119. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 30a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Zuzenbideko lizentziatu bat lan-kontratuarekin hartzeko deialdia

1.-Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea: Zuzenbideko lizentziatu bat, bere titulazioak dituen egiteko berariazkoak Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoan eta horren titularraren menpean garatuko dituena, lan-kontratuarekin eta oposizio-lehiaketaren bidez hartzea da.

1.2. Kontratua, berez, obra edo zerbitzu kontratua izanen da eta haren xedeak, erran nahi baita, izangaiak izanen dituen egitekoak, zuzenean lotzen zaizkio Mankomunitatearen arautegia berariazkoaren egokitzapena sustengatzeari, zerbitzu berriak bereganatzeko prozeduren garapenari eta une hauetan proiektu baizik ez den Plan Estrategikoak eskatzen dituen aplikazioei.

Kontratuak, guttienez ere, urtebete iraunen du eta iraungiko da ondoko arrazoiren bat gertatuz gero:

a) Arautegiaren egokitzapena bukatzea (ur eta hondakin zerbitzuak arautzen dituzten ordenantzak, eta zerbitzue horien gaineko ordenantza fiskalak).

b) Mankomunitateak zerbitzu berri gehiagorik ez bereganatzea (hiri garraio kolektiboa eta hilerriak edo atzerapen nabarmena horiek ezartzeko prozeduran).

c) Plan Estrategikoak ezartzen dituen berrikuntzak gehienbat betetzea.

Nolanahi ere, Mankomunitateko Gobernu Batzorde Iraunkorrak kontratua iraungitzea erabakitzen ahal du xede horietariko bat betetzat jotzen duenean, baina ez ezarritako urtea egin baino lehen.

Arestian ezarritakoagatik ere, hautatutako izangaiak modu osagarrian manatzen zaizkion lan guztiak egin beharko ditu, bere titulazioari dagozkion jarduerekin ikustekorik badute.

6 hilabeteko probaldia ezarriko da.

1.3. Lan baldintzak: kontratudunak Mankomunitateko bulegoan eginen du zerbitzu, eta aplikagarri zaion lan arauteriari lotuko zaio. Ordainsariari doakionean,aplikatzen ahal den hitzarmen kolektiboko baldintzen ariora, sailkapen hau du: goi mailako tituluduna, II. maila, 278 puntu.

2.-Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Baldintzak: hautabidera onartua izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) Nazionalitate espainiarra edo Europako Batasuneko bertze edozein Estatutakoa edukitzea eta adinez nagusi izatea.

b) Zuzenbideko lizentziatu titulua edukitzea.

c) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik berezia ez izatea.

d) Bere lanpostuak berez dituen egitekoetan aritzeko behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

2.2. Egiaztapena: aitzineko betebeharrak, azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak egiaztatu beharko ditu, deialdi honen 7.2 oinarriak xedatzen duen eran eta epean. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea ahitzen den eguna baino lehenago, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.

3.-Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Mankomunitateko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita 15 eguneko epe luzaezinaren barnean. Aipatu eskabideak deialdiko eraskineko ereduari lotuko zaizkio eta haiekin batean alegatzen diren merezimenduen frogagiriak aurkeztuko dira.

3.2. Ezintasunik dutenek hura zer-nolakoa den adierazi beharko dute eskabidean eta ariketak egiteko denbora nahiz bitartekoen aldetik beharrezko izan ditzaketen egokitzapenak eskatu beharko dituzte.

3.3. Izangaiek, epaimahaiak deialdiko 6.1 atalean ezartzen denari jarraikiz baloratu beharko dituen merezimenduak alegatu beharko dituzte beren eskabidean.

3.4. Alegatutako merezimenduak jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak erabiliz frogatu behar dira. Bertzenaz, aurkeztu ez balira bezala izanen da.

4.-Izangaien onarpena.

Eskabideak aurkezteko epea akitu ondoko 5 egun naturaletan, probetara onartu diren izangaien zerrenda aterako da Mankomunitateko iragarki oholean.

