70. ALDIZKARIA - 1996ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1996.eko maiatzaren 13koa, Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariak emana, igogailuetako kabinetan ateak eta segurtasunerako beste elementu batzuk jarri beharra ezartzen duena.

Kabinetan aterik ez zuten igogailuetan gertatzen ziren istripuak galarazteko asmoz, Industri Ministerioaren 1976.eko uztailaren 20ko Agindua argitaratu zen, instalatzen diren igogailu berrietan ateak jarri beharra ezarri zuena. Agindu hori aldatzeko Ministerioak beste agindu bat eman ondoren, betebehar hori 1980.eko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.

Kabinetan aterik ez izatea izan da gure komunitateko igogailuetan izan diren istripu gehienak eragin dituen zergatia. Istripu horietan, gainera, umeak izan dira kaltetuenak.

Ateak, larrialdietako argiak, laguntza eskatzekoak eta bestelako sistema osagarriak jarri beharrak igogailuen erabiltzaileen segurtasun eta erosotasun maila hobetzea ekarriko du.

Horrenbestez, ikusirik 1966.eko ekainaren 30eko Agindua, 1976.eko uztailaren 20koa eta 1981.eko martxoaren 31koa, 1985.eko azaroaren 11ko 2291 Errege Dekretua, 1987.eko irailaren 23ko Agindua, 1991.eko irailaren 12koa, Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legea, eskurantzei buruzko 1995.eko abuztuaren 1eko 1774 Errege Dekretua, urte bereko urriaren 9ko 189 Foru Dekretua, 1995.eko ekainaren 8an Europako Komunitateetako Batzordeak emandako Aholkuak eta gainerako xedapen osagarriak.

Horiek horrela, Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariak,

AGINDU DUT:

Lehenengo artikulua.-Foru Agindu honetan onesten diren arauek Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan izanen dute eragina.

Bigarren artikulua.-Arau horiek aplikatu beharko dira pertsonak eta pertsona eta kargak garraiatzeko igogailu guztietan.

Hirugarren artikulua.-Aterik gabeko igogailuen titularrek ateak jarri beharko dizkiete Agindu honetan zehazten diren epeen barruan. Instalatzeko obra hori Industri Ministerioak 1966.eko ekainaren 30ean emandako Aginduaren bidez onetsi eta Ministerio horrek berak, 1976.eko ekainaren 20ko Aginduaren bidez, aldatu zuen igogailuei buruzko Erregelamenduaren 54. artikuluan xedatutakoaren arabera egin beharko da, hantxe agertzen diren salbuespenekin.

Ateen ezaugarriak eta instalatzeko modua 1966.eko Igogailuei buruzko Erregelamendu horretan xedatatutakoaren araberakoak izango dira edo, bestela, Industri eta Energi Ministerioak 1987.eko irailaren 23an emandako Aginduan ezarritakoa bete beharko da, horren bidez onetsi baitzen Igogailuei eta horien mantenimenduari buruzko Erregelamenduaren MIE-AEM1 Betebehar Tekniko Osagarriaren testu berria (azaroaren 8ko 2291/1985 Errre Dekretua).

Kabinetan ate berriak jarri ondoren, sarbidearen zabalera ezin izanen da Igogailuei buruzko 1996.eko Erregelamenduaren 57. artikuluan ezarritako gutxieneko neurritik beherakoa izan, eta, kamarak, bidaiarien kopuruaren arabera, Erregelamendu horren 48. artikuluan edo I.T.C.-MIE-AEM1eko 8.2.4. artikuluan zehazturiko azalera izan beharko du gutxienez, kasu berezietan izan ezik, non Administrazioaren organo eskudunak baimena eman beharko baitu.

Laugarren artikulua.-Kabina guztien barruan igogailua zein oinetan dagoen adierazteko sistema bat paratu beharko da, argizkoa, behatxulo baten bidezkoa edo bestelakoa.

Bosgarren artikulua.-Aulki gurpildunak behar dituzten elbarriek erabiltzen dituzten kabinetan, solairuetako ateak automatikoki irekitzen badira, atepean zerbait dagoela antzematen denean atea ixtea galarazteko detektagailuak paratu beharko dira.

Zerbaiten presentzia antzemateko detektagailuok igogailua erabiltzen segitzen den bitartean mantendu beharko dira, igogailuen erabiltzaileen artean sortzen diren beharren arabera.

Seigarren artikulua.-Igogailuetako kabinetan larrialdietako ekipo bat jarri beharko da, errekargatzeko elikadura automatikoa duena, gutxienez, watt bateko lanpara bat ordu batez elikatzeko modukoa, eta horrekin batera larrialdietarako sistema bat, ikusterreza eta eskura paratua, erabiltzaileak kanpokoei laguntza eska diezaien, alarma akustiko baten bidez, interkomunikatzaile baten bidez, telefono bidez edo antzeko beste tresna baten bitartez. Larrialdietako argiak eta laguntza eskatzeko sistema energi hornidura arruntak huts egiten duen aldiro piztu beharko dira automatikoki.

Zazpigarren artikulua.-Foru Agindu honetako aurreko artikuluetan xedatutakoa ondorengo epe eta baldintzetan bete beharko da:

1. Aldizkako Ikuskapen Orokorra 1996. urtean egin behar duten igogailuetan, ikuskapen hori egin eta 18 hilabeteko epearen barruan.

2. Aldizkako Ikuskapen Orokorra 1997. urtean edo ondorengoetan egin behar duten igogailuetan, ikuskapen hori egin eta 12 hilabeteko epearen barruan.

3. Erregelamenduzko Ikuskapen eta Kontrolerako entitateek (ENICRES) Agindu honetan aurreikusitako instalazioren bat falta dela antzematen badute, Aldizkako Ikuskapen Orokorraren Aktetan azaldu beharko dute, hutsegite larria egin dela adieraziz, eta horiek konpontzeko epea ezarri beharko dute, artikulu honetako 1 eta 2. idazatian zehaztutakoari jarraikiz.

Zortzigarren artikulua.-Foru Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez bada, Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legean ezarritako zehapenak aplikatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Kabinetan ateak paratu ahala, igogailuetako titularrek ez dute jarri beharrik izango Industriako Ministerioaren 1976.eko uztailaren 20ko Aginduaren hirugarren idazatian adierazten den kontuz ibiltzeko kartela.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Industri Zuzendaritza Nagusiari ahalmena ematen zaio Foru Agindu hau aplikarazteko behar diren neurriak har ditzan.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egunen buruan hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamahiruan.-Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilaria, Iñaki Cabasés Hita.

Iragarkiaren kodea: A9604091