70. ALDIZKARIA - 1996ko ekainaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

T U T E R A

Tuterako Udalean jantzitegiko peoi bat, lan-kontratuarekin eta denbora mugagabez lanaldi ez-osoan aritzekoa, oposizio bidez hartzeko deialdia

Udalak, 1996.eko maiatzaren 3an egin osoko bilkuran, Tuterako Udalean jantzitegiko peoi bat, lan-kontratuarekin eta denbora mugagabez lanaldi ez-osoan aritzekoa, oposizio bidez hartzeko deialdiaren oinarriak argitaratzea erabaki zuen, bertzeak bertze, Ekonomiaz, Kontuez, Ogasunaz, Ondareaz, Zerbitzuez, Kontratuez eta Gai Orokorrez diharduen Informazio Batzordeak proposaturik. Hona hemen.

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa.-Arau orokorrak.

1.1. Tuterako Udalean jantzitegiko peoi bat, lan-kontratuarekin eta denbora mugagabez lanaldi ez-osoan aritzekoa, oposizio bidez hartzea da deialdi honen xedea. Zerbitzuak, batez ere, "Elola" Udal Kiroldegia eta "Ribotas" (frontoia) kiroltokian eman beharko dira, uda partean eta igerilekuetako denboraldian, urte bitarte honetan: ekainaren 15etik irailaren 30era, biak barne.

Betebeharrak kategoriari dagozkionak izanen dira, baita manatzen zaizkionak ere udako kanpainarekin eta igerilekuetako denboraldiarekin ikustekorik badute, Udalaren kirol instalazioen zainketa eta mantenimenduaren arloan.

1.2. Deialdi honetako lanpostu kopurua gero handitzen ahalko da, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitara ematen duen egunean hutsik dauden lanpostuak bete arte, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat.

1.3. Zortzigarren oinarriak aipatzen duen probaldia inork uko egin gabe iragandakoan, izangai hautatua Tuterako Udaleko lan-kontratudun bilakatuko da, denbora mugagabez lanaldi ez-osoan aritzeko.

1.4. Lanpostuaren lansariak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratuan D mailakoentzat ezarritakoak izanen dira. Antzinatasuneko osagarria lanpostuari atxikitako oinarrizko soldataren ehuneko lau izanen da, egiazko zerbitzuetan eginiko hiru urterentzat.

1.5. Lanaldia Nafarroako Administrazio Publikoen langileendako ezarritakoa izanen da eta haren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da.

1.6. Lan eta enplegu baldintzei dagokienez, oinarri hauetan jasotzen ez baitira, Udalaren esku den orotan men eginen zaio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateratua onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 E.D.L.an eta Tuterako Udaleko funtzionario eta lan-kontratudun finkoen nahiz aldi baterakoen lan baldintzei buruz 1996.eko martxoaren 22ko 36. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen erabakian xedatutakoari.

1.7. Deialdiak eta beren oinarriak lotesleak dira administrazioarentzat, hautaprobak juzkatu behar dituzten epaimahaientzat eta horietan parte hartzen dutenentzat.

Bigarrena.-Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetara onartuak izateko eta hauta-probetan parte hartzeko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean honako beharkizun hauek betetzen dituztela adierazi behar dute beren eskabidean:

a) Nazionalitatez espainiarra izatea eta adinez nagusia izatea. Abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen 1. artikuluari eginen zaio men.

b) Eskola ziurtagiria edo horren baliokide den bertzeren bat izatea, edo eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean eskuratzeko maneran egotea.

c) Lanpostu horretan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo zigortua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik egotzia ez izana.

2.2. Lanpostua lortzen duen izangaiak arestian aipatu baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du deialdiaren 7.3 oinarrian zehazten diren modu eta epean.

Hirugarrena.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Tuterako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, udal bulegoak irekita dauden orduetan eta lanegunetan. Bertzenaz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko araudian aurreikusten den gisa ere egin daiteke.

Eskabidearen eredua I. eraskinean agertzen da.

