Iragarkia
97. ALDIZKARIA - 1996ko abuztuaren 12a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
T U T E R A
Deialdia, Tuterako Udaleko arkitekto tekniko izateko lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa
Udalak 1996.eko ekainaren 28an egindako osoko bilkuran, besteak beste, ondoren ematen den erabakia hartu zuen, Ekonomiaren, Kontuen, Ogasunaren, Ondarearen, Zerbitzu Kontratatuen eta Gai Orokorren Informazio Batzordeak proposaturik:
Deialdia, Tuterako Udaleko arkitekto tekniko izateko lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzekoa
1. oinarria.-Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea Tuterako Udaleko arkitekto tekniko izateko lanpostu bat, funtzionario izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea da, Iharduera Ekonomikoen Alorrean (Ekonomi eta Ogasun azpialorra) ari dadin.
1.2. Deialdi honen xede diren lanpostuei gero beste batzuk gehitu ahalko zaizkie, Epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara ematen duen egunean hutsik dauden lanpostuak bete arte, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.
1.3. Izendapenak ondorio guztietarako nomina eta plantilako funtzionario eginen du izendatua, lanpostuaz jabetzen den egunetik hasita, eta bazkidetu eta alta emanen zaio Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, abenduaren 30eko 13/1993 Foru Legeak xedatzen duen bezalaxe.
1.4. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean eta Lansariei buruzko 1984.eko uztailaren 4ko behin-behineko Erregelamenduan B mailakoentzat ezarritako lansariak izanen ditu. Izendatuak ezin izanen du bere titulazioa erabili arlo publikoan ezta pribatuan ere. Ondorioz, lanpostuak B mailaren % 35eko osagarria izanen du bateraezintasunagatik.
1.5. Lanak, eginkizunak eta erantzukizunak.
Korporazioari emanen dio laguntza Udalak dituen zerbitzu teknikoen barrenean eta, horretarako, lanpostuari dagokion Alorrarekin zerikusia duten arazo guztietan ariko da, gestio, azterlan eta proposamen lan administratiboak eginez bere titulazioari dagozkion gaietan.
Hauek dira bete beharreko eginkizunak:
-Bere gain utzitako zerbitzu eta unitateak kudeatzea.
-Bere eskumeneko gaietan txosten eta irizpenak ematea.
-Bere espezialitateko gaietan aholku ematea.
-Espedienteak tramitatzea, bidezko den ebazpena proposatuz.
-Bere lanbide iharduerari dagozkion azterlan eta lanak egitea.
Dagokion mailaren barrenean, bere ardura bereziki A mailako eginkizunei laguntza eta sustengua ematea da eta bere titulazioari dagokion ardura profesionala.
Gainera, nagusiak antzeko beste lan batzuk jarri ahalko ditu bere esku, lanpostuaren betebeharrekin zerikusia badute.
1.6. Izendatuak Tuterako udal mugapean bizi beharko du eta, horretarako, udalerri horretako Biztanleen Udal Erroldan inskribatuko da.
1.7. Oinarri hauetan jasotzen ez diren lan eta enpleguko baldintzei dagokienez, Udalaren eskumena diren neurrian, Tuterako Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen eta lan-kontratatu finkoen lan baldintzei buruzko akordioan xedatutakoari jarraituko zaio, 1996.eko otsailaren 23ko osoko bilkuran onetsi eta 1996.eko martxoaren 22ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.
Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzat ezarritako lanaldia izanen du, zerbitzuaren beharretara egokiturik.
1.8. Ahalmena du alkate jaunak, tramiteari dagokionez, Udalaren osoko bilkuraren eskumenak erabiltzeko, helegiteak izan ezik. Epaimahai kalifikatzailearen akta eta komunikazioak jasoko ditu izendapena bitarte. Epaimahaiak proposamen loteslearen ondoren eginen du izendapena eta, aldi berean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko xedatuko du.
2. oinarria.-Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:
a) Nazionalitatez espainiar eta adinez nagusi izatea. Abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen 1. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
b) Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean arkitekto tekniko edo aparejadore titulua edukitzea edo hura eskuratzeko moduan egotea.
c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.
d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea ezta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ere.
