66. ALDIZKARIA - 1996ko maiatzaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Ebazpenak

269/1996 EBAZPENA, apirilaren 29koa, Toki Administrazioko zuzendari nagusiak emana, Zigandako (Atez) Kontzejuaren iraungipen espedientea jendaurrean jartzen duena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 44.1 artikuluan xedatu zuen kontzejuak iraungiko direla, besteak beste, 16 zuzenbidezko biztanle baino gutxiago dituztenean. Halaber, lege bereko Lehen Xedapen Gehigarriak baldintza bezala ezarri zuen, aipatu eskubidezko biztanleriak jarraikako hiru urtez izan behar duela 16 kide baino gutxiagokoa, legea indarrean sartu zenetik hasita.

Kontzeju honen eskubidezko biztanleen zenbatekoak aztertu ondoren, hain zuzen ere Ekonomi eta Ogasun kontseilariak eman Foru Aginduaren bidez onetsitakoak, ohartu da 1991.etik hona Zigandako Kontzejuko biztanleak hamasei baino gutxiago izan direla. Horixe da kontzeju horren iraungipena xedatzeko prozeduraren hasiera eskatzeko arrazoia.

Azaroaren 26ko Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 legearen 86. artikuluan aurreikusitakoa betez, bidezko da aipatu espedientea jendaurrean jartzea.

Hori horrela, eta Toki Administrazio kontseilariak abuztuaren 9ko 228/1995 Foru Aginduaren bidez esleitu dizkidan eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Zigandako Kontzejuaren (Atez) iraungipen espedientea hilabeteko epean jendaurrean jartzea, edozein pertsona fisiko edo juridikok bidezko iruditzen zaizkion alegazioak egin ahal ditzan.

2. Ebazpen honen berri Zigandako kontzejuari eta Atezko Udalari ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko apirilaren hogeita bederatzian.-Toki Administrazioko zuzendari nagusia, Manuel Lezana Odriozola.

Iragarkiaren kodea: a9603960