119. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Aginduak

659/1996 FORU AGINDUA, irailaren 25ekoa, Lehendakaritza eta Barne kontseilariak emana, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren esku zenbait eskurantza uzten dituena.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 37. artikuluak xedatzen duenez, kontseilariek beren departamentuetako zuzendari nagusien esku utzi ahalko dute haien eskurantzen erabilera.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko Foru Legearen 7. artikuluak ezartzen duenez, kontseilariek kontratuetarako dituzten ahalmenak, zuzendari nagusien esku utzi ahalko dira, Gobernuaren baimena behar duten kontratuak direnean izan ezik.

Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari dagozkion gaietan Lehendakaritza eta Barne Departamentuaren jarduerek behar duten eraginkortasuna lortzeko asmoz, beharrezkotzat jo da organo horretako zuzendari nagusiaren esku uztea kontseilariari dagozkion zenbait eskurantza.

Hori dela eta, Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen Foru Legearen 37. artikuluak eta Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko Foru Legearen 7.ak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Lehendakaritza eta Barne kontseilariari funtzio publikoaren arloan dagozkion eskurantza guztiak eta, bereziki, honako hauek, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren esku uztea:

a) Orokorrak.

-Administrazio espedienteen ebazpena.

-Gastuak egiteko baimenak ematea eta horiek ordaindu beharra onartzea.

-Zuzendaritza Nagusiaren unitate organikoen artean sor daitezkeen gatazkak konpontzea.

b) Kontrataziokoak.

Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzko Foru Legearen 6. artikuluko 1. idazatian xedatutakoari jarraikiz, kontratuen gainean Lehendakaritza eta Barne kontseilariari dagozkion ahalmenak, aipatu Foru Lege horren 6. artikuluko 3. idazatian ezarritakoaren arabera kontratuak egiteko Nafarroako Gobernuaren baimena behar dutenak izan ezik.

c) Langileriarenak.

1.-Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari atxikitako langileriari dagokionez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluak kontseilariei esleitzen dizkien ahalmenak.

2.-Lehendakaritza eta Barne Departamentuari atxikitako langileriari dagokionez, apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren 3. artikuluko a) idazatian zehazten diren eskurantzak.

3.-Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko langile guztiei dagokienez, Foru Dekretu horren 2. artikuluak Lehendakaritza eta Barne kontseilariari esleitzen dizkion ahalmenak, hots, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileriaren araubide juridikoari eta lansariei dagozkionak, ezertan ukatu gabe apirilaren 1eko 165/1996 Foru Dekretuaren 4. artikuluak langileri arloan Hezkuntza eta Kultura kontseilariari esleitzen dizkion ahalmenak, 5. artikuluak erakunde autonomoen gobernu organoei esleitutakoak eta, azkenik, 6. artikuluak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko gobernu organoei esleitutakoak.

2. artikulua. Lehendakaritza eta Barne kontseilariak noiznahi eska dezake eskuordetutako edozein espediente, ebazpena eman ahal izateko.

3. artikulua. Foru Agindu honen eskuordetzaren ondorioz emandako ebazpen guztietan inguruabar hau aipatu beharko da. Ebazpen hauek, ondorio guztietarako, kontseilariak emandakotzat hartuko dira eta horien kontra errekurtso arrunta jartzen ahalko da Nafarroako Gobernuan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Indarrik gabe geldituko dira Foru Agindu honek ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko nahiz txikiagoko xedapen guztiak.

Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren hogeita bortzean.-Lehendakaritza eta Barne kontseilaria, Rafael Gurrea Induráin.

Iragarkiaren kodea: A9607830