II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
C A S T E J O N
Castejongo "Solidaridad" zahar etxe mistoa kudeatzeko erakunde autonomoaren estatutuak
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. "Castejongo Solidaridad zahar etxe mistoa" patronatua erakunde autonomo bat da, hirugarren adinerako egoitza kudeatzeko xedea duena. Hura Castejongo Julián Gayarre karrikan, z.g., du, horixe baitu helbide.
2. art. Erakunde autonomoak izaera administratiboa ukanen du, berezko nortasun juridiko eta gaitasun osoaren jabe delarik bere helburuak betetzeko, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 196. artikuluarekin bat.
3. art. Erakunde autonomo hori Castejongo Udalak 1996ko maiatzaren 31n egin osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez sortu da. Helbidea herri horretan izanen du, zahar etxearen egoitzan berean.
4. art. Solidaridad zahar etxe mistoa kudeatzeko erakunde autonomoa, bere helburuak bete ditzan, Castejongo Udalaren aginduen menpean egonen da, horrek, haren sortzaile denez gero, kontrol eta babes goreneko ahalmenak erabiliko baititu, estatutuetan, foru legerian eta antolamendu juridiko-administratiboan bere esku uzten den bezala, eta Castejongo Udalari atxikirik geldituko da.
5. art. Zahar etxearen xedea bi sexuetako erretiratu eta pentsiodunak zaintzea da, sartzea eskatzen duten senar-ameazteak barne, ez familiak ez komunitateak etxean berean ezin eskain diezazkiekeen zerbitzuak emateko. Gobernu Batzordeari dagokio zahar etxean sartzeko eskabideez erabakitzea.
Patronatuak bere gain hartu du etxez etxeko laguntzarako programa berariazkoaren zerbitzuak ematea. Programaren kudeaketa administratiboa, berriz, Udalaren organo eskudunen esku geldituko da, orain arte bezala (Gizarte Zerbitu Oinarrizkoa).
Orobat, patronatuak hartzen ahalko du gero batean hirugarren adinari dagokion bertze edozein arlo, Udalak onesten badu behar den udal erabakiaren bidez.
6. art. Erakunde autonomoaren Gobernu Batzordeari dagokio zehaztea zein diren zahar etxean sartzeko baldintzak, bai eta bertan bizi direnen arautegia ezartzea ere.
II. KAPITULUA
Araubide organikoa
7. art. Castejongo zahar etxe mistoa kudeatzeko erakunde autonomoak organo hauek ditu:
a) Gobernu Batzordea.
b) Batzordeburua.
c) Batzordeburuordea.
LEHENBIZIKO ATALA
Gobernu Batzordea: eraketa eta jarduera
8. art. Gobernu Batzordea izanen da erakunde autonomoaren organo gorena. Gobernu Batzordeko kargu guztiak ohorezkoak izanen dira eta ez zaie ordainduko.
9. art. Gobernu Batzordea kide hauek osatuko dute:
a) Alkatea, batzordeburua izanen dena.
b) Gizarte Zerbitzuen alorreko informazio batzordean buru egiten duen zinegotzia batzordeburuordea izanen da.
c) Udalbatzan dauden talde bakoitzeko ordezkaria.
e) Kudeatzailea.
f) Udaleko gizarte langilea.
g) A.C.O.T.E.ko ordezkari bat, horretarako izendatua.
h) Egoiliarrek hautatutako kide bat.
Gobernu Batzordeko kide batek korporaziokide edo bizilagun izaera galtzen badu, hori baldin bada bertan egoteko eskubidea ematen dion arrazoia, lehen izendatu zuen udal organo berak izendatuko du bere ordezkoa.
Batzordeburuak izendatzen duen batzordekidea ariko da idazkari.
10. art. Gobernu Batzordeko kideen agintaldiak, gehienez ere, eta lehenago berritzen ez bada, haien izendapena egiten duen Udalbatzak hainbat iraunen du.
11. art. Gobernu Batzordea gutienez hiruhilabetean behin bilduko da.
Gainera, batzordeburuak egoki irizten duen aldiro biltzen ahalko da, eta Gobernu Batzordeko kideen 1/3-ak eskaturik.
12. art. Batzordearen bilkurak baliozkoak izateko bortz kidek bederen beharko dute agertu. Batzordearen erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira. Berdinketa suertatuz gero batzordeburuaren kalitateko botoak erabakiko du.
13. art. Batzarrerako deialdiak batzordeburuak eginen ditu, berrogeita zortzi ordu lehenago eta eztabaidatu beharreko gaien zerrenda finkatuta. Kideek nahitaez azaldu behar dute bilkuretara.
14. art. Bilkura bakoitzeko akta eginen du idazkariak eta dagokion liburuan ezarriko da. Han zehaztuko dira hartutako erabakiak. Aktak orri solteetan idazten ahal dira, batzordeburuak behar bezala beterik, eta azaleztatu beharko dira liburu bat eginez.
