119. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

D O N E Z T E B E

Udalaren ehorzketa-zerbitzuak arautzen dituen ordenantza

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Doneztebeko udal hilerria zerbitzu publikoko ondasuna da, Udalaren aginduen menpekoa, hari baitagozkio bere administrazioa, zuzendaritza eta zainketa, berez bertze agintaritza eta erakundeen esku ez dagoen orotan.

2. art. Udalari dagokio:

a) Hilerriaren antolaketa, mantenimendua eta egokitzapena, baita ehorzketarako eraikuntzena eta zerbitzu eta muntadurena ere.

b) Partikularrei baimena ematea hilerrietan edozein motatako lan edo muntadura egiteko, baita horiek zuzendu eta ikuskatzeko ere.

c) Hilobien gaineko kontzesioak ematea eta nolanahiko hilobi-eskubideen onarpena.

d) Legez ezartzen diren eskubideak eta tasak eskuratzea.

e) Higienearekin eta osasungarritasunarekin ikusteko izanik eman diren edo etorkizunean emanen diren neurriak betetzea.

f) Hilerriko langileak izendatu, zuzendu eta kentzea.

3. art. Herri honetako ehorzketa-zerbitzuen enpresa esleipen hartzaileari dagokio zerbitzuaren lan berariazkoak egitea, baita hilotzak eramatea, gorpuzkinak lekualdatzea eta kaperak ere, harik eta gorpuzkinak hilerriko langileen eskutan uzten dituen arte ehortz ditzaten.

4. art. Erlijio desberdinetako ministro edo ordezkariek nahiz legez onarturiko entitateetakoek komenigarriena zaiena xedatzen ahal dute lurperatzeak kasu bakoitzari aplikatu beharreko arauen ariora egin ahal izateko, beti ere zenduei zor zaien errespetuaren barnean.

II. TITULUA

Langileria

I. KAPITULUA

Langileria guztiari dagozkion arauak

5. art. Arduradun orokorra, batetik, eta ehorzketa-zerbitzuek bidezko juzkatzen duten gainerako langileak, bertzetik, haiexek osatuko dute hilerriko langileria. Horiek funtzionarioak, lan-kontratudunak, behin-behineko langileak, enpresa nahiz pertsona fisikoa izan daitezke, beti ere legeak ezartzen duen eran. Ordenantza honetan zer xedatzen den, haren bitartez arautuko dira haien eskubide eta betebeharrak, baita zerbitzuak esleitzeko xedapenen edo kasu bakoitzean aplikatu behar diren xedapen orokorren bitartez ere.

6. art. Hilerriko langileek Udalak onesten duen uniformea jantzi beharko dute. Udalak berak emanen die eta esparru horretan baizik ez da erabiliko.

7. art. Hilerriko langileek Udaleko organo eskudunak xedatzen duen ordutegia beteko dute, baita zerbitzuaren beharrak direla eta egin behar diren aparteko orduak ere.

8. art. Langileek dagozkien lan eta eginkizunak eginen dituzte eta aurkezten zaizkien eskabide eta arrangurei aterabidea emanen diete beren ahalen neurrian. Orobat, jendea behar bezalako jendetasun eta gizalegeaz hartuko dute.

9. art. Kapitulu honek aipatzen duen langileria ez da partikularrendako inolako lanetan aritzen ahal, udal hilerriekin ikustekorik badu.

II. KAPITULUA

Hilerrietako arduraduna

10. art. Hilerrietako mantenimendua eta zaintza arduradun orokorrari edo zerbitzuaren esleipena hartzen duen enpresari manatuko zaizkio.

11. art. Arduradunaren edo esleipena hartzen duen enpresaren egitekoak dira:

a) Urtaro bakoitzean Udalaren ehorzketa- zerbitzuetarako zehazten den orduan hilerriko ateak ireki edo ixtea.

b) Ehorzketa lizentziak bere gain hartzea.

c) Ehorzketa agiriak sinatzea eta, aitzineko atalean aipatu lizentziekin batean, Udalaren ehorzketa-zerbitzuei itzultzea.

d) Eskuratzen duen dokumentazioa artxibatzea.

e) Hilerriko esparrua zaintzea eta ikusten dituen irregulartasunen berri ematea Udalaren ehorzketa-zerbitzuen ardura duen organoari.

