97. ALDIZKARIA - 1996ko abuztuaren 12a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

ETXARRI-ARANATZ

Udal hondakindegiaren kudeantza esleitzeko lehiaketaren baldintza plegua

Etxarri-Aranazko Udalak, 1996.eko uztailaren lehenean egindako osoko bilkura arruntean, Udal Hondakindegiaren kudeantza esleitzeko lehiaketaren baldintza plegua onetsi zuen aho batez. Hona hemen:

1.-Pleguaren xedea.

Plegu honek xedea du udal hondakindegia erabili, kudeatu eta ustiatzeko behar diren baldintzak arautzea, haren kudeantza ahalik egokiena izan dadin ingurugiroa, natur ingurunea eta osasun publikoa babestearren.

2.-Hondakindegia nola erabili.

Hondakindegia udal mugape honetan sortutako hondakin solido bizigabeak utzi eta tratatzeko erabiliko da soilik. Plegu honi doakionean, hondakin solido bizigabeak honakoak dira: hondakindegian utzitakoan aldaketa fisiko-kimiko edo biologiko nabarmenik jasaten ez dutenak eta, maiatzaren 14ko 20/1986 Legearen eta hura garatzen duen arauteriaren arabera, toxikoak edo arriskugarriak ez direnak.

3.-Hondakin onargarriak eta onartezinak.

Onargarriak dira ondoko multzoetan biltzen diren hondakin bizigabeak:

1.-Lur hondeaketa, erauzketa eta beheraketetatik ateratako natur elementuak, lur begetala, buztinak, harriak eta arrokak.

2.-Herrilan eta eraikinak botatzetik sortutako hondakinak, eta etxe eta lokaletan egindako hargin lanetatik sortutakoak.

3.-Hormigoi, kare eta igeltsu hondarrak.

4.-Lorategi eta berdeguneen artalanetatik sortutako hondarrak, bai eta zuhaitzak kimatzetik sortutakoak ere.

5.-Kortxoak, txirbilak, zerrautsa eta inpregnatu gabeko bestelako material zelulosikoa.

6.-Inpregnatu gabeko zuntzak.

7.-Aurreko idazatietan propio deskribatzen ez den beste edozein material, beti ere hondakindegiko arduradunaren idurikoz eta haren erantzukizunpean haiekin parekatzen ahal baldin bada.

Hondakinen sorburua ezezaguna baldin bada, identifikatu beharrak dira bota baino lehen.

Onartezinak dira ondoan aipatzen diren hondakin hauek:

1.-Etxez etzeko zabor bilketatik sortutakoak.

2.-Altzariak, elektratresnak eta etxeko tresnak, traste zaharrak eta antzeko kondakin materialak. Mankomunitateak badu horiek aldiro biltzeko zerbitzua.

3.-Gurpilak eta pneumatikoak. Behin-betiko soluzioa aurkitu bitartean, udal mugape honetako biztanleen eta garajeen hondakin mota hauek horretarako propio prestatuko den tokian bilduko dira, beti ere Udalak baimena eman ondotik. Gainerakoak onartezinak dira.

4.-Eragile atmosferikoekin aldakorrak edo erreaktiboak diren industri hondakinak.

5.-Eritasunen edo infekzioen bektore izan daitezkeen hondakinak.

6.-Ospitale, klinika eta laborategiko hondakinak, anatomikoak eta antzekoak.

7.-Hiltegietako hondakinak eta animalien hilotzak.

8.-Pinturak, barnizak eta antzeko sustantziak.

9.-Olioak, industri koipeak, disolbagarriak, e.a.

10.-Oro har, arduradunaren idurikoz aurrekoekin parekatzen ahal diren hondakin guziak.

4.-Hondakindegiaren erabiltzaileak.

Hondakindegiaren erabiltzaileak izanen dira euren instalazioetan, zuzenean edo bitarteko gisa, hondakin hustuketak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridiko guziak:

a) Etxarri-Aranazko Udala.

b) Udalak baimena eman ondotik, hondakindegiko zerbitzuez baliatzen diren etxegileak, produktoreak, hondeatzaileak eta garraiolariak.

c) Iharduera udal mugape honetan izanik, konponketa ttikien edo etxeko berriztapen lanen ondorioz, hondakinak botatzeko hondakindegiko zerbitzuak behar dituen edozein pertsona.

5.-Tarifak.

Etxarri-Aranazko Udalak tasarik ordaindu gabe botatzen ahalko ditu bere hondakinak.

Tarifak esleipena ematean finkatuko dira, eta urtero eguneratuko dira Udalak oniritzi ondotik.

6.-Hondakinak uzteko baldintzak.