3.2. Ezintasunen bat dutenek eskabidean azaldu beharko dute zein motatakoa den. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabideen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu beharko dituzte.

3.3. Eskabidearekin batean udal diruzaintzan (Herriko Etxeko hirugarren oinean) 1.000 pezeta ordaindu izanaren gordekina ekarri beharko da, espedientea gauzatzearen eta azterketarako eskubideen ordain. Hura ez aurkeztea probetan parte hartzetik baztertzeko arrazoi aski izanen da. Ordainketa horretatik salbuetsiko dira INEMeko lan eskariaren txartela daukatenak, langabezi saririk bat ere biltzen ez badute.

3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Laugarrena.-Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Halaberean ohartaraziko du ezen, ondoko hamar lanegunetan, izangai baztertuek erreklamazioak aurkezten ahalko dituztela eta, akatsik egin badute, horiek zuzendu.

4.2. Epe hori ahitu eta horiek ebatzitakoan, alkateak izangai onartu eta baztertuen behin-betiko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko. Argitalpen horretan adieraziko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua. Probak ez dira deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hiru hilabete iragan gabe hasiko; aurreikus daitekeenez, 1996.eko urrian.

5. oinarria.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Mahaiburua: Angel Pérez Marañón.

Epaimahaiburu ordezkoa: José Ignacio Baile Ayensa.

Lehen mahaikidea: Luis Segura Casado.

Lehen mahaikidearen ordezkoa: José Luis Sangüesa Ochoa.

Bigarren mahaikidea: Javier Osta Lasheras.

Bigarren mahaikidearen ordezkoa: Javier Vázquez Izquierdo.

Hirugarren mahaikidea: Jesús Enciso Zardoya (langileen ordezkari).

Hirugarren mahaikidearen ordezkoa: Ana Cristina Sebastián Ciria (langileen ordezkari).

Mahaikide-idazkaria: María Paz Arto Alonso.

Mahaikide-idazkariaren ordezkoa: Mercedes Bonilla Rodrigo.

5.2. Epaimahaiak probak hasi aitzin eratu beharko du. Horretarako eta iharduteko, guttienez, kideen gehiengo absolutua beharko du bere hartan.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu oinarri hauek interpretatu eta aplikatzeko orduan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahalko ditu proba guzti zein batzuetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baino ez dute lagunduko epaimahaia.

Seigarrena.-Oposizioaren garapena.

6.1. Ariketa bakoitzera agertzeko deialdi bakarra eginen da, eta hartara izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute, baita boligrafoa, arkatza eta borragoma ere. Probak egitera agertzen ez direnak bazterturik geldituko dira.

6.2. Hautaprobetan, halakorik eskatu duten ezinduendako egokitzapenak eginen dira, modu eta denborazkoak, eskabidean azaldu dutenaren arabera.

6.3. Gutunazal itxiak erabiliko dira.

6.4. Oposizioa ondoko ariketek osatuko dute:

Lehen ariketa.-Bi proba hauek osatuko dute:

a) Epaimahaiak prestatu edo hautaturiko agiri baten zuzenketa ortografikoa egin beharko da 15 minututan.

Ariketa honi 20 puntu emanen zaio gehienez eta gainditzeko guttienez ere 10 puntu eskuratu behar dira.

Ortografi edo azentuazio akats bakoitzagatik 0,5 puntu kenduko da eta 0,25 puntu, berriz, gainerako puntuazio akatsengatik.

b) Matematikako 5 problema, Eskola Graduatuaren mailakoak, ordubetez egin beharko dira (oinarrizko erregelak -batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketa-, korritua, ehuneko hainbatekoak, zatikiak, pisu eta neurriei buruzko problemak, edukierei buruzkoak, azalerak eta bolumenak, banaketa zuzenki eta alderantziz proportzionalak, ekuazioak eta erro karratuak). Problema bakoitzari 4 puntu emanen zaio gehienez eta osotara 10 puntu behar da, guttienez, gainditzeko. Proba honek gehienez ere 20 puntu izanen ditu.

