I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak
594/1996 FORU AGINDUA, ekainaren 18koa, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, N-121-A errepidea (Olagueko saihesbidea), 17,500 k.p.tik 27,440 k.p.ra egokitzeko proiektuaren ingurugiroaren gaineko eraginaren aitorpenarena.
I.-Proiektuaren deskribapena.
Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan aurkeztu du N-121-A errepidea (Olagueko saihesbidea), 17,500 k.p.tik 27,440 k.p.ra egokitzeko proiektuaren ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlana, izapidatua izan dadin, ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeko ekainaren 28ko 1302/1986 Errege Dekretu Legegilea burutzeko Erregelamendua onetsi zuen irailaren 30eko 1131/88 Errege Dekretuari jarraikiz.
Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioa ezarriko zaion trazaduraren proiektuak 9,940 kilometro ditu; Burutainen inguruan hasten da, Olagueko saihesbidea barne dela, eta Belateko mendateko proiektuan sartutako jarduketekin bat egiten duen lekuan bukatzen da. Trazadura elkarren segidakotzat jo da, nahiz eta aurreikusita egon lau tarte ezberdinetan egiten ahal dela. Tarte horietako bakoitza egungo errepidean hasi eta bukatuko da.
Errepidearen zeharkako sekzioak osotara 14 metro zabal ditu, hau da, zirkulatzeko bi errei nagusi, bakoitza 3,5 metrokoa, ibilgailu motelendako 3 metroko erreia, Behobiarako norabidean, eta bi bazterbide, 2,5 metrokoa ezker aldean, eta 1,5 metrokoa, eskuin aldean. 24,600 k.p.tik 25,260 k.p.ra bitartean, ibilgailu motelendako erreia Iruñerako norabideko galtzaderdian jarri da.
Halaber, proiektuan beharrezkoak diren gurutzagune eta lotuneak sartu dira, baita Mediano ibaia eta bertze errekak iragateko behar diren egiturak ere.
II.-Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioaren izapidaketa administratiboa. Jendaurreko izapidaketaren emaitza.
Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak martxoaren 15ean eman 177/1996 Foru Aginduaren bidez jendaurrean jarri zen hogeita hamar laneguneko epean goian aipatu proiektuaren ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlana. Foru Agindu hori 1996.eko apirilaren 5eko 42. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eman zen argitara.
Ezarritako legezko epean ez da inolako alegaziorik jaso.
III.-Ingurugiroaren eraginaren gaineko azterlanaren edukia.
3.1. Alternatiben azterketa.
NA-121-A errepidea 17,500 k.p.tik 27,440 k.p.ra bitartean egokitzeko trazaduraren proiektua egin aurretik, alternatiben azterketa egin zen, ikuspuntu teknikotik eta ingurugirokotik soluziorik onena zehaztearren.
Olagueko saihesbidearen tartea izan ezik, trazaduraren gainerako tartean egin gogo den errepidearen trazadura eta egungoa funtsean bat dira.
Olagueko saihesbideari dagokionez, lau alternatiba aztertu ziren:
-1. alternatiba: egungo errepidearen ezkerreko aldetik, mendian tunela eraikita. Soluzio horrek eragin oso larria sortzen zuen, sobran gelditzen ziren hondeaketa materialen kopurua oso handia baitzen eta, ondorioz, herriaren ekonomiarendako interes handiko belagaiak isurtegi bihurtuko baitziren.
Horrezaz gain, eraikuntza aldetik oso soluzio korapilatsua eta ekonomikoki garestiena litzateke.
-2. alternatiba: honako hau ere Olagueko ezkerreko aldean eginen zen eta mendia sasi-tunel baten bidez gurutzatuko. Horri lotutako ingurugiroaren gaineko eragina sortuko zen, batetik, zuhaitz hostogalkorren berezko oihana kenduko baitzen eta, bertzetik, egonkortasun eza sortuko baitzen, tunel faltsua eginen zen lekuan faila bat baitago.
