112. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

Z A R E

Ordenantzaren behin betiko onespena

1996ko uztailaren 24ko 89. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean ediktu bana argitaratu ziren herrilurretako probetxamenduak arautzen dituen ordenantzan aldaketak egiteko Udalbatza honek 1996ko ekainaren 28ko osoko bilkuran hartu zuen erabakiaz.

Jendaurrean egoteko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.b) artikuluak aipatzen duen gutxieneko epea sobra ere iraganik, eta erreklamazio, enura edo ohartarazpen bakarrik ere aurkeztu denik ez baitago jasota, 1996ko abuztuaren 27an hartutako erabakiaren bidez onetsi zen behin betikoz testu aldatua, baita ordenantza horren testu osoa osorik argitaratzea xedatu ere, iragarki honen eraskin.

Zaren, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko abuztuaren hogeita zazpian. Alkate udalburua, José Antonio Otazu Orduna.

HERRILURRETAKO PROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Herri ondasunen probetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek jorratzen dituen probetxamenduak hauek dira:

a) Herri larreen probetxamendua.

Hauek ere arautu litezke:

b) Laborantzarako herrilurren probetxamendua.

c) Herrilurretako bertzelako probetxamenduak.

2. art. 1. Oro har, herrilurretako probetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua izatea.

b) Udalaren Biztanle Erroldan herritar bezala inskribatua egotea guttienez ere bortz (5) urte lehenagotik.

c) Zaren urtean bederatzi (9) hilabetez bederen egiazki eta jarraian bizi izatea.

d) Zareko Udalarekin mota guztietako zerga betebeharrak eguneratuak izatea.

Famili unitatearen kide izanen dira etxebizitza berean bizi diren guziak. Hala ere, guraso jubilatuak, familiakideekin bizi arren, famili unitate independiente gisa hartuko dira beren dirusarrerak lanbideen arteko guttieneko soldata baino ttikiagoak baldin badira.

Artikulu hau interpretatzean sortzen ahal diren zalantzak Udalak ebatziko ditu banan-banan, Herrilurren Informazio Batzordeak haien gaineko txostena egin ondotik, horrela behar bada.

II. KAPITULUA

Herri larreen probetxamendua

3. art. Zareko Udalaren herri larreek, eta antzinako ohitura, edo lege nahiz hitzarmenen bidez partikularrenak diren bertze lur batzuekin batera, ustiapen unitatea osatzen dute, ondoko bazkalekuetan banatua:

a) Bazkaleku bakarra: 11.000 erregukoa, nonbait hor, eta muga hauek dituena: kanpotik, udal mugapea bera, eta barnetik, hiri lurzorua.

4. art. Zareko Udalaren herri larreen probetxamendua modu hauetako batean, eta lehentasunezko ordena honetan, eginen da:

a) Herritarrei zuzenean esleituz.

b) Enkante publikoaren bidez esleituz.

5. art. Ordenantza honen 2. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako tilularrak izanen dira herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak herri larreen probetxamenduari dagokionez, beti ere, dagozkien bazkatokien azienda karga, ordenantza honen 8. artikuluan aipatzen dena, Zareko Udaleko Abeltzaintza Aberastasunaren Eregistroan (Katastroa) inskribatua badute.

6. art. Herritar abeltzainek zuzenean probetxatuko dituzte larreak eta ez da zilegi izanen haiek berrakuratzea edo lagatzea. Hori dela eta, Zareko Udalak ebatziko du onuradunak ez dituela larreak zuzenean probetxatzen, horrek bere aziendak Udal horretako Abeltzaintza Aberastasunaren Erregistrotik kentzen baditu.

7. art. Esleipena zortzi (8) urtetarako izanen da, urriaren lehenetik (1etik) hasita, ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako bazkalekurako.

8. art. Zareko Udalak ezarri duenez, herrilurretako bazkalekuek ondoko azienda karga jasaten ahal dute:

a) Bakarra: 650 ardi.

Horri doakionean, Zareko udalaren aburuz honelako baliokidetasunak daude: zaldi bat 9 ardi adina da; behi bat 8 ardi adina da, eta ahuntz bat 2 ardina adina da.

9. art. Herriko abeltzain kopurua eta bazkalekurako udal eskorta bat badela kontuan harturik, Zareko Udalak Armilloko udal eskorta probetxamendu honetatik kanpo ezartzen du eta hura bere eskura gelditzen.

