119. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak

321/1996 FORU DEKRETUA, irailaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko farmazi zerbitzuaren behin-behineko araubidea ezartzen duena.

Biztanleriari farmazi zerbitzua handitzeko ekainaren 17ko 11/1996 Errege Dekretu Legeak (1996ko ekainaren 18ko 147. Estatuko Aldizkari Ofiziala) Foru Komunitatean ezartzeko arauen garapena behar duten farmaziak antolatzeko presako zenbait neurri ezarri zuen.

1.1 eta 1.2 artikuluetan ezartzen dira farmazi antolamenduko irizpide orokorrak, komunitate autonomoetan garatu beharrekoak, eta horrekin batera lehen mailako osasun laguntzako oinarrizko unitatea farmazi plangintza egin ahal izateko erreferentziagunetzat hartuko da. 1.3 artikuluan biltzen dira hiriguneetako farmazi antolamenduko irizpide oinarrizkoak eta farmazia berriak irekitzeko egun dauden mugak zabaltzen ditu. 2. artikuluak komunitate autonomoei ahalmena ematen die farmazia berriak baimentzeko espedienteak izapida ditzan. 3.2 artikuluak ezartzen du, orokorrean, farmazia berriak baimendu eta irekiko direla konkurrentzi lehiaketa, gardentasun, merezimendu eta gaitasunaren irizpideen arabera, aurretik komunitate autonomoek ezartzen duten prozedura berariazkoa garatu eta; prozedura horretan jarduketak denbora eta forma aldetik egoki garatzeko fidantzak edo bermeak eskatzea aurreikusten ahal da. 3 eta 4. artikuluetan zenbait neurri zehazten da, hots, farmazilariak farmazian nahitaez egon beharko duela eta osasun laguntzaren lanaldia eta ordutegiak malguak izan beharko dutela.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 32. artikuluak arauzko ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari, barne osasun, higiene, osasun laguntza eta farmaziako produktu eta establezimenduen arloan administrazio eta berrikuspen lana egin dezan eta 33. artikuluak, orobat, Osasun Departamentuaren esku uzten du osasun publiko, lan osasun eta osasun laguntzako arloetako plangintza, antolamendu, programazio, goi zuzendaritza, ebaluazio, ikuskatzailetza eta jarduera, zentro eta zerbitzuen kontrola.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Legearen 10,l) artikuluak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari, Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, Estatuko lege eta xedapenak, horien gaien exekuzioa Nafarroari baldin badagokio, betearazteko beharrezkoak diren erregelamenduak Foru Dekretu bitartez onets ditzan.

Foru Dekretu honen bitartez farmazia arloko osasun plangintzako zenbait neurri ezartzen da eta farmaziak baimendu eta aldatzeko espedienteak izapidatzeko eskumena Osasun Departamentuari esleitzen dio eta, orobat, Farmazi Hirigune izenekoak arautzen ditu. Farmazia berriak baimentzeko bertze prozedura arrunt bat ezartzen da, konkurrentzi lehiaketaren araubidearekin bat. Lanaldiaren, ordutegien eta farmaziako laguntza jarraituko sistemaren bertze esparru bat ezartzen da, interesatuei aurretik entzutea emanda. Azkenik, Farmazi Hiriguneak ezarri eta horien emaitza farmazia berrietan kuantifikatu ondoren, konkurrentziako prozesu publikoa abian jarriko da baimen berriak eman ahal izateko.

Neurri administratibo hauek guztiak beharrezkoak dira eta berehala hartu beharrekoak gainera, biztanleriari farmaziako osasun laguntzaren garapen egokia ahalbideratzeko eta 11/1996 Errege Dekretu Legeko hastapenak eta irizpideak, farmaziak irekitzeko espediente eta eskariei, oraindik orain ebatzi gabekoei, ezartzeko, Farmazi Antolamenduaren Foru Legea onetsi arte. Arau berri horren erregelamenduzko maila ikusi ondoren, farmazietako titularrek gaur egun dituzten eskubide eta askatasunei zor zaien errespetua ukitzen ahal duten alderdi bakar bat ere ez da arautu, Legeari baitagokio arlo hori arautzea.

Horrenbertzez, Osasun kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren bederatzian egin bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedapen komunak.

1. Farmaziak irekitzeko araubide juridikoa, Foru Dekretu honetan ezarritakoa, farmazia berriak baimentzeko eskariei ezarriko zaie.

2. Osasun Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean dauden farmaziak edo jar daitezkeenak baimentzeko eskabide guztiak izapidatu eta ebaztea.

