, beti ere Estatutu hauen arabera beste organo batzuei ez badozkie.
19. art. Honako hauek dira mankomunitateburuaren eginkizunak:
1.-Bilkuretarako deia egin eta haietan buru izatea; hartzen diren legezko erabakiak betearazteko agintzea.
2.-Bera erantzule izanik eta Batzarre Nagusiak emaniko jarraibideei lotuta, Mankomunitatearen gaiek eskatzen duten premiazko neurriak hartzea, ekintza judizialak barne; Batzarreari horren berri ematea egiten den lehen bilkuran eta bilkura berezietarako deia egitea, kasuaren garrantziak hala eskatzen badu.
3.-Idazkariarekin eta kontuhartzailearekin batera, Mankomunitateko aurrekontuen proiektuak osatzea, onetsitakoak garatzeko erabakiak hartzea eta, legezko nahiz erregelamenduzko xedapenei jarraikiz, urteko kontuak aurkeztea.
4.-Agindua ematea Mankomunitateak aurrekontuetan erabakitako ordainketak egin daitezen.
5.-Mankomunitatearen diruak eta ondasunak administratzea eta urte natural bakoitzeko lehen seihilabetean aurreko ekitaldiko kontuen berri ematea.
6.-Mankomunitatearen ordezkari izatea, hura uki lezaketen egintza eta lege afera guztietan, eta prokuradoreei ahalordeak ematea, epaiketan agertzeko eta baita handik kanpo ere, horren beharra izanez gero, eta Batzarreak kasuan-kasuan erabakitzen dituen bidezko ahalmenekin.
7.-Entitateko egintza eta agirietatik luzatzen diren ziurtagiriei bere sinaduraren bidez ikus-onetsia ematea.
8.-Langile guztien buru aritzea.
9.-Zerbitzuaren funtzionamendua zuzena izan dadin eta Mankomunitatearen helburuak bete daitezen beharrezkoak diren gainerako eginkizun guztiak, Batzarre Nagusiaren eskumenekoak ez badira, baita alkateei Udaletan dagozkien gainerako guztiak ere.
20. art. Mankomunitateburuordeak mankomunitateburuaren eginkizunak bere gain hartuko ditu hura kanpoan nahiz gaisorik dagoenean edo dituen eskurantzak erabiltzeko ezintasunik duenean, baita lehendakaritza hutsik dagoenean ere, lehendakari berriak postuaren jabetza hartu bitartean.
Era berean, bere gain hartuko ditu mankomunitateburuak edo Batzarreak espreski eskuordetzen dizkioten gainerako eskurantzak eta bere iharduketen erantzule izanen da Batzarrearen aurrean.
VIII. KAPITULUA
Araubide ekonomikoa
21. art. Honako hauek dira Mankomunitatearen baliabide ekonomikoak:
a) Estatutik, Diputaziotik edo beste edozein entitate publiko nahiz pribatuetatik eta baita partikularrengandik ere eskuratzen dituen dirulaguntza, sari eta dohaintzak
b) Bere ondasun eta zerbitzuen errenta eta produktuak.
c) Indarra duen arauteriaren ariora, Mankomunitateak berak ezar ditzakeen ordainarazpenen mozkina edo legez dagokiona.
d) Bere helburuak lortzeko hitzartzen diren mailegu eta kredituak.
22. art. Zerbitzuak ematearen ondorioz edo Toki Ogasunak arautzen dituen araudian bildutako beste ekarpenen ondorioz lortutako dirusarrerak erabiliz ordainduko dira Mankomunitatearen administrazioaren antolakuntzaren funtzionamendu gastuak.
Horretarako, Mankomunitateko Udalek ekarri beharreko ekarpenak beren urteko aurrekontuetan sartzeko konpromezua hartzen dute, ekarpen horiek beren biztanle eskubidedunen kopuruaren araberakoak izanen direlarik.
23. art. Kontuhartzaileak Zerbitzuko dirusarrera eta gastuen kontu hartu eta zenbaketa eginen du. Batzarreak balantzearen bidez eman du kontuen berri.
Gastu guztiak ordaindu ondoren, hala nola Zerbitzukoak, obra eta instalazioen mantenimendukoak, langileen lansariak eta hitzartutako gainerako betebeharrei dagozkienak, soberakinik balego, gerakin osoa hurrengo ekitaldiko aurrekontuari gehituko litzaioke.
24. art. Mankomunitateko Udalek aurrekontu arrunta betetzearen ondorioz Mankomunitateak hartu eta ordaintzen ez dituen zor eta obligazioen kargu eginen dute.