Eskortarik gabe, bazkalekuak har dezakeen azienda kopurua kontutan hartuta, Zareko Udalak ondoko kanona finkatu du urteko:

a) Bazkaleku bakarra: 3.000.000 pezeta.

10. art. Nafarroako Toki Ogasunei buruz indarra duen 1995eko martxoaren 2ko Foru Legearen 27. artikuluan ezarritakoaren ariora, esleipenaren prezioa urtero eguneratuko da, beti ere erakunde ofizial eskudunak Nafarrorako onetsitako indizeei jarraikiz abeltzainek prezioetan sumatutako gorabeheren heinean.

11. art. Bazkalekuen probetxamenduari dagokion urteko kanonaren zenbatekoa bi epetan ordainduko dute errentariek:

Lehen epea: epemuga, urte bakoitzeko abenduaren 31; zenbatekoa, urteko sariaren 100eko 50.

Bigarren epea: epemuga, urte bakoitzeko ekainaren 30; zenbatekoa, urteko sariaren 100eko 50.

12. art. Onuradunak, fidantzatako, 8 esleipen urteetako zenbatekoaren batura zenbat, horren 100eko 5 ordaindu beharko du Udal Diruzaintzan eta horretarako 15 egun naturaleko epea izanen du probetxamendua esleitu zaiola jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

13. art. Zareko Udalak ez du herri larreen bortzena espreski gordetzen, ager daitezkeen bertze onuradun batzuentzat.

14. art. Herri larreak probetxatzen dituzten aziendek beharko dute izan osasun ziurtagiri bat egiaztatzen duena herri larreak probetxatzen dituzten azienden Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla, eta horregatik bete behar dira aipatu Foru Legean eta haren Erregelamenduan zehaztutako baldintza guztiak.

15. art. Herriko ohituraren arabera eta nekazariei nahiz abeltzainei kalterik ez egiteko, Zareko Udalak ondoko baldintzak finkatzen ditu:

15.1. Probetxamendu honen barnean udal mugape honetako belarren errentamendua sartzen da, eta hura herrilurrek eta horretarako lagatako jabego partikularrek osatzen dute.

Behar den errentamendu aldia baino lehen jabe batzuek beren larre partikularrak lagatzen baitituzte, eta horri begiraturik, Udalak, jabe lagatzaileei, landalur aberastasunaren zerga-kuota arruntaren 100eko 20aren ordaina emanen die esker-sari, osotasunera ekarritako azalera-erreguen ariora banatuta, beren belarren herri probetxamendua dela eta beren finkei ezarritako kargaren ordain.

15.2. Nafarroako Foru Diputazioak 1941eko uztailaren 17an harturiko erabakiaren indarrez, errentariaren ardi aziendak -eta ardi aziendak bakarrik- bazkalekuaren barnean diren oihanberrietako larreez baliatu ahal izateko, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunaren eta Udalaren baimena beharko da aitzinetik.

Udalak eskatu eta Nafarroako Gobernuak baimenduz gero, errenta horren barnean sartzen direla ulertuko da espezie erretxinadunez oihanberritutako lurrak.

15.3. Esleipen hartzaileak gari arteko belarretan alatzen ahalko ditu bere aziendak. Orobat, mahastietan ere sartzen ahal ditu mahats-biltzearen bukaera dela eta ardandegi kooperatiboa itxita gelditzen den unetik-baina ez azaroaren 1a baino lehenago, ezta mahatsondotik orria erori baino lehenago ere-hurrengo martxoaren 8a arte. Aldiz, debeku da olibondoetan eta hiru urte edo guttiago duten landaketetan alatzea, baita martxoaren 8a baino lehenago goldaturiko mahastietan eta parra itxurako mahastietan ere.

15.4. Halaber, esleipen hartzaileak debeku du mahasti goldatu baina erein gabeetan, edo uztondo hezeetan alatzea bere aziendak, harik eta leku horietako lurzoruaren egoera aziendek zanpatzeko modukoa dela arrazoizkoa ez den arte.

15.5. Edozein gorabehera dela eta aziendendako pasabideak larreak probetxatzeko nahitaezkoak izan eta horiek prestatu behar baldin badira, Udalak behar dena xedatuko da behar bezala seinaleztatu daitezen. Beti ere udal mugapeko erreten guztiak errespetatu beharko dira, bai gaur egun direnak, baita lurzati berrantolamendukoak ere.

