Iragarkia
86. ALDIZKARIA - 1996ko uztailaren 17a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Legeak
10/1996 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, Fundazioen eta babes ihardueren tributu araubidea erregulatzen duena.
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIORDEA NAIZEN HONEK
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:
FUNDAZIOEN ETA BABES IHARDUEREN TRIBUTU ARAUBIDEA ERREGULATZEN DUEN FORU LEGEA
Foru Legeak bi Titulu izanen ditu; lehena, "fundazioen tributu araubidearena" eta bigarrena, "fundazioei egindako dohaintzen eta interes orokorreko ihardueretan lankidetzan egindako bestelako iharduketen tributu araubidearena."
Fundazioa antolamenduak ezagutzen duen pertsona juridiko pribatua da; subjektu eskubidedun batek, fundatzaileak, ondasun batzuk etorkizunerako eskuragarri jartzen ditu, interes orokorreko helburu baterako etengabeko zerbitzuan.
Esan daiteke fundazioak helburu baten pertsonifikazioa direla. Ez dute elkartekide edo kiderik eta behin eratu ondoren, pertsona horien modura duten izatea eta konfigurazioa ez dago beste pertsona fisiko edo juridiko baten borondatearen menpe, fundatzaileak esleitu zien helburuaren iraupenaren menpe baizik.
Gaur egun maiz sortzen dira horrelako entitateak Administrazioak garatzerik ez dituen interes publiko edo orokorreko eginkizunak edo iharduerak gauzatzeko asmotan. Beraz, legezkoa eta arrazoizkoa da pentsatzea entitate horiek Administrazioarekin lankidetzan ari direla, usadioz egiten dituzten ihardueretan edo eginkizunetan eta, hori dela medio, zerga aldetik aldeko tratamendua behar dutela, alde batera utzita ahalmen ekonomikorik duten edo ez, helburu orokorrei edo onura publikokoei afektatuak izate horrek baitie galarazten beren gaitasun ekonomikoak zerga- ahalmenaren berezko ezaugarriak hartzea.
Foru Lege honetako I. Tituluan araututako tributu araubideak, I. Kapituluan ezartzen den bezala, bere egiten ditu fundazioak, batetik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen edo Foru Berriaren babesean eratutakoak eta, bestetik, Fundazioei eta Interes Orokorreko Ihardueretan Partehartze Pribatuari eman beharreko Pizgarri Fiskalei buruzko azaroaren 24ko 30/1994 Legearen arabera edo gai horretan eskumenak dituzten Autonomi Komunitateen berezko arauteriaren arabera eratutakoak.
Foru Legeak galdatzen du fundazioek irabazi asmorik gabekoak izan behar dutela eta beren ondarea II. Kapituluan zerrendatzen diren interes orokorreko iharduerei etengabe afektaturik eduki beharko dutela. Halaber, ezartzen da onuradunak nahitaez pertsona kolektibo orokorretako edo zehazgabeetako partaideak izanen direla.
I. Tituluko III. Kapituluak ezartzen ditu entitatearen eraketarako betebehar formalak, horien estatutuen edukia eta fundazioaren zuzkidura, kenduezina eta atzeraezina izanen dena; esanguratsua da fundazioak duen zuzkidura nahikoa izanen dela dituen helburuak betetzeko.
Bertzalde, IV. Kapituluak fundazioek behin eraturik dituzten beharkizunak arautzen ditu, hau da, iharduteko beharkizunak eta horien artean fundazioaren onuradunak zehaztean printzipio batzuk errespetatu behar direla, hain zuzen ere, zabalkuntzarena, diskriminaziorik ez egitearena eta inpartzialtasunarena. Halaber, errenten %70, guttienik, fundazioaren helburuak gauzatzeko erabili beharko da.
Azkenik, kontularitzari, auditoretzari eta aurrekontuei dagozkien alderdiak zehatz-mehatz arautu dira.
V. Kapituluak entitateko patronatukideen karguak doakoak izanen direla dio, baita bateraezinak ere ordaindutako zerbitzuen edozein prestaziorekin.
VI. Kapituluak zehazten du nola eskuratzen edo galtzen den tributu-araubide berezia eta ezartzen du administrazio espediente bat izapidatu beharko dela eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ebatzi beharko duela, zehazki edo tazituki. Departamentu horren esku geldituko da hasierako zein ondorengo betebeharrak, araubide berezia aplikatzea justifikatuko dutenak, frogatzeko ahalmena.
VII. Kapituluak fundazioei aplikagarri zaien tributu araubidearen erregulazio zehatza ezartzen du.
Lehenik eta behin, Sozietateen gaineko Zergari dagokion gaia aipatzen da 1. Sekzioan; bertan zerrendatzen dira errenta salbuetsiak, zerga oinarriaren zehaztapena, kengarriak ez diren kontusailak, berrinbertsioagatiko salbuespena, likidazio oinarria, karga-tasa, kuota osoa eta kenkariak.
2. Sekzioan Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan aplikagarri diren onurak ezartzen dira eta, orobat, zehazten fundazioak egindako eskurapenak salbuetsita egonen direla, beti ere ondasunak edo eskubideak fundazioaren berariazko helburua osatzen duten iharduerei etengabe afektaturik gertatzen badira.
3. Sekzioak Lurralde Kontribuzioaren eta Iharduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren salbuespena, kasu zehatzetan, arautzen du.
Bertzalde, Foru Lege honen II. Tituluak kontuan hartzen du fundazioei egiten zaizkien dohaintzei aplikagarri zaien tributu-araubidea, baita interes orokorra duten ihardueretan lankidetzan aritutako iharduketei dagokiena ere.
Titulu honetako I. Kapituluan arautzen diren fundazioen mesedetan egindako dohaintzek bide ematen diote dohaintza emaileari, pertsona fisikoari, Errentaren gaineko Zergaren kuotan dohaintzaren %20 kentzeko; dohaintza emailea pertsona juridikoa bada, dohaintzaren zenbatekoa kengarria den kontusailtzat hartuko da Sozietateen gaineko Zergan. Foru Legeak zehatz arautzen ditu dohaintza horren xede izan daitezkeen ondareko elementuak, baita Pertsona Fisikoen Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergetan gehienez ere zer kopurutan aplikatu behar den ere.
Interes orokorreko ihardueretan egindako lankidetza iharduketetan, II. Kapituluan, fundazioei ordaindutako zenbatekoak kengarritzat hartzen dira Sozietateen gaineko Zergan edo Errentaren gaineko Zergan, enpresariak edo profesionalak edo pertsona fisikoak badira, eta kolaboratzailearen parte hartzea hedatzen duten lankidetza hitzarmenen bidez egiten badira.