15. art. Batzordearen ahalmenak ondoko hauek dira:
1. Udalari, zahar etxearen ondasun higiezin eta eskubide errealak erosi, saldu edo trukatu ditzan proposamena egitea edo, bertzela, haiek eskuratu, bertzerendu edo kargatu ditzan.
2. Udalari, mota guztietako balore, titulu eta ondasun higigarrien salerosketa proposatzea, are balio artistiko eta historikodunak ere, eta orobat mota guztietako eskubideak eta gordailu izendunak eratu eta erretiratzea egoki juzkatzen denean.
3. Edozein pertsona fisiko nahiz juridikori kobratu eta ordaintzea, tributu ahalmenaren izaerako egintzak ezin burutu ditzakeelarik, zerbitzu emateagatiko tasak eskuratzea izan ezik.
4. Onuragarri direla uste dituen ekintzak egitea, eta hornidurari, zerbitzuei eta obrei buruzko kontratuak sinatzea.
5. Helegiteak paratu, auziak sustatu eta bide administratibotik nahiz judizialetik jotzea, instantzia guztietan.
6. Zahar etxearen jarduerarako beharrezko edo egoki diren ahalmenak emateari buruz erabakiak hartzea, eta halaber, egoki juzkatzen diren eskumenak batzordekideen nahiz bertze pertsona baten gain uztea.
7. Ahalmenak erabiltzeko egoki edo beharrezko diren agiri publiko nahiz pribatuak emateari buruzko erabakiak hartzea.
8. Batzordeak edozein egintza eta edozein kontratu egiten ahal du, zahar etxerako baliagarri izanez gero.
9. Zahar etxearen helburuak betetzeko beharrezko den bertze edozein eginkizun.
10. Egoiliarrak onartzea, horretarako prestatzen diren baldintzei jarraikiz.
16. art. Zahar etxearen Gobernu Batzordea bertako administrazioaren erantzule izanen da, eta bere eginkizunetakoren bat edozein kideren gain eskuordetzen ahalko du, nahiz kanpoko bertze norbaiten gain. Kargu horri ordaindu eginen zaio edo ez, Batzordeak erabakitzen duenaren arabera.
Hala eta guztiz ere, Gobernu Batzordearen jarduketak Castejongo Udalaren fiskalizazio, ikuskapen eta kontrolaren menpe egonen dira, bereziki honako ahalmenei dagokienean:
a) Zahar etxearean ondarearen administrazioa eta erabilpena.
b) Estatutu hauen interpretazioa.
c) Ekitaldi ekonomiko bakoitzeko aurrekontuaren berrikuspena eta horren likidazioa.
Gobernu Batzordeak arrazoituriko proposamenen bidez edo Udalaren osoko bilkuraren ekimenez, Estatutuak aldatzeko, hala nola, ondasunak besterendu edo kargatzeko, Castejongo Udalaren osoko bilkurak soilik du eskumena.
BIGARREN ATALA
Batzordeburua
17. art. Batzordeburuak eginkizun hauek ditu:
a) Batzordearen bilkuretarako deialdiak egin, haien buru izan eta zuzendari lana betetzea.
b) Batzordearen ordezkari izatea era guztietako erakunde, agintari, epaitegi, federazio, e.a.etan.
c) Zahar etxearen agiri guztiak, publiko nahiz pribatuak, sinatzea.
d) Bere sinadura eta oniritzia dela medio Diruzaintzako agiriak baimentzea eta orobat idazkariak aurkeztutako ziurtagiriak.
e) Premiazko kasuetan erabakiak hartzea, Gobernu Batzordearen eskumenen esparruan, baldin eta bilkurarako deia egiteko modurik ez bada, beti ere Estatutuen erranahiari jarraikiz eta hurrengo bilkuran Batzordeari kontu emanez.
Batzordeburuak bere ahalmenetako edozein uzten ahalko du batzordeburuordearen edo Gobernu Batzordeko bertze kide baten esku, eginkizun berezi batzuetarako edo izaera iraunkorrez, aurreko a. eta e.ataletakoak salbu, baina horren berri eman beharko dio Batzordeari.
HIRUGARREN ATALA
Hautetsiak
18. art. Diruzaina hautetsia da. Gobernu Batzordeak hautatuko du bere kideen artean, lehenbiziko bileran, edo kargua hutsik geratu ondoan egiten den aurrenekoan.
19. art. Batzordeburuordearen eginkizunak batzordeburuarenak berak dira, hau ez dagoenean, eri denean edo kargua hutsik geratzen denean.
20. art. Diruzaina. Diruzainak eginkizun hauek ditu:
a) Erakunde autonomoaren fondoak gordetzea.
b) Gobernu Batzordeari zahar etxearen egoera ekonomikoaren berri ematea.
c) Erakundearen fondo eta baloreei dagozkien kobrantzak eta ordainketak egitea, legearen xedapenekin bat etorriz.
