112. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 16a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

A R R O N I T Z

Arronizko eraikinen kanpoko aldea berritu eta babes ofizialeko etxebizitzak, araubide berezian, sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen erregelamendua

1.-Xedea.

Erregelamendu honek xedea du dirulaguntzen kontzesioa arautzea, honako hauek egiteko.

-Eraikinen kanpoko aldea berritzeko.

-Babes ofizialeko etxebizitzak, araubide berezian, sustatzeko, maiatzaren 10eko 155/1993 Foru Dekretuaren 25. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen denaren arabera.

2.-Baldintza orokorrak.

2.1. Eraikinen kanpoko aldea berritzeko dirulaguntzak emanen dira, ondoko jarduketa hauetarako: teilatuak, fatxadak eta paretak zaharberritzeko lanak, hirigunea edertu egiten dutenak.

2.2. Babes ofizialeko etxebizitzak, araubide berezian, sustatzeko dirulaguntzak emanen dira, beti ere, Nafarroako Gobernuak emandako Behin-behineko Kalifikazioaren Zedula araubide bereziaren barreneko etxebizitzetarako baldin bada.

Aurreko lerroaldeetan adierazitakoak ez beste lan