Mankomunitateko entitate bakoitzak Mankomunitateak ordaintzen ez dituen obligazio eta zorren kargu eginen du, zeinek bere biztanle kopuruaren arabera, biztaleen azken udal erroldaren azken eguneraketari jarraikiz.
Mankomunitateko Udalek beren baliabide eta ondasunekin bermatuko dituzte Mankomunitateak hartutako zorrak, Estatutu hauetan xedatutakoaren arabera bakoitzari dagokion proportzioraino.
Horretarako, baimena ematen diote Nafarroako Gobernuari Mankomunitateari zor dioten dirua berei dagozkien transferentziatik kentzeko, hari ordaintzeko.
IX. KAPITULUA
Langileak
25. art. Mankomunitateak behar dituen langile guztiak izanen ditu, eta Batzarreak osatzen dituen plantiletan zehaztuko dira langile kopurua, kategoria eta bakoitzaren eginkizunak.
26. art. Mankomunitateak berak kontrataturiko lan araubideko langileek osatuko dute plantila.
Mankomunitateak bere zerbitzuetarako behar dituen langileak kontratatuko ditu eta plantilaren arabera eta indarra duen arautegiari lotuz beteko ditu lanpostuak.
X. KAPITULUA
Kide berrien onarpena
27. art. Udal berriak Mankomunitatean onartzeko, 16. artikuluan aipaturiko gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da eta erabaki hori hamabost egunez jarriko da jendaurrean.
XI. KAPITULUA
Kideak Mankomunitatetik ateratzea
28 art. Udalak, egokia dela uste badute, Mankomunitatetik ateratzen ahal dira eta, horretarako, aldez aurretik Udal horren osoko bilkuran erregelamenduzko gehiengoz (gehiengo osoz) hartuko da erabakia.
-Erabakia urte bakoitzeko azken hiruhilekoa hasi aurretik hartu beharko da.
-Erabakiaren ondorio ekonomikoek banaketa erabakia hartu eta hurrengo ekitaldira arte ez dute indarrik izanen.
Orobat, Mankomunitateko kide izateari utziko zaio derrigorrezko ekarpen ekonomikoak ordaintzen ez badira.
29. art. Udalen bat edo gehiago Mankomunitatetik atera, eta horren ondorioz plantila organikoaren lanposturen bat ez balitz aurrerantzean beharrezkoa izanen, aipatu Udalak edo Udalek bi aukera izanen dute: Mankomunitateko langileak beren plantila organikoetara biltzea; edo Mankomunitateak kontratu horiek iraungitzetik datozen ondorio ekonomikoen kargu egitea.
30. art. Mankomunitatea erabat edo hein batean desegiteko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 50. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio. Banatzeko erabakia hartzen duen entitatea bermatu beharko du bere esparrupean zerbitzuak behar bezala emanen direla eta ez dituela banaketarekin intereses orokorrak kaltetzen. Erabaki horretan, Mankomunitateak zehaztuko ditu banaketa horrek ondasun, eskubide eta betebeharren aldetik dakartzan ondorioak.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenbizikoa.-Mankomunitateak Erriberriko Udalak harturiko eskubide eta betebeharrak subrogatzen ditu, Mankomunitate hau osatzen duten Udalek Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak emateko hitzartu eta onetsi zuten Udalez Gaindiko Hitzarmena betez. Era berean, Erriberriko Udala zerbitzu horri atxikitako langileak transferitzera behartua dago.
Aurreko lerroaldean aipatu Udalez Gaindiko Hitzarmenak ondorioak galduko ditu eta sinatzaileak lotesteari utziko dio Estatutu hauek indarra hartzen duten unean berean.
Bigarrena.-Mankomunitateak ondorio guztietarako bere gain hartuko ditu Mankomunitateko Udalen gizarte zerbitzu oinarrizkoek gaur egun dituzten langileak.
Hirugarrena.-Udalek Estatutuak onesten diren bilkuran berean izendatuko dituzte beren ordezkariak.
Laugarrena.-Estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hamabost eguneko epean, eraketa bilkurarako deia eginen zaie ordezkari guztiei. Bertan kargu pertsonalak hautatuko dira eta Batzarrearen ustez premiazkoak diren beste gai batzuk ere sartu ahalko dira.
Estatutu hauek mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko abenduaren hogeita bederatziko Batasunaren erabakiz onetsi ziren hasiera batez. Presidentea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: A9605557