97. ALDIZKARIA - 1996ko abuztuaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Deialdia, Tuterako Udaleko administrari ofizialendako lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko

Tuterako Udalak, 1996.eko ekainaren 28an egindako osoko bilkuran eta Ekonomiaren, Kontuen, Ogasunaren, Ondarearen, Zerbitzu Kontratatuen eta Afera Orokorren Informazio Batzorde Iraunkorrak proposaturik, besteak beste, honela dioen erabakia hartu zuen:

OINARRIAK

1. A) Xedea.

Hutsik den administrari ofizial lanpostu bat lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdiaren oinarriak iragarri egiten dira, Hiri Antolamendu eta Ingurugiro Alorrean (Udaltzaintza) aritzeko.

B) Lanpostuaren deskribapena eta hari atxikitako eginkizunetatik heldu diren berezitasunak, eta lanpostuak bere dituen zeregin eta erantzukizun nagusien zerrenda.

B.1) Lanpostuaren deskribapena.

Lanpostuaren eginkizunak, dagokion alorreko administrari ofizialarenak izanen dira eta, zehazki, laguntza administratiboa ematea Udaltzaintzari.

B.2) Zereginak, eginkizunak eta erantzukizunak.

Bere destinoa Alorraren zeregin zehatz bat baldin bada ere, dagokion Alorrarekin zerikusia duten gaietan aginduak hartzea eta laguntza ematea, non eta bere kategoriaren araberako zereginak ez diren. Zehatz-mehatz ez bada ere, hona hemen eginkizunen zerrenda:

a) Oro har, exekuzio, tramite eta laguntza lanak.

b) Bere esku utzitako espedienteetatik agiriak zuzen laburbildu eta informazio arrazoitua ematea goragoko mailakoari.

c) Hartutako dokumentu guztien berri ematea goragoko mailakoari eta bidezko den tramitea proposatzea.

d) Tramiteko eginbide eta ofizioak egitea ematen zaizkion aginduei jarraituz.

e) Bere ardurapeko espedienteen gestioa, jarraipena eta kontrola; baita espedienteen tramite administratiboak osatzen laguntzea ere unitatera iristen diren agiriak erantsiz.

f) Espedienteak, dokumentazioa, e.a. erregistratu eta artxibatzea.

g) Txosten eta ebazpenak prestatzea udal organoentzat.

h) Datuak lortu eta biltzen laguntzea, administrazio unitate bakoitzeko txosten, proposamen, espediente, denetariko lan eta abarretan.

i) Terminalak, testu lanketak, kalkulagailuak, idazmakinak, e.a. erabiltzea.

j) Zeregin jakin batzuk egitea, hala nola, inprimakiak betetzea; likidazioak egin, egiaztatu edo frogatzea; zailtasun ertaineko kalkuluak egin, kontabilitateko idazpenak, kontaketak, balantzeko kalkuluak, liburuak ixtea, izakinen kontrola, e.a.; fakturak, ordainagiriak, baleak, e.a. luzatzea. Oro har, aritmetika eta kontabilitateko eragiketak egin eta egiaztatzea (gastuak egoztea, idazpenak frogatzea, e.a.); eta, oro har, prozedura bakun eta errepikakorrei buruzko edozein lan administratibo, testu lanketa, e.a.

k) Jendeaz arduratu eta argibideak ematea, dagokion bulego edo unitateei buruzko galderei erantzunez, baita espedienteen nondik norakoaren berri ematea ere goragoko mailakoaren jarraibideei segituz.

l) Lana laguntzaileei banatu, begiratu eta beharrezko lan osagarriak egitea unitateak funtzionamendu ona izan dezan.

ll) Oinarrizko iharduera administratiboak egitea hartutako aginduak edo jarrita dauden arauak betez, errepikatzen direnean eta aukera ematen dutenean, hala nola, agiriak, inprimakiak, estatistitako taulak, e.a. formalizatu eta betetzea.

m) Edozein agiri mota idazmakinaz pasatzea.

n) Telefono deiak hartu eta egitea bere arloko gorabeherak argitzeko.

Gainera, goragoko mailakoak bere esku uzten dituen antzeko lan guztiak, betetzen duen lanpostuko zereginekin zerikusia dutenak.

2. Deialdia egiten duen organoa, eginkizunak eskuordetzea eta lanpostu hutsen kopurua handitzea.

Oinarri hauek onetsi eta deialdia egitea Tuterako Udalaren osoko bilkurari badagokio ere, horrek espresuki eskuordetzen dizkio Tuterako Udaleko alkate udalburu jaunari deialdia egiten duen organoaren eginkizun guztiak, arau eta legeen aldetik beharrezko diren igorpenetan hark bidezko tramiteak egin eta bidera ditzan.