3. Farmazia baten titulartasuna edo titularkidetasuna duen pertsona batek bertze baimen bat erdietsi nahi badu, bai bere izenean, bai jabekidetasun araubidean, bere jabetzako farmazia eskualdatu edo laga beharko du edo hari uko egin, farmazia berria ireki aurretik.

4. Farmazia berria paratzeko baimena erdietsi edo jendearendako irekita dagoen farmazian zeinahi aldaketa -aldaketa, lekualdaketa edo eskualdaketa- egin ondoren, onuradunak sei hilabete izanen ditu Osasun Departamentuari eskatzeko behar den ikuskapen bisitaldia egin dezan; bertzela bada, haren eskubidea iraungitzat joko da.

5. Farmazia berriak irekitzeko eskariak eta gaur egun dauden farmaziak eskualdatu, lekualdatu edo aldatzekoak administrazio bidez ebatziko dira, berariaz eta sei hilabeteko epean eta, hori egiten ez bada, ukatutzat joko dira.

6. Farmazia irekitzeko baimenak ezin izanen dira eskualdatu, farmazia jendearendako ireki zen egunetik hasi eta hiru urteko epean, salbu eta farmaziaren titularra hiltzen bada, ezgaitasuna aitortzen bazaio edo antzeko zer edo zer gertatzen bada.

2. artikulua. Farmazia berriak baimentzeko prozedura.

1. Farmazia berriak baimentzeko lehiaketa publikoa eginen da eta hor aukeratuko da baimenari nori emanen zaion, konkurrentzi lehiaketaren, gardentasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren irizpideen arabera eta Foru Dekretu honetan ezarritako araubide juridikoari men eginez.

2. Pertsona edo entitate eskubidedunek irekitzeko aurkeztu eskariak Osasun zuzendari nagusiak ebatziko ditu; bere esku geldituko da eskaria artxibatzea, eskaria behar diren arauetan finkatutako irizpideekin bat egiten ez duenean edo, hala behar denean, honako artikulu honetan finkatutako prozedurari hasmenta ematea.

3. Lehiaketari hasmenta emateko Osasun zuzendari nagusiaren Ebazpena argitaratuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean; bertan deialdiko oinarriak agertzeaz gain, farmazia zein eremutan den bidezkoa eta hango biztanleen, gomendatutako kokapenaren eta prozeduraren xedeak zehaztutako gainerako ezaugarriak azalduko dira.

Horretan interesik duten farmazilariek, deialdi hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo 30 eguneko epean, lehiaketan har dezakete parte; horretarako, merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak eta farmaziako osasun laguntzako proiektua aurkeztuko dituzte, hori guztia Foru Dekretu honetako Eraskinean xedatutakoaren arabera.

Merezimenduak baloratzeko aldian, Foru Dekretu honetan biltzen diren hiru arloetan egiaztatutakoak aztertuko dira, hurrengo artikuluan azaldu irizpideekin bat etorriz. Balorazioaren ardura izanen duen epaimahaia, Farmazi Antolamenduaren Batzorde Aholku-emaile Teknikoa izanen da, hots, Osasun kontseilariaren apirilaren 11ko 98/1996 Foru Aginduaren bidez sortu hura.

4. Osasun zuzendari nagusiak, aurretik behar diren txostenak egin ondoren, Ebazpena emanen du eta lehiaketatik atera den lehentasun ordena ezarriko du eta horrekin lehenengo gelditu den eskatzaileari farmazia berria irekitzeko baimena emanen dio.

5. Eraskineko C) idazatian biltzen den farmaziako osasun laguntzako Proiektua baimenaren onuradunarendako loteslea izanen da eta hori betetzen ez bada, hasierako baimena berrikusi eta baliorik gabe utziko da.

3. artikulua. Merezimenduak baloratzeko irizpideak.

1. Eraskinean bildutako baremoan ezarri zertzeladak Zuzenbidean onartu ezein frogabideren bitartez egiaztatuko dira; ezbairik sortzen bada edo aurkeztutako dokumentazioarekin erdietsi gogo den xedea egiaztatzen ez bada, balorazio epaimahaiak behar den dokumentazioa aurkezteko hamar eguneko epea emanen dio interesatuari.

2. Elkarren artean bateragarriak diren lanbideen jardunak egiaztatu nahi direnean, denboran batera garatu direnen artean puntuaziorik altuena erdietsi duena bakarrik konputatuko da.