f) Organo horrek ematen dizkion aginduak betetzea hilerriko zerbitzuen ordenaz eta antolaketaz den bezainbatean.

g) Gorpuzkinak eta gauzak hilerritik kanpora ateratzea galaraztea, horretarako baimenik ez bada.

h) Zakurrak edo bertzelako animaliak hilerrian sartzea galaraztea.

i) Partikularrei udal lizentzia aurkeztea eskatzea, edozein obra egin nahi izanez gero.

j) Hilerriko gainerako langileek beren betebeharrak orduz egiten ote dituzten zaintzea, eta hutsik egiten badute Udalaren ehorzketa-zerbitzuen arduradunari jakinaraztea.

k) Laguntzaileei eta peoiei lana banatzea, zerbitzuaren beharrei eta aipatu organoarengandik hartzen dituen jarraibideei jarraikiz.

l) Hilotzak ehortzi, hobitik atera edo lekualdatzeko eta bertzelako zerbitzuak egiteko xedatzea, behar den dokumentazioa aurkeztu ondotik, eta horiek behar bezala egiten ote diren, hilobi edo nitxo ondoan egotea azken bururaino.

ll) Hilerriko departamentu guztiak garbitasun, mantenimendu eta antolamendu egoera ezin hobean ote dauden begiratzea.

m) Edozein jende edo talderi hilerrian sartzea gogorki galaraztea, haien keinu, portaera edo begibistako bertze arrazoi batzuk direla eta, esparru honetako trankiltasuna hautsi edo leku honek berezko dituen errespetu arauak urratzen ahal badituzte.

n) Esparru barneko landareak eta arbolak zaintzea.

12. art. Arduradun orokorrak, bere erantzukizunaren menpean, hilerrietako gainerako langileei eskuordetzen ahal dizkie aitzineko artikuluetan aipatu eginkizunak. Dena dela, bere nagusiari edo Udalaren ehorzketa-zerbitzuaren ardura duen administrazio organoari jakinarazi beharko dio.

13. art. Arduradun orokorra Udalaren ehorzketa-zerbitzuaren ardura duen organoaren zuzendaritzaren menpean egonen da hilerriko antolaketa eta funtzionamenduari dagokion orotan.

III. KAPITULUA

Hilerrietako gainerako langileria

14. art. Hilerrietako gainerako langileei esparru horietan egin behar diren gainerako lan materialak egitea dagokie, hala nola arduradun orokorraren ohiko eragiketak, baita horrek eskuordetzen dizkien guztiak ere.

15. art. Hilerrietako langileek gomazko eskuzorroak eta jariaduretatik babesteko maskarak izanen dituzte horrela behar den lan guztietan.

III. TITULUA

Hilerriko administrazio eta osasunaren zaintza

I. KAPITULUA

Hilerriko administrazioa

16. art. Hilerriko administrazioa Udalaren ehorzketa-zerbitzuen ardura duen udal atalaren egitekoa izanen da, edo, bertzenaz, zerbitzuaren esleipena hartzen duen enpresa edo pertsona fisikoarena.

17. art. Udalaren ehorzketa-zerbitzuei ondoko eskumenak dagozkie:

a) Hilotzak ehortzi, hobitik atera edo lekualdatzeko lizentziak luzatzea.

b) Ehorzketa agiriak luzatzea.

c) Ehorzketen erregistro liburua eta hilobien eta nitxoen fitxategia eramatea.

d) Erregistro liburu guztietan behar diren idazpenak egitea.

e) Tituluak luzatu eta eskualdaketen idazpena egitea, kasuan kasuko udal dekretuen ariora.

f) Eskubideak eta tasak kobratzea hilerriko ehorzketa-zerbitzuak emateagatik, dagokion ordenantza fiskalari jarraikiz.

g) Udalari behar diren proposamenak egitea hilerriko zerbitzuak behar bezala emateko bidezko juzkatzen diren alderdiei dagokienez.

h) Hilerriko zerbitzuekin ikusteko duten gainerako eginkizun guztiak, Udalaren bertze organo bati espreski eman ez bazaizkio.