Iragarki berean, merezimenduen balorazioa eta proba teoriko nahiz praktikoak noiz, non eta zer ordutan eginen diren agertuko da.

Izangai baztertuek eta beren merezimenduaren balorazioa desegokitzat jotzen dituztenek, bidezko juzkatzen dituzten erreklamazioak aurkezteko, 3 eguneko epea izanen dute hainbat aldiz aipatu iragarkia oholean ateratzen denetik, eta 10 egunekoa eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik.

5.-Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia ondoko kide hauek osatuko dute:

1. Mahaiburua: Miguel José Izu Belloso jauna, Mankomunitateko lehendakaria.

2. Mahaikidea: Maite Donázar Pascal andrea, Mankomunitateko idazkari nagusia.

3. Mahaikidea: Jesús Gregorio Cecilia Aguado jauna, Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.ko administrazio kontseiluko legelari eta aholkularia.

4. Mahaikidea: Mankomunitateko edo hura kudeatzen duen sozietateko langile bat, enpresa batzordeak horrexetarako hautatua.

5. Mahaikide-idazkaria: Gonzalo Pérez Remondegui, Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko legelaria.

5.2. Hautapen probak egin baino lehenago osatu beharko da epaimahaia eta ezin izanen du jardun guttienez ere bere kideen erabateko gehiengoa biltzen ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu, deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

6.-Hautabidea.

6.1. Lehiaketaldia. Gehienez ere 20 puntu izanen ditu. Alegatzen diren merezimenduak baremo honen ariora puntuatuko dira:

A) Administrazio publikoan Zuzenbideko lizentziatu gisa egindako zerbitzuak (10 puntu gehienez ere).

a) Toki entitate batean edo bertzelako administrazio publiko batean, toki araubidearekin ikusteko duten eginkizunetan, urte bakoitzeko gehienez: 3 puntu.

b) Administrazio publikoan Zuzenbideko lizentziatu gisa baina bertzelako eginkizunetan, urte bakoitzeko gehienez: 2,5 puntu.

B) Argitalpenak: 6.2 atalak aipatzen dituen Zuzenbide arloen gaineko argitalpenak prestatu edo horrelakoetan parte hartzeagatik, gehienez: 2 puntu.

C) Hizkuntzak: (5 puntu gehienez).

a) Hizkuntz eskola ofizial batek luzatutako gaitasun agiria edo ofizialki haren parekotzat onartzen den titulazioa edukitzeagatik:

-5 puntu euskara bada.

-3 puntu Europako Batasuneko bertze hizkuntza ofizialak badira.

D) Bertzelako merezimenduak: (3 puntu gehienez).

a) Enpresa pribatuan abokatutzan edo zerbitzu juridikoetan lanbidean aritzeagatik, urte bakoitzeko gehienez: 1,5 puntu. Lanbidean egiazki aritu izana frogatu beharko da, datak eta datuak ekarriz parte hartu duen epaiketen gainean.

b) 6.2 atalak aipatzen dituen Zuzenbide alorrekin ikusteko lanetan enpresa pribatuan egin zerbitzu urte bakoitzeko: gehienez: 1,5 puntu.

6.2. Oposizioaldia: bi ariketa izanen dira, eta gehienez ere 80 puntu izanen ditu.

Lehen ariketa: 120 minututan eraskineko gaietatik ateratako test moduko 50 galdera erantzun behar dira. Horietatik 40 1. eraskinean biltzen diren lehenbiziko 20 gaiei loturik egonen dira, eta 10, berriz, gainerako gaiei (21.etik 24.era).

Erantzun zuzenak 0,8 punturekin kalifikatuko dira; erantzun okerrek 0,33 puntuko penalizazioa izanen dute. Ariketa hau gainditu eta hurrengora pasatu ahal izateko 20 puntu, bederen, erdietsi behar dira.

Proben tokia eta ordua Mankomunitateko iragarki oholean agertuko den iragarki batean eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunetik. Izangaiek N.A.N. aldean dutela joan beharko dute.