Oinarri hauen xedea den lanpostuari gehiago erantsi ahalko zaizkio, epaimahai kalifikatzaileak lehiatzaileen puntuazioaren araberako zerrenda Alkatetzari igortzen dion egunean hutsik daudenak, alegia.

Orobat, lehiaketan beste lanpostu bat eskuratzen duten izangaiek hutsik utziko dituztenak ere.

3. Betebeharrak.

a) Tuterako Udaleko edo haren erakunde autonomoetako funtzionario edo lan araubideko langile finkoa izatea, bai ihardunean bai zerbitzu berezietan.

b) C mailakoa izatea.

c) Goi mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako Bigarren mailako titulua edo baliokidea izatea.

d) Osoko bilkuraren edo erakunde autonomoko organo eskudunaren erabakiaren bitartez, Tuterako Udaleko edo erakunde autonomo bateko administrari ofizial lanposturako izendatua izan edo lanpostu horri atxikia izatea.

Lehiaketa hau ebazteak ez du inoiz ekarriko lehiatzaileen orain arteko araubide juridikoaren aldaketarik (Estatutua. Hamargarren Xedapen Gehigarria).

Ez-gaitasunik duen pertsonarik izanez gero, eskabidean adieraziko du nolako egokitzapena behar duen eskatutako lanpostuan edo lanpostuetan, beti ere gehiegizko aldaketa egin gabe antolakuntzan. Udalak interesatuari behar adina argibide eskatuko dizkio egokitzapena egiteko eta organo eskudunak irizpena ematea izan dezan.

4. Lansariak.

Lanpostuaren lansariak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan dauden Langileen Estatutuan ezarritakoak izanen dira, beti ere indarrean dagoen plantila organikoan ezarritako mailarekin eta, halakorik balego, osagarriekin bat eginez.

5. Eskabideak.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean hamabost egun naturaleko epean, oinarri hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontaturik.

Eskabideak, deialdi honen eraskinean agertzen den ereduari lotuko zaizkio.

b) Izangaiek, eskabidearekin batera, lehiaketan parte hartu ahal izateko eskatzen diren baldintza guztiak eskabideak aurkezteko paratutako epea amaitzean betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu behar dituzte, baita baloratu beharreko merezimenduen agiriak ere.

c) Hori guztia aurkezteko epea luzaezina da.

6. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadin aginduko. Orobat, hurrengo bost egun naturaletan izangai baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela adieraziko du, baita izandako akatsak, halakorik balego, zuzendu ere. Paratutako epe horretan eskabiderik aurkeztu ezean, Tuterako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du lehiaketa eman gabe deklaratuz. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Erreklamazioetarako epea iragan eta haiek ebatzirik, alkate udalburu jaunak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.

7. Epaimahai kalifikatzailea.

Epaimahai kalifikatzaileak honako kideak izanen ditu:

Mahaiburua: Luis Casado Oliver jauna, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Vicente Aguado Hernández jauna, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Mahaikidea: José Javier Navarro Castel-Ruiz jauna (langileen ordezkaritza organoak proposamen loteslea eginik).

Ordezkoa: Cristina Sebastián Ciria andrea (langileen ordezkaritza organoak proposamen loteslea eginik).

Mahaikide-idazkaria: José M.ª Ustárroz Santacara jauna.

Ordezkoa: M.ª Carmen Montoya Sánchez andrea.

Epaimahaiak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egunetan eratu beharko du.

8. Merezimenduen kalifikazioa.

Helburua da merezimendu espezifikoak lanpostuen ezaugarriei atxikitzea, prestakuntza profesionala, ikasketak eta tituluak, esperientzia, eta lanpostuan aritzeko egokitasuna bermatzen duten gainerako baldintzak baloratuz.

Alegatu eta justifikatutako merezimenduak epaimahaiak baloratu eta kalifikatuko ditu II. eraskinean agertzen den baremoaren arabera. Honakoak hartuko dira kontuan:

a) Esperientzia profesional espezifikoa, bai administrazio honetan bai beste Administrazio Publikoetan, urtebeteak izan ala haien zati proportzionalak izan.

b) Deialdian parte hartzeko behar dena ez beste titulazio akademikoak, lanpostuaren edukiarekin zerikusia dutenak eta aurrekoa baino maila altuagokoak. Mailan altuegi dauden titulazioek ez dute lehentasunik izanen.

Merezimendu guztiek behar dute alegatu eta agiriekin egiaztatuak izan izangai bakoitzak lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkezten duen momentuan.