2.3. Lanpostua lortzen duen izangaiak arestian aipatu baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du deialdiaren 7. oinarrian zehaztu moduan eta egunetan. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean bete beharko ditu.
3. oinarria.-Eskabideak.
3.1. Probetan parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epearen barrenean, udal bulegoak irekita dauden orduetan, edo bestela, Administrazio Publikoan Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko arautegiak aurreikusten duen moduan.
Eskabide horiek 1. eraskinean argitaratu ereduari beharko zaizkio lotu.
3.2. Eskabidearekin batean izangaiek Tuterako Udalaren Diruzaintzan (Udaletxeko hirugarren solairua) 1.000 pezeta ordaindu izanaren gordekina erantsiko dute, azterketarako eskubideen ordainean. Hori aurkezten ez duena probetatik bazterturik geldituko da. INEMeko txartela izan eta langabeziaren inolako ordainsaririk jasotzen ez duten izangaiak ordainketa hori egitetik salbuetsiak izanen dira.
3.3. Halaber, eskabidearekin batean, II. Eraskinean ezartzen den baremoari jarraikiz alegatzen diren merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Agiriek jatorrizkoak izan behar dute edo Zuzenbidearen arabera baliozko den edozein bide erabiliz konpultsatu.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
Lehiaketari dagokionez, eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen alegatu eta frogatzen diren agiriak baizik ez dira kontutan hartuko. Ez da inola ere onartuko epe horren ondotik agiri gehiago ekartzerik.
3.5. Ezintasunen bat dutenek eskabidean azaldu beharko dute zein motatakoa den. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu beharko dituzte.
4. oinarria.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin- behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Ohartarazi eginen da argitalpenetik ondoko hamar lanegunetan, bazterturiko izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela eta, okerrik egin badute, horiek zuzendu.
4.2. Epe hori amaitu eta erreklamazioak ebatzita, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.
5. oinarria.-Epaimahai kalifikatzailea.
5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:
Mahaiburua: José M.ª Navarro Fandos jauna, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: José Ignacio Baile Ayensa jauna, Tuterako Udaleko zinegotzia.
Mahaikidea: Fermín Muñoz Muñoz jauna, Nafarroako Gobernuko Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko zuzendaria.
Ordezkoa: Julián Sarasa Azcárate jauna, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuko Balorazio Txostenen Bulegoko burua.
Mahaikidea: Juan Pablo Galán Gracia jauna, goi mailako arkitektoa.
Ordezkoa: José Ignacio López Burgaleta jauna, arkitekto teknikoa.
Mahaikidea: Ana Cristina Sebastián Ciria andrea, langileen ordezkaria.
Ordezkoa: José Antonio Agramonte Redrado jauna, langileen ordezkaria.
Mahaikide-idazkaria: Víctor Javier García Sánchez jauna, Tuterako Udaleko diruzaina.
Ordezkoa: Francisco Javier Ciria Pérez jauna, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.
5.2. Epaimahaia hautapen probak hasi aurretik eratu beharko da. Ezin izanen da eratu, ezta ihardun ere, kideen gehiengo absolutua, gutxienez, bertan ez badago.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu oinarri hauek interpretatu eta aplikatzeko orduan sor daitezkeen zalantza guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekarri ahalko ditu proba guzti zein batzuetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dituzte lagunduko Epaimahaikoak.
6. oinarria.-Oposizioaren hastapena eta jarraipena.
6.1. Oposizio-lehiaketa deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta, gutxienez, hiru hilabete pasa ondoan hasiko da, urrian seguruenik. Izangai onartu eta baztertuen behin- betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da probak non, zein egun eta ordutan hasiko diren.
6.2. Lehiaketaldia.
Epaimahaiak baloratuko ditu hautagaiek eskabideekin batera alegatu eta frogatzen dituzten merezimenduak, II. Eraskinean ageri den baremoaren arabera.
Epaimahaiak ez du inola ere kontutan hartuko alegatu gabeko edo dokumentu bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako zehaztu den gehieneko puntuazioa baino altuagorik.