3. Lehiaketara aurkezteko epea bukatzen den egunerako 65 urte dituzten eskatzaileen lanbide jarduna ez da konputatuko.

4. Lanbide jarduna konputatzearen ondorioetarako, jardunaren urte eta hilabete naturalak hartuko dira kontutan; beti ere, "hilabete"-tzat hartuko da jardunean 30 egunez baino gehiago jarraian aritutako aldi bakoitza eta "urte"-tzat, jardunean 365 egunez baino gehiago jarraian aritutakoa.

5. Baremoa ezartzean berdinketarik gertatzen bada, baimena emanen zaio Eraskineko C) puntuan puntuaziorik altuena erdietsi duen eskatzaileari. Berdinketak bere horretan badirau, ondorengo lehentasun ordenari jarraikiko zaio:

a) 3.000 biztanlez goitiko herrietan dauden farmazietan ari diren farmazilariak, titular, erregente, ordezko edo atxiki modura ari badira.

b) 10.000 biztanlez goitiko herrietan dauden farmazietan ari diren farmazilariak, titular, erregente, ordezko edo atxiki modura ari badira.

c) Farmazia batean jardunean titular, erregente, ordezko edo atxiki modura denbora gehien ari direla egiaztatzen duten farmazilariak.

Aipatu lehentasun horiek balioko dute kasu bakoitzean eta elkarren jarraian gertatu berdinketak hausteko.

6. Bi farmazilarik edo gehiagok eskaria batera aurkezten badute, emanen zaien azken puntuazioa izangai bakoitzak bere aldetik egiaztatu merezimenduen banaz bertzekoa izanen da.

4. artikulua. Farmazia berriak baimentzeko prozedura.

Behin merezimendu lehiaketa ebatzi ondoren, farmazia berria jartzeko baimena jasotzen duen farmazilariak 30 eguneko epean farmazia berria kokatuko den lokala eskura izateko gaitzen duen titulu juridikoa aurkeztu beharko du eta gutxienez hiru urteko epean bere esku izanen duela bermatu beharko du. Halaber, obraren proiektua eta neurketan aditua den profesionalak egindako txostena aurkeztu beharko ditu, hori guztia jadanik jarrita dauden farmaziei dagokienez.

Lokalaren edo haren kokapenaren eta lehiaketan proposatutakoaren artean oinarrizko alderik bada, irekitzeko baimena ukatuko da eta, hala behar denean, hurrengo farmazilariari emanen zaio baimena, ez badu behinik behin Osasun Departamentuak igurikatzen, arrazoituki, aldaketa ez dela funtsezkoa eta lokal hori eta, barne ezaugarriei, dotaziokoei eta kokapenekoei dagokienez, hasieran proposatutakoa antzekoak direla.

Ez bada eskaturiko dokumentaziorik aurkezten edo epez kanpo aurkezten bada, usteko da farmazilariak duen eskubideari uko egiten diola; horrenbertzez, jarduketak artxibatuko dira eta, hala behar denean, merezimendu lehiaketan hurrengo tokia duen farmazilariari emanen zaio irekitzeko baimena.

5. artikulua. Zerbitzuen lanaldia eta ordutegiak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean irekita dauden farmazia guztiek gutxienez honako lanaldi eta ordutegia izanen dute:

a) Lanegunetan, astelehenetik ortziralera:

-Gutxieneko lanaldia: sei ordu.

-Guztiendako ordutegia: 10:00-13:00 eta 17:00-19:00.

b) Larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara, Osasun Eskualde Oinarrizko bakoitzeko farmazietako % 50 eta, beti ere, Osasun Eskualde Oinarrizko bakoitzeko gutxienez farmazia bat.

c) Ohiko oporraldietan (Aste Sainduan, Udan eta Eguberrian), besta egunen arteko lanegunak eta herrietako bestetan: urtearen gainerako egunetako ordutegi bera, Osasun Eskualde Oinarrizko bakoitzeko farmazietako % 50 gutxienez eta, beti ere, Osasun Eskualde Oinarrizko bakoitzeko gutxienez farmazia bat.

2. Osasun Departamentuak, bereziki, beharrezko neurriak hartuko ditu ikuskizun berezietan, hots, erromeria, kirol edo kultur ikuskizun, e.a.etan, biztanleriari farmazi laguntza bermatzeko.

