70. ALDIZKARIA - 1996ko ekainaren 10a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

FORU AGINDUA, 1996.eko maiatzaren 13koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak emana, produktuak merkaturatzen diharduten nekazaritzako kooperatibek 1996. urtean hartzen dituzten kanpainako kredituak finantzatzeko laguntzak zehazten dituena.

Produktuak merkaturatzen diharduten nekazaritzako kooperatibek hartzen dituzten kanpainako kredituak, urte batetik beherakoak, finantzatzeko laguntzak irailaren 28ko 297/1992 Foru Dekretuan ezarri ziren. Foru Dekretu horren bidez Nafarroako nekazaritza egituren eraginkortasuna hobetzeko laguntzen Erregelamendua onetsi zen; 1992.eko urriaren 5eko Foru Aginduak garatu zuen Foru Dekretu hori.

Kontutan hartuz gaur egun aurrekontuan dauden mugapenak, komenigarria da ezartzea zein sektorek izanen duten lehentasuna, laguntza horiek funtsean eman ematen baitira nekazari asoziatuek beren lanaren etekina jasotzearren, ekoizpen ziklo edo kanpainen iraunaldi luzeek ezarritako epe luzeak bukatu arte esperatu gabe.

Horrenbertzez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuak proposaturik,

XEDATU DUT:

1. artikulua. Produktuak merkaturatzen diharduten nekazaritzako kooperatibei 1996. urtean ematen ahal zaizkien kanpainako kredituak, urte batetik beherakoak, finantzatzeko dirulaguntzen zenbateko osoa hogeita hamabortz milioi pezetakoa izanen da eta nekazari asoziatuei ordaintzeko erabiliko da.

2. artikulua. 1996. urtean ondoko sektore hauetako kooperatiben eskariek lehentasuna izanen dute:

a) Fruta eta barazki freskoak: biltegitzeagatik bakarrik, hiru hilabete baino gehiagoko aldian.

b) Fruta eta barazki eraldatuak: dirulaguntzak lehen eta bigarren graduko kooperatiba eraldatzaileei emanen zaizkie, eraldatzen dituzten produktuengatik, frantsesporrua izan ezik.

c) Ardandegiak: dirulaguntzak ardandegi kooperatibei emanen zaizkie, ontzeko eta zahartzeko prozesuan duten ardoagatik; Kontseilu Arau-emaileak ziurtatuko du hori.

d) Behi eta txerri-azienda: zikloak luzatu edo ixteko kredituek bakarrik jasoko dute hobaria.

3. artikulua. 1992.eko urriaren 5eko Foru Aginduak galdatzen duen dokumentazioa gorabehera, dirulaguntzen eskariez gain kooperatiba eskatzaileek bazkideei ordainketak egiteko egutegi-konpromezua aurkeztu beharko dute.

4. artikulua. 1. Mailegu edo kredituen zenbatekoa ez da bazkideei ordaindu beharrekoa baino handiagoa izanen, kooperatibak aurkeztuko duen egutegi-konpromezuaren arabera.

2. Mailegu edo kredituen epea ez da bederatzi hilabete baino handiagoa izanen, 2. artikuluaren a) letrako kasuari dagokionez.

5. artikulua. 1. Foru Agindu honek indarra hartu ondoren, mailegu edo kredituaren poliza formalizatzetik hasi eta hilabeteko epean eta, beti ere, azaroaren 1a baino lehenago, aurkezten diren eskariak bakarrik onartuko dira.

2. Eskarien zenbatekoa aurrekontukoa baino handiagoa bada, aplikatu beharreko korrituaren hobaria eskari horien artean hainbanatuko da.

6. artikulua. Kooperatiba onuradunak ekarritako datuak eta, batez ere, bazkideei ordaintzeko egutegi-konpromezua ez betetzeak edo faltsutzeak berekin ekarriko du dirulaguntzak galdu eta, hala behar denean, ordurarte ordaindutakoak itzultzea.

AZKEN XEDAPENA

Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko maiatzaren hamahiruan.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: A9604200