Lehiaketaldia amaiturik, Epaimahai kalifikatzaileak balorazioaren emaitza jendaurrean jarriko du Tuterako Udalaren iragarki oholean, lehiakide bakoitzak eskuratutako puntuazioa adieraziz.
Lehiaketaldiko puntuazioa ezin izanen da 15 puntutik goitikoa izan.
6.3. Oposizioaldia.
Hona zein izanen diren oposizioko ariketak:
6.3.1. Lehenbiziko ariketa: idatziz garatu beharko dira, gehienez ere 3 orduz, hiru gai, bat Administrazio Zuzenbideari buruzkoa, beste bat Tributu Zuzenbidearen arlokoa eta Hirigintza Zuzenbidearen arlokoa hirugarrena, erasten den gai zerrendatik zozketa bidez aterako direnak. Gai bakoitzarentzat 0tik 5era bitarteko puntuazioa emanen da eta gainditzeko guttienez 2,5 puntu eskuratu behar da gai bakoitzean.
Proba honek gehienez ere 15 puntu izanen ditu, eta baztertuta geratuko da 7,5 puntu ateratzen ez dituena.
Bigarren ariketa: proba praktikoa, Tributu Zuzenbideko eta Hirigintza Zuzenbideko gaiekin zerikusia duena. Bi kasu praktiko izanen dira (multzo bakoitzeko bat) gehienez ere 3 ordutan. 10 puntuz baloratuko da bakoitza eta, gainditzeko, gutxienez 5 puntu beharko dira kasu praktiko bakoitzean.
Proba honek gehienez ere 20 puntu izanen ditu, eta baztertuta geratuko da 10 puntu ateratzen ez dituena.
6.3.2. Oposizioko ariketen balorazioa, gehienez ere, 35 puntukoa izanen da.
6.3.3. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira, eta bazterturik geldituko dira proba bakoitzean gai edo kasu bakoitzerako ezarritako puntuazioaren erdia bederen ateratzen ez dutenak.
6.3.4. Epaimahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du, eta kalifikazio guztien batezbesteko aritmetikoa izanen da ariketa zati bakoitzaren puntuazioa.
6.4. Hautapen probak hasitakoan, hurrengo probak noiz eta non eginen diren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea ez da beharrezkoa izanen. Iragarki horiek Epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu aurreko probak egin diren tokian, 24 ordu lehenago, bederen, ariketa bera baldin bada, eta 48 ordu lehenago, bederen, beste ariketa bat baldin bada.
6.5. Ariketetara agertzeko deialdi bakarra eginen da, eta bertara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.
6.6. Hautapen probetan, halakorik eskatu duten ezinduendako egokitzapenak eginen dira, modu eta denborazkoak, ahal den neurrian, eskabidean azaldu dutenaren arabera.
7. oinarria.-Gainditzen dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanda, Epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, atera duten puntuazioaren arabera ordenatua. Zerrenda hori alkate udalburuari igorriko zaio, hasieran deialdian sartutako lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman dezan, Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 11. artikuluan aipatu bezala.
7.2. Aurreko atalean azaldu ebazpenaren jakinarazpena behin jaso ondoren, Epaimahaiak alkate udalburuari igorriko dio probak gainditu eta deialdiko lanpostuetan sartzen diren izangaiak izendatzeko proposamena, baita aurreko atalean aipatu gehikuntzaren ondoriozkoak ere. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
7.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalaren Erregistro Orokorrean:
1.-Nortasun Agiri Nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.
2.-2. oinarrian galdaturiko tituluaren fotokopia eta jatorrizkoa, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
3.-Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo baztertua ez dagoela eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik egotzia izan ez dela adierazten duena.
4.-Ziurtagiri medikoa, karguari dagozkion eginkizunetan aritzeko inolako eritasun edo akats fisikorik ez duela adierazten duena.
5.-Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzio eta Legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zintzo beteko dituela.
7.4. Izendaturiko izangaiek aipatu epean agiri horiek ekartzen ez badituzte, ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira funtzionario izendatu eta ordura arte egindako iharduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deialdian parte hartzeko eskabidean egindako faltsukeria dela eta, etor litezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe.