III. Kapituluak, artelanak eskuratzeko jartzen diren zenbatekoen kenkariak ezartzen ditu, artelan horiek halako erakunde eta entitateei dohaintzan eskaintzen bazaizkie, baita zinema, antzerkia, musika, dantza eta liburu eta bideoen argitalpena sustatzeko ikuskizun publiko zehatzak antolatzeko gastuei dagozkienak ere.
Xedapen Gehigarrien artean Lehena nabarmentzen da, Fundazioen Erregistroa, izaera publikokoa, sortzen baitu; Foru Lege honetako 1. artikuluak aipatzen dituen entitateek Erregistro horretan eman beharko dute izena.
Xedapen Iragankorrak, orain arte eratutako fundazioei 1996eko abenduaren 31 arteko epea ematen die Foru Lege honetan araututako tributu-araubidean sartzeko.
Xedapen Indargabetzaileak, Foru Diputazioak 1976eko abenduaren 2an hartu zuen Erabakia, interes sozialeko deklaraturiko fundazioak arautzen zituena, ondoriorik gabe uzten du.
I. TITULUA
Fundazioen tributu araubidea
I. KAPITULUA
Aplikazio eremua
1. artikulua.-Aplikazio eremua.
Foru Lege honetan erregulatzen den tributu araubidea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen babesean eratutako fundazioei zaie aplikagarri, beti ere hurrengo artikuluetan ezartzen diren beharkizunak eta baldintzak betetzen badituzte.
II. KAPITULUA
Fundazioen helburuak eta horien onuradunak
2. artikulua.-Fundazioen helburuak.
Fundazioek ez dute irabazi asmorik izanen eta beren ondarea interes orokorreko helburu hauek egiteari afektatuko zaio beti:
a) Helburu zibikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, kirolekoak, osasunekoak eta gizarte laguntzakoak.
b) Garapenerako lankidetza.
c) Ingurugiroaren defentsa.
d) Gizarte ekonomiaren edo ikerketaren sustapena.
e) Boluntariotza sozialaren sustapena.
f) Antzeko izaera duten interes orokorreko beste helburu batzuk.
Ez dira irabazi asmorik gabeko entitatetzat hartuko:
a') Horien iharduera nagusia merkataritzakoa bada.
b') Helburuen fundatzaileak eta horien ezkontideak edo ahaideak, laugarren gradua barne, entitateek egiten dituzten ihardueren hartzaile nagusienak badira edo horien zerbitzuen onura hartzeko baldintza bereziak badituzte.
Letra honetan xedatutakoa ez zaie aplikagarri izanen entitateei, hots, Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita badaude, ezta Espainiako ondare historikoko ondasunak mantentzea eta berreskuratzea xede esklusibo edo nagusia dutenei ere, beti ere Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen galdakizunak betetzen badituzte.
3. artikulua.-Onuradunak.
Fundazioen onuradunak, pertsonek osatutako kolektibo orokorrak eta zehazgabeak izanen dira eta horrelakotzat hartuko dira enpresa bateko edo batzuetako langileek eta horien familikideek osatutako kolektiboak.
III. KAPITULUA
Eratzeko betebeharrak, Estatutuak eta zuzkidura
4. artikulua.-Eratzeko betebeharrak.
1. Fundazioa bizien arteko egintzen bidez eratzen bada, eskritura publikoak, Foru Berriko 44. Legean aurreikusitako zehaztapenez eta fundatzaileak ezartzen dituen klausula eta baldintza zilegizkoez gain, alderdi hauek ere hartuko ditu kontuan:
a) Fundatzaileen izen-abizenak, adina eta egoera zibila, pertsona fisikoak badira, eta izena edo helbide soziala, pertsona juridikoak badira; bi kasuetan nazionalitatea eta helbidea jarri beharko dira.
b) Fundazioa eratzeko borondatea, Foru Berriko 44. Legean xedatutakoaren babesean.
c) Fundazioaren zuzkidura, horren balorazioa eta horri ekarpenak egiteko modua eta errealitatea.
d) Fundazioaren Estatutuak; edukia hurrengo artikuluko baldintzei egokituko zaie.
e) Gobernu organoa osatzen duten pertsonen izen- deiturak, baita horien onarpena ere, fundazioa egiteko unean gauzatzen bada behinik behin.
2. Fundazioa hil ondorengo egintzen ondorioz eratzen bada, behar den agiriak aurreko zenbakiak aipatzen dituen alderdi guztiak bete beharko ditu.
5. artikulua.-Estatutuak.
Fundazioaren Estatutuetan honako hauek agertuko dira:
a) Entitatearen izena, zeinetan Fundazioa izena agertuko baita.
b) Fundazioaren helburuak.
c) Fundazioaren helbidea eta horren iharduerak nagusiki garatuko diren lurraldearen esparrua.
d) Fundazioaren helburuak bete eta onuradunak zehazteko, baliabideak erabiltzeko oinarrizko erregelak.
e) Ondarearen destinoa, Fundazioa iraungitzen bada.
f) Gobernu eta ordezkaritza organoa, horren osaketa, fundazioko kideak hautatu eta ordezkatzeko erregelak, kargua uzteko arrazoiak, horren eskurantzak eta erabakiak eztabaidatu eta hartzeko modua.
6. artikulua.-Aldaketak.
Fundazioaren eraketa eskritura edo Estatutuena aldatu nahi bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomi eta Ogasun Departamentuari; horretarako eskrituraren kopia baimendua ekarri beharko da.
7. artikulua.-Fundazioaren zuzkidura.
1. Zuzkiduran edozein motatako ondasunak eta eskubideak sartuko dira; zuzkidura kentzezina eta atzeraezina izateaz gainera, egokia eta nahikoa izan beharko du fundazioaren helburuak bete daitezen; behar den ikerketa ekonomikoarekin egiaztatuko da hori.
2. Ondarearen zuzkidura jarraian osa daiteke; horrela egiten bada, hasierako ordainketa ez da fundazioaren borondateak aurrikusita duen zenbateko osoaren ehuneko hogeita bortza baino ttikiagoa izanen; fundazioa eratzeko eskritura publikoa ematen den egunetik hasi eta bortz urteko epean ekarri beharko da gainerakoa. Hori hala izanik ere, eskubideak direnean, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak epe hori handi dezake eskubide horien izaeraren arabera, beti ere ekarpen hori ziurtatzeko beharrezkoak diren bermeak eman ematen badira.
Halaber, legez zuzkiduratzat hartuko dira Fundazioa izaten den bitartean fundatzaileak edo patronatuak fundazioaren helburuei etengabe afektatutako ondasun eta eskubideak.
3. Zuzkidura esku-dirutan egiten bada, zenbatekoa pezetatan emanen da. Diruz egiten ez diren ekarpenak berdin kuantifikatuko dira eta erabili diren balorazio irizpideak zehaztuko dira.
4. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hirugarrenek engaiatutako ekarpenak zuzkiduratzat har daitezke, beti ere bermaturik badaude. Inolaz ere ez da emariak biltzeko asmo soila horrelakotzat hartuko.
IV. KAPITULUA
Iharduteko betebeharrak
8. artikulua.-Iharduteko printzipioak, onuradunei eta interesatuei dagokienez.
Fundazioak beharturik daude:
a) Beren helburuen eta ihardueren berri ematera eta horien zabalkuntza egitera, egon daitezkeen onuradunek eta gainerako interesatuek ezagut ditzaten.
b) Fundazioaren onuradunak zehazterakoan irizpide hauek kontuan hartzea: inpartzialtasuna eta ez diskriminatzea.
9. artikulua.-Errenten destinoa.
1. Fundazioak erdiesten dituen dirusarreren garbien %70 guttienez erabili beharko da fundazioaren helburuak gauzatzeko. Ondareko zuzkidura modura egindako ekarpenak, fundazioa eratu zenean nahiz geroago, zenbaki honetan aurrikusitakoaren ondorioetarako ez dira konputagarri izanen.
2. Dirusarrera horien gainerakoa fundazioaren zuzkidura handitzeko erabiliko da, behin administrazio gastuak kendu ondoren.
3. Fundazioak errenten destinoa eraginkor bihur dezake, errentak erdietsi eta hiru urteko epean, aurreko 1. zenbaki horrek aipatzen duen proportzioan.
4. Foru Lege honen ondorioetarako, administrazio gastutzat hartuko dira Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzeak gobernu organoei zuzenean sortutakoak; Foru Lege honetako 13. artikuluaren arabera, patronatukideek gastu horiek ordainetan hartzeko eskubidea izanen dute.
Administrazio gastuok inoiz ez dira fundazioak ohiko ihardueretatik ateratako dirusarrera garbien %10 baino gehiago izango.
5. Salbuespen gisa, artikulu honetako 1. zenbakiak aipatzen duen gutxieneko %70 txikiagoa izaten ahalko da entitatearen zuzkidura fundazionala gehitu nahi denean eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako baimena ematen duenean, bere aurrean eskaera aurkeztu eta gero.
Beste alde batetik, 3. zenbakian aurreikusten den 3 urteko epea handiagotzen ahal da errenten helburua Fundazioak prestaturiko eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onarturiko plan bati egokitzen zaionean.
Zenbaki honetako aurreko bi lerroaldeek aipatzen duten plana edo eskaera egin eta hiru hilabete pasatu direnean ebazpen berarizkoa izan gabe, entitateak bere proposamena onartutzat jo dezake.
10. artikulua.-Merkataritzako elkarteetan parte hartzea.
1. Fundazioek ezin izanen dute merkataritzako elkarteetan parte hartu, nork bere izenean elkarteko zorren kargu egin behar badu.
Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen elkarteetako partaidetzak zuzkiduran sarturik badaude eta partaidetza hori handiena bada, Fundazioak partaidetza horiek eraldatzeko behar diren iharduketak egin beharko ditu, horien erantzukizuna mugaturik geldituko den forma juridikoren bat hartzearren.
2. Aurreko zenbakiko lehen lerroaldean aipatzen diren merkataritzako elkarteetako partaidetzak ez diren beste batzuen titularrak, zuzenean edo zeharka, badira, Ekonomi eta Ogasun Departamentuan egiaztatu beharko dute partaidetza horien titulartasunak fundazioaren helburuak hobeki betetzen laguntzen duela eta ez dela Foru Lege honetan ezarritako araubidea hausten.
Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Foru Lege honetan araututako zerga-araubidearen gozamendua uka dezake arrazoitu ondoren, partaidetza horiek arestion aipatutako beharkizunak betetzen ez dituztela frogatzen bada.
11. artikulua.-Kontularitza, auditoretza eta aurrekontuak.
1. Fundazioek, Sozietateen gaineko Zergan entitate salbuetsietarako ezarrita dagoen arauterian aurreikusitako kontu-betebeharrak izanen dituzte, ustiakuntza ekonomikoren bat egiten dutenean Merkataritza Kodeak eta xedapen osagarriek galdatzen dutenean kontabilitatea eraman beharra inolaz ere galarazi gabe.
2. Fundazioaren Patronatuak urtero burutuko ditu inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua, zeinetan Fundazioko ekonomiaren, finantzen eta ondarearen egoera agertuko baita, eta fundazioaren ihardueren eta kudeaketa ekonomikoaren berri zehatza emanen duen oroit idazkia prestatuko du, zeinetan finantzazio koadroa eta fundazioaren helburuen betetze maila agertuko baitira. Horiez gainera, oroit-idazkian agertuko dira ondareko aldaketak eta gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan eman direnak.
3. Halaber, Fundazioaren gobernu organoak aurreko urteko dirusarreren eta gastuen aurrekontuaren likidazioa eginen du.
4. 2 eta 3. zenbakietan aipatzen diren agiriak Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira hurrengo ekitaldiko lehen sei hilabeteetako epearen barruan.
5. Fundazioetako kontuei kanpoko auditoretza eginen zaie, ekitaldia ixten den egunean, bi urtez jarraian hurrengo alderdietako bi guttienez gertatzen badira:
a) Aktiboko kontusailen kopurua hirurehun milioi pezetatik gorakoa bada.
b) Dirusarreren urteko kopuru garbia seiehun milioi pezetatik gorakoa bada.
c) Ekitaldian lana ematen zaien langileen kopurua batez-beste berrogeita hamarretik gorakoa denean.
Halaber, kanpoko auditoretza eginen zaie beste kontu batzuei ere, Fundazioaren Patronatuaren edo Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren iritziz eta beti ere, ondarearen edo kudeatutako ihardueren bolumenaren kopuruari dagokionez, horien egoera bereziak hala eskatzen badu.
Auditoretzako txostenak Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira, horiek luzatu eta hiru hilabeteko epean.
6. Era berean, Patronatuak hurrengo urteari dagokion aurrekontua eta hori azaltzen duen oroit-idazkia prestatuko ditu eta Ekonomi eta Ogasun Departamentura bidaliko, ekitaldi bakoitzaren urriaren 1 eta urtarrilaren 31 artean.
12. artikulua.-Fundazioaren desegitea.
Elkarketaren kasuetan izan ezik, Fundazioa desegiten bada, haren ondarea erabiliko da interes orokorreko beste helburu batzuetarako, Fundazioak berak egindakoen antzekoetarako, alegia.
V. KAPITULUA
Patronatukideak
13. artikulua.-Dohaintasuna.
Foru Lege honetan aurreikusitako araubideaz gozatzeko, Fundazioetako patronatukide karguak doakoak izanen dira, inolaz ere galarazi gabe beren lanak sortutako gastu behar bezala egiaztatuak atzera eskuratzeko duten eskubidea. Halaber, pertsona horiek ez dute ihardueraren emaitzen gainean inolako interes ekonomikorik izan behar, beren izenean edo tartean jarritako beste pertsona baten bidez.
