138. ALDIZKARIA - 1996ko azaroaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

OSASUN DEPARTAMENTUA. Farmakozaintza arloko Lankidetza Hitzarmena, Osasungintza eta Kontsumo Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren artean.

1996ko uztailaren 15ean, Osasungintza eta Kontsumo Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren artean farmakozaintzaren arloko Hitzarmen bat 1996-1998 denboraldirako sinatu zenez gero, eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legeak 8.2 artikuluan xedatutakoa betez, bidezkoa da Hitzarmen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea. Hona hemen horren testua:

"OSASUNGINTZA ETA KONTSUMO MINISTERIOAREN ETA NAFARROAKO GOBERNUKO OSASUN DEPARTAMENTUAREN ARTEAN FARMAKOZAINTZA ARLOAN SINATUTAKO HITZARMENA

Madrilen, 1996ko uztailaren 15ean.

Bildurik:

Alde batetik, Osasungintza eta Kontsumo Ministroa, José Manuel Romay Beccaria jaun txit garaia.

Eta bestetik, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria, Fernando María Puras Gil jaun txit garaia.

Esku hartzen dute nork bere karguaren arabera eta bakoitzari eman zaizkion ahalmenak erabiliz, eta Hitzarmen hau elkarrekin sinatzeko gaitasun osoa dutelarik.

Azaltzen dute:

Lehenbizikoa: Ezinbestekoa dela Osasungintza eta Kontsumo Ministerioaren eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren arteko lankidetza izatea, Farmakozaintza programa hau modu koordinatuan aurrera eramateko.

Bigarrena: Osasungintza eta Kontsumo Ministerioa 1984tik aitzina Espainiako Farmakozaintza Sistema garatzen ari dela Espainian merkaturatzen diren sendagaien ondorio gaiztoen eragina ezagutzeko asmoz. Horren oinarrizko programa da ondorio gaiztoen susmoak jakitera ematea era egituratuan osasun arloko profesionalen bidez.

Hirugarrena: Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak 1988ko uztailean erabaki zuela ezen, farmakozaintza alorrean lankidetza hitzarmenak prestatuko zituztela Komunitate Autonomoen eta Osasungintza eta Kontsumo Ministerioaren artean.

Laugarrena: Espainiako Farmakozaintza Sistemaren fase pilotoa egin zen bitartean, Osasungintza eta Kontsumo Ministerioak Farmakozaintza zentro bat izan zuela Nafarroako Unibertsitateko Klinikan, zeina, azalpenaren hirugarren puntuarekin bat, geroago Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren menpe jarri baitzen.

Bosgarrena: Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak behar diren baliabideak dituela era horretako programa bat burutzeko bere eremu geografikoaren barrenean.

Seigarrena: Farmakozaintzaren Batzorde Nazionalak 1990eko uztailaren 16an eginiko bileran onetsi egin zuela Nafarroa Espainiako Farmakozaintza Sisteman sartzeko proiektua.

Zazpigarrena: Hitzarmen honek 1993ko urriaren 1ean sinatu eta abenduaren 14ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaraturiko beste hura ordezkatzen duela, eta alde biek Espainiako Farmakozaintza Sisteman elkarrekin aritzeko duten interesa jasotzen duela. Hitzarmen hau administrazioen arteko lankidetza akordio baten emaitza da, farmakozaintza bezalako jarduera sektore batean programa bat aurrera eramateko.

Zortzigarrena: Hitzarmen hau kokatzen dela Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak Estatuari eta Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen dizkieten eskumenen eremuaren eta interesen esparruaren barruan.

Baldintzak:

Lehenbizikoa: Osasun Departamentua Nafarroako Foru Komunitateko Farmakozaintza zentroaren jarduera mantentzeaz arduratuko da.

Bigarrena: Osasun Departamentuak ondorio gaitzak jakinarazteko txartel horiak banatuko ditu bere komunitateko elkargoetan bazkidetutako osasun profesionalen artean. Erabiliko den eredua Espainiako Farmakozaintza Sisteman erabiltzen dena izanen da.

Hirugarrena: Erien gaineko erabateko konfideltzialtasuna mantenduko da, eta berdin mediku jakinarazleen kasuan ere, eta bermatuko da sendagaien ondorio gaiztoen susmoak bikoiztu ez daitezen.

Laugarrena: Jasotzen den informazioa aldian-aldian ebaluatuko dute Farmakozaintza Zentroko teknikariek. Zentroak Batzorde Aholku-emaile baten laguntza izanen du, zeinak bereziki argitu beharrekoak diren jakinarazpenak ebaluatzeko ardura izanen baitu.

Batzorde horren osaketa eta bertan gertatzen diren aldaketak jakinaraziko zaizkio Osasungintza eta Kontsumo Ministerioko Farmazia eta Osasun Produktuen Zuzendaritza Nagusiari.

Bosgarrena: Farmakozaintza Zentroak biltzen duen informazioa, ebaluatu eta kodetu ondotik, Espainiako Farmakozaintza Sistemaren FEDRA Datu-basean sartuko du. Datu-karga hori on-line motan eginen da, eta lehentasun handiena emanen zaie ondorio gaizto larrienei. Konexioa egitea ezinezkoa denean, informazioa diskete bidez igorriko da zentro koordinatzailera.