-3. alternatiba: trazadura herriaren eskuin aldetik joanen zen, herriaren eta baselizaren artean, etxebizitzetatik hurbil. Soluzio horrek herritarren artean zuen onarpena oso txarra zen herriaren inguru hurbiletan hotsak, kutsadura eta hesi-efektua sortzen baitzituen. Horrezaz gain, trazadurak lurren konpentsazio oso txarra zuen.
-4. alternatiba: honako hau ere herriaren eskuin aldean kokatzen da, baselizatik ekialdera, herritik are urrunago, hots, 3. alternatiba joanen litzatekeen tokitik mendi alderago; horrenbertzez, hori da aukeratu den trazadura. Ez dira balio ekologiko berezia duten guneak iragaten, neurri zuzentzaileak jar daitezke hondakinen eraginak gutxienekoak izan daitezen; hori dela eta, hori da hondarrean hartu den soluzioa.
3.2. Ingurugiroko ukipenik garrantzitsuenak eta horiek zuzentzeko neurriak.
Hautatutako alternatibaren trazadura funtsean bazkatako lurretan barna doa eta proiektuaren hasmentan eta akabailan errepideak egun duen trazadurarekin bat egiten du. Ingurugiro aldetik arreta berezia behar duten guneak, zeinetan prebentzio neurriak aplikatu baitira, hauek dira:
.I. tartea, 18,000 k.p.tik 19,340 k.p.ra
egungo errepidea Mediano ibaiaren parean doa eta errepidea zabaltzeak ibaiertzeko oihana ukitzen ahal du. Oinean egokitu da trazadura, eta lubetaren mendoitzari eta ibaiertzeko oihanari zeinahi ukipen saihesteko horma aurreikusi da.
.II. tartea, 19,340 k.p.tik 19,700 k.p.ra
Mediano ibaia eta batez ere hurbil dagoen haritz, pago, haltz eta lizarrez osatutako oihana iragaten ditu. Ukipena txikiagotzeko asmoz, lubetan alboko hormak eraikitzea aurreikusi da.
.III. tartea, 20,480 k.p.tik 20,570 k.p.ra harizti baten ondoan. Okupaziorik txikiena egiteko trazadura egokitu da eta 20,480 k.p.an harri-lubetako horma aurreikusi da (Etxaideko Jaurerriko dorrea).
.IV. tartea, 26,800 k.p.tik 26,900 k.p.ra ehundaka urte dituzten munta gaitzeko haritz bakan batzuk dituzten belagaiak iragaten ditu. Gune horretan haritz guztiak gorapen topografikoan sartu dira eta trazadura diseinatu da haritz horietako bi bakarrik kaltetzeko moduan.
Aurkeztutako trazaduraren proiektuaren diseinuan sartzen dira 2H:1V harri-lubetako eta 1H:1V inausketako mendoitzak, lurrean egindakoak; azalera berriak birlandatu eta paisajean integratzeko dagoen aukerarekin alderatuz gero egokia dela erran daiteke.
Lur mugimenduei dagokienez, egin diren neurketek erakutsi dute I. tartean beharrezkoa dela 80.000 m3-ko edukiera izanen duen isurtegia, 17,960 k.p.ko harrobi eskutik utzitakoan kokatuko dena. Halaber, errepidearen azpian, 17,900 k.p.an, dauden belagaiak betetzea proposatu da.
II. tartean 50.000 m3 sobran gelditzen dira; proposatu da hotsaren kontrako pantaila modura lurrezko ildo-bizkarrak eraikitzea eta lurraren malden kontrakoetan lubeten lagungarri modura erabiltzea.
III. tartean 155.000 m3 sobran gelditzen dira, IV. tarteko defizitarekin (75.000 m3) hein batean oreka daitezkeenak. Sobrantea Belateko tuneleko obrek egun erabiltzen duten isurtegira, Arraizko Bentetatik hurbil dagoenera, eramatea proposatu da.