Ezin izanen da kalkulagailurik erabili.

Bigarren ariketa: oinarrizko proba batzuk izanen dira, praktikoak, egin beharreko lanarekin ikusteko dutenak.

Ariketaren iraupena epaimahaiak zehaztuko du hasi aitzin.

Gehienez ere 40 puntuko balorazioa izanen du, eta guttienez ere 20 puntu beharko dira gainditzeko.

Hirugarren ariketa: oinarri hauetako II. eraskinean agertzen diren gaien edukiari buruzko hogei galdera motz erantzun beharko dira, gehienez ere bi ordutan. Proba gainditzeko guttienez ere 10 puntu erdietsi behar dira, proba honek gehienez ere esleiturik dituen 20 puntuetatik. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 0tik puntu 1 bitarte bilduko du.

6.5. Oposizioko ariketen balorazioak 100 puntu izanen ditu gehienez.

6.6. Ariketa bakoitzaren zuzenketa bukaturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitzak ateratako puntuazioaren hurrenkeran, jendaurrean jarriko du aitzineko probak egin diren tokian nahiz Udaletxeko iragarki oholean. Hartan, oposizioko hurrengo proba edo ariketa non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko den ezarriko da, guttienez hogeita lau edo berrogeita zortzi ordu lehenago hurrenez hurren.

Zazpigarrena.-Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Izangaien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Udaletxeko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, oposizioa gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda hori alkate-udalburuari igorriko diote, hala iritziz gero, hasiera batean deitutako lanpostuen kopurua handitzeko behar den ebazpena eman dezan, Administrazio Publikoetan Sartzeari buruzko Erregelamenduaren 11. artikuluak dioenari jarraikiz.

7.2. Aitzineko atalean azaldu Ebazpenaren jakinarazpena jaso ondoan, epaimahaiak alkate udalburuari lanpostuak esleitzeko proposamena igorriko dio gainditu duten izangaien alde, deialdiko lanpostuko kopuruan sartzen ahal diren neurrian. Horietan barne izanen dira aitzineko atalean aipatu den kopuru handitzearen ondoriozko lanpostuak, halakorik egin baldin bada. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.3. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, lanegun batean, Udaletxeko erregistro orokorrean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren jatorrizkoa eta fotokopia.

b) Eskola Ziurtagiriaren edo horren baliokideren baten fotokopia eta jatorrizkoa, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarenak.

c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo baztertua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik egotzia izan ez dela adierazten duena.

d) Ziurtagiri medikoa, karguari dagozkion eginkizunetan aritzeko inolako eritasun edo akats fisikorik ez duela adierazten duena.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguari dagozkion eginkizunak zorrozki beteko dituela.

7.4. Aipatu epean agiri horiek ekartzen ez dituena, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da kontratatu eta egindako iharduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deialdian parte hartzeko eskabidean egindako faltsukeria dela-eta etor litezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe.

7.5. Aitzineko artikuluan aurreikusitakoa gertatuz gero, alkate udalburuak 7.1. oinarrian adierazitako zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea eta horrekin ere arestiko ataletan adierazi bezala jokatuko da.

Zortzigarrena.-Lanpostuen esleipena.

Tuterako Udaleko alkate udalburuak esleituko dizkie lanpostuak proposaturiko izangaiei. Lan-kontratua eginen zaie, izangaiek ordainsaririk eskuratzeko eskubiderik izan gabe. Eta hilabeteko probaldia iragandakoan, gainditzen duten langileak lan-kontratudun finkoak bilakatuko dira, denbora mugagabez lanaldi ez-osoan aritzeko. Lanpostuak esleitzeko idazkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

9. oinarria.-Helegiteak.

