178. ALDIZKARIA - 2025eko irailaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

350E/2025 EBAZPENA, abuztuaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Martzillako udal mugartean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Horrenbestez, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Fabo Boneta SL da.

Egun abian den instalazio horrek ingurumen baimen bateratua du, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuta eman baitzitzaion; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 5.1 taldean.

2025eko uztailaren 22an, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 31. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, titularrak jakinarazi du jarduerari behin betiko eta erabat utzi zaiola, eta instalazioa ixteko proiektu tekniko bat aurkeztu du. Titularrak garatu duen jarduera arriskutsuak ez diren hondakinen kudeaketa izan da, zurarena zehazki, paletak eta zuraren deribatuak konpondu, egokitu, balorizatu eta eraldatuz. Baimendutako kudeaketa eragiketak dagozkie, batetik, R120304 kodeari, hau da, zuraren tratamendu mekanikoa (txikitzea, zatikatzea, ebakitzea, trinkotzea eta abar) eta bestetik R030901 kodeari, hots, zura prestatzea berrerabiltzeko.

Aurkeztutako dokumentazioan jardueraren egoeraren proiektu bat dago, bai eta lurzoruaren egoeraren txosten bat ere, zeinean deskribatzen baitira 2025eko maiatzaren 28an bertatik bertara egindako ikuskapen tekniko batean hartutako oharrak.

Proiektu horren garapenak instalazioaren funtzionamendu baldintzak nabarmenki aldatzen dituenez eta aldaketa horiek instalazioaren ingurumen baimen bateratuan agertu behar direnez, baimena aldatu behar da iraungi baino lehen (proiektua burutu ondoren iraungiko da baimena).

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Aldatzea Martzillako udal mugartean dagoen hondakinak kudeatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua, instalazioa ixteko baldintzak ezartzeko. Horrenbestez, instalazioa ixteko proiektu teknikoan eta espediente administratiboaren parte den gainerako dokumentazio gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta ebazpen honen eranskinetan jasotako baldintzak eta neurriak ere. Instalazioaren titularra Fabo Boneta SL da.

Bigarrena.–Titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adieraziz instalazioa ebazpen honetan ezarritako baldintza eta neurrien arabera itxi dela eta gelditu diren instalazioak ebazpen honen eranskinetan zehaztutakoarekin bat datozela.

Hirugarrena.–Erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu arte, indarrean dagoen ingurumen baimen bateratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira. Gainera, ordura arte, instalazioa Hondakinen Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta egonen da, zeina Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 7/2022 Legearen 63. artikuluan arautzen baita.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin ekarriko du ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere jasota daudenak Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen testu bateginaren III. tituluan; horrek ez du baztertzen sektoreko legedian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten jarraituko baitu.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Fabo Boneta SLri eta Martzillako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko abuztuaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: Ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/ConsultasAAU.html#/ConsultaAutorizacionesAmbientalesUnificadas.

Iragarkiaren kodea: F2511540