66. ALDIZKARIA - 1996ko maiatzaren 31

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Agintariak eta Langileak

EBAZPENA, 1996.eko apirilaren 22koa, Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko Informatika Sistemetako erdi mailako teknikaria izateko 8 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onesten duena.

1996.eko apirilaren 22an Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusiak emandako Ebazpenaren bidez Informatika Sistemetako erdi mailako teknikaria izateko 8 lanpostu huts lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da.

1.-Xedea.

Informatika Sistemetako erdi mailako teknikaria izateko 8 lanpostu huts (plantila zenbakiak: 837, 863, 912, 4193, 4194, 4195, 4196 eta 4197) lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdirako dei egiten da, lana Lehendakaritza Departamentuko Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren Zuzendaritza Nagusian eginen dute.

2.-Lanpostuen kopurua handitzea.

Deialdi honen xede diren lanpostuei geroago gehitu ahalko zaizkie Epaimahai kalifikatzaileak deia egin duen organoari lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako zerrenda igortzen dionean hutsik daudenak.

Lehiaketa honetan beteko dira hasierako deitutako lanpostuak ez ezik aurreko lerroaldean aipatzen den handitzetik heldu direnak ere, bai eta lehiaketan lanpostu berria eskuratzen duten izangaiek hutsik utziko dituztenak ere.

Deitutako lanpostuaren izena ez den beste bat izanda lehiaketa honetan parte hartzen duten lanpostuek lehenbizikoaren izena hartuko dute lanpostu berriaren jabetza hartzean. Era berean, lehiaketaren ondorioz hutsik gelditu eta lehiakideei berriz eskainiko zaizkien lanpostuen izena ere aldatu egingo da.

3.-Baldintzak.

Indarra duten legezko xedapenekin bat, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen dutenek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen langile finkoak izan, ihardunean edo zerbitzu berezietan egonik.

b) B maila edo taldean egotea.

c) Informatika Sistemetako erdi mailako teknikari, Sistema programatzaile, programatzaile analista edo Informatikako programatzaile lanpostu batetarako izendatua izatea.

Abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretu Legegilearen zortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuz, lekualdatze lehiaketa honetan deialdiaren baldintzak betetzen dituzten Parlamentuko funtzionarioek ere parte hartu ahalko dute.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du ekarriko parte hartu aurretik lehiatzaileek zuten araubide juridikoa aldatzea.

4.-Lansariak.

Lekualdatzearen xedea diren langileek indarra duten xedapenen arabera dagozkien lansariak jasoko dituzte.

5.-Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

a) Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek dagokion eskabidea aurkeztu beharko dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokorrean, Iruñeko Karlos III.a etor., 2, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari lotuko zaizkio eta bertan, izangaiek adierazi beharko dute, kasu bakoitzean, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabidea aurkezteko epea amaitzen den egunean.

b) Halaber, deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzen dituzten agiriak, behar bezala kautotuak, erantsiko dira.

c) Eskabideak aurkezteko ezarritako epea luzaezina izanen da.

6.-Onartuen behin-behineko zerrenda eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du, adieraziz hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin eta akatsik izanez gero, horiek zuzendu ahalko dituztela. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusiak lehiaketa eman gabe deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Erreklamazioak egiteko epea amaiturik eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak baztertuen eta onartuen behin-betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

7.-Epaimahaiaren osaketa.

Lehiaketa kalifikatuko duen Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

-Mahaiburua: Juan Santafé Rodrigo jauna, Lehendakaritza Departamentuko Antolaketa eta Auditoretza Zerbitzuko zuzendaria.

-Ordezkoa: Sebastián Hualde Tapia jauna, Lehendakaritza Departamentuko Informazioaren Biltegi eta Teknologi Zerbitzuko zuzendaria.

-Mahaikideak: 1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

Ordezkoa: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren langileen Batzordeak izendatutako ordezkari bat.

2. Julia Bermejo Parra andrea, Lehendakaritza Departamentuko Proiektu Informatiko Berezien atalburua, Epaimahaiko idazkari lanetan arituko dena.

Ordezkoa: Pilar Cabodevilla Górriz andrea, Lehendakaritza Departamentuko Informazio Biltegiaren atalburua.

8.-Merezimenduen kalifikazioa.

Alegatu eta justifikatutako merezimenduak Epaimahaiak kalifikatu eta puntuatuko ditu baremoaren arabera.

Merezimendu guztiak agiri bidez alegatu eta egiaztatuko dira izangai bakoitzak lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztean.

Epaimahaiak ez du inolaz ere kontutan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emango merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.

9.-Izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera.

Epaimahaiak lehiatzaile guztien kalifikazioa egingo du eta lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusiari igorriko dio, honek behar den ebazpena emanen duelarik hasieran deitutako lanpostuen kopurua gehitzeari dagokionez.

10.-Lanpostu hutsen hautaketa.

Lehiatzaileek lanpostu hutsak aukeratu ahalko dituzte lehiaketan lortutako puntuazioaren arabera, eta horretarako Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren Zuzendaritza Nagusian agertu beharko dute adieraziko den egun eta orduan. Aipatutako epetik kanpo eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, eskaera egiten ez duten lehiatzaileek lehaiketaren xedea diren lanpostuak betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusiak, dagokion ebazpenaren bidez, lehiaketan egokitu zaizkien lanpostuak esleitu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

11.-Lanpostuak hartzea.

Lehiatzaileek esleitutako lanpostuak hartu beharko dituzte esleipenari buruzko Ebazpena jakinarazi eta ondoko hamar egun naturaleko epean.