Seigarrena: Osasun Departamentuak txosten bereziak eskatzen ahal dizkio Osasungintza eta Kontsumo Ministerioari, sendagaien edo sendagai multzoen ondorio gaiztoei buruzkoak, Espainiako Farmakozaintza Sistema Osoaren bidez.

Zazpigarrena: Osasungintza eta Kontsumo Ministerioak txosten bereziak eskatu ahalko dizkio Osasun Departamentuari sendagaien edo sendagai multzoen ondorio gaiztoei buruz.

Zortzigarrena: Farmakozaintza Zentroak bueltako informazioa emanen die hala eskatzen dioten osasun profesionalei eta urteko Memoria bat prestatuko du programaren emaitzekin. Memoria hori Osasungintza eta Kontsumo Ministerioari igorriko zaio Hitzarmen honek hartzen dituen urteetako bakoitza amaitu baino lehen. Zentroak koordinatu egin beharko ditu bere Komunitateko profesionalen eskuhartzeak farmakozaintza alorrean.

Bederatzigarrena: Farmakozaintza Zentroak konpromisoa hartzen du ordezkari bat bidaltzeko Batzorde Tekniko Nazionalaren bileretara, lan metodo bera aplikatuko dela segurtatzearren.

Hamargarrena: Estatuko Aurrekontu Orokorretan Hitzarmen honi aurre egiteko adinako dotazio ekonomikoa egonen da, "Sendagaien eta Osasun Produktuen eskaintza eta horien erabilpen zentzuzkoa" izeneko 413-B Programaren kargura, 16. Zerbitzua, II. Kapitulua, 226.11 Kontzeptua, "Farmakozaintza Programa". Ondoren adierazten da Hitzarmen hau burutzeko Osasungintza eta Kontsumo Ministerioak ematen duen diru-kopurua, beti ere, aurrekontu bakoitzean dotazio egokia eta nahikoa baldin badago. Eragina izanen du 1996, 1997 eta 1998ko aurrekontu ekitaldietan.

-Programa hori, lau, bost, zortzi, bederatzi eta hamargarren baldintzetan ezarritakoan konkretatzen dena, 1996an burutzeko, Osasungintza eta Kontsumo Ministerioak Nafarroako Foru Komunitateari 3.000.000 pezeta emanen dizkio.

- Programa hori, lau, bost, zortzi, bederatzi eta hamargarren baldintzetan ezarritakoan konkretatzen dena, 1997an burutzeko, Osasungintza eta Kontsumo Ministerioak Nafarroako Foru Komunitateari 3.000.000 pezeta emanen dizkio.

- Programa hori, lau, bost, zortzi, bederatzi eta hamargarren baldintzetan ezarritakoan konkretatzen dena, 1998an burutzeko, Osasungintza eta Kontsumo Ministerioak Nafarroako Foru Komunitateari 3.000.000 pezeta emanen dizkio.

Zenbateko horiek justifikatu egin beharko dira Farmazia eta Osasun Produktuen Zuzendaritza Nagusiak adostutako karguen edo fakturen bitartez eta laguntza emateko lana Hitzarmenean aurreikusitako baldintzen arabera egin dela frogatu beharko da.

Hamaikagarrena: Argitalpen guztietan, kartel, zabalkunderako inprimaki, programarekin ikustekorik duten boletin eta antzekoetan, Osasun Departamentuarenak diren sinboloekin batera elementu hauek agertaraziko dira:

a) Lema: Espainiako Farmakozaintza Sistema.

b) Azpititulua: "Osasungintza eta Kontsumo Ministerioa. Farmazia eta Osasun Produktuen Zuzendaritza Nagusia".

Hamabigarrena: Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 6.2.e) artikuluan xedatutakoa betez, ez da beharrezkoa antolakuntza bat eratzea Hitzarmena kudeatzeko.

Hamahirugarrena: Hitzarmena ulertu, aplikatu, aldatu, ondorioak izan eta amaitzerakoan ager daitezkeen auzi- mauziak administrazioarekiko auzibidearen eskumenekoak izanen dira.

Hamalaugarrena: Hitzarmen hau hainbat urtetarakoa da eta 1998ko abenduaren 31ra arte egonen da indarrean, non ez duen alderdietako edozeinek amaiera gaztigatzen, urteko ekitaldi bakoitzaren bukaera baino bi hilabete lehenago bederen.

Edonola ere, alderdi biek hitza ematen dute, abian jarri izandako azterlan bereziak zinez bukatzeko neurriak hartuko dituztela.

Eta finkatutako guztiarekin ados daudela frogatzeko, bi alderdiek sinatzen dute dokumentu hau idazpuruan adierazi toki eta egunean.-Osasungintza eta Kontsumo Ministroa, José Manuel Romay Beccaria.-Osasun kontseilaria, Fernando María Puras Gil".

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko urriaren hogeita zortzian.-Osasun zuzendari nagusia, Juan José Arístegui Rodríguez.

Iragarkiaren kodea: A9608984