66. ALDIZKARIA - 1996ko maiatzaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

215/1996 FORU DEKRETUA, maiatzaren 13koa, elikagaien kalitate izendapenei buruzko arauak aldatzen dituena.

Abenduaren 2ko 25/1970 Legeak, "Mahasti, Ardo eta Alkoholen Estatutuak" aurreikusten duenez jatorrizko izendapeneko eta izendapen espezifikoko produktuen Kontseilu Arau-emaileak Administraziotik jaiotako organoak izan daitezke, hots, haren menpekoak eta izaera juridiko berezirik gabeak; edo bestela, autonomia dutenak, iharduera zuzenbide pribatuari lotua duten entitate publikoak, baina beren xedeak erdiesteko behar den autonomia dutenak eta, horretarako, Administraziotik ateko izaera juridikoa, lanean aritzeko gaitasun osoa eta merkataritzako enpresa baten erregimen kudeaketa, zuzenbide pribatuari eta merkataritzaren erabilera onari lotua.

Kontutan harturik jatorrizko izendapenak eta izendapen espezifikoak, eta oro har nekazaritzako produktuen sektorea, 25/70 Legea aldarrikatu zenean falta zuten heldutasunera ailegatu direla, eta Kontseilu arau-emaileen gidaritza produktu babestuak arautu, kontrolatu eta sustatzen dituzten profesionalei dagokiela.

Kontutan harturik Nafarroako jatorrizko izendapenen eta izendapen espezifikoen Kontseilu arau-emaileak 25/1970 Legeak ezartzen duen autonomi estatutua emateko baldintzak betetzen dituela.

Kontutan harturik Kontseilu arau-emaileei autonomia ematea lagungarria izanen zaiela zuzenbide, finantza eta merkataritza esparruetan aritzeko, eta autonomiagatik ez dutela galduko Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako Departamentuaren babes eta zaintza.

Kontutan harturik "Consejo de la Producción Agraria Ecológica de Navarra-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak", irailaren 4ko 287/1995 Foru Dekretuaren bidez sortuak, jatorrizko izendapenen eta izendapen espezifikoen Kontseilu Arau-emaileen izaera juridiko berbera izan behar duela.

Kontutan harturik Europako Batasunean nekazaritzako produktuen eta elikagaien jatorrizko izendapenei eta izendapen geografikoei buruz gaur egun indarra duen araudia (1992ko uztailaren 14ko Kontseiluaren 2081/92 Erregelamenduan bildua batez ere), Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia eta Europako Komunitateeen Batzordearen irizpideak -jakinarazpen askotan adieraziak-, adierazten baitute Autonomi Elkarteek onartutako kalitatezko izendapen edo labelak bihurtu behar direla, kasuan kasu, jatorrizko izendapen, edo jatorrizko izendapen geografiko (jatorrizko izendapenaren baliokide) edo bermedun marka;

Hori horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamahiruan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Ondoko Kontseilu arau-emaileoi abenduaren 2ko 25/1970 Legearen 99. artikuluan aurrikusitako autonomi estatutua ematea, "Mahasti, Ardo eta Alkoholen Estatutua" hain zuzen.

-"Nafarroa" Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu arau-emaileari.

-"Erronkari" Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu arau-emaileari.

-"Lodosako Pikilo-piperra" Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu arau-emaileari.

-"Nafarroako Patxarana" Izendapen Espezifikoaren Kontseilu arau-emaileari.

2. artikulua. Nafarroako Nekazaritzako ekoizpen ekologikoa eta bere elaborazio eta eta merkaturatzea arautzen dituen irailaren 4ko 287/1995 Foru Dekretuaren 5. artikulua aldatzen da, eta kontrolerako agintea ezartzen. Hemendik aurrera artikuluaren edukia hau izanen da:

"5. artikulua. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua.

1. "Consejo de la Producción Agraria Ecológica de Navarra (CPAEN)-Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK) eratzen da, Nafarroako lurraldean kontrolerako aginte-organo bakarraren eginkizunak izan ditzan.

2. CPAEN-NNPEK-ek entitate publikoaren izaera izanen du. Bere xedeak betetzeko autonomia izanen du, bere nortasun juridikoa eta helburuak garatzeko gaitasun osoa ere bai, eta kudeaketa eta xedapen egintza mota guztiak egiten ahal ditu. Bere iharduketa zuzenbide pribatuari eta merkataritzako erabilera onari lotua egonen da, eta ez zaio aplikatuko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko Foru Legea".

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehenbizikoa.-Indarrik gabe gelditu da apirilaren 30eko 101/1987 Foru Dekretua, Nafarroan ekoiztutako nekazaritzako elikagaien "Nafarroako kalitatezko izendapena" sortu zuena. Hala ere, "Tuterako Alkatxofa" eta "Nafarroako Aratxea" Nafarroako kalitatezko izendapenek beren horretan iraunen dute Europako Batasuneko 2081/92 Erregelamenduaren arabera akordioa aldatzen den arte.

Bigarrena.-Indarrik gabe gelditu dira, bestetik, Foru Dekretu hon etan xedatutakoari kontra egiten dioten lerrun bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Lehenbizikoa.-Ahalmena ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilariari Foru Dekretu hau aurrera eraman eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko maiatzaren hamahiruan.- Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Javier Otano Cid.-Nekazaritza, Abeltzaintza eta Herrien Sustapenerako kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: A9604058