Epaimahaiak ez du inoiz ere kontuan hartuko alegatu eta agiriekin egiaztaturik ez dagoen merezimendurik, eta ez du ematen ahalko atal bakoitzean paratutako puntuazioa baino altuagorik.

9. Curriculum profesionala.

* Curriculum profesionala: gehienez ere, bost puntu.

Honako hauen arabera baloratuko da:

-Sektore publikoan zein pribatuan izandako lanpostuak;

-Izangaiek dakizkiten hizkuntzak;

-Eta, oro har, bete beharreko lanpostuari lotutako beste edozein iharduera.

10. Izangaien zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Lehiatzaileen puntuazioan berdinketarik baldin bada, Administrazio Publikoen zerbitzuan denbora gehien eman duen izangaiaren alde jokatuko da. Horrekin ere berdinketa baldin bada, izangai zaharrenaren alde jokatuko da.

Epaimahaiak lehiatzaileek erdietsitako puntuazioaren araberako zerrenda prestatuko du eta alkate jaunari igorriko dio, honek, bidezko baldin bada, hasierako lanpostuei beste lanpostu batzuk gehitzeari buruzko ebazpena eman dezan.

Epaimahaiak, lanpostu kopurua handitzeari buruzko ebazpena jaso ondotik, halakorik izan baldin bada, izendapen edo atxikipen proposamena igorriko dio alkate jaunari, deialdiaren lanpostuetan, kopurua handitu baldin bada horiek ere barne, sartzen diren lehiatzaileen alde.

11. Lanpostu hutsak hautatu eta esleitzea.

Alkate jaunak epaimahai kalifikatzailearen proposamenean bildutako lehiatzaileei esleituko dizkie lanpostu hutsak, interesatuen eskariei jarraikiz eta erdietsitako puntuazioaren arabera.

Interesatuek alkate jaunari berari eginen diote eskaria, jakinarazpenean aginduko zaizkien egunean, orduan eta tokian. Paratutako epe horretan, eta aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu, eskaria egiten ez duten lehiatzaileek lehiaketaren lanpostuetan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte. Lanpostuak esleitu eta gero, alkate jaunak izendapenak edo esleipen ebazpenak emanen ditu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

12. Lanpostuaz jabetzea edo hura hartzea.

Lehiatzaileek alkate jaunaren aurrean egin beharko dute esleitutako lanpostuak hartu edo jabetu, izendapenaren edo esleipen ebazpenaren jakinarazpena jaso eta, biharamunetik kontaturik, hamar egun naturaleko epean.

Epe horretan, eta aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan salbu, halakorik egiten ez dutenek, esleitutako lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

13. Helegiteak.

Interesatuek deialdi honen, bere oinarrien eta horien ondoriozko egintza administratiboen aurka jo ahalko dute, baita hautapen organoen iharduketaren aurka ere, administrazio prozedura erregulatzen duten arauetan aurreikusitako kasuetan eta moduan. Gainera, interesatuek bidezkotzat jotzen dituztenez gain, helegite hauetako bat jarri ahalko dute aukeran:

a) Administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Sailean bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo helegiten den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik aitzina, aldez aurretik organo egileari helegiteko asmoaren berri emanda; edo bestela,

b) Gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegian zuzenean, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo helegiten den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik ere.

14. Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan ezartzen ez den edozein aferatarako, men egin beharko zaio Administrazio Publikoen zerbitzuan dauden Langileen Estatutuak eta haren erregelamendu-xedapenek agintzen dutenari, bereziki, Nafarroako Administrazio Publikoen lanpostuak betetzeari buruz indarrean dagoen Erregelamenduari eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko Legeari.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Tuterako Udaleko administrari ofizialendako lanpostu bat betetzeko lekualdatze lehiaketan parte hartzeko eskabidea.

1. Norberaren datuak.

Izen-deiturak:

Sorlekua ................... Jaioteguna:

N.A.N.: .............

Helbidea: Kalea: ............... Herria: ...... ( )

Telefonoa: .............

2. Datu administratiboak.

a) Egoera administratiboa:

Egun betetzen duen lanpostua:

Zein lanpostutarako izan zen izendatua:

Tuterako Udaleko funtzionarioa

Tuterako Udalaren menpeko erakunde autonomo bateko funtzionarioa

Tuterako Udaleko lan araubideko langile finkoa

Tuterako Udalaren menpeko erakunde autonomo bateko lan araubideko langile finkoa

Ihardunean

Zerbitzu berezietan

(X paratu behar den tokian.)

b) Maila edo sailkapen taldea: C

3. Behean sinatzen duenak eskabideak aurkezteko emandako epea amaitzen den egunean eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituela adierazten du eta hori egiaztatzen duten agiriak ere badakartza.

4. Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak. Merezimenduak eskabideari erantsitako zerrendan agertzen dira.

Eskatzen du: idazki hau behar diren denboran eta moduan aurkeztutzat ematea eta gainerako agiriekin batera onartua izatea, Tuterako Udaleko administrari ofizialendako lanpostu bat betetzeko lekualdatze lehiaketan parte hartu ahal izateko.

Tuteran, 1996.eko ..........aren ...(e)an.

Tuterako Udaleko alkate udalburu jauna.

II. ERASKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa (8. oinarria)

A.-Titulu akademikoak:

-Unibertsitatera bideratzeko ikasturtea edo baliokidea: 1,75 puntu.

-Unibertsitateko sarbide-ikastaroa 25 baino urte gehiagokoendako, aurreko tituluetako bakarra ere ez baldin badu: puntu bat.

-Unibertsitateko maila ertaineko titulua, bakoitzeko: 2 puntu.

-Unibertsitateko goi mailako titulua; bakoitzeko: 2,5 puntu.

Baloratzeko aurkeztutako tituluetan, maila akademiko altuagoko tituluak erdiesteko nahitaezko tarteko tituluak ez dira baloratuko ezta lehiaketan parte hartzeko baldintzetan aurkeztu beharrekoak ere.

Puntuazioari dagokionez, A) atal honetan gehienez ere 5 puntu emanen dira.

B.-Administrazio Publikoetan emandako zerbitzuak:

a) Tuterako Udalean edo haren menpeko erakunde autonomoetako batean, Goi Mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako igarren maila edo titulu baliokidea eskatu eta C mailako lanpostuetan, funtzionario edo lan araubideko langile finko gisa zerbitzua emandako urte bakoitzeko, baldin eta bertan merezimendu lehiaketa, oposizio- lehiaketa edo oposizio bidez sartu bada: 0,30 puntu (edo haren zatikia urtebetera iristen ez bada).

Beste Administrazio Publikoetan, Goi Mailako Batxilergoa, Lanbide Heziketako bigarren maila edo titulu baliokidea eskatu eta C mailako lanpostuetan, funtzionario edo lan araubideko langile finko gisa zerbitzua emandako urte bakoitzeko, baldin eta bertan merezimendu lehiaketa, oposizio-lehiaketa edo oposizio bidez sartu bada: 0,20 puntu (edo haren zatikia urtebetera iristen ez bada).

b) Deialdi honetan eskatutako titulazioa beharrezko ez zen lanpostuetan emandako zerbitzuak ere puntuatuko dira, kasuan-kasuan, a) ataleko lerroalde bakoitzari dagozkion ondoko koefiziente murriztaileak aplikatuz:

A maila (edo Goi Mailako titulazioa): 0,55.

B maila (edo Maila Ertaineko titulazioa): 0,50.

C maila (edo Goi Mailako Batxilergoa edo baliokidea): 0,45.

D maila (edo Eskola Graduatua edo baliokidea): 0,40.

E maila (edo Eskola Ziurtagiria): 0,35.

c) Behin-behineko edo bitarteko gisa, edo aldi baterako lan edo administrazio kontratua izanik, emandako zerbitzuak, langile finkoek egindakoak bezala puntuatuko dira, baina haiek %30 murriztuak.

Alegatutako zerbitzuekin batera emandako beste zerbitzuak ez dira baloratuko, ezta oinarri hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondokoak ere.

Urteak osoak ez badira, zerbitzua emandako egunen heinean dagokien puntuazioa emanen zaie izangaiei.

B atal honi 5 puntu emanen zaizkio gehienez ere.

Curriculum profesionala baloratzeko baremoa (9. oinarria)

* Curriculum profesionala: gehienez ere 5 puntu.

-Betetako lanpostuak eta esperientzia profesionala, arlo publikoan zein pribatuan, merezimenduetan baloratu ez direnak, urtebete bakoitzeko: 0,25 puntu. Urtea osoa ez bada, haren zatikia. Gehienez ere, 2,5 puntu.

-Lanpostuari edo Alorrari lotutako gaiei buruzko prestakuntza ikastaroak: 0,25 puntu ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere, 2 puntu.

-Izangaiek dakizkiten hizkuntzak: 0,25 puntu ikasturte bakoitzeko, eta gehienez ere, 0,50 puntu."

Tuteran, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko uztailaren bian. Alkatea.

Iragarkiaren kodea: A9605927