78. ALDIZKARIA - 1996ko ekainaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

L I Z A R R A

Erregelamendua, Lizarran araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko laguntzak arautzen dituena

Lizarrako Udalak, 1996.eko martxoaren 7an, hasiera batez onetsi zuen araubide bereziko babes ofizialeko etxebitzak sustatzeko laguntzak arautzen dituen Erregelamendua. 1996.eko martxoaren 29ko 39. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarri eta hogeita hamar lanegunez jendaurrean egonik, ez da haren onespenaren aurkako alegaziorik jaso.

Udalak behin-betikoz onetsi zuen 1996.eko ekainaren 6an egindako osoko bilkura arruntean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta Erregelamendu horren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu behar da.

ERREGELAMENDUA, LIZARRAN ARAUBIDE BEREZIKO BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

1.-Xedea.

Erregelamendu honen xedea araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko dirulaguntzak arautzea da, maiatzaren 10eko 155/1993 Foru Dekretuaren 25. artikuluan eta ondokoetan jaso bezala.

2.-Baldintza orokorrak.

1. Dirulaguntza hauek emateko Nafarroako Gobernuak emandako Behin-behineko Kalifikazio Zedula beharko dute izan, araubide bereziko etxebizitzak bezala.

2. Aurreko lerroaldean deskribatutakoez bestelako etxebizitza ofizialek ez dute Erregelamendu honetan aurreikusitako laguntzarik jasoko.

3.-Laguntza motak.

Lizarrako Udalak araubide bereziko etxebizitzei ematen dizkien laguntzak haien onuradunei emandako dirulaguntza edo ekarpenak izanen dira, Erregelamendu honetan jarritako baldintzekin.

4.-Udalaren baliabide ekonomikoak.

Erregelamendu honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoei udal aurrekontuetan jasotako baliabideak aplikatuko zaizkie.

5.-Dirulaguntzak hartzeko baldintzak.

Dirulaguntza hauek hartu ahalko dituzte maiatzaren 10eko 155/93 Foru Dekretuaren 25. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerakoetan ezarritakoa betetzen dituzten etxebizitzek.

6.-Eman beharreko laguntza ekonomikoak.

Araubide bereziko etxebizitzei emanen zaien dirulaguntza karga-tasaren hiru puntu izanen dira, hau da, tasa 4,3koa izan beharrean 1,3koa izanen dute.

7.-Dirulaguntzak noiz hartu.

Lizarrako Udalak araubide bereziko etxebizitzak sustatzeko ematen dituen laguntza ekonomikoak obrak bukatutakoan jasoko dira, laguntza eskaera eta obraren azken ziurtagiria aurkeztu ondoren.

8.-Adostasuna planeamenduarekin.

Laguntza horiek jasoko dituzten obra proiektuek Lizarrako Hiri Antolamendurako Plan Orokorreko zehaztapenak eta gainerako arau bateragarriak bete beharko dituzte.

9.-Bateraezintasunak.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Gobernuak edo beste erakunde publikoek kontzeptu berarengatik edo antzekoengatik eman ditzaketen haien gisako beste batzuekin.

Lizarran, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko ekainaren zazpian. Alkatea, José Luis Castejón Garrués.

Iragarkiaren kodea: A9604923