Aipatu epean eta behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan salbu, hala egiten ez dutenek esleitu zaien lanpostua betetzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

12.-Helegiteak.

Deialdiaren eta haren oinarrien eta egintzen kontra helegite arrunta aurkeztu ahalko da Nafarroako Gobernuan hilabeteko epean, helegindako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hasita. Helegite arrunta ebazten duen Erabakiaren kontra administrazioarekiko helegitea aurkeztu ahalko da Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aurrean bi hilabeteko epean.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko apirilaren hogeita bian.-Funtzio Publikoaren eta Antolaketaren zuzendari nagusia, Ignacio Bandrés Urriza.

I. ERASKINA

Eskabide eredua

Eskaera, ................... izateko ..... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez hornitzeko deialdian, ............... eko ......... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara emana, parte hartzekoa.

1) Datu pertsonalak:

Izen-deiturak:

Noiz eta non jaioa:

N.A.N.: ......................

Helbidea:

Telefonoa ...................

2) Datu administratiboak

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendaturik dagoen

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionarioa

Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioa

Gizarte Segurantzatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako langile estatutupekoa

Lan-kontratatu finkoa

Nafarroako Parlamentuko funtzionarioa

Ihardunean

Zerbitzu berezietan

(X batez markatu dagokion kontzeptua.)

b) Egungo destinoa:

Departamentua:

Zerbitzua:

Atala:

Bulegoa:

Erakunde autonomoa:

Lanpostuko telefonoa: ...................

c) Maila edo sailkatze taldea: .................

3) Izenpetzen duenak adierazten du eskabideak aurkezteko azken egunean eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituela.

4) Eskabideari erasten zaizkion merezimenduen frogagiriak.

Iruñean, 199.......eko ....................aren ........(e)an

(Sinadura)

II. ERASKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.-Titulu akademikoak:

-Karrerako ikasgai teknikoetan lortutako bikain bakoitza: 0,10 puntu.

-Karrerako ikasgai teknikoetan lortutako ohorezko matrikula bakoitza: 0,20 puntu.

-Unibertsitateko Goi Mailako titulua, bakoitza: 1,00 puntu.

-Unibertsitateko Erdi Mailako beste titulu batzuk, bakoitza 0,50 puntu.

-Graduatuondokoendako informatikako prestakuntza ikastaroak erakunde ofizialetan, iraupena, frogaturik, gutxienez hogei ikastordukoa bada, gehienez: 1,50 puntu.

-Ikerkuntza edo irakaskuntzako lanak, gehienez ere: 1,50 puntu.

Epaimahaiak denak baloratuko ditu horiek ikusita, bai eta lanaren egilea izangaia bera den edo batzuen artean egina den.

Lanei buruzko separata bat aurkeztuko da.

Ez dira kontutan hartuko merezimendutzat alegatu eta maila goragokoak diren beste titulu batzuk lortzeko ezinbestekoak diren tituluak, baldin eta titulazio haiek baremoaren arabera baloragai badira.

Atal honi dagokion puntuazioa ez da 5 puntu baino gehiagokoa izango.

2.-Administrazio Publikoei emandako zerbitzuak:

a) B mailako lanpostuetan, Informatika Sistemetako erdi mailako teknikari, Sistema programatzaile, programatzaile analista edo Informatikako programatzaile gisa, bertara merezimendu lehiaketa, oposizio lehiaketa edo oposizio bidez sarturik, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,30 puntu.

-Idem, ídem sarbidea ez bada izan merezimendu lehiaketa, oposizio lehiaketa edo oposizioa, 0,15 puntu urte bakoitzeko.

-B mailako lanpostuetan, Informatika Sistemetako erdi mailako teknikari, Sistema programatzaile, programatzaile analista edo Informatikako programatzaile gisa, bertara merezimendu lehiaketa, oposizio lehiaketa edo oposizio bidez sarturik, beste Administrazio Publiko batzuetan karrerako funtzionario edo lan-kontratatu finko bezala emandako zerbitzu urte bakoitzeko: 0,20 puntu.

-Idem, ídem sarbidea ez bada izan merezimendu lehiaketa, oposizio lehiaketa edo oposizioa, 0,10 puntu urte bakoitzeko.

b) Informatika Sistemetako erdi mailako teknikari, Sistema programatzaile, programatzaile analista edo Informatikako programatzailea ez den lanpostu batetan emandako zerbitzuak puntuatzeko honako koefiziente murrizgarriak ezarriko zaizkio, bide den bezala, a) ataleko dagokion lerroaldeari:

A maila (edo goi mailako tituluduna): 0,55.

B maila (edo erdi mailako tituluduna): 0,50.

C maila (edo Goi batxilergo nahiz baliokidea): 0,45.

D maila (edo Eskola graduatua nahiz baliokidea): 0,40.

E maila (edo Eskolatze agiria): 0,35.

c) Estatutik Nafarroako Foru Komunitatera transferitutako funtzionarioen zerbitzuak baloratzeko, Foru Komunitatearenak bezala kontatuko dira eta kasuan kasu dagokion atala ezarriko zaie.

d) Bitarteko nahiz behin-behineko izaeraz edo lan kontratu edo administrazio kontratu baten bidez emandako zerbitzuak, langile finko gisa emandakoak baino %30 gutxiago baloratuko dira.

Ez dira kontatuko deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzearen aldi berean eta argitaratu ondoren emandako zerbitzuak.

Urte kopurua osoa ez bada, zerbitzu aldiko egunei proportzionalki dagokien puntuazioa jarriko zaie izangaiei.

2. atal honetako puntuazio gehienezkoa ez da izango 5 puntu baino gehiagokoa.

Iragarkiaren kodea: A9603847