I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
250/1996 FORU DEKRETUA, ekainaren 24koa, "8. Eremua, Zaraitzu (1. fasea) soluzio bateraturako ur hornidura" proiektuaren gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaezko desjabetzapenaren ondorioetarako, presakoa dela deklaratzen duena.
Toki Administrazioko zuzendari nagusiak martxoaren 11n emandako 162/1996 Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion desjabetzapen prozedurari "8. Eremua, Zaraitzu (1. fasea) soluzio bateraturako ur hornidura" proiektua gauzatzeko. Jendaurrean jarri zen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.
Jendaurrean azaltzeko epea amaiturik alegazio bakar bat aurkeztu zuen Araceli Eseverri Barber andreak, EZ-7 eta EZ-8 finkei zegokiena.
Aipatu alegazioa jabetza auzi bati buruzkoa zela ulertu zen eta, beraz, arlo zibilekoa izanik, ez zen horri buruzko erabakirik hartu Toki Administrazioko zuzendari nagusiak ekainaren 3an emandako 335/1996 Ebazpenean, zeinen bitartez aipatu proiektua behin- betikoz onetsi baitzen.
Lanak egitea garrantzizkoa eta presakoa da, Ezkaroze eta Otxagabiari ur hornidurarako egokiak diren azpiegiturak eman behar zaizkielako.
Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazioko Departamentuak alegatutako arrazoiak ikusirik, justifikatutzat jotzen du desjabetzapenak ukitutako ondasunen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hogeita lauan egindako bilkuran hartu zuen Erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, "8. Eremua, Zaraitzu (1. fasea) soluzio bateraturako ur hornidura" proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.
2. artikulua. Toki Administrazioko Departamentuak proiektu horri dagokion desjabetzapen prozeduraren izapideak eginen ditu, erabat ebatzi arte.
AZKEN XEDAPENA
Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederetziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren hogeita lauan.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli.-Toki Administrazioko kontseilaria, Javier Luis del Castillo Bandrés.
Iragarkiaren kodea: A9605503