Hondakinak onartzeko, ibilgailuak horretarako egokituak egon beharrak dira. Istripurik gertatzen bada, hondakindegiaren eremuan izanda ere eta gauzen, pertsonen edo ingurunearen gainean dela ere, garraiolariak izanen du erantzukizun osoa eta, solidarioki, hondakinak sortu edo eman zizkionak.

Garraiatzeko eta husteko modu kaskarra dela medio, hondakindegiko sarreran edo barreneko ibilbideetan hondakinik erortzen baldin bada, gidariak bildu eta jasotzeko ardura izanen du. Garraiolariak berari eroritakoa bildu eta eremua garbitu nahi ez baldin badu, lan hori esleipen hartzaileak egin beharko du eta izandako kostuak hondakinak botatzera joan den titularrari egozten ahalko dizkio.

7.-Hondakindegian sartzeko baldintzak.

Enpresak hondakindegian arduradun bat mantentzeko konpromezua du eta, beraz, hara egiten diren bisita guziak berak kontrolatuko ditu. Hondakinak botatzera hondakindegian sartzen diren pertsona guziek arduradunak agindutakoa beteko dute euren erantzukizunpean eta hondakinak hark erakutsiko dien tokian botako dituzte.

Hondakinak botatzera ez bestera joan eta zerbitzukoak ez diren pertsonek debekatua dute sartzea. Halaber, hondakinetan arakatzea eta bilaka aritzea ere debekatua dago hondakindegian, istripurik gerta ez dadin eta inork eritasunik harrapa ez dezan. Ibilgailuak markatutako bideetan soilik ibiliko dira.

Zerbitzukoak ez diren pertsona eta ibilgailu guziak beren lanak egiteko adina denboraz bakarrik geldituko dira eremuan.

8.-Hondakinak erretzea.

Debekatua dago hondakinik erretzea bai eta hondakinak erretzen ari direla botatzea.

9.-Zerbitzuaren ordutegia.

Udal hondakindegiaren ordutegia erabiltzaileen beharretara moldatuko da. Salbuespen gisa, hondakinak jasotzeko ordutegi finkoa para daiteke, beti ere Udalak onetsi ondotik.

10.-Esleipen hartzailearen betebeharrak.

Esleipena hartzen duen enpresak bere kontura kudeatuko du hondakindegia, bereziki honakoak betez:

a) Zelaiunea eta sarrerak garbi izatea, isurketa errezagoa izan dadin.

b) Isurkien kontrola eramatea.

c) Isurki motak kudeatzea ingurunea lehengoratzearren.

d) Lehiaketan parte hartzeko eskaintzan paratutako prezioa ezarritako epeetan ordaintzea.

e) Udalari, tasarik gabeko isurketak egin ditzan, eta partikularrei, haien isurketak egin ditzaten, erraztasunak ematea toki irekia eta behar den bezalakoa prestaturik edukiz.

f) Zerbitzuan sortzen diren gorabehera berezi guzien berri Udalari ematea.

g) Hondakindegia eta ingurune lehengoratua itxia izan eta mantentzea, eta aziendei sartzen ez uztea.

h) Foru Komunitateko eta Estatuko legerian Administrazio Publikoen kontratuei buruz xedatutakoa betetzea.

i) Udalak harrobiak lehengoratzeko onetsiko duen proiektuaren jarraibideak betetzea.

11.-Udalaren eskubideak eta betebeharrak.

Udalak, hirugarren puntuan ezarritako hondakin onartezinak biltzeagatik zehapenak paratzeko eskubidea du, iharduera sailkatuak kontrolatzeari buruzko abenduaren 5eko Foru Legearen eta haren Erregelamendua garatzen duen otsailaren 5eko 32/90 Foru Dekretuaren arabera.

Udalak laguntza eman behar dio esleipena hartu duen enpresari, bereziki plegu honen erabiltzaileek arau- hausteak egiten dituztenean, udal agintaritzak parte hartu ahal izan dezan.

12.-Esleipenaren indarraldia.

Esleipenak bi urteko iraupena izanen du, hura jakinarazten den egunaren biharamunetik, eta deuseztatzeko, alderdietako batek besteari salaketa jakinarazi beharko dio hilabete lehenago bederen. Bi urteko epea agortu eta alderdiek salaketarik egin ez baldin badute, luzatutzat joko da besterik gabe, esleipena hartu zeneko baldintza eta denbora beretan.

13.-Kontrata deuseztatzeko arrazoiak.

Udalak bere baitan gordetzen du esleipenaren kontratua deuseztatzeko eskubidea, ondoko arrazoi hauek direla medio (arrazoi horiek udal teknikariek libreki baloratuko dituzte eta erabakia errekurriezina izanen da):

a) Esleipen hartzailearen betebeharretako bat behin eta berriz ez betetzea.

b) Esleipen hartzailea hil, porrot egin edo haren nortasun juridikoak iraungitzea.

c) Esleipen hartzailea kontratatzeko ezintasunaren arrazoietako batean erortzea, horretarako dagoen legeria aplikagarriaren arabera.

d) Interes publikoa.

e) Kontratuetarako legeria aplikagarrian ezarritako beste edozein arrazoi.