14. artikulua.-Bateraezintasuna.
Patronatukidearen kargua entitateari edozein zerbitzu ordaindu ematearekin bateraezina izanen da.
Fundatzaileak eta bere ezkontideak ere bateraezintasun hori izanen dute.
VI. KAPITULUA
Tributu araubide berezia eskuratu eta galtzea
15. artikulua.-Eskaria.
1. Foru Lege honetan araututako tributu araubidea erdietsi nahi duten Fundazioek eskaria egin beharko dute Ekonomi eta Ogasun Departamentuan; eraman beharreko agiriak hauek dira: 4 eta 5. artikuluak aipatzen dituzten agiriak, fundazioaren helburuak azaltzen dituen oroit-idazkia eta Fundazioen Erregistroan izena emanda daudela dioen agiria.
2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, fundazioaren eta horren estatutuen klausulen norainokoa zehatz-mehatz ezagutzeko beharrezkoak diren azalpenak eta datuak eska diezaizkieke interesatuei.
16. artikulua.-Eskariaren ebazpena.
1. Eskariaren ebazpenaren ondorioetarako, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak kontuan edukiko du entitate eskatzaileak, eskatu zaizkion formazko betebeharrak eta, orobat eta bereziki, Fundazioaren funts nagusia, hots, 2. artikuluak aipatzen duen interes orokor horren helburuak betetzen dituen ala ez; besteak beste neurtuko dira entitatearen xedea eta helburuak, dituen baliabideak, antzeko beste erakunde batzuekin edo Administrazio Publikoarekin batera lan egiteko aukera eta fundazioaren ihardueren, prestazioen eta zerbitzuen proiekzioa, pertsonala zein lurralde mailakoa.
2. Dokumentazioa azterturik eta kontuan hartuta aurreko zenbakian xedatutakoa, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak behar den erabakia emanen du, Fundazioari tributu araubide berezia aplikatzeko baimena edo ukoa adieraziko duena.
3. Eskaria aurkeztu eta sei hilabeteko epean luzatu beharko den erabakia aldekoa bada, ebazpenean tributu araubide berezi hori noiztik izanen den aplikagarri ezarriko da.
Epe hori iragaten bada eskariaren gaineko erabaki zehatzik eman gabe, entitateak aipatu araubide hori aplikatzen ahal duela usteko du, eskaria egin duen egunetik aitzina eta beti ere, Foru Lege honetan aurreikusitako baldintzak eta beharkizunak betetzen baditu.
17. artikulua.-Tributu araubidea frogatu eta galtzea.
Ekonomi eta Ogasun Departamentuak tributu araubide berezi horretaz baliatzeko beharrezkoak diren beharkizunak betetzen direla frogatuko du eta, hala behar denean, fundazioaren tributu egoeraren ondoriozko erregularizazioa eginen du.
Foru Lege honetan ezarritako beharkizunetako baten bat ez betetzeak berekin ekarriko du tributu araubide berezi hori beharkizun hori betetzen ez den ekitaldi ekonomikoan galtzea, bidezkoak litezkeen zehapenak galarazi gabe.
VII. KAPITULUA
Tributu araubidea
1. SEKZIOA
Sozietateen gaineko Zerga
18. artikulua.-Errenta salbuetsiak.
1. Fundazioek erdietsitako errentak salbuetsita egonen dira kasu hauetan:
a) Fundazioaren xede soziala edo haren berariazko helburua osatzen duten ihardueretatik ateratakoak badira.
b) Dirua irabazteko eskurapenen edo eskualdaketen ondorio badira, beti ere fundazioaren xedea edo helburu berariazkoa betetzeko erdietsi edo gauzatu badira.
Zenbaki honek aipatzen duen salbuespenak babestutako
errentatzat hartuko dira, besteak beste, ondoko hauek:
a') Administrazio Publikoak eta beste erakunde edo ente publikoek emandako dirulaguntzak, beti ere entitatearen helburuak erdiesteko aplikatzen badira eta 2. zenbaki horretan adierazitako ustiapen ekonomikoak ez diren beste batzuk finantzatzeko erabiltzen ez badira.
b') Dirua irabazteko asmoz egindako eskurapenen ondoriozkoak, eskurapen horien xedea entitatearen helburuei laguntzea bada.
c') Interes orokorreko ihardueren arloko lankidetza hitzarmenen bidez erdietsitakoak, hitzarmen horiek Foru Lege honetan aipatzen badira.
2. Ustiapen ekonomiko baten ihardunean erdietsitako errentak ere salbuetsita egonen dira, baldintza hauek betetzen badira:
a) Ustiapenaren xedea edo helburua Fundazioarenarekin bat datorrenean; bateratasun hori ez da emanen ustiapen ekonomiko horretan egindako ihardueran Foru Lege honetako 2. artikuluan adierazten diren helburuetako bat egiten ez bada.
b) Iharduera garatzen den sektore ekonomikoan lehiakortasun desleialik sortzen ez dutenean.
Ustiapenaren ihardunaren berri eman beharko zaio aurretik Ekonomi eta Ogasun Departamentuari salbuespena eraginkorra izan dadin eta Departamentu horren esku geldituko da, nahi izanez gero, aurreko letra horiek aipatzen dituzten baldintzak betetzen direla frogatzea.
19. artikulua.-Zerga oinarria.
1. Zerga oinarria zergaldian dagoen errentaren zenbatekoa izanen da.
2. Zerga oinarria zuzeneko zenbatespenaren araubidearen bidez zehaztuko da eta, subsidiarioki, zeharkako zenbatespenaren bidez.
3. Zuzeneko zenbatespenaren araubidean, zerga oinarria lortuko da osagai hauen batuketa algebraikoa egin ondoren:
a) 18.2 artikuluan adierazten ez den ustiapen ekonomikoren baten ihardunean erdietsitako etekin positiboak eta negatiboak.
b) Ondareko elementuak hirugarrenei lagatzean sortutako etekinak.
c) Zergak kargatutako ondare gehikuntzak eta gutxitzeak.
Errentaren zenbatekoa erdiesteko Sozietateen gaineko Zergaren arauak aplikatuko dira, Sekzio honetan xedatutakoa galarazi gabe.
20. artikulua.-Gastu ez-kengarriak.
Sozietateen gaineko Zergaren arauterian aurreikusitakoez gainera, honako gastu hauek ez dira gastu kengarritzat hartuko:
a) Errenta salbuetsiei zuzenean edo zeharka egotzitakoak.
b) Iharduera salbuetsiei afektatutako ondareko elementuen amortizaziorako erabilitako zenbatekoak.