21. art. Idazkaria. Idazkariak eginkizun hauek ditu:
a) Batzordearen bilkuren aktak prestatzea Batzordeak berak onets ditzan, eta, batzordeburuaren oniritziarekin, berak bakarrik sinatzea.
b) Erakunde autonomoaren jarduerari buruzko liburu eta agiriak zain daitezen agintzea.
c) Erakunde autonomoari zuzendutako korrespondentziari edo berak igortzen duenari burubidea ematea.
d) Gobernu Batzordearen egintza edo erabakiei buruz behar diren ziurtagiriak luzatzea.
e) Diruaren kontuhartzailetza egitea.
III. KAPITULUA
Araubide ekonomiko-finantzarioa
22. art. Zahar etxea kudeatzeko erakunde autonomoak bere nortasun juridikoa duenez gero, ahalmena izanen du zahar etxearen jarduera eta administraziorako behar diren eragiketa ekonomiko-finantzarioak burutzeko.
23. art. Behar den inbentarioa prestatuko da eta hura urtarril guztietan gainbegiratuko eta osoko bilkuran onetsiko. Inbentarioak bere egitura izanen du, horretarako ezartzen dena, eta Udal Inbentarioaren atal izanen da.
Bere xedeak betetzeko erakunde autonomoari atxikitako udal ondarearen ondasun eta eskubideak hauek izanen dira:
Castejongo Julián Gayarre karrikan dagoen eraikin osoa, bere hartan diren altzari guztiak barne, zahar etxearen esku uzten dena bere helburuak bete ditzan. Zahar etxearen eraikina zerbitzu eta jabari publikoko ondasuna da, Patronatuari atxikia, egiten duen zerbitzua egin dezan. Zahar etxean dauden ondasun higigarriak Udalbatzaren ondareko ondasunak dira, baita ere Patronatuari atxikiak.
Halaber, erakunde autonomoaren esku uzten dira, bere xedeak bete ditzan, honakook:
-Zahar etxean hartzen dituenen diru ekarpenak, eta horien ordez edozein pertsona nahiz erakundek ordain ditzakeenak.
-Bere erreserbako fondoekin egin inbertsioen korritu eta etekinak.
-Dirulaguntzak, dohaintzak, legatuak eta edozeren kariaz legez eskuratzen dituen gainerako ondasun eta eskubideak.
-Castejongo Udalak eta Nafarroako Gobernuak, bere funtzionamendu eta jardueretarako, ematea erabakitzen duten ekarpena.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren finantzaketa behar den agiri administratiboaren bidez ezarriko du Patronatuak. Castejongo Udalak dirulaguntzak emanen dizkio Patronatuari eta horiek hirugarren adinekoen etxez etxeko laguntzako langileen gastuen kostua hainbat izanen dira.
24. art. Erreserba fondoak modu seguru eta errentagarrian inbertituko dira, erakunde autonomoko Gobernu Batzordeak ezartzen dituen arauei jarraikiz.
25. art. Arestian aipatu ondasun eta eskubideen bitartez, baita haien etekinen bitartez ere, aurre eginen zaio urte bakoitzeko aurrekontuari.
AURREKONTUAK ETA KONTUAK
26. art. Gobernu Batzordeak onetsitako aurrekontuak Castejongo Udalari igorriko zaizkio, honek aztertu, fiskalizatu eta, bidezko izanez gero, toki entitateen aurrekontu orokorrean sar ditzan.
27. art. Erakunde autonomoaren aurrekontu eta kontuen egitura, toki entitatearen aurrekontu eta kontuetarako ezarritako erregela eta arauei egokituko zaie, hauen atal izanen baitira eraskinetan.
28. art. Erakunde autonomoaren aurrekontuak betetzea eta kitatzea, halaber, toki entitatearen aurrekontuei aplika dakizkiekeen arau orokorrek zuzenduko dute.
29. art. Erakunde autonomoaren kudeantza ekonomiko osoa, hau da, eskubide eta betebehar ekonomikoak sortzen dituzten egintza, agiri eta espediente guztiak aztertu eta kontatzea, Toki entitatearendako egiten den era eta baldintza beretan eginen da.
IV. KAPITULUA
Fiskalizazioa eta tutoretza
30. art. Castejongo Udalari eginkizun hauek dagozkio:
a) Erakunde autonomoaren zerbitzu eta ekintzen zuzendaritza, zaintza eta tutoretza.
b) Erakunde autonomoak kudeatu beharreko arloen betearazpena bultzatu eta ikuskatzea.
c) Erakunde autonomoko langileen plantilak finkatu, handitu edo murrizteko proposamenak egitea.
V. KAPITULUA
Langileak
31. art. Zahar etxea kudeatzeko erakunde autonomoaren zerbitzuko langileak kontratudunak izanen dira.
32. art. Lan-kontratudunek, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren IV. tituluko II. kapituluak xedatutakoa izanen dute arau.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Gobernu Batzordea estatutu hauek indarra hartu ondoko hilabetean eratuko da lehenbizikoz.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIAL ean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.
Iragarkiaren kodea: A9607213