3. Farmazi laguntzaren prestazioa egoki programatu eta ziurtatzeko, farmazietako titular guztiek, nor bere izenean edo taldean, eta, era koordinatuan eta Nafarroako Farmazilarien Elkargo Ofizialaren bidez, Osasun Departamentuari igorri beharko diote urte bakoitzeko azaroaren 10 eta maiatzaren 10a baino lehenago, gutxienekotzat jo den lanaldi eta ordutegiaz gain berek izanen dutena, baita seihilabete bakoitzeko Farmazi laguntza Jarraituko zerbitzuak ere.

Farmazi Antolamenduko Batzorde Aholku-emaile Teknikoak aurretik txostena eginda, Osasun zuzendari nagusiak lanaldi, ordutegi eta Farmazi laguntza Jarraituko Plan guztiak onetsiko ditu urte bakoitzeko abenduaren 20 eta ekainaren 20a baino lehenago.

7. artikulua. Farmazi laguntza Jarraitua.

1. Farmazi laguntza jarraitua ekainaren 7ko 185/1993 Foru Dekretuan aurreikusi zerbitzuaren araubidearen baitan emanen da.

2. Ekainaren 7ko 185/1993 Foru Dekretuko 2. artikuluko 1.A) idazatia aldatu da; honela geldituko da:

"Hala justifikatuko duten laguntza eta eskari arrazoiak badaude, farmazi laguntza jarraituaren gaueko zerbitzua emateko farmazia bat egonen da 100.000 biztanleko eta 50.000 biztanle gehiago bada bertze bat egonen da."

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.-Erreferentziako mugaketak. Farmazi Hiriguneak.

Nafarroako farmazien lurralde antolamenduaren egiturak abiapuntu izanen ditu Nafarroako Oasun Eskualdeei buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legean zehaztu Osasun Eskualde Oinarrizkoak eta Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea, farmazi zerbitzua biztanleriari zabaltzeko ekainaren 17ko 11/1996 Errege Dekretu Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Farmazi Hirigunetzat hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko osasun eskualde oinarrizko hauek: Atarrabia; Burlata; Berriozar; San Jorge; Txantrea; Alde Zaharra; II. Zabalgunea; Milagrosa; San Juan (zaharra); San Juan (berria); Ermitagaña; Azpilagaña; Iturrama; Barañain; Mendillorri; Tafalla; Lizarra; Tutera-Mendebaldea eta Tutera-Ekialdea.

Bigarrena.-Biztanleen araberako moduluak.

Farmazi Hirigunetzat har daitezkeen Osasun Eskualde Oinarrizkoetan, erabiliko den modulua hau da: 2.800 biztanleko farmazia bat. Behin proportzio horretatik goiti, bertze farmazia bat jartzen ahal da modulu horretatik goiti egiten duen 2.000 biztanleko.

Hirugarrena.-Farmazien arteko tartea.

Irekitzeko baimena jasotzen duen farmaziaren eta gaur egun jendearendako irekita daudenen edo baimena izanik ere oraindik orain ireki gabe daudenen artean gorde beharreko gutxieneko tartea hau izanen da:

a) 15.000 biztanle baino gehiago dituen toki entitatea: 150 metro.

b) 10.000 biztanle baino gehiago dituen toki entitatea: 200 metro.

c) 10.000 biztanle baino gutxiago dituen toki entitatea: 250 metro.

Elkarren ondoan dauden bi toki entitateek farmazien arteko tarteari dagokionez biztanleri irizpide desberdina badute, tarterik handiena gailenduko da.

Farmazia berri orok, baimen berria erdiesteagatik edo lekuz aldatzeagatik, eskualde oinarrizkoko osasun etxetik, ospitaletik edo titulartasun publikoko espezialitateak ematen dituen anbulatoriotik 150 metrora egon beharko du gutxienez. Mugapen hori ez da ezarriko farmazia hori jarri nahi den toki entitatean bertze farmaziarik ez bada.

Tarteak katastroko kartografian, 1:2.000 eskalako planoetan neurtuko dira. Zentrotzat hartuko da farmaziara jendea sartzeko ate nagusiaren erdi-erdia eta hortik abiatuta zirkunferentzia eginen da; erradioa, aurreko idazatian aipatu tartea izanen da. Horrela zehaztu zirkulua farmaziaren eragin eremua izanen da eta ezingo da eremu horretan bertze farmaziarik jarri.

Laugarrena.-Lehiaketa publikoa irekitzea.

Atarrabia, Burlata, Barañain eta Tutera Ekialdeko Farmazi Hiriguneetan farmazia berriak baimentzeko prozedurari hasmenta ematea xedatu da.

Borzgarrena.-Izapidaketaren lehentasuna.