Afektazio hori partziala bada, iharduera hori egiteari afektatutako ondareko elementuaren zatiaren amortizaziorako erabilitako zenbatekoak ez dira kengarriak izanen.
c) Emaitzetarako erabilitako zenbatekoak eta, bereziki, iharduera salbuetsiak sustengatzeko erabiltzen diren gerakinak, iharduera ekonomikoetatik ateratakoak.
d) Atxikipenei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan deklaratutako zenbatekoaren gainean jasotako lan prestazioei esleitutako balioaren soberakina.
21. artikulua.-Berrinbertsioagatiko salbuespena.
Ibilgetuaren ondareko elementuetako kostubidezko eskualdaketetan agerian jarritako ondareko gehikuntzak salbuetsirik gertatuko dira, erdietsitako produktu osoa iharduera salbuetsiekin erlazionatutako inbertsio berrietan erabiltzen bada.
Inbertsio berriak ondare elementua eman edo eskura utzi den egunaren aurreko urtetik hasi eta hiru urte iragan baino lehen egin beharko dira eta entitatearen ondarearen zati izan beharko dute zazpi urtez, bederen, salbu eta, ofizialki onetsitako amortizazio taulen arabera, haien erabilgarritasun aldia baxuagoa den kasuetan.
Berrinbertsioa aipatu epean egiten ez bada, lorturiko errentari dagokion kuota osoaren zatia eta berandutza korrituak, muga eguna zein den, orduko zergaldiko kuotarekin batera ordaindu beharko dira.
Ondare elementuak bigarren lerroaldean ezarri den epea amaitu baino lehen eskualdatzen badira, kargatu ez den ondare gehikuntzari dagokion kuota osoaren zatia gehi berandutza korrituak ordaindu beharko dira, eskualdaketa egin den zergaldi horretan, salbu eta lortu den irabazia berriz ere inbertitzen bada, bigarren lerroaldean adierazi diren baldintzetan.
22. artikulua.-Likidazio oinarria. Konpentsazioa.
1. Likidazio oinarria kalkulatzeko, hirugarrenei lagatako ondare elementuetatik ateratzen diren errenta guztiek osatzen duten zerga oinarria %50 gutxitu behar da, beti ere errenta horiek Lege honen 2. artikuluan aipatzen diren helburuetarako erabiltzen badira, Foru Lege honetako 9. artikuluan aurreikusten diren epeetan.
2. Likidazio oinarri negatiboak hurrengo zazpi urteetan amaitzen diren zergaldietako likidazio oinarri positiboekin konpentsatzen ahalko dira.
23. artikulua.-Karga tasa.
Aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera zehazturiko likidazio oinarriaren karga tasa %10 izanen da.
24. artikulua.-Kuota osoa.
Kuota osoa likidazio oinarriari karga tasa aplikatzearen ondorioz sorturikoa izanen da.
25. artikulua.-Kuota likidoa eta kontura egindako ordainketen kenkaria.
1. Kuota likidoa kuota osoari Elkarteen gaineko Zergan ezarritako kenkari eta hobarien zenbatekoa kentzearen ondorioz sorturikoa izanen da.
2. Kuota likidotik honako kenkariok eginen dira:
a) Kontura egindako atxikipenak.
b) Kontura egindako dirusarrerak.
c) Ordainketa zatikatuak.
Kontzeptu horien zenbatekoa kuota likidoa baino altuagoa denean, Administrazioak itzuliko du soberakina, besterik gabe.
26. artikulua.-Kuota gutxiagotua.
Aurreko artikuluak ezarritakoaren arabera zehaztutako kuota likidoa 200.000 pezeta gutxiagotuko da zerga honen subjektu pasiboa Fundazio bat denean, Fundazioa Titulu honetako aplikazio-eremukoa denean, eta prestazio debaldekoak egiten dituenean, gutxiagotze hau aplikatu eta gero ateratzen den zenbatekoa inoiz ere negatiboa izango ez delarik.
27. artikulua.-Aitorpena aurkeztu beharra.
Titulu honetan aipaturiko entitateek zergaldi honetan lorturiko errenta guztiak aipatu beharko dituzte Elkarteen gaineko Zergaren Aitorpenetan, baita kargarik ez dutenak ere, halakorik bada.
28. artikulua.-Ordezko xedapenak.
Sekzio honek arautzen ez duen orotan, Elkarteen gaineko Zergaren inguruko xedapenak aplikatuko dira, hala badagokio.
2. SEKZIOA
Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga
29. artikulua.-Salbuespenak.
Fundazioak eskuratzen dituen ondasun eta eskubideak salbuetsiak izanen dira, haren xede sozial edo helburu nagusiari betiko lotuak egon behar baldin badute eta fundazioaren helburu edo xede nagusiari lotuta ez dauden ustiapen ekonomikoetan ez badira erabili behar, ezertan baino lehen.
Gainerako egintza eta kontratuak ere salbuetsiak izanen dira, Zergaren subjektu pasiboa Fundazioa baldin bada eta haiek afektatu eta erabiltzeko, arestiko lerroaldean zehazturiko baldintzak betetzen badira.
3. SEKZIOA
Toki tributuak
30. artikulua.-Lurraldearen kontribuzioa.
Fundazioak bere izenean dituen ondasunak salbuetsiak izanen dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 137. artikuluan aurreikusitako moduan, beti ere kontraprestazioen bidez hirugarrenei lagatako ondasunak ez badira, fundazioaren xede sozial edo helburu nagusia lortzeko iharduerei lotuak baldin badaude eta, ezertan baino lehen, fundazioaren helburu edo xede nagusiari lotuta ez dauden ustiapen ekonomikoetan ez badira erabiltzen.
31. artikulua.-Iharduera ekonomikoen gaineko zerga edo lizentzia fiskala.
Fundazioen xede sozial edo helburu nagusiaren inguruan egiten diren iharduerak salbuetsiak izanen dira, erregelamendu bidez aginduko den moduan.
32. artikulua.-Prozedura. Konpentsazioa.
1. Sekzio honetan arautu diren onura fiskalez baliatu ahal izateko, Fundazioek Udal eskudunei eskaera egin beharko diete, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz, eta horrekin batera Foru Lege honen 16. artikuluak aipatzen duen erabaki zehatz edo tazitua aurkeztu beharko dute.
Ekonomia eta Ogasun Departamentuak jakinaraziko dizkie ukitutako Udalei Foru Lege honetako 17. artikuluaren babeseko tributu araubide bereziaren galera erabakitzen duten ebazpenak.
2. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57.2 artikuluan xedaturiko konpentsazio ekonomikoaren ondorioetarako, toki entitateek jakinaraziko dizkiete Ekonomia eta Ogasun Departamentuari aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioz Fundazioei ematen zaizkien zerga-onurak.
Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez, konpentsatuko ditu ekonomikoki eta bere osotasunean toki entitateek, sekzio honetan aipatzen diren zerga-onurak ematearen ondorioz jasotzen ez dituzten kopuruak.
Zenbaki honetan aipatzen diren konpentsazioak gauzatzeko prozedura erregelamenduz zehaztuko da.
II. TITULUA
Fundazioei egindako dohaintzen eta interes orokorreko ihardueretan lankidetzan egindako bestelako iharduketen tributu araubidea
I. KAPITULUA
Foru Lege honen I. Tituluan arauturiko fundazioei egindako dohaintzen tributu araubidea
1. SEKZIOA
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan subjektu pasibo direnek egindako dohaintzak
33. artikulua.-Dohaintzen kenkariak.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan subjektu pasibo direnek Zergaren kuotatik %20 kentzeko eskubidea izanen dute, ondoren adierazten diren dohaintzengatik, hasierako dohaintzak edo ondorengoak izan gorabehera:
1. Entitate jasotzaileak bere helburuak lortzeko egiten dituen iharduerak burutzeko asmoz ematen diren dohaintzak.
2. Interes kulturaleko ondasunen Erregistro orokorrean inskribaturiko ondasunei buruzko urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean, zehazki eta banan-banan Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen dohaintza garbi eta soilak edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatzen duen Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunenak.
3. Kalitate ziurtatua duten artelanen dohaintza garbi eta soilak, museoetako iharduerak egitea eta arestiko zenbakian aipaturiko ondasunak sustatu eta zabaltzea helburu duten fundazioei egindakoak, beti ere artelan horiek jendaurrean jartzeko baldin badira.
Artelan horren kalitatea Ekonomi eta Ogasun Departamentuan egiaztatu beharko da eta honek emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuaren txostena eskatzen ahalko du.
4. Entitate jasotzailearen aktibo materialaren zati izan behar duten eta bere helburuak lortzeko ihardueretan lagungarri diren ondasunen dohaintza garbi eta soilak.
5. Artikulu honen 2. zenbakiak aipatzen dituen kategoriaren batean sartzen diren ondasunak zaindu, konpondu edo eraberritzeko egindako diru-dohaintzak, ondasun horiek dirua jaso duen fundazioarenak direnean.
34. artikulua.-Kuotako kenkarien oinarria.
1. Aurreko artikuluko 2 eta 3. zenbakiek aipatzen dituzten kasuetan, kenkariaren oinarria Ekonomi eta Ogasun Departamentuak finkaturiko balioa izanen da. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.
2. Arestiko artikuluko 4. zenbakian aurreikusitako kasuan, kenkariaren oinarria ondasunaren eskurapen balioa izanen da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauterian ezarritakoaren arabera kalkulatua. Dohaintza hori emaileak berak egin edo ekoiztu badu, ekoizpen kostua hartuko da, behar bezala egiaztatu eta gero, eta beti ere merkatuan duen balioa gainditu gabe.
35. artikulua.-Kenkarien gehieneko kopurua.
Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko maiatzaren 14ko 6/1992 Foru Legearen 76.1 artikuluak ezartzen duen mugaren ondorioetarako konputatuko da.
36. artikulua.-Ondarearen gehikuntza eta urripenak.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorietarako, ez dira aintzat hartuko Foru Lege honen 33. artikuluak aipatzen dituen dohaintzen ondorioz ondarean sorturiko gehikuntzak edo urripenak.
2. SEKZIOA
Sozietateen gaineko Zergan subjektu pasibo direnek egindako dohaintzak
37. artikulua.-Dohaintzengatiko kenkariak.
Sozietateen gaineko Zergaren likidazio oinarria kalkulatzeko, ondoren adierazten diren dohaintzengatik edo ondoren eman gorabehera:
1. Entitate jasotzaileak bere helburuak lortzeko egiten dituen iharduerak burutzeko asmoz ematen diren dohaintzak.
2. Interes kulturaleko ondasunen Erregistro orokorrean inskribaturiko ondasunei buruzko urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean, zehazki eta banan-banan Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen dohaintza garbi eta soilak edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatzen duen Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunenak.
3. Kalitate ziurtatua duten artelanen dohaintza garbi eta soilak, museoetako iharduerak egitea eta arestiko zenbakian aipaturiko ondasunak sustatu eta zabaltzea helburu duten fundazioei egindakoak, beti ere artelan horiek jendaurrean jartzeko baldin badira.
Artelan horren kalitatea Ekonomi eta Ogasun Departamentuan egiaztatu beharko da eta honek emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuaren txostena eskatzen ahalko du.
4. Entitate jasotzailearen aktibo materialaren zati izan behar duten eta bere helburuak lortzeko ihardueretan lagungarri diren ondasunen dohaintza garbi eta soilak.
5. Artikulu honen 2. zenbakiak aipatzen dituen kategoriaren batean sartzen diren ondasunak zaindu, konpondu edo eraberritzeko egindako diru-dohaintzak, ondasun horiek dirua jaso duen fundazioarenak direnean.
38. artikulua.-Kenkariaren oinarria.
1. Aurreko artikuluko 2 eta 3. zenbakiek aipatzen dituzten kasuetan, kenkariaren oinarria Ekonomi eta Ogasun Departamentuak finkaturiko balioa izanen da. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.
2. Arestiko artikuluaren 4. puntuan aurreikusitako kasuan, ondasunen balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:
a) Dohaintza egiten duen entitateak ekoizturiko ondasun berriak badira, horien fabrikazio kostua, merkatuko batez-besteko prezioa baino handiagoa izango ez dena.
b) Hirugarrenei erosi ondoren berriak ematen diren ondasunak badira, horien erosketa prezioa, beti ere merkatuan duen batez-besteko prezioa gainditu gabe.
c) Dohaintza egiten duen entitateak aurretik erabilitako ondasunak badira, horien balio gordina, beti ere dagozkion gutxieneko amortizazioak aplikatuta aterako litzatekeen prezioa gainditu gabe.
39. artikulua.-Kenkarien gehieneko kopurua.
1. Dohaintza egiten duen entitatearen kasuetan, 37. artikuluko 2 eta 3. zenbakietan ezarritako kenkarien zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:
a) Kenkari horiek eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 42 eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %30.
b) Dirusarreren muntaren 1000ko 3.
2. Lege honen 37. artikuluko 1, 4 eta 5. zenbakietan ezarritako kenkarien zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:
a) Kenkari horiek eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 42 eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %10.
b) Dirusarreren muntaren 1000ko 1.
3. Aurreko zenbakietako b) letran xedatutakoa aplikatu ondoren ezin izanen da zerga oinarri negatiboa atera.
4. Artikulu honetan adierazi diren kenkarien mugak Foru Lege honen 42 eta 47. artikuluetan aurreikusitakoekin bat etorriko dira.