7.5. Aurreko artikuluan aurreikusitako kasuan, alkate udalburuak 7.1. oinarrian adierazitako zerrendan ondo- ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.
8. oinarria.-Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Hautapen probak amaitu eta 7.3. oinarrian adierazitako agiriak izangaiak ekarri ondotik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak proposatu izangaiaren izendapena eginen du.
8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
8.3. Izendaturiko izangaiak lanpostuaren jabetza hartu beharko du, izendapenaren jakinarazpenetik hasita hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez badu Tuterako Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Horrelako kasuetan, 7.4 eta 7.5 oinarrietan xedatu bezala jokatuko da.
9. oinarria.-Helegiteak.
Deialdi honen aurka, bere oinarrien eta horien ondoriozko egintza administratiboen aurka eta hautapen organoen iharduketaren aurka jo ahalko dute interesatuek, administrazio prozedura erregulatzen duten arauetan aurreikusitako kasuetan eta moduan. Interesatuek bidezkotzat dituztenez gain, helegite hauetako bat jar dezakete, aukeran:
a) Administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion Sailean, erabaki hau argitaratu edo helegin nahi den aplikazio egintzaren jakinarazpena eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epearen barrenean. Horrelako kasuetan, Organo horri helegitea jartzeko asmoaren berri eman beharko zaio; edo bestela,
b) Gora jotzeko helegitea, zuzenean, Nafarroako Administrazio Auzitegian, erabaki hau argitaratu edo helegin nahi den aplikazio egintzaren jakinarazpena eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epearen barrenean.
I. ERASKINA
Eskabide eredua
........................ J/A, adinez nagusia, ........ N.A.N. duena, 19...(e)ko .............aren .......(e)an .............(e)n (................) jaio eta .....(e)n (.............) bizi dena, ............... kaleko .... zenbakian, ............ posta kodea, ............ telefonoa.
Zure aitzinera agertu eta, adierazten du:
Tuterako Udaleko arkitekto tekniko izateko funtzionario izaerako lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen duela. Eskabideak aurkezteko eman epearen azken egunerako, eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditu:
-Ez du kargu horretan aritzeko eragozten ahal dion eritasun edo akats fisikorik.
-Indarra duten xedapenetan ageri diren ezgaitasunik ez du.
-Ez da inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik inoiz diziplina espedientearen bidez baztertua izan eta ez dago eginkizun pubikoetan aritzeko ezgaitua.
-Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren jabe da.
-Deialdian ezarri bezala azterketa eskubideak ordaindu ditu eta horren gordekina erasten du.
Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, deialdian eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituela.
Ezintasunik badu eta, hortaz, ondoren adierazten den egokitzapena eskatzen du. (Beste orri batean adierazi kp inline beharko da ezintasuna nolakoa den eta eskatzen diren egokitzapenak)
Ez du ezintasunik
(X bat jarri bietako batean).
Eta hori guztia dela eta:
Eskatzen du eskabide hau onar dezazun eta, hortaz, Tuterako Udaleko arkitekto tekniko izateko funtzionario izaerako lanpostu bart oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko baimena eman dezazun.
Tuteran, 19...(e)ko .......aren ...(e)an.
(Sinadura)
Tuterako Udaleko alkate udalburua.
II. ERASKINA
Merezimenduen baremoa
Deialdiarekin bat, Epaimahaiak ondotik aipatzen diren kontzeptuen arabera baloratuko ditu lehiakideen merezimenduak:
Lehenbizikoa.
a) Titulua eta bestelako merezimendu akademikoak:
-Batezbeste bikain duen espediente akademikoa: 2 puntu.
-Erdi mailako beste unibertsitate titulu batzuk: puntu bat bakoitzeko.
-Goi mailako unibertsitate tituluak: 2 puntu bakoitzeko.
b) Graduatu ondokoendako prestakuntza ikastaroak Eskola Ofizial edo Unibertsitate Eskoletan, arkitekto teknikoen lanarekin zerikusirik dutenak, 40 ordu edo hortik gorako iraupenekoak badira: 0,5 puntu.
c) Ikerketa edo esperimentazio lanak, gehienez ere 3 puntu.