14.-Esleipen hartzailea bete behar dituen guttieneko baldintzak.

Lehiaketa honen esleipena hartzen duenak honako baldintza hauek, bederen, bete beharko ditu:

a) Lizentzia fiskala Etxarri-Aranazko udalerrian altan izatea, egin beharreko ihardueraren epigrafean, hau da, kontratista edo pala mekanikoko lanak.

b) Zerbitzua behar den bezala eskaintzeko guttieneko ekipoak izatea, udal teknikarien iritziz, edo kontratazio mahaiak esleipena emandakoan haiek erosteko konpromezua.

c) Etxarri Aranazko Udalarekin, Nafarroako Gobernuarekin edo Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekin zorrik ez izatea. Horretarako, ordainketak eguneratuak daudela egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

d) Legeria aplikagarrian Administrazio Publikoekin kontratuak egiteko ezintasun arrazoirik ez izatea.

15.-Aurkeztu beharreko agiriak.

Lizitatzaileek Etxarri Aranazko Udalaren bulegoetan kartazal itxi bat aurkeztu behar dute honako idazki honekin: "Etxarri-Aranazko udalerriko hondakindegiaren kudeantza esleituko duen lehiaketan parte hartzeko proposamena". Kartazal barrenean ondoko agiri hauek bilduko dira:

Eskabidea, ondoko ereduaren araberakoa:

"...............j/a-k, NAN zk.: ............. duenak, bere izenean edo IFZ zk.: ............ duen .............j/a-ren ordezkari, onetsitako baldintzen plegua oso-osorik onartzen du eta zin egiten du indarrean dagoen legerian kontratatzeko ezarritako ezintasunetatik bakarra ere ez duela; beraz, Udalaren hondakindegia kudeatzeko lehiaketan parte hartu nahi du".

Kartazal itxi bat, honako idazki honekin: "Agiri Orokorrak", barrenean ondoko agiriak bilduko dituena:

a) Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuaren obligazio fiskalei dagokienez eguneratua dagoela eta Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekin eta Etxarri- Aranazko Udalarekin zorrik ez duela adierazten duten ziurtagiriak.

b) Etxarri-Aranazko Udalean, Lizentzia Fiskaletan dagokion epigrafean altan dagoela adierazten duen ziurtagiria.

c) 50.000 -berrogeita hamar mila- pezetako behin-behineko fidantza uztea, zuzenbidean onarturik dauden moduetako baten bidez.

Kartazal itxi bat, honako idazki honekin: "Agiri Espezifikoak", barrenean ondoko agiriak bilduko dituena:

a) Hondakindegiaren erabiltzaileek ordaindu beharko dituzten tarifen taula.

b) Enpresa lizitatzailearen erreferentzia teknikoak, bereziki baliabideei eta langileei doakienean, edo esleipena eman eta gero haiek eskuratzeko konpromezua.

c) Lehiaketa honen xede diren zerbitzuak emateko zer nolako lanak eginen diren.

Kartazal itxi bat, honako idazki honekin: "Eskaintza ekonomikoa", barrenean lizitatzeko prezioa gordeko duena.

16.-Lehiaketaren garapena.

Lizitatu nahi duten pertsonek proposamenak aurkeztu behar dituzte hamabost egun naturaleko epean, honako hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Udalaren erregistroan argitaratzen denetik kontaturik. Kontratazio mahaiak, Hirigintza Batzordeko kideek osatutakoak, aurkeztu diren plikak ireki eta baloratuko ditu. Esleipen proposamena, bidezkoa baldin bada, Udalaren osoko bilkurari igorriko dio, honek ebatz dezan.

17.-Aurkeztutako plikak baloratzeko irizpideak.

Kontratazio mahaiak aurkeztu diren plikak bere irizpideen arabera baloratuko ditu eta balorazioa ez da errekurritzen ahalko ez eta eztabaidan jarri ere. Honako parametroak erabiliko dira:

-Plegu honen xede diren zerbitzuak emateko gaitasun teknikoa.

-Udal hondakindegiaren erabiltzaileek ezarriko zaizkien tarifen prezioak.

-Beste entitate publiko edo pribatuetan antzeko lanak egiten izandako esperientzia.

-Kontrata gauzatzeko zerbitzuetan paratuko diren langileak eta baliabide kopurua.

-Lizitatzaileak egindako eskaintza ekonomikoa eta Udalari ordaintzeko modua.

-Lan egiteko modua.

Etxarri-Aranatzen, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko uztailaren batean. Alkate udalburua, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: A9605865