Hirikotzat hartutako eremu batean farmazia baimentzeko espedienteari hasmenta ematen zaionean, geroago eskatzen diren farmazien lekualdaketak ebatziko dira, farmazia berrietako lokalak jartzeko baimena administrazio bidean irmo bilakatu ondoren.

Seigarrena.-Fidantzak.

Farmazia berriak irekitzeko espediente guztiei aplikagarri gertatuko zaie farmazia berriak irekitzeko prozeduran Osasun Departamentuaren eta Nafarroako Farmazilarien Elkargo Ofizialaren arteko jarduketak antolatzeari buruzko maiatzaren 3ko 113/1996 Foru Aginduan xedatutakoa. Bere horretan ezartzen da 500.000 pezetako fidantza pausatu beharko dela irekitzeko asmoaren seriotasuna bermatzeko.

Zazpigarrena.-Bertze eremu batzutako farmaziak.

Farmazi Hirigune izaera ez duen batean farmazia berriak irekitzeko baimenak izapidatuko dira, prozedurari dagokionez, Foru Dekretu honetan eta, irekitzeko irizpideei dagokienez, apirilaren 14ko 909/1978 Errege Dekretuan ezarritakoaz, farmaziak ezarri, eskualdatu eta sartzeari eta horiek garatzeko xedapenei buruzkoan.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.-Farmazi Antolamenduaren gaineko Foru Legea onetsi arte, jendearendako irekiak dauden farmazien farmazilari titularrek farmazia lekuz aldatzeko duten eskubidea erabil dezakete 11/1996 Errege Dekretu Legearen aurreko legerian ezarritako terminoetan baina zein Osasun Eskualde Oinarrizkoan dauden, hango mugak iragan gabe.

Bigarrena.-Foru Dekretu honetan ezarri irekitze araubidea arestion aipatu 11/1996 Errege Dekretu Legeak indarra hartu ondoren farmazia berriak baimentzeko administrazio espediente guztiei ezarriko zaie.

Hirugarrena.-Administrazio espedienteak, arestion aipatu 11/1996 Errege Dekretu Legeak indarra hartu aurretik irekiak eta Foru Dekretu honek indarra hartzen duen egunean ebatzi gabeak, eskaria egiteko orduan indarra duen arauteriaren arabera izapidatu eta ebatziko dira.

Laugarrena.-Zazpigarren xedapen gehigarrian ezarri irekitze araubidea, bere aldetik, arestion aipatu 11/1996 Errege Dekretu Legeak indarra hartu ondoren aurkezten diren eskariei ezarriko zaie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Osasun kontseilariari baimena ematen zaio Foru Dekretu hau garatu eta burutzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren bederatzian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli Aranguren.-Osasun kontseilaria, Fernando María Puras Gil.

ERASKINA

A) Espediente akademikoa eta lanbide heziketa

1.-Espediente akademikoa:

.Farmaziako Lizentziaturako irakasgai teknikoetan erdietsi Ohorezko Matrikula bakoitzeko: 0,2 puntu.

.Farmaziako Lizentziaturako irakasgai teknikoetan erdietsi Bikain bakoitzeko: 0,1 puntu.

.Farmaziako Lizentziaturako irakasgai teknikoetan erdietsi Oso Ongi bakoitzeko: 0,05 puntu.

2.-Farmaziako Lizentziatura Gradua: 0,5 puntu.

3.-Farmaziako Doktorego Gradua: 2 puntu.

4.-Osasun Zientzietako Lizentziatu tituluko (osasun jardueretan aritzeko ahalmena ematen duen titulazio oro horrelakotzat hartuko da): 0,5 puntu.

5.-Ospitaleko farmaziako farmazilari espezialistaren titulu ofiziala: 2 puntu.

6.-Osasun izaerako eginkizunetan aritzeko gaitasuna ematen duen titulu edo diploma ofiziala, eginkizun horiek farmazian lanean ari den farmazilariak egin baditzake: puntu 1.

7.-Bertze esparrutako farmazilari espezialistaren titulu ofiziala: puntu 1.

8.-Osasun diplomatua: puntu 1.

9.-Osasun ezagutzako master titulua edo antzekoa: 2 puntu.