Lehen ariketa honetako emaitzak Mankomunitateko iragarki oholean argitaratuko dira. Iragarkian, gainera, bigarren ariketa egiteko deia eginen zaie gainditu dutenei, haren tokia eta ordua zehaztuz.

Bigarren ariketa: izangaiek 5 ordu izanen dute 2 txosten juridiko egiteko, lehen ariketako gaiekin ikusteko duen kasu banaren gainean.

Epaimahaiak emanen ditu bi kasuak.

Legegintzako bilduma liburuak erabiltzen ahal dira, baina ez iruzkinak dituztenak.

Txosten bakoitzak 20 puntu izanen ditu gehienez ere.

7.-Epaimahaiaren proposamena.

7.1. Oposizioaldia bukatuta, epaimahaiak aditzera emanen du Mankomunitateko iragarki oholean gainditu dutenen zerrenda, oposizio-lehiaketan atera duten puntuazio osoaren hurrenkeran, eta gainditu dutenetan puntuazio gehien erdietsi duen izangaia kontratatzeko proposamena eginen dio Mankomunitateko lehendakariari.

7.2. Hautatutako izangaiak 2.1 ataleko zerrendan agertzen diren agiriak ekarri beharko ditu, jatorrizkoak edo legez konpultsaturik, eta horretarako 15 eguneko epea izanen du aitzineko atalak aipatzen duen iragarkia argitaratzen denez geroztik.

7.3. Hautatutako izangaiak, kontratua sinatzen duenetik, 15 eguneko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko. Horrela egiten ez badu, bigarren puntuazio hobea erdietsi duen izangaiak epe bera izanen du lanpostuaz jabetzeko eta horrela geroago ere hurrenez hurren.

8.-Helegiteak.

Deialdi honen aurka, baita haren oinarri eta egintzen aurka ere, administrazioarekiko helegitea paratzen ahal da Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailean, bi hilabetez paratu ere, helegindako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik. Bertzenaz, gora jotzeko helegitea para daiteke zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegian, horretarako hilabetea dagoelarik, helegindako egintza argitaratu edo jakinarazten denetik.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren hemeretzian. Mankomunitateburua, Miguel José Izu Belloso.

I. ERASKINA

1. gaia.-Legezkotasun printzipioa. Ahalmen arautuak eta eskumeneko ahalmenak. Autotutela printzipioa.

2. gaia.-Administrazio Zuzenbidearen iturriak: kontzeptua, motak eta hierarkia. Usadioa eta Zuzenbidearen printzipio orokorrak. Bertze iturriak.

3. gaia.-Legea: kontzeptua eta motak. Lege-erreserba. Lege Dekretuak eta Dekretu Legegileak. Estatuaren eta Komunitate Autonomoen legegintzarako ahalmena.

4. gaia.-Erregelamendua: kontzeptua eta motak. Egiteko prozedura. Erregelamenduak egiteko ahalmenaren mugak eta legez kontrako erregelamenduen aurkako babesa.

5. gaia.-Administrazio Publikoaren nortasun juridikoa. Pertsona juridiko publikoen motak. Pertsona juridiko publikoen gaitasuna.

6. gaia.-Administrazio prozedura: kontzeptua eta izaera. Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legea: aplikazio eremua eta hura zedarritzen duten printzipioak. Administrazio prozedura orokorraren aldiak. Prozedura bereziak.

7. gaia.-Administrazio egintza: kontzeptua. Administrazio egintza motak. Administrazio egintzaren elementuak.

8. gaia.-Administrazio egintzen eraginkortasuna. Administrazio egintzen betearazpena. Administrazio egintzaren baliogabetasunaren teoria: egintza balio gabea eta egintza deusezgarria. Administrazio egintzen berrikuspena.

9. gaia.-Administrazioaren zehapen ahalmena: zehapen ahalmenaren printzipioak. Zehapen prozeduraren printzipioak. Zehapen prozedura.