40. artikulua.-Dohaintzen ondorioz ateratako errenta positibo edo negatiboak.
Sozietateen gaineko Zergaren ondorioetarako, ez dira aintzat hartuko Foru Lege honen 37. artikuluan azaltzen diren dohaintzen ondorioz sortzen diren errentak, positiboak edo negatiboak izan.
3. SEKZIOA
Dohaintzen justifikazioa
41. artikulua.-Egindako dohaintzen justifikazioa.
Titulu honetan ezarritako kenkariak egin ahal izateko, dohaintzak benetan gauzatu direla egiaztatu beharko da, dohaintza jaso duen entitateak luzatutako ziurtagiriaren bidez. Honako datu hauek azaldu beharko dira ziurtagiri horretan:
a) Dohaintza emailearen eta entitate jasotzailearen izen-abizenak edo izen soziala eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.
b) Entitate jasotzailea Foru Lege honetan arautzen direnen artean dagoela adierazten duen idazkia, 16. artikuluak aipatzen duen ebazpenaren berri emanez, halakorik badago.
c) Dohaintzaren eguna eta zenbatekoa, dirubidezkoa izan bada.
d) Dirubidezko dohaintza ez denean, dohaintza gauzatu dela egiaztatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri egiaztatua.
e) Entitate jasotzaileak dohaintzari eman nahi dion destinoa, haren helburu nagusien artean.
f) Dohaintza kenduezina eta erabaki hori atzeraezina dela adierazten duen idazkia.
II. KAPITULUA
Interes orokorreko ihardueretarako, enpresek ematen dituzten laguntzen tributu araubidea
42. artikulua.-Interes orokorreko ihardueretan laguntzeagatiko kenkaria.
1. Sozietateen gaineko Zergaren likidazio oinarria kalkulatzeko, interes orokorreko ihardueretan lankidetzan aritzeko hitzarmenaren indarrez ordaindutako zenbatekoa kenkarien artean sartzen ahalko da.
Kenkari honen zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:
a) Kenkari hori eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 37 eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %5.
b) Entitatearen dirusarreren muntaren 1000ko 0,5. Kenkari hau aplikatu ondoren ezin izanen da zerga oinarri negatiboa atera.
2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Errentan subjektu pasibo direnen kasuan, zuzeneko zenbatespeneko araubidean, iharduera enpresarial edo profesionalen batean aritzen badira, arestiko zenbakian xedatutakoa aplikatuko zaie eta iharduera horietatik datozen etekin garbiei dagokien zerga oinarriaren zatiaren gainean, %5 konputatuko da, gehienez ere.
3. Kenkarien muga Foru Lege honen 37 eta 47. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriko da.
43. artikulua.-Lankidetza hitzarmena.
Interes orokorreko ihardueretako lankidetza hitzarmena, Foru Lege honen I. Tituluak aipatzen dituen fundazioek, beren helburuak lortzeko dirulaguntza hartzearen truk, laguntzailearen partaidetza zabaltzeko idatzizko konpromezua jasotzen duen hura izanen da.
Laguntzailearekiko konpromezu hori ezin izanen da gauzatu, inolaz ere, errenta edo mozkinetatik datozen diru kopuruak banatuz.
III. KAPITULUA
Bestelako ihardueretarako, enpresek ematen dituzten laguntzen tributu araubidea
1. SEKZIOA
Dohaintza gisa eskaintzeko eskuratzen diren artelanak
44. artikulua.-Artelanak eskuratzeagatiko kenkaria.
1. Sozietateen gaineko Zergaren zerga oinarria kalkulatzeko orduan, artelanen eskurapenaren edo tasazioaren balioa kenkarien kontusailen artean sartzen ahalko da, baldin eta artelan horiek Foru Komunitateari, Estatuari, beste Administrazio Publiko bati edo Unibertsitate Publikoei zein erregelamendu bidez adieraziko diren bestelako entitateei, dohaintza gisa, eskaintzeko eskuratu baldin badira.
2. Eskurapen balioa ondorengo artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulaturiko tasazioaren balioa baino altuagoa bada, kenkaria egiteko azken hori hartuko da aintzat. Horrelako kasuetan, enpresak hala nahi badu, dohaintza gisa emateko eskaintza bertan behera uzten ahalko du.
3. Kenkaria dohaintza onesten den zergaldi berean egin beharko da, baina ez da zerga oinarri negatiborik onartuko.
4. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Errentan subjektu pasibo direnen kasuan, zuzeneko zenbatespeneko araubidean, iharduera enpresarial edo profesionalen batean aritzen badira, kenkaria iharduera horietatik datozen etekin garbiei dagokien zerga oinarriaren zatiari aplikatuko zaio.
5. Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria eta Foru Lege honen 33. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoak bateraezinak dira, ondasun berari baldin badagozkio.
45. artikulua.-Beharkizunak.
Aurreko artikuluak aipatzen duen kenkaria lortu ahal izateko, beharkizun hauek bete beharko dira:
a) Artelana, gehienez ere, urte bateko epean eman beharko zaio entitate jasotzaileari, eskaintza onartzen denetik hasita.
b) Eskaintza onartu baino lehen Departamentuak txostena emanen du, ondasunaren balorazioari eta artelanaren kalifikazioari buruzkoa. Horretarako, arlo horretan eskumen duen Departamentuaren laguntza eskatzen ahalko du.
c) Dohaintza egiteko eskaintza, ondasuna erosi eta hilabeteko epearen barruan egin beharko da.
d) Eskaintza egin eta eskualdaketa gauzatu bitarteko epean, dohaintza emaileak ezin izanen ditu artelanaren balioa jaisteagatiko zuzkidurak egin.
46. artikulua.-Artelana zer den.
Kapitulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, artelantzat hartuko dira Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen arauterian horrela sailkaturiko artegai, antzinako gai eta bildumatzeko gaiak, balio historiko edo artistikoa baldin badute.
2. SEKZIOA
Interes orokorreko ihardueretan eta artea sustatzekotan egindako gastuak
47. artikulua.-Gastuen kenkaria.
1. Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria kalkulatzeko, honako ihardueretan erabilitako dirua kenkarietan adierazten ahalko da:
a) Laguntza, hezkuntza, kultura, zientzia, ikerketa eta kirol iharduerak, boluntariotza soziala sustatzekoak edo antzeko izaera duten interes orokorreko bestelako iharduera edo ikuskizun publikoak antolatzea edo burutzea, erregelamendu bidez adieraziko diren baldintzetan.
b) Zinea, antzerkia, musika eta dantza sustatu eta garatzeko iharduerak burutzea eta liburuak, bideoak eta fonogramak argitaratzea, erregelamendu bidez adieraziko diren baldintzetan.