10.-Farmaziak berezko duen jarduerari dagokion prestakuntza jarraituko ikastaro bakoitzeko, ikastaro horiek osasun edo irakaskuntza administrazioek, ikastetxe edo elkarte profesionalek eta antzeko izaera duten nazioarteko entitateek baimendu badituzte eta azkeneko 10 urtetan egin badira: 0,1 puntu, 20 ordutik 40 bitarteko ikastaroetarako ziurtagiri edo diplomako; 0,15 puntu, 40 ordu baino gehiago eta 60 baino gutxiago dituen ikastaro bakoitzeko eta 0,2 puntu, 60 ordu baino gehiago duten ikastaroetarako (gehienez ere 1,5 puntu).

B) Lanbide jarduna.

1.-3.000 biztanle baino gutxiago dituen toki entitate txiki batean kokatutako farmazia batean azkeneko hamar urtetan farmazilari titular, erregente edo ordezkoaren lanean egindako jarduna: puntu 1/urteko.

2.-10.000 biztanle baino gutxiago dituen toki entitate txiki batean kokatutako farmazia batean azkeneko hamar urtetan farmazilari titular, erregente edo ordezkoaren lanean egindako jarduna: 0,8 puntu/urteko.

3.-10.000 biztanle baino gehiago dituen goi mailako toki entitate batean kokatutako farmazia batean azkeneko hamar urtetan farmazilari titular, erregente edo ordezkoaren lanean egindako jarduna: 0,6 puntu/urteko.

4.-Farmazia batean azkeneko hamar urtetan farmazilari atxikiaren lanean egindako jarduna: 0,6 puntu/urteko.

5.-Ospitaleko farmaziako zerbitzuetan edo lehen mailako osasun laguntzako zentroetan azkeneko hamar urtetan farmazilari lanean egindako jarduna: 0,6 puntu/urteko.

6.-Sendagai biltegietan azkeneko hamar urtetan farmazilari lanetan egindako jarduna: 0,4 puntu/urteko.

7.-Farmazi produktuak banatzeko zentroetan eta albaitaritza sendagaiak saldu eta banatzeko zentroetan edo farmazi espezialitateetako laborategietan azkeneko hamar urtetan farmazilari lanean egindako jarduna: 0,3 puntu/urteko.

8.-Osasun sendagai eta produktuekin zerikusirik duten bertzelako modalitate profesionaletan azkeneko hamar urtetan farmazilari lanean egindako jarduna: 0,2 puntu/urteko.

9.-Osasun administrazioan edo korporazio farmazeutikoan azkeneko hamar urtetan farmazilari lanean egindako jarduna: 0,5 puntu/urteko. Puntuazio hori 0,5 puntu/urtekotan gehituko da, postu horrek establezimendu eta/edo farmazi produktuekin zuzeneko harremana badu.

10.-Sendagaien arloekin zerikusirik duten gaietan osasun zientzietako esparruaren barnean unibertsitateko fakultateetan edo unibertsitateko eskoletan azkeneko hamar urtetan katedratiko edo irakasle numerarioaren lanean egindako jarduna: 0,3 puntu/ikasturteko.

11.-Azkeneko hamar urtetan egindako farmazi laguntzaren gaineko lan zientifiko argitaratuengatik eta bilkura zientifikoei egindako ekarpenengatik: gehienez ere 0,1 puntu (gehienez ere 2 puntu).

C) Farmaziako osasun laguntzako proiektua.

Farmazia zein hirigunetan kokatu nahi den, gune horrek farmazi laguntzaren arloan dituen osasun beharren azterketa sartuko da eta farmazia jartzeko aukeratu den lekua biztanleriari osasun laguntzarik onena emateko egokia den ala ez egiaztatuko da.

Farmaziako Laguntza Plana aurkeztuko da eta hor zehaztuko dira baliabide material eta pertsonalak, egin beharreko jardueren programa, funtzionamendurako araubidea eta jendearendako ordutegiak.

Horrekin batera, honako hauek ere aurkeztuko dira: proposatutako lokalak, ustez kokatuko diren lekua, farmaziaren banaketa, gutxieneko azalera eta, hala behar denean, instalazio atxikiak.

Balore hauek ezarriko dira:

-Lokalak eta kokapena: 2 puntu arte.

-Azalera eta banaketa: puntu 1 arte.

-Baliabide materialak: puntu 1 arte.

-Baliabide pertsonalak: puntu 1 arte.

-Sendagaiaren zentzuz erabiltzeko programa: 2 puntu arte.

-Osasunaren sustapen eta heziketarako jarduerak, gainerakoak: 2 puntu arte.

-Funtzionamendurako araubidea (funtzionamendurako esku-liburua, Kalitate Plana, egin beharreko osasun jardueren programa, ordutegiak, e.a.): 2 puntu arte.

Iragarkiaren kodea: A9607414