Epaimahaiak, haien eduki eta interesaren arabera, baita egile bakarra den edo lankidetzan burutu diren kontutan hartuz ere, baloratuko ditu batzuk eta besteak.
d) Gainditutako oposizioak, haietan parte hartzeko Administrazio Publikoak arkitekto teknikoaren titulua eskatu badu: 1,5 puntu, oposizio gainditu bakoitzeko.
Lehenbiziko atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 5 puntukoa izanen da.
Bigarrena.
-Lanbide esperientzia administrazioan arkitekto tekniko edo aparejadore gisa.
-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak:
Lanpostu horretan arkitekto teknikoaren titulazioa eskatu baldin bada: puntu bat urte bakoitzeko eta gehienez ere 5 puntu.
-Enpresa pribatuetan emandako zerbitzuak:
Arkitekto teknikoaren titulazioa behar den lanpostuan: 0,75 puntu urte bakoitzeko eta gehienez ere 5 puntu.
Zerbitzu urte kopurua osoa ez bada, zerbitzuan zenbat egun egon den, horren araberako puntuazioa emanen zaie izangaiei.
Ez dira kontutan hartuko deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik emandako zerbitzuak.
Administrazio arloko Zuzenbidea
1. gaia.-Espainiako 1978.eko Konstituzioa: oinarrizko eskubideak: bermeak. Estatuko lurralde antolakuntza.
2. gaia.-Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1983 Lege Organikoa (195 eta 204. Estatuko Aldizkari Ofiziala - abuztuak 16-; eta 106. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa): xedapen orokorrak. Nafarroako Foru Erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa. Nafarroako Gobernuko edo Foru Diputazioko Lehendakaria.
3. gaia.-Nafarroako toki erakundeen antolakuntza eta administrazioa: udalen gobernu eta administrazio organoen eskumenak.
4. gaia.-Nafarroako udalen funtzionamenduaren araubidea.
5. gaia.-Hiritarren informazioa eta partehartzea.
6. gaia.-Nafarroako udalen prozedura eta araubide juridikoa: xedapen orokorrak; erabakiak eta ebazpenak; erregelamenduak, ordenantzak eta bandoak.
7. gaia.-Nafarroako udalen egintza eta erabakien aurka jotzea.
Tributuen arloko Zuzenbidea
1. gaia.-Tributu erlazioaren elementuak: A) Zergagaia; kontzeptua; lotura eta salbuespena arteko bereizketa. B) Sujetu pasiboa: kontzeptua; zergaduna eta zergadunaren ordezkoa. C) Zerga oinarria eta likidazio oinarria; zerga tasa; tributu kuota eta zorra.
2. gaia.-Tributua ordaindu beharraren iraungipena: ordainketa, preskripzioa, ofizio bidezko aplikazioa, konpentsazioa, barkamena.
3. gaia.-Nafarroako udalen baliabide ekonomikoak: haien definizioa. Prezio publikoak. Tasak eta kontribuzio bereziak.
4. gaia.-Iharduera ekonomikoen gaineko zerga. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga.
5. gaia.-Hirilurreko balioaren igoeraren gaineko zerga.
6. gaia.-Martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legea, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskala arautzen duena.
7. gaia.-Lurralde Kontribuzioaren erregulazioa Nafarroako Toki Ogasunen martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean.
8. gaia.-Tuterako Udalaren egungo Balorazio Txostena, Batzorde Mistoak 1995.eko abenduaren 29an onetsia.
Hirigintza arloko Zuzenbidea
1. gaia.-Lurzoruaren jabetzaren hirigintzako araubidea: lurzoru ez urbanizagarriaren eta programatu gabeko urbanizagarriaren araubidea eta hiri lurzoruaren zein lurzoru urbanizagarriaren araubidea.
2. gaia.-Lurren balorazioa Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen testu bateginean.
3. gaia.-Exekuzio unitateak garatzeko iharduketa sistemak.
5. gaia.-Lurzoruaren udal ondarea edo ondare publikoa.
6. gaia.-Jabetza Erregistroari buruzko aipamenak Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legearen testu bateginean."
Tuteran, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko uztailaren bian. Alkatea, sinadura ulertezina.
Iragarkiaren kodea: A9605926
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
