II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
L U Z A I D E
Merkataritza ez-egonkorra arautzen duen ordenantza fiskalaren behin betiko onespena
Luzaideko Udalak merkataritza ez-egonkorra arautzen duen ordenantza onetsi zuen behin betikoz 1996ko abuztuaren 28an egin osoko bilkuran. Hona hemen:
LUZAIDEKO MERKATARITZA EZ-EGONKORRA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua.-Luzaideko udalerrian denda-ibilgailuetan herriz herriko merkataritzaren klasera egiten den merkataritza ez-egonkorra arautzea da ordenantza honen xedea, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legeak Nafarroako Toki Entitateei erregelamenduak egiteko ematen dizkien ahalmen zehatzak garatuz.
2. art.-Ordenantza honi doakionean, merkataritza ez- egonkorra merkatariek ohiko saltoki egonkorretatik kanpo, muntadura desmuntagarrietan, aire zabalean, edo denda- ibilgailuetan egiten dutena da, uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legean, eta Ordenantza honetan ezarri baldintzei jarraikiz.
3. art.-Nehoiz ere ez da produktuak saltzeko baimenik emanen, haien arautegiak debekatzen badu.
Halaber, hauen saltzea debeku da: haragi, hegazti eta ehizaki fresko, hotzetakoak eta izoztuak, zezinak, hertzekiak, xingar-azpia, arraultzak, arrain eta itsaski fresko, hotzetakoak eta izoztuak; esne zertifikatua, pasteurizatua eta esneki freskoak; pastel eta opilak, beteak edo guarniziodunak; oreki elikagarri fresko eta beteak eta semikontserbak, bai eta beren ezaugarri bereziengatik eta agintari eskudunen ustez osasunerako arriskutsu diren produktuak ere.
Dena den, aitzineko lerroaldean aipatu produktuen saltzeko baimena eman daiteke, osasun agintari eskudunen iduriz, garraio eta hozkailu muntadura egokiak baldin badaude.
4. art.-Merkatari ez-egonkorrek baldintza hauek bete beharko dituzte beti:
a) Isnkribaturik egotea merkataritza eta industri ihardueren Lizentzia Fiskaleko epigrafeetan.
b) Dagokien ogasun publikoarekiko zerga betebeharrak beterik izatea.
c) Inskribaturik egotea bakoitzaren Gizarte Segurantzaren Araubidean.
d) Toki Entitatearen baimena izatea, salmenta tokian ikusteko maneran agerian egonen dena.
e) Osasungintzako arau teknikoek eta gainerako xedapen aplikagarriek merkaturatzen diren produktuen gainean eskatzen dituzten baldintzak betetzea.
f) Atzerritarrek, lanean bere gain aritzeko eta hemen bizitzeko baimenak izatea, indarra duen arautegiari jarraikiz.
g) Argi ikusteko moduko kartelen bidez kontsumitzaileari adieraztea zein diren salmentako produktuen akatsak edo haien etorki izkutua.
h) Saltzerat ezartzen diren produktuen marka eta etorkia behar adina frogatzen duten agiriak izatea.
i) Elikagaiak salduz gero, janari erabiltzaileen karneta izatea, Nafarroako Gobernuaren zerbitzu teknikoek luzatua.
5. art.-Tasak ordainarazteko, bide publikoa okupatzeko tasak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoari jarraituko zaio.
Baimena eskuratu aitzin, tasa udal diruzaintzan ordaindu beharko da.
II. TITULUA
Herriz herriko merkataritza denda-ibilgailuetan
6. art.-Alkatearena da banan-banan baimenak emateko eskumena, denda-ibilgailuetan herriz herriko merkataritzan ari ahal izateko.
7. art.-Banan banako baimenak norberarenak eta eskualdaezinak dira, eta urtebeteko indarraldia dute.
Baimenean adieraziko da nor den titularra, indarraldia eta salmentarako baimena duten produktuak. Non ezarri saltzailearen nahietara izanen da.
8. art.-Eskatzaileek eskabidea aurkeztuko dute udal idazkaritzan, agiri hauekin batean:
a) N.A.N.aren fotokopia.
b) Ziurtagiria, eskatzaileak merkataritza eta industri ihardueren Lizentzia Fiskaleko epigrafeetan alta hartu duela eta betebehar fiskalen ordainketa egina duela frogatzen duena.
c) Dagokion Gizarte Segurantzaren araubidean inskribatuta dagoela frogatzen duen ziurtagiria.
d) Atzerritarra baldin bada, bizitzeko eta lan egiteko baimenaren fotokopia.
e) Janari erabiltzaileen karnetaren fotokopia, elikagaiak saltzen dituztenen kasuan.
Merkatariek merkatuan zein produktu saltzeko baimena eskatzen duten beharko dute adierazi eskabidean.
Helbidea Udalerrian izanez gero, horrela adierazi beharko du merkatariak eskabidean.
III. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
9. art.-Hauek, arau-hauste arinak dira:
a) Luzaideko Udalaren baimenean dauden baldintzetakoren bat ez betetzea.
b) 13/1989 Foru Legeko aginduak edo ordenantza honetakoak ez betetzea, arau-hausteen bertze bi kategorietakoak izan ezik.
10. art.-Hauek, arau-hauste larriak dira:
a) Arau-hauste arinak behin baino gehiagotan egitea.
b) Salerosketako produktuen gaineko arautegiak galdatzen dituen baldintzak ez betetzea.
c) Ozarkeria, edo Udal agintariei, haren funtzionario edo udaltzainei beren egitekoetan ari direnean argibideak ukatzea, bai eta okerreko argibideak edo gezurrezko agiriak ematea ere.
11. art.-Hauek, arau-hauste oso larriak dira:
a) Arau-hauste larriak behin baino gehiagotan egitea.
b) Toki entitatearen baimenik gabe aritzea.
c) Toki entitatearen agintari, funtzionario edo udaltzainei, beren egitekoetan ari direnean, aurka, larderia edo mehatxu egitea.
12. art.-Arau-hauste arinak ohartarezpenez edo 25.000 pezetarainoko isunez zehatzen ahal dira.
Arau-hauste larriak 25.001etik 100.000 pezeta bitarteko isunez zehatzen ahal dira.
Arau-hauste oso larriak 100.001etik 500.000 pezeta bitarteko isunez zehatzen ahal dira eta, kasuan-kasuan, saltzeko baimena aldi baterako kenduz edo hura baliogabetuz.
Badaezpadako neurri gisa, salgaiak kentzen ahal zaizkie, burututako eginbideetatik haiek merkaturatzeko eskatzen diren baldintzak ez direla bete ondorioztatzen bada, eta bahitu eginen dira agintari eskudunen iritziz osasun arriskua sortzen ahal badute.
13. art.-Zehapen espedienteak, prozedurari dagokionean, indarra duten administrazio xedapenetan ezarritakoari lotuko zaizkio.
E R A S K I N A
Tarifak:
Urtekoa: 15.000 pezeta.
Egunekoa: 500 pezeta.
Luzaiden, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren hiruan.
Iragarkiaren kodea: A9607246