Orokorki, proiektuaren ingurugiroaren gaineko eragina bateragarria dela erran daiteke, behin neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren.
IV.-Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluaren txostena.
Nafarroako Ingurugiroaren Kontseiluak 1996.eko ekainaren 11n egin bilkuran proiektu horrekiko adostasun txostena eman zuen.
Horrenbertzez, ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioari dagozkion eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. N-121-A errepidea(Olagueko Saihesbidea), 17,500 k.p.tik 27,440 k.p.ra egokitzeko proiektuaren garapenari adostasun txostena ematea, soilik ingurugiroaren ondorioetarako; proiektu hori Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatu du eta, ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1996 Errege Dekretu Legegilea betetzeko Erregelamenduaren ondorioetarako, ingurugiroaren gaineko eragina bateragarria dela uste izan da.
2. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari aditzera ematea eraikuntza proiektuak ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean proposatutako neurriak, prebentziozkoak, zuzentzekoak eta konpentsatzekoak, bere egin behar dituela eta obrako gainerako unitateen xehetasun berdinekin zehaztu behar dituztela eta, horrez gain, zehaztapen hauek ere sartu behar direla:
a) Behin-behineko eta behin-betiko pista guztiak, obrak oso-osorik garatzeko beharrezkoak direnak, ukitutako zerbitzuen birjarpena barne, oinplanoen, luzerako profilen eta zeharkako profilen planoen bidez zehaztuko dira. Halaber, zehaztuko dira behin-behineko pistak hasieran zeudenera itzultzeko lanak eta ingurunearen birlandaketa, horietan errepidea eraikitzeko aldiaren ondorengo erabilera aurreikusten baldin bada.
b) Eraikuntza proiektuak oinplanoen eta zeharkako profilen planoen bidez zehaztuko ditu ukitutako azalera guztiak eta obra osagarrietarako beharrezkoak diren proiektuak, hala nola, makineriaren instalazioak eta parkea, isurtegien guneak, landare lurra eta/edo bertzelako materialeak bildu eta kontserbatzea, berriro hornitzea, e.a.
c) Eraikuntza proiektuak drenajeko sarea xehero aztertu eta zehaztu beharko du eta ukitutako ibaiadar guztiak birjarriko dira. Fabrikako obrak diseinatuko dira salmonidoen migrazioa bermatu eta ibaiadar, pasagune eta eskalen hondoak, ibaiertzeko landaredia, e.a. berreraikitzen direla; obra horien ezaugarriak hauek izanen dira:
.Orokorrean, hormigoirik gabeko zola duten egiturak zehaztuko dira eta horrela ukitutako ibaiadar naturalaren berreskurapena ahalbideratuko da.
.Zola hori beharrezkoa denetan, salmonidoendako eskala egokiak eraikiko dira, elkarren segidako piszinak, deflektoreak, e.a. eginez; horiekin gutxienez 50 cm-ko sakonera eta gehienez ere 25/30 cm-ko jauzia bermatuko dira.
.Erreken berritze sekzioak kalkulatuko dira ura duen ibaiadarraren alde bakoitzetik 2 metrotik goitiko zabaleraren, birlandaketa, zuhaitzena barne, ahalbideratu eta ibaiadarraren eraginkortasun hidraulikoa gutxitu gabe.
d) Eraikuntza proiektuan sartuko dira zeharkako profil bakoitzean bermak, erretenak, ezponden biribiltzeak, behin-behineko desbideraketak, e.a., egin gogo diren lur mugimendu guztiak zehaztuko dituztenak, alegia, hasieran aurreikusi gabeko azalera berriei ukipenik ez egitearren.
e) Eraikuntza proiektuan lubetak diseinatuko dira landarez hornitzen ahal diren hesiekin, lubetaren azpian eta ibai eta erreken inguruan.