18. art. Udalaren ehorzketa-zerbitzuen ardura duen administrazio ataleko buruari hau dagokio:

a) Arduradunari behar diren jarraibideak ematea hilerrietako dokumentazioaren gainean eta Udalaren organo eskudunekin koordinatzea hilerrietako funtzionamenduari, mantenimenduari, zaintzari eta garbitasunari dagozkien guztiak.

b) Zerbitzuan eramaten diren liburuen eta gainerako agirien gainean eskatzen diren txostenak luzatzea eta ziurtagiriak adostea.

c) Hilerriko zerbitzuek ongi funtzionatzeko beharrezko diren presako neurri guztiak hartzea, beti ere gainerako organo eskudunekin edo zinegotzi eskuordearekin lehenago aztertzen ahal ez badira.

19. art. Ez Udalak ezta bere organo edo langile bakarrak ere hartuko dute bere gain erantzukizunik bat ere, hilobietan edo hilerrietan paratzen ahal diren gauzetan hirugarrenek lapurketak edo kalteak egiten badituzte, non ez diren indarra duen legeriak aurreikusitako kasuak. Orobat, hilerrietako langileek ez dute bere gain erantzukizunik hartuko partikularrek paratutako hilarriak hausten badira nitxo bat irekitzerakoan.

II. KAPITULUA

Hilerri barneko antolaketa eta gobernua

20. art. Gorpuen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, udal hilerrietan hauek izanen dira:

a) Gorputegia.

b) Autopsiak eta baltsamaketak egiteko aretoa.

c) Erraustegia, arropak eta hilobiak hustu eta garbitzetik heldu diren gauza guztiak suntsitzeko, gorpuzkinak izan ezik.

d) Aborto, ebakuntza edo mozteetatik heldu diren giza-gorpuzkinak ehortzeko aldea.

e) Hilobi hutsak, udalerriko zentsuan biztanleak zenbat, haren arioan.

f) Administraziorako eremu bat.

g) Hilerriko langileak garbitu eta desinfektatzeko muntadurak.

h) Hilerriko zaintza eta mantenimendu lanak egiteko behar diren material eta lanabesen biltegia.

i) Komunak.

21. art. Hilerrietan, leku bat edo gehiago utziko da hezurtegi orokorra paratzeko, nitxo eta hilobiak garbitu eta hustetik heldu diren gorpuzkinak biltzearren. Ez da inola ere gorpuzkinik erreklamatzen ahal behin hezurtegira eramanez gero. Udalaren baimen idatzia tarteko dela, hezurtegitik gorpuzkinak eramaten ahal dira xede pedagogikoa baldin badute. Udalak, hala ere, ez du baimenik ematen ahal, interesatuak, zer ikastetxetan ikasten duten, haren eskari idatzia aldez aurretik ez baldin badu, baita, beharrezko balitz, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarena.

22. art. Udalaren ehorzketa-zerbitzuak zer erabaki, horren araberako orduetan egonen dira hilerriak irekirik, urtaro bakoitzeko gorabeherekin bat.

Ateak ireki eta ixtea edo giltzak altxatzea arduradun orokorrari dagokio, edo bertzenaz, inori eskuordetu badio, harexeri.

Irekitzeko eta ixteko ordutegia sarrera nagusian paratuko da ikusgai, toki ikusgarri batean.

23. art. Aparteko zerbitzu berezian eramaten diren hilotzez landa ez da bakarrik ere onartuko hilerria jendearendako irekita dagoen orduetatik kanpora. Ordutegi horren barnean, halako tarte bat ezartzen ahal da, zeinez geroztik eta hilerria ixteko tenorea arte ez baita ehorzketarik eginen. Hartara, tarte horren barnean ekartzen diren hilotzak, udal gorputegira eraman beharko dira eta biharamunean ehortzi.

24. art. 1. Ez da inolako animaliarik hilerrian sartzera utziko, nor bere baitan biltzeari eta antolamendu egokiari traba egiten ahal badie. Orobat ez da utziko garraiorako ibilgailuak sartzera, non ez diren zerbitzuko udal ibilgailuak, ehorzketa-zerbitzuen esleipena hartzen duen enpresarenak edo hilerrian berean erabiltzeko eraikuntza materialak eramaten dituztenak. Horrelakoetan ere, gidariek behar diren lizentziak eta baimenak aldean eraman beharko dituzte.