15.6. Arbolak landatu behar badira, esleipen hartzaileak ez du horretarako egiten diren zuloengatik kalte-ordainik eskatzeko eskubiderik izanen, ezta gaur egun diren zuloetan egiten diren landaketengatik ere. Aldiz, aziendek lur horiek errespetatu beharko dituzte, probetxamendu honetatik kanpokotzat jotzen baitira.

Udalak gaur egun lantzen ez diren lurrak bere esku edukitzeko eskubidea gordeko du, laborantzan erabiltzeko, alatokiak sortzeko edo oihanberriak paratzeko. Horrela eginez gero, kalte-ordaina emanen lioke esleipen hartzaileari, okupatutako azalera zenbat, horrenbat, esleipen prezioaren gainean eta probetxamendurako gelditzen den denbora kontutan hartuta.

15.7. Probetxamenduaren kariaz Udalak ez du inondik ere azienden ur hornidura ezta idoien eraikuntza bermatzeko konpromezurik hartuko bere gain.

15.8. Esleipen hartzaileak debeku du ereindako lursailetan bere aziendak alatzea.

15.9. Probetxamendu honetatik kanpo gelditzen dira jabetza partikularreko ixtegiak, eskortak eta estalpeak, bazkaleku hauetan sarturik egon ala ez.

15.10. Udala ez da erantzulea izanen, probetxamendu eta baliatze honen kariaz, esleipen hartzailearen jabego diren edo haren ardurapean dauden animaliei, jendeei edo gauzei gertatzen ahal zaizkien ezbeharrengatik.

15.11. Probetxamendu honen ondorioz sortzen diren gastu eta zergak esleipen hartzailearen bizkar izanen dira.

15.12. Esleipen hartzailea da bere aizendek egiten dituzten kalteen erantzulea, baina erantzukizun horretan ez da sartuko abere arrotzek edo iragaitzekoek eragiten dutena.

15.13. Larreetan, idoietan, e.a.etan egiten diren hobekuntza lan guztiek Udalaren lizentzia beharko dute. Hortaz, ez dira egiten ahalko Udalak aldez aurretik baimena ematen ez badu.

15.14. Errentariak esleipena bere gain eta galorde hartzen duela ulertzen da, eta, beraz, pribilegio guztiak bazterturik.

Honi dagokionez, errentapeko herrilurretan esleipen hartzaileak erakunde ofizial eskudenak aldez aurretik baimendurik egiten dituen hobekuntza guztiak, Udalaren esku gelditu dira errentaldia bukatuta, ez kosturik ez kargarik ez dakartela harendako.

16. art. Prozedura. Udalaren ebazpenaren ondotik, 5 eguneko epea irekiko da belarrak probetxatzeko eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten, Udaleko iragarki oholean ediktua agertu eta gero.

17. art. Eskabideekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

1. Zinpeko aitorpena, honen gainean:

a) Zareko herritarra izatea, bortz urte lehenagotik bederen, eta udalerrian guttienez ere urtean bederatzi hilabetetan bizi izatea.

b) Udal honen edozein motatako zergen betebeharrak eguneratuak izatea.

c) Famili unitatea osatzen duten kideak, horietariko norbaitek ezintasun fisiko edo psikikorik ba ote duen aipatuz.

d) Famili unitateko kide bakoitzak Zaren nahiz bertze udalerrietan zenbat erreguren jabe diren, sekaineko lurrak eta ureztalurrak espreski bereiziz.

e) Famili unitateko edozein kidek errentamenduan edo bertze edozeren kariaz lantzen dituen lurrak, bai udalerri honetan bai bertze batean, sekaineko lurrak eta ureztalurrak espreski bereiziz.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren Hirilur Aberastasunaren Kapital Zergagarriak, etxebizitzari dagokiona izan ezik, bai Zaren bai bertze inon.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren abeltzaintza aberastasunaren kapital zergagarriak edo abelburu kopurua eta espeziea, bai Udal honetan bai bertze batean.

h) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak, izaera eonomikoko edozein jarduera egiteagatik, egindako guztiak zehaztuz, baita Gizarte Segurantzaren pentsioa edo bertzelako errentak ere.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatu ahal izateko, Zareko Udalak bere baitan gordetzen du beharrezko jotzen dituen agiriak eskatzeko ahalmena, agiri eta datu objetiboetan justifikatutako errenta mailak kalkulatzeko, hala nola Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, soldata bidezko dirusarrerak, errentamenduan edo bertze edozeren kariaz laborantzako lurrak edukitzea, landalur, abeltzaintza eta industri kontribuzioen zerga-oinarria, baita hirilur kontribuzioarena ere, norberaren etxebizitzari dagokiona salbu, eta -oro har- izaera berdintsuko bertze edozein, interesgarritzat jotzen bada.