f) Ahal den ezponda guztietan mantak, geotestil organikoak eta bertzelako material naturalak erabiliko dira hormigoizko estaldurak, sare metalikoak, e.a. erabili beharrean.
g) Eraikuntza proiektuan oinplanoen eta profilen planoen bidez Donejakue Bidearen Baztango Adarraren jarraipena zehaztuko da.
h) Zerbitzutik edo errepidearekin zerikusirik duen edozein erabilpenetik kanpo gelditu diren errepide zatiak larrutuko dira, landare lurrez beteko dira eta hobeki integratzeko birlandatuko dira.
i) Trazaduraren proiektuan aurreikusi eta ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean sartutako hiru isurtegiak bakarrik erabiliko dira. Bertze isurtegi bat jartzeko bertze kokapen bat behar bada, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan berritze proiektua aurkeztu beharko da, ingurugiroko ukipenen gaineko azterketak arautzen dituen 229/1993 Foru Dekretuaren arabera izapidatzearren.
j) Maileguak gaur egun ustiatzen ari diren harrobi edo legar-hobietatik aterako dira. Bertze kokapenen bat behar bada, ustiakuntza eta berritze proiektua aurkeztuko da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan, horrek bere onespena eman diezaion.
k) Obrak hasi aitzin, kontratista adjudikatzaileak obretan ukituta gerta daitezkeen ibai eta erreken ibaiadar eta ibaiertzak zaindu, horietan aurreneurriak hartu, babestu eta berreskuratzeko neurriak bilduko dituen plana aurkeztu beharko du.
l) Behin obra bukatu ondoren Olagueko inguruetan, Olagueko Santamariaren baselizan, atsedenguneetan, Etxaideko Gazteluaren hegiko ezpondan, e.a. paisajea bereziki berreskuratuko da.
Halaber, ahalegin berezia eginen da Etxaideko Jaurerrian egon daitezkeen ukipen posibleak txikiagotu eta gune hori zaintzeko beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak ezartzeko.
m) Eraikuntza proiektuan sartuko diren ingurugiroa zaintzeko programaren aurreikuspen guztiak aplikatuko dira, exekuzio aldian gerta daitezkeen ukipenak zaindu eta zuzentzeko neurriak beteko direla bermatzeko asmoz. Era berean, ingurugiroa zaintzeko programak balioko du ustiakuntza aldian aipatu neurri zuzentzaile horien egokitasuna probatu, ebaluatu eta, hala behar denean, zuzentzeko.
3. Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeko 23.2 artikulua beteko du eta saihesbidea eraikitzeko proiektuan basaberritze proiektua sartuko du, hau da, 4,5 hektarea baino azalera txikiagoa ez duen ukitutako gunean egitekoa; horretarako beharrezkoak diren neurriak hartuko dira edo basaberritzea egiteko behar den gastuaren aurrekontua Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskualdatuko zaio.
4. Eraikuntza proiektua Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak onetsi aitzin, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura igorriko da ingurugiroaren gaineko eraginaren aitorpenari egokitzen ote zaion jakiteko hark bere iritzi-txostena egin dezan, ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioari dagozkion eginkizunak esleitzen dituen abenduaren 4ko 580/1995 Foru Dekretuko 3.1.d) artikuluak ondorioak izan ditzan.
5. Ingurugiroaren gaineko eraginaren aitorpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta Foru Agindu hau jakinaraztea Natura Zaintzeko Zerbitzuari, Lantz, Anue eta Ultzamako udalei, Burutain (Anue), Etulain (Anue), Leazkue (Anue), Olague (Anue), Egozkue (Anue), Aritzu (Anue) eta Arraitz-Orkingo (Ultzama) kontzejuei, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari eta Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuari (Ondare Historikoaren Zerbitzua), behar bezalako ondorioak izan ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko ekainaren hemezortzian.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier del Castillo Bandrés.
Iragarkiaren kodea: A9605334