2. Kenkari honen zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:
a) Kenkari hori eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 37. eta 42. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %5.
b) Entitatearen dirusarreren muntaren 1000ko 0,5. Kenkari hau aplikatu ondoren ezin izanen da zerga oinarri negatiboa atera.
3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Errentan subjektu pasibo direnen kasuan, zuzeneko zenbatespeneko araubidean, iharduera enpresarial edo profesionalen batean aritzen badira, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie eta iharduera horietatik datozen etekin garbiei dagokien zerga oinarriaren zatiaren gainean, %5 konputatuko da, gehienez ere.
4. Kenkariaren muga Foru Lege honen 37 eta 42. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriko da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehena.-Fundazioen erregistroa.
1. Lehendakaritza Departamentuan Fundazioen Erregistroa eratu da. Erregistro horretan Foru Lege honen 1. artikuluak aipatzen dituen fundazio guztiak inskribatu beharko dira.
Inskripzio hori erregelamendu bidez emanen den epearen barruan egin beharko da eta horrekin batera Foru Lege honen 4. artikuluak aipatzen dituen alderdiak adierazi beharko dira.
Erregistroa publikoa izanen da.
2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Fundazioen Erregistroari adieraziko dio nork eskuratu edo galdu duen tributu araubide berezia, hantxe ager dadin, baita eraketa eskrituran edo estatutuetan egindako aldaketak ere.
3. Erregistroaren egitura eta funtzionamendua erregelamendu bidez finkatuko dira.
Bigarrena.-Foru Lege honetan arauturiko tributu araubidea honako hauei aplikatuko zaie:
1. Fundazioei eta Interes Orokorreko Ihardueretan Partehartze Pribatuari eman beharreko Pizgarri Fiskalei buruzko azaroaren 24ko 30/1994 Legearen babesean eratu eta Foru Lege honetan ezarritako beharkizun eta baldintzak betetzen dituzten fundazioak.
2. Onura publikoko elkarteak, azaroaren 24ko 30/1994 Legearen beharkizun eta baldintzak edo Komunitate Autonomoek gai honi buruz emandako Legeak betetzen baldin badituzte.
Hirugarrena.-Foru Lege honen 17. artikuluak aipatzen duen fundazioen tributu araubide berezia galtzeak Legearen II. Tituluan adierazitako kenkariak ezin aplikatzea ekarriko du.
Laugarrena.-Foru Lege honetan ezarritako beharkizunak betetzen ez dituzten fundazioei ez zaie aplikatuko bertan arauturiko tributu araubidea, ez eta Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga arautzen duen 1981ko martxoaren 17ko Arauaren 36.I.A).c) artikuluan eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.d) eta e) eta 173.2.c) artikuluetan aurreikusitako salbuespenak ere.
Bosgarrena.-Foru Lege honen I. Tituluaren VII. Kapituluko 1 eta 3. Sekzioetan aurreikusitako araubidea honako hauei aplikatuko zaie:
-Eliza katolikoa eta Espainiako Estatuarekin elkarlanerako akordioak sinatuta dituzten eliza, aitorpen talde eta erlijio erkidegoak.
-Gurutze Gorria eta Espainiako Itsuen Erakundea.
Seigarrena.-Foru Lege honen 33. artikulutik 43.era bitartean, biak barne, aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie ondoko entitateei egindako dohaintzei eta horiekin sinaturiko lankidetza hitzarmenei:
Foru Komunitatea, Estatua, autonomi komunitateak, toki entitateak eta unibertsitateak.
Eliza katolikoa eta Espainiako Estatuarekin elkarlanerako akordioak sinatuta dituzten eliza, aitorpen talde eta erlijio erkidegoak.
Espainiako Gurutze Gorria.
Espainiako Itsuen Erakundea.
Erregelamenduz zehaztutako beste batzuk.
Zazpigarrena.-Foru Lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko maiatzaren 14ko 6/1992 Foru Legearen 39. artikuluko 7. zenbakiko b) letraren eta 74. artikuluko 7. zenbakiaren edukina aldatuko da, honela esanen baitute:
Bat.-39.7.b) artikulua.
"b) Foru Lege honen 74. artikuluko 7. zenbakiak aipatzen dituen dohaintzak."
Bi.-74.7 artikulua.
"7. Dohaintzengatiko kenkariak.
Fundazioen eta Babes Ihardueren tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legean aurreikusitakoak.''
Zortzigarrena.-1. Oinordekotzaren, Ondarearen, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen tributu zorraren ordainketa egiten ahalko da urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera zehazki eta banan-banan Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen bidez, Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen bidez edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatzen duen Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunen bidez, erregelamendu bidez adieraziko diren baldintzetan.
Tributu zorra ordaintzen ahalko da, halaber, Nafarroako Gobernuak ondorio honetarako soilik, interes kulturalekoak deklaratzen dituen beste ondasunen bidez.
2. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen ondorioetarako, ez dira aintzat hartuko ondasun horiek ematearen ondorioz sortzen diren ondare gehikuntza edo urripenak, ez eta errenta positibo edo negatiboak ere.
XEDAPEN IRAGANKORRA
1. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen babesean eraturiko fundazioek 1996ko abenduaren 31ra arte izanen dute Foru Lege honetan arautzen den tributu araubideari atxikitzeko, beti ere Legean zehazten diren beharkizun eta baldintzak betetzen badituzte.
Horretarako, 15. artikuluan azaldu den eskaera egin beharko dute.
2. Arestiko 1. zenbakian emandako epearen barruan eskaera aurkezten ez duten fundazioak ezin izanen dira Foru Lege honetan aurreikusitako tributu araubideaz baliatu.
Kasu horietan, tributu araubide hori eskaeraren egunetik aurrera aplikatuko da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Foru Lege honek indarra hartzearekin batera baliorik gabe geldituko dira bertan adierazitakoari kontra egiten dioten lerrun bereko eta baxuagoko xedapen guztiak eta bereziki honako hauek:
-Foru Diputazioak 1976ko abenduaren 2an harturiko Erabakia.
-Sozietateen gaineko Zergaren inguruko xedapenak biltzeko, ekainaren 13ko 153/1986 Foru Dekretu Legegilearen bidez onetsi zen Testu Birbilduaren 9.m) artikulua, Foru Lege honek indarra hartzen duenetik aurrera ixten diren zergaldietarako.
-Irailaren 2ko 277/1992 Foru Dekretua, zerga ondorioetarako, fundazioak interes sozialekoak deklaratzeari dagokion orotan.
AZKEN XEDAPENA
Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
Aurreko lerroaldean esandakoa gorabehera, I. Tituluaren VII. Kapituluko 1. Sekzioan bilduriko xedapenek aipatu egunetik aurrera ixten diren zergaldietan izanen dute ondorioa, eta II. Tituluaren I. Kapituluko bildurikoek, 1996ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.
Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko uztailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli Aranguren.
Iragarkiaren kodea: A9605670
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