2. Abelburu kopuruaren katastroko ziurtagiria.

3. Ordenantza honen 14. artikuluak aipatzen duen osasun babespeneko ziurtagiria.

4. Probetxatu nahi diren bazkalekuen zerrenda ordenatua.

18. art. Udalak behin-behineko esleipena eginen du ondoko inguruabar hauek kontuan harturik:

a) Lehentasuna izanen dute dirusarrera ttikienak dituzten famili unitateek.

b) Bazkalekuak hartzen ahal duten azienda kargaren arabera esleituko dira abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.

c) Bazkaleku bakar bat abeltzain bati baino gehiagori esleitzen ahal zaio, beti ere abelburu kopuru osoa horretarako zehaztu den gehieneko karga baino handiagoa ez bada. Horrelakoetan kanona abelburuko kalkulatuko da.

d) Abeltzain bati bi bazkaleku esleitzen ahal zaizkio, baldin eta azienda aski badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak betetzen badira.

19. art. Behin-behineko esleipena egindakoan, 5 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkez daitezen, eta epea halakorik gabe ahitzen baldin bada, behin betikoz onetsitzat joko da.

20. art. Herritarren arteko banaketa egin ondotik sobrante gelditu diren larreak enkante publikoaren bidez esleituko dira aurrekon 7. artikuluari dagokionez errentan uzteko gelditzen den denborarako, indarra duen legeriari eta ordenantza honen xedapenetan aplikagarri direnei jarraikiz.

21. art. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

1. Erabilpena zuzenean eta pertsonalki ez egitea, esleitutako probetxamendua berrakuratuz edo eskualdatuz. Ez da kasu horretan sartuko esleipen hartzailea pentsioduna izan eta bere aziendak alatzeko peoi batez baliatzen bada.

2. Probetxamenduaren kanonak edo ezartzen ahal diren bertze tasa edo zergak ez ordaintzea Udalak finkatzen dituen epeetan.

3. Herrilurraren probetxamendua nabarmen gaizki edo osoki ez egitea.

4. Herrilurrari esleipenakoa ez bertzeko erabilera ematea.

5. Lurrak lantzea horretarako baimenik izan gabe, nahiz eta lur horiek landu gabeak edo larre utziak izan.

6. Landaketa iraunkorrak egitea (frutarbolak, e.a.), horretarako Udalaren baimena izan gabe.

7. Esleipen epeak ez errespetatzea.

8. Herrilarretan alatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

9. Hildako abereak lurperatu gabe uztea.

10. Alatze eremuak ez errespetatzea.

11. Eskeitu ez zaizkion bazkalekuetan sartzea aziendekin.

12. Eskorta, idoi, zerrakura, balagai eta gainerako instalazioetan kalte egitea.

13. Uztondoak erretzea Nafarroako Gobernuak edo, behar baldinbada, Udal honek aldez aurretik baimena eman gabe.

14. Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion bertze edozein gertaera edo egintza.

22. art. Aitzineko 21. artikuluan aipatu diren arau-hausteek zehapen hauek izanen dituzte:

1, 2, 3, 4, 6, 8, 12 eta 13. arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz horrek ez duen galarazten Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

Zazpigarrenak, herri lur edo larreen esleipena hartzeko ezgaitasuna ekarriko du.

Gainerako arau-hausteak gehienez ere para daitezkeen isunekin zehatuko dira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 21,k) artikuluak eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52.ak eta haiekin bat heldu diren xedapenek xedatzen dutenez.

23. art. Ondasun publikoetan edo hirugarrenenetan egindako kalte guztiak bidezko den eran ordainduko dituzte sortzaileek, izan daitezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe.

Iragarkiaren kodea: A9607251