10. gaia.-Kontratazio administratiboa: izaera juridikoa eta kontratu publikoen motak. Kontratuen elementuak eta kontratazio sistemen motak. Administrazio kontratuen edukia eta ondorioak: administrazioaren prerrogatibak. Kontratuei buruzko legeria Nafarroan.

11. gaia.-Administrazioaren erantzukizuna: bilakaera eta egungo araubidea. Printzipioak. Erantzukizun prozedura.

12. gaia.-Administrazio helegiteak: kontzeptua. Helegite arrunta. Berraztertze helegitea.

13. gaia.-Administrazioaren antolaketa: eratzeko printzipioak. Administrazioaren antolaketaren printzipio juridikoak. Administrazio publikoen arteko harremanak. Oinarri orokorrak.

14. gaia.-Europako Komunitateak: aurrekoak, hasierako hitzarmenak eta horiek aldatzekoak. Europako Komunitateen antolaketa. Komunitateko sistemaren oinarrizko askatasunak. Komunitatearen eskualde politika: egiturazko fondoak eta kohesio ekonomiko eta soziala.

15. gaia.-Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: egiteko prozedura, izaera eta erranahia. Egitura eta sistematika. Atariko titulua.

16. gaia.-Nafarroaren ahalmenak eta eskumenak: printzipioak. Haien antolamendua Foru Hobekuntzan. Transferentzien Batzordea.

17. gaia.-Nafarroako Parlamentua, antolaketa eta funtzionamendua. Nafarroako Gobernua, antolaketa eta funtzionamendua. Nafarroako lehendakaria, hautapena eta eginkizunak.

18. gaia.-Nafarroako Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legea: egitura. Foru Komunitateko Administrazioa. Foru Dekretuak eta Foru Aginduak.

19. gaia.-Toki Administrazioa Espainian: kontzeptua eta biltzen dituen entitateak. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen eta hura garatzen duten erregelamenduen edukia.

20. gaia.-Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuko Langileen Estatutua: egitura. Hautapena, funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Eskubideak, betebeharrak eta bateraezintasunak. Ordezkaritza organoak.

21. gaia.-Zerbitzuak sozietate anonimoen bidez kudeatzea. Udal sozietatearen antolaketa eta funtzionamendua.

22. gaia.-Merkataritza Zuzenbidea. Sozietate anonimoa. Organoak. Funtzionamendua. Urteko kontuak.

23. gaia.-Zuzenbide Zibila. Arau juridikoen aplikazioa eta eraginkortasuna. Betebeharrak. Kontratuen gaineko xedapen orokorrak.

24. gaia.-Zuzenbide Zibila. Ondasun komunitatea. Menpekotzak. Erantzukizuna erru edo axolagabekeriagatik. Preskripzioa.

II. ERASKINA

Izena:

NANaren zenbakia: ..........

Sorteguna: ............

Sorlekua:

Bizitokia:

Karrika:

Zenbakia: .............

Etxebizitza: ..........

Posta kodea: ..........

Telefonoa: ............

Adierazten du:

Zuzenbideko lizentziatu bat lan-kontratuarekin hartzeko deialdia onetsirik.

Hartan eskatzen diren baldintza guztiak beterik, erran nahi baita:

a) Zuzenbideko lizentziatu titulua edo hura erdiesteko eskubideak ordaindu izanaren gordekina duela.

b) Espainiako nazionalitatea edo Europako Batasuneko bertze edozein estatutakoa duela eta adinez nagusi dela.

c) Inongo administrazio publikoren zerbitzutik disziplinazko espediente bidez ez dela berezia izan, eta eginkizun publikoetarako ezgaitua ez dagoela.

d) Karguaren eginkizunetarako eragozten dion akats fisiko, psikiko edo eritasunik ez duela.

Eskatzen du:

Aipatu deialdira onar nazazun, behar diren hautapen probetan parte hartzeko.

Iruñean, 199....eko ........aren ....(e)an.

(Sinadura)

Iragarkiaren kodea: A9607557