I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
FORU AGINDUA, 1996.eko ekainaren 17koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak emana, uztailaren 20ko 256/1992, urriaren 1eko 302/1993 eta abenduaren 4ko 586/1995 Foru Dekretuak aplikatu eta garatzen dituena. Foru Dekretu horien bidez nagusiki nekazariak direnei pentsio planak emateko laguntzak ezartzen dira.
Uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretuak, nagusiki nekazariak direnei pentsio planak emateko laguntzak ezartzen dituen horrek, bere azken xedapenetako bigarrenean baimena ematen dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariari aipatu Foru Dekretua garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Horrenbertzez, Nekazaritzako Finantzaketaren Zerbitzuak proposaturik,
XEDATU DUT:
1. Nagusiki nekazariak direnei pentsio planak emateko laguntzak ezartzen dituen uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua aplikatzetik heldu diren laguntzen eskabideak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuarekin elkarlanerako hitzarmena propio sinatu duten finantza entitateen bulego, sukurtsal eta agentzietan aurkeztu beharko dira.
Finantza entitate horiek hilero bidaliko diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari eskatzaileen zerrenda, dokumentazio egokiarekin batera. Aurtengo ekitaldian, 1996.eko irailaren 2a izanen da azkeneko igorpena egiteko eguna.
Departamentuak eskatzaile bakoitzaren zer-nolakoak aztertuko ditu eta finantza entitate bakoitzari eskatzailea laguntza jasotzeko moduan dagoen ala ez jakinaraziko dio bai eta, hala behar denean, zein izanen den jaso beharreko gehieneko diru-kopurua 1996. ekitaldian, abenduaren 4ko 586/1995 Foru Dekretuko azken xedapenetako lehenean xedatutakoa galarazi gabe.
Finantza entitateek 1996.eko azaroaren 2a baino lehen bidali beharko diote Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuari pentsio planetan parte hartzen dutenen artean, plan horien bidez izapidatzen diren laguntzak jasotzeko eskubidea dutenen behin-betiko zerrenda. Zerrenda horretan laguntzen onuradunak izen, abizen eta N.A.N. edo I.F.Z. zenbakiarekin batera azaldu beharko dute eta, horretaz gain, Fondoko ekarpenen zenbatekoa.
2. Aurreko ekitaldietan 256/1992 Foru Dekretutik heldu den laguntza jaso zuten nekazari edo abeltzainek, 1996.eko ekitaldian egin beharreko ekarpenerako laguntza eskatzen badute, ez dituzte aurkeztu beharko aipatu Foru Dekretua garatzen duen 1992.eko irailaren 2ko Foru Aginduaren 1. artikuluko a), b), c), e) eta f) atalek aipatzen dituzten agiriak.
Horrelakoetan, onuraduna Gizarte Segurantzan dagoela egiaztatzeko aski izanen da laguntza eskatu aurreko hilean jasotako Gizarte Segurantzaren gordekina.
3. Indarrik gabe gelditu da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak 1995.eko ekainaren 11n emandako Foru Agindua. Horren bidez aplikatu eta garatu egiten zen uztailaren 20ko 256/1992 Foru Dekretua, nagusiki nekazariak direnei pentsio planak emateko laguntzak ezartzeari buruzkoa.
4. Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko ekainaren hamazazpian.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: A9605469