66. ALDIZKARIA - 1996ko maiatzaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

221/1996 FORU DEKRETUA, maiatzaren 20koa, urtarrilaren 31ko 31/1994 Foru Dekretua aldatzen duena. Dekretu horretan nekazaritza lurretako basogintza neurrientzat laguntza erregimena ezarri zen.

Nekazaritza lurretako basogintza neurrientzat laguntza erregimena ezarri zuen urtarrilaren 31ko 31/1994 Foru Dekretuak bere 11. artikuluan ustiategien gehieneko laguntzak ezartzen ditu, onuraduna zein den, haren arabera.

Amaitutako oihaneztapen bi kanpainetan bildutako esperientziak erakutsi du onuradun zenbaitek ezin izan duela nahiko zituen lurzati guziak oihaneztatu, ezarri zen languntzen muga zela karia. Horrenbestez, ez da nahi adinako zabalerako basorik sortzen.

Bestalde, baliabide ekonomikoak banatzean ez dago arazorik, dirulaguntzak eskatzaile gutxi batzuek biltzean, alegia, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritza lurretako basogintza neurriak aplikatzeko programan hasiera batean aurrikusitakoak, oihaneztatu nahi diren lurzatiei dagokienez, ez baitira bete eskaera faltagatik. Lurzati haiek uste baino gutxiago izan dira eta horregatik 31/1994 Foru Dekretua aldatu egin da neurri batean, ustiategien gehieneko laguntzei dagokienean.

Hori dela eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariaren proposamenari jarraikiz eta Nafarroako Gobernuak maiatzaren 20an egindako bilkuran hartutako Erabakiaren arabera,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra.-Aldatu egin da urtarrilaren 31ko Foru Dekretuaren 11. artikulua, gisa honetan geratzen delarik:

"11. artikulua. Gehieneko laguntzak ustiategientzat.

1. Muga hauek izanen dituzte ustiategiei emanen zaizkien dirulaguntzek:

-Nekazaritza ustiategien titularrak: 15.000.000 pezeta.

-Oihan batasunak: Kide kopurua x 15.000.000 pezeta.

-Eskubide publikoko entitateak eta Nafarroako tradiziozko beste batasunak: 30.000.000 pezeta.

-Beste pertsona fisiko nahiz juridiko batzuk: 5.000.000 pezeta.

Zenbateko horietan ez daude sartuta errenta galtzeagatik eman daitezkeen beste laguntza batzuk."

2. Nolako lanak egin behar diren ikusita, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuak proiektu teknikoa aurkeztu dakion eskatu ahalko du.

Proiektuen erredakzioaren kostua, laguntzen zenbatekoa zehaztearren, burutu beharreko jarduketaren exekuzio aurrekontuaren barrenean sartuko da."

XEDAPEN IRAGANKORRA

1996/97 kanpainakoak izan eta 31/1994 Foru Dekretuaren arabera egindako eskaerak, Foru Dekretu honek indarra hartu baino lehen aurkeztuak edo aurkezten badira, Foru Dekretu honetan biltzen direnak aplikatu ahalko zaizkie baldin onuradunak Foru Dekretu honek indarra hartu eta hamabost eguneko epean eskabide osagarria aurkezten badu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariari Foru Dekretu hau aplikatu eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hogeian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Otano Cid.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: A9604305