66. ALDIZKARIA - 1996ko maiatzaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

174/1996 FORU AGINDUA, maiatzaren 6koa, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, Nafarroako Agiritegi Orokorrean lanbide praktikak egiteko hiru beken deialdia onesten duena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bidez, Nafarroako Argiritegi Orokorrean lanbide praktikak egiteko hiru beken deialdia egin du, Filosofia eta Letretako lizentziatuendako, beren prestakuntza akademikoa osatu ahal izan dezaten agiritegi historikoen antolamendu nahiz funtzionamenduaren ezagupen teoriko eta praktikoarekin, oinarri hauei jarraikiz:

O I N A R R I A K

1.-Eskaria egiteko epea.

Deitutako beka deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta ondoko hamabortz egun naturalen barrenean eskatzen ahal dira.

2.-Betebeharrak.

2.1. Bekak eskuratu ahal izateko baldintza da nafarra izatea edo deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman baino lehen helbidea Nafarroan edukitzea. Gainera, Filosofia eta Letretako Lizentziatu tituluaren jabe izan behar da. Ez dute aukerarik izanen aurretik Liburutegi, Museo eta Agiritegietan praktikak egiteko Nafarroako Gobernuak emandako bekez baliatu direnek.

2.2. Eskatzaileek Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean -edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein eratan- agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabide-orria.

b) Nortasun Agiri Nazionala eta/edo helbidea Nafarroan duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasturte bakoitzeko ikasgai guztien kalifikazioekin.

d) Izangaiaren "curriculum vitae-a", ikasketa osagarriak, ikastaroak, argitalpenak, lortutako bekak, egindako ikerlanak, eta izangaiak egoki juzkatzen dituen gainerako iharduera edo merezimendu guztiak adierazten dituena. Agertutako merezimenduak agiri egokien bidez behar dira egiaztatu.

3.-Hautapena.

3.1. Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariak horretarako izendatuko duen Batzordeak hautatuko ditu bekadunak. Batzorde horrek, aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratuko ditu, eta bekak puntu gehien ateratzen dutenei ematea proposatuko du, ondoko baremoan oinarrituz:

-Ikasketa-espedientea: gehienez ere 10 puntu.

-Bertzelako ikasketak, ikastaroak, etab.: gehienez 5 puntu.

-Argitalpenak, bekak, etab.: gehienez ere 5 puntu.

Azkeneko bi idazati horiek aipatzen dituzten ikasketa, ikastaro, argitalpen, beka etab.ek nahitaez Artxibistika, Dokumentazio, Paleografia edo Diplomatikari buruzkoak izan beharko dute puntuak lortu ahal izateko.

3.2. Bekak Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilariaren Foru Aginduaren bidez emanen dira.

3.3. Edozein arrazoi dela-eta emandako bekari uko egiten bazaio, "Vianako Printzea" Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari eman behar zaio aditzera.

Norbaitek bekari uko eginez gero, Batzordeak bekak emateko ezarri duen puntuazio ordenari jarraikiz beteko da haren lekua.

4.-Diru zenbatekoa eta ordainketa.

4.1. Beka bakoitzaren zenbatekoa 750.000 pezetakoa da.

4.2. Bi hilabetero ordainduko da, Agiritegi eta Dokumentu Ondarearen atalburuak aldeko txostena eman ondoan.

5.-Iraunaldia.

Bekek hamabi hilabete iraunen dute praktikaldian Nafarroako Agiritegi Orokorrean.

6.-Bekadunen eginbeharrak.

6.1. Bekadunek, txandaka beteko dute beren iharduera Nafarroako Errege Agiritegiaren eta Agiritegi Orokorraren atal eta zerbitzu ezberdinetan. Gisa horretan, fondoak antolatzen eta atal bakoitzeko aurkibideak prestatzen, eta laguntzako liburutegiko eta hemerotekako fondoen kontrolerako kudeaketa teknikoan parte hartuko dute, baita ikertzaileei harrera egiten eta aretoko zerbitzuan ere.

6.2. Praktika hauek Nafarroako Agiritegi Orokorrean eginen dira, astean hogeita hamar ordu horretan emanez. Bekadunek, praktikaldik irauten duen bitartean, hogeita hamar egun opor izanen dituzte.

Bekadunek ez dute lan harremanik izanen Nafarroako Agiritegi Orokorrarekin.

6.3. Praktikaldia bukaturik, bekadun bakoitzak Ondare Historikoaren Zerbitzura igorriko du egindako lanei buruzko memoria, bai eta eskuratutako ezagupen eta teknikei buruzko balorazioa ere.

7.-Praktiken ziurtagiria.

7.1. Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, bekadunaren memoria eta agirizain nagusiaren txostena ikusirik, asistentzia eta probetxamenduaren ziurtagiria luzatuko du, onuradunak eskuratutako ikasketa eta ezaguera mailaren arabera.

8.-Gorabeherak.

8.1. Oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor litezkeen gorabeherei buruzko ebazpena Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

8.2. Deialdi honetan aurreikusitako eginbeharrak ez betetzeak beka kentzea ekarriko du berekin.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko maiatzaren seian.-Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri kontseilaria, Pedro Burillo López.

Iragarkiaren kodea: a9604088