Deialdi honen aurka, bere oinarrien aurka eta horietatik nahiz hautapen organoen iharduketatik datozen egintza administratibo guztien aurka ere jo dezakete interesatuek administrazio prozeduraren gaineko arauetan aurreikusten diren kasuetan eta moduan. Interesatuek bidezkotzat jotzen dituztenez landa, honako helegite hauetakoren bat paratzen ahal dute, hautara:

a) Administrazioarekiko helegitea, Nafarroako Auzitegi Nagusian dagokion Sailean, erabaki hau argitaratu edo helegin nahi den aplikazio egintzaren jakinarazpena eman eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Horrelako kasuetan, Organo horri helegitea jartzeko asmoaren berri eman beharko zaio; edo bertzenaz,

b) Gora jotzeko helegitea zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegian, erabaki hau argitaratu edo helegin nahi den aplikazio egintzaren jakinarazpena eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Izena: ................... N.A.N. zenbakia: ........ Jaioteguna: ............. Sorterria: ........... (......) Bizitokia: .......... (......) Karrika: ............ Zenbakia: ........... Posta kodea: ........ Telefonoa: ..........

Adierazten du:

Tuterako Udalean jantzitegiko peoi bat, lan-kontratuarekin eta denbora mugagabez lanaldi ez-osoan aritzekoa (finko jarraigabea), oposizio bidez hartzeko deialdira onartua izatea eskatzen duela. Eta adierazten du galdaturiko baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

-Kargu horretan aritzeko eragozten ahal dion eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela.

-Indarra duten xedapenetan bilduriko ezgaitasun kasuetan ez dagoela.

-Administrazio publikoaren zerbitzutik ez dela inoiz diziplina espedientearen bidez egotzia izan eta ez dela eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua izan.

-Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren jabe dela.

-Deialdian ezarritakoari jarraikiz azterketa egiteko eskubideak ordaindu dituela eta horri dagokion gordekina honekin batean doala.

Ezintasunik baduela eta, hortaz, ondoren adierazten den egokitzapena eskatzen duela. (Bertze orri batean adierazi beharko da ezintasuna nolakoa den eta eskatzen diren egokitzapenak)

Ez duela ezintasunik

(X batez adierazi bidezko dena).

Horrenbertzez:

Eskabide hau onar dezazun eskatzen du eta, hortaz, Tuterako Udaleko jantzitegiko peoi bat oposizio bidez hartzeko deialdira onar dezazun.

Tuteran, 19.....(e)ko ...........aren .....(e)an.

(Sinadura)

Tuterako Udaleko alkate udalburua.

II. ERASKINA

1. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratua (abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegilea; 1993.eko irailaren 1eko 107. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa):

-Xedapen orokorrak.

-Lan-kontratudunak.

2. gaia.-Langileen Estatutuari buruzko Legea (martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu Legegilea, legearen testu bateratua onetsi zuena; 1995.eko martxoaren 29ko 75. "Estatuko Aldizkari Ofiziala"):

-Laneko eskubide eta betebehar oinarrizkoak (4 eta 5. artikuluak).

3. gaia.-Laneko arriskuen prebentzioa: langileen betebeharra arriskuen prebentzioaren arloan (azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 89. artikulua; 1995.eko azaroaren 10eko 269. "Estatuko Aldizkari Ofiziala").

4. gaia.-Tuterako Udalaren egitura organiko- administratiboa eta funtzionala (1995.eko urriaren 20ko 130: Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa).

5. gaia.-Udalaren kirol instalazioen araudia:

-Hura arautzen duen ordenantza fiskala.

-Udalaren kirol instalazioak erabiltzeko araudia.

-Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak jorratzen dituen kirol instalazioen aipamen laburra (1990.eko urriaren 17ko 249. "Estatuko Aldizkari Ofiziala").

6. gaia.-Janariak eta edariak hartzen diren establezimenduetako osasun eta higiene baldintzak arautzen dituen ordenantza, Tuterako Udalak emana baldintza (1995.eko ekainaren 7ko 72. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean). Osasunari buruzko 2. Ordenantza: ostalaritzako establezimenduak eta gisakoak.

Iragarkiaren kodea: A9604111