2. Aipatu garraiobide horien jabeak erantzuleak izanen dira beti ere hilerriko bide edo muntadurei kalte egin badiete, eta nahitaez ordaindu beharko ditu, baita kalteordaina pagatu ere, horrela behar balitz, kaltea egin duen ibilgailuaren jabeari berehalakoan eskatzen ahal baitzaio.

25. art. Obrak egiteko materialen sarrera Udalaren ehorzketa-zerbitzuek horrexetarako finkatzen duten ordutegian baizik ez da eginen. Partikularren obrak, jendearendako irekita dagoen orduetan egin beharko dira eta aitzineko artikuluaren lehen lerroaldeak aipatzen dituen lizentzia eta baimenak izan beharko dituzte.

26. art. Hilerri barnean debeku da piezak edo marmolak zerratzea, baita zatikapen lanak edo gisakoak egitea. Gorabehera pertsonalak direla eta egin egin behar badira, hilerriko langileen baimena beharko da eta horiek zehaztuko dute zer tokitan eginen diren lan horiek.

27. art. Behar bezala justifikaturiko kasu bereziak ez badira, debeku da gauez ehorzketak egitea nahiz hilerrien esparruaren barnean zernahi lan mota egitea.

28. art. Udalaren organo eskudunek beren gain izanen dituzte hilobietako mantenimendu lanak. Gauzen eta muntaduren ardura, berriz, partikularrena izanen da.

Partikularrek betetzen ez badute hilobiak txukundu eta mantentzeko betebeharra, eta narriadura ohartuz gero, Udalaren ehorzketa-zerbitzuek ukitutako eskubidearen titularrari errekerimendu eginen diote, eta honek erraten zaion denboran lanak egiten ez baditu, Udalak egin ditzake modu subsidiarioan eta haren kontura, Erregelamendu honen 74. artikuluan ezartzen dena deusetan ukatu gabe aipatu eskubidearen iraungipenaz den bezainbatean.

III. KAPITULUA

Gorputegia

29. art. Hilerrira ailegatu bezalaxe ehortzi behar ez diren hilotzak gorputegian ezarriko dira.

30. art. Epaile eta osasun agintariek hilotzak gorputegian sartzea erabaki dezakete, heriotzaz geroztik hogeita lau ordu iragan gabe, horiek hilerrian ehorzteko asmoa baldin bada.

31. art. Partikularrei ez zaie gorputegian egotera utziko hilotzak hor dauden bitartean, baimendutako bisitaldiak eta denbora mugatuan izan ezik.

IV. KAPITULUA

Hilotzak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzea, eta autopsiak

32. art. Hilotzak Gorpuen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduan ezarritako arauei jarraikiz ehortzi, hobitik atera edo lekualdatuko dira, baita ondoko artikuluetan xedatzen denaren ariora ere.

33. art. Hilotzak ehortzi, hobitik atera eta lekualdatzeko Udalaren ehorzketa-zerbitzuen baimena beharko da beti, baita osasun agintariena ere, premia izanez gero.

34. art. Hilotz bat ehorzteko eskaria egiterakoan, ehorzketa-zerbitzuen esleipena hartu duen enpresak agiri hauek aurkeztuko ditu udal bulegoetan:

a) Hilobi-titulua edo horren eskabidea.

b) Ehorzteko lizentzia.

c) Epailearen baimena, heriotza berezkoa izan ez bada.

d) Lurperatze zerbitzuaren fakturaren kopia.

35. art. Aurkeztutako agiriak ikusita, ehorzteko lizentzia eta lurperatze agiria luzatuko dira.

36. art. Lurperatze agirian agertaraziko dira:

a) Hilaren izen-deiturak.

b) Heriotzaren data eta ordua.

c) Ehorzketa lekua.

d) Gorpuzkinak zokoratu behar ote diren.

e) Hilotzak gorputegian egon behar ote duen.

37. art. Hilerriko arduradun orokorrak behar bezala sinaturik itzuliko die lurperatze agiria Udalaren ehorzketa-zerbitzuei, hura egin delako frogagiri izan dadin eta dagokion erregistro-liburuan inskripzioa egin dadin.

38. art. Hilobi batean hilotzik edo gorpuzkinik izan eta bere hartan ehorzketa egin ahal izateko horiek zokoratu behar badira, horrela eskatzen denean, hilobiaren titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona bertan daudela eginen da lana.

39. art. Hilobi bakoitzean zenbat ehorzketa egin, muga bakarra bakoitzeko edukiera izanen da, titularrak bere nahia modu fede-emangarrian espreski adierazi ezik, bai ehorzketa kopuruari dagokionez, bai kasuan kasuko hilobian lurperatzen ahal diren pertsonak izen-deiturak eta guzti zehaztuz.

40. art. Ehorzketa bat egiteko titulu bat aurkezteko tenorean, noren alde luzatu den zehaztu beharko da. Nolanahi ere, titulua aurkezten duenak bere eskusartzea eta legitimazioa arrazoitu beharko ditu Udalaren ehorzketa-zerbitzuak eskatuta.

41. art. Titularrarena ez den hilotz bat ehorzteko, titulurik aurkezten ez bada, titularraren baimena beharko da eta hura kanpoan baldin bada, titulartasunaren oinordekotza hartzeko eskubidea duen edonorena.

42. art. Ez da gorpuzkinik lekualdatzen ahal Udalaren ehorzketa-zerbitzuen baimena eskuratzen ez bada. Baimen hori kasu hauetan baizik ez da ematen:

a) Bertze udalerrietatik heldu diren lekualdatzeak badira.

b) Udalaren ehorzketa-zerbitzuek horrela erabakitzen duten aparteko kasuetan.

c) Nitxo bitan edo gehiagotan ehortzitako gorpuzkinak bakar batera lekualdatzen direnean. Horrelakoetan gainerako jabetzak Udalari itzuliko zaizkio, 74. artikuluari jarraikiz.

Hala ere, xedapen orokor batek baimendu ezik, ezin izanen da gorpurik lekualdatu edo atera lurperatu zirenetik guttienez ere bi urte iragan ez badira. Heriotzaren arrazoia osasun arrisku handikoa izan bazen, ez da egiten ahal heriotzatik bortz urte iragan arte. Epe horiei egiten ahal zaizkien salbuespenak Gorpuen inguruko Osasun Neurriei buruzko Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz aplikatuko dira.

43. art. 1. Bertze hilerri batean ehortzi asmoz hilotz bat edo gorpuzkinak hobitik atera ahal izateko, kasuan kasuko hilobiaren titularrak baimena eman beharko du, eta horrekin batean osasun baimena beharko da. Beti ere aitzineko artikuluan aipatu epeak iragan beharko dira.

2. Ehorzketa hilerri bereko bertze hilobi batean egiteko, horren titularraren adostasuna beharko da gainera.

Hala ere, Udalaren ehorzketa-zerbitzuek baimena eman ahal izateko, aitzineko artikuluan azaldutako baldintzak bete beharko dira.

44. art. Udal hilerrian ehorzketak inolako bazterkeriarik gabe eginen dira, erlijio edo bertze edozein gorabehera dela eta.

45. art. Hilartitzak edo hilarriak paratzeko Udalaren ehorzketa-zerbitzuen baimena beharko da. Bertze hilobietako eremuetan sartzen badira, berehala kenduko dira zerbitzu horiek eskaturik, eta hauek, interesatuek kasurik egiten ez badute horretarako eman zaien epean, nahitaez betearaziko ditu hartzen diren erabakiak.

V. TITULUA

Hilobi-eskubideak

I. KAPITULUA

Hilobi-eskubideak oro har

46. art. Hilobi-eskubidean titulu honek aipatzen dituen kontzesio eta errentamenduak sartzen dira. Udalak eman eta onartuko ditu hilobi-eskubideak, ordenantza honen aginduei eta toki administrazioko kontratazioaren arau orokorrei jarraikiz.

47. art. Hilobi-eskubide guztiak dagokien erregistro-liburuan inskribatuko dira eta kontzesioak behar den titulua luzatuz egiaztatuko dira.

48. art. Hilobi-eskubideak hilobiaren erabilpena baizik ez dakar, hilerria Udalaren jabaria baita, ordenantza honen 1. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

49. art. Gizakien hilotzak eta gorpuzkinak lurperatzea izanen da aitzineko artikuluan definituriko hilobi-eskubidearen arrazoi eta xede. Hortaz, hiltzeko unean eta 42. artikuluan aipatu kasuetan lor daiteke bakarrik.

50. art. Nitxoak edo hilerrian dagoen bertze edozein eraikuntza, merkataritzatik kanpo jotzen dira. Hortaz, ez dira salerosten ahal, ez trukatzen edo inola eskualdatzen ere. Ordenantza honetan aurreikusten diren eskualdaketak baizik ez dira baliozkoak.

51. art. Paratzen diren izaera artistiko lanak Udalaren esku geldituko dira kontzesioa bukatzen denean. Lan horiek, dagokien hilobian paratutakoan, ez dira udal hilerritik ateratzen ahal Udalaren baimenik gabe, eta horrelakoetan ere bakarrik konponketak egiteko.

52. art. Titularra testamenturik utzi gabe ez jendakirik gabe hiltzen bada, hilobi-eskubidea Udalaren esku geldituko da, zer epetarako eman zen, hura iragan ondoan.

53. art. Hilobi-eskubideaz baliatzeak behar den tasa edo ordainarazpena ordaintzea dakar berarekin, ordenantza honetako xedapenei jarraikiz.

II. KAPITULUA

Kasuan kasuko hilobi-eskubideak, kontzesioak eta errentamenduak

54. art. Kontzesioak eta errentamenduak honela ematen ahal dira:

a) Pertsona fisiko bakar baten izenean.

b) Erlijio komunitate edo elkarte baten izenean, edo ospitale motako laguntza establezimendu batena, horiek administrazio publikoak onartuak badira eta beren kide, onuradun edo gerizapetuek baizik ez erabiltzeko bada.

c) Korporazio, fundazio edo legez eraturiko entitateen izenean, beren kide edo enplegatuek baizik ez erabiltzeko bada.

d) Bi senar-emazteen izenean, lehen eskuraketaren unean.

55. art. Aurreikuspeneko aseguru konpainiak eta gisakoak ez dira, inola ere, ez kontzesioen ez bertzelako hilobi-eskubideren titular izaten ahal. Hortaz, Udalari dagokionez, hitzartzen dituzten poliza edo kontratuen klausulek ez dute ondoriorik izanen, kasuan kasuko hilobi-eskubidea ordaintzeko behar den kapitala emateaz bertze eskubide batzuk eman nahi badizkiete beren aseguratuei.

56. art. Kontzesioak behar den tituluaren bidez egiaztatuko dira eta hura udal administrazioak luzatuko du.

Kontzesio tituluetan hauek jasoko dira:

a) Hilobia eta titularra identifikatzeko datuak.

b) Kontzesioa onartu zuen udal erabakiaren data.

c) Titularraren izen-deiturak eta N.A.N.

d) Hilobi-eskubideengatik ordaindutako urtesariak.

57. art. 1. Ehorzketa titulu bat hondatu, ebatsi edo galduz gero, haren kopia luzatuko da, interesatuek aldez aurretik eskaria eginda.

2. Ehorzketa tituluetako izenetan edo bertzelakoetan akatsik hautematen bada, arrazoitu eta frogatu ondoan zuzenduko dira titularrak eskabidea egin ondotik.

58. art. Nitxoen kontzesioek lauretan hogeita hemeretzi urte iraunen dute gehienez, eta ez dira luzatzen ahal, jabari publikoko ondasun baitira Administrazioari buruzko 1990eko uztailaren 12ko 6/90 Foru Legearen 123. artikuluari jarraikiz. Hura bukatzean, titularrak edo heredentziaren nahiz bertze tituluren baten bidez subrogatzen direnek hautara izanen dute gorpuzkinendako nitxo baten kontzesioa edo errentamendua eskatu ala gorpuzkinak nitxotik hezurtegi orokorrera eraman.

59. art. 1. Nitxo berean hurrenez hurren egiten diren ehorzketek ez dute hilobi-eskubidea bertzelakatuko. Hala ere, salbuespen bat egonen da, izan ere kontzesioa edo, bertzenaz, luzapena bukatzeko falta den epea hilotzak lekuz aldatu edo kentzeko legez ezarritako denbora baino ttikiagoa izan daiteke; beraz, hilotz bat orduan lurperatzen bada, epe hori luzatuko da, bortz urtez luzatu ere lurperatze egunetik aitzina.

2. Salbuespeneko bortz urteko luzapen horren ondotik 58. artikuluak dioena aplikatuko da.

60. art. Aitzineko artikuluak aipatzen duen luzapena bitartean ez da ehorzketarik eginen kasuan kasuko nitxoan.

61. art. Nitxoen errentamenduak bi urtetarako esleituko dira, edo bortzerako heriotza eritasun kutsagarriak eragin badu. Horretarako erabiltzen den lerroa -eta ez bertzerik- erabiliko da bereziki horretarako.

62. art. 1. Alokatze aldia iraganik, luzapen berriak ematen ahal dira, beti ere interesatuek eskatzen badute epea bukatu baino zortzi egun lehenago.

2. Luzapen bakoitzak guttienez ere urtebete izanen du eta gehienez ere bortz, eta osotara hogeita bortz urte iraunen dute.

3. Denbora hori iraganik 58. artikuluak dioena eginen da.

63. art. Nolanahi ere, ordenantza honetan ezarritako epeak bukatuta edozein hilobi-titulua berriz ere indarrean jartzeko errekerimenduei kasu ez egiteak kasuan kasuko eskubidea Udalari itzultzea ekarriko du, dagokion hilobiarekin batean. Halakoetan, hilobietan gelditzen diren gorpuzkinak hezurtegi orokorrera eramanen dira, haien gaineko eskubidea berritu ez bada.

64. art. Hilobiaren titularrak errentan emandako nitxoak eskuratzen ahal ditu denbora baterako. Horregatik, ordenantza fiskalak ezartzen duena ordaindu beharko da. Kontzesio horren iraupena murriztuko du alokaturik egon deneko denboraren arabera.

65. art. Udalbatzaren iduriz ospetsu diren jendeen gorpuzkinak, ez dira hezurtegi orokorrera eramanen, aitzineko artikuluetan aipatu ingurubarren bat dela medio beharrezkoa baldin bada. Kasu honetan eta salbuespenez, Udalak behar diren neurriak hartuko ditu gorpuzkin horiek banakako hilobi batean edo aise ezagutzeko modukoan egon daitezen.

66. art. Kontzesio eta errentamenduetarako aipatu den guztiagatik ere, hilerria epe hori ahitu baino lehen itxi behar bada, eskubideen titularrek kalteordaina hartzen ahal dute iragan gabeko epeagatik, nahiz eta kalteordaina kalkulatzeko ordaindutako tasaren zenbatekoa baizik ez den kontutan hartuko, eta ez kontzesiodunak edo errentariak egindako obra edo muntadurena.

III. KAPITULUA

Ongintzako ehorzketak eta hobi orokorra

67. art. Lur emateak dakartzan gastuak ordaintzeko diru baliabiderik bat ere ez duten lagunen hilotzak ehorzteko hobiak izanen dira. Horiek ez dira kontzesioetan sartuko eta haren erabilpena ez da inolako eskubideren menpe egonen.

68. art. Hilobi hauetan ez da hilarririk edo hilartitzik paratuko eta udal jabego direla baizik ez da agertaraziko.

69. art. 42. artikuluan ezarritako epea beterik, gorpuzkinak hobi orokorrera eramanen dira.

70. art. Hildako baten jendakiek ezta bertze pertsona interesatuek ez dute inola ere hobi orokorrean lurperaturiko hilotza erreklamatzen ahal.

Salbuespena egitea beharrezkoa izanen da epaile edo osasun agintariek horrela agintzen duten kasuetan.

IV. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen eskualdaketa

71. art. 1. Erregelamendu honen 50. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ehorzketa-eskubidearen titularraren heriotza gertatzen denean, hauena izanen da, hurrenez hurren, eskualdaketarako eskubidea: testamenduaren araberako ondorengoak, bizirik gelditzen den ezkontidea edo, halakorik ez bada, testamenturik gabeko ondorengotza nori dagokien, haiexek.

2. Kausatzaileak jabe-ondorengoak uzten baditu edo bizirik irauten duen ezkontiderik ez bada, eta hainbat lagun gertatzen badira interesatuaren ondorengo, horiek guztiek beren artean gehiengoz hautatzen dutenaren alde onartuko da ehorzketa-eskubidearen titulartasuna. Hori hiru hilabeteko epearen barnean egin behar da kausatzailearen heriotzatik edo ondorengoak deklaratzeko egintza eman zen egunetik hasita. Gehiengoa ezina bada, eskubidea ondorengoen artetik zaharrenaren alde onartuko da.

72. art. Hilobi-eskubideak inter vivos-ko egintzen bidez eta dohainik lagatzea baliozkotzat hartuko da, titularraren ahaideen alde egiten badira, horiek lerro zuzenekoak nahiz albokoak izanik laugarren graduraino, biak odolkidetasunez eta bigarren graduraino ezkontza ahaidetasunaren kasuan, baita ezkontidearen alde edo titularrarekin afektibitate edo bizikidetasun loturak egiaztatzen dituztenen alde egiten badira, guttienez ere eskualdaketa baino bortz urte lehenagotik. Halaberean, baliozkotzat joko dira ospitale, ongintzako entitate edo entitate erlijiosoen alde egiten direnak, horiek nortasun juridikoa baldin badute legearen ariora.

73. art. Ehorzketa-eskubide bat zer epetarako eman zen, haren hurrenez hurreneko eskualdaketek ez dute epe hori aldatuko.

74. art. Titularrak uko egiten ahal dio ehorzketa-eskubideari, beti ere dagokion hilobian gorpuzkin ehortzirik ez bada. Horretarako eskabidea eginen dio Herriko Etxeari, eta hura gero berretsi beharko du interesatua bera edo, halakorik bada, haren legezko ordezkaria agertuz.

V. KAPITULUA

Ehorzketa-eskubideen galera edo iraungipena

75. art. Ehorzketa-eskubidea galdu edo iraungiko da eta kasuan kasuko hilobia Udalari itzuliko, horrelakoetan:

a) Eraikuntzaren aurri egoera dela eta, aurreikusitako txosten teknikoan deklaratua, eta titularrak konpontzeko eta egokitzeko ematen zaion epea betetzen ez badu. Lehenago espedientea ireki behar litzateke eta interesatuari entzutea eman.

b) Hilobia alde batera uzten denean. Halakotzat hartuko da, titularra hil eta urtebete geroago ondorengoek edo hederentzia bidez subrogaturiko pertsonek eskaririk egin ez badute beren aldeko eskualdaketa egin dadin.

Ondorengoak edo hederentzia edo bertze tituluren bidez subrogaturiko pertsonak eskualdaketa eskatzera agertu eta hilobia egoera okerrean aurkitzen badute, hiru hilabete izanen dira hura egokitzeko. Epe hori konponketak egin gabe iraganik ehorzketa-eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta Udalaren eskura itzuliko da.

c) Eskubidea zer epetarako eman zen, haiek iragaten direnean hura berritzeko edo luzatzeko eskatu gabe, titulu honen beraren II. kapituluak xedatzen duenari jarraikiz.

d) Behar den epearen barrenean eskubideak edo tasak ordaintzen ez badira.

e) Titularrak 74. artikuluan aurreikusitako moduan uko egiten duenean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ordenantza honek aipatzen ez duen orotan, alor honetako legeriak aurreikusitakoari eginen zaio men.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenbizikoa.-Gaur egun betikoz diren kontzesioak esleipenaren unean toki administrazioren kontzesio eta kontratuetarako gehienez ere zegoen eperako emantzat joko dira.

Epe hori iraganik, ordenantza honetan hilobien kontzesioen bukaerari eta haien luzapenei dagokienez ezarritako araubidea aplikatuko da.

Bigarrena.-Ondorengoek eta heredentziaz edo bertze titulu baten ondorioz subrogatzen direnek, ordenantza hauek indarra hartzean kasuan kasuko hilobi-eskubidea beraiei eskualdatzeko eskaria egin ez badute, urtebete izanen dute horretarako. Epe hori iraganik ehorzketa- eskubidearen iraungipena dekretatuko da, eta hilobia Udalaren eskura itzuliko da.

Hirugarrena.-Ordenantza honek indarra hartzen duenetik ez da udal hilerrian denbora baterako kontzesiorik edo errentamendurik emanen. Salbuespenez errentamenduak ematen ahal dira, gehienez ere bitik bortz urtera bitarte, heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ekartzen badu, eta ehorzketa egin behar deneko nitxoa ezin irekia bada, azken ehorzketatik erregelamenduaren araberako epea iragan ez delako. Errentamenduan emandako epea iraganik, titularrak gorpuzkinak eramatea eskatzen ahal du, edo bertzenaz, horrela ez bada, 43. artikuluaren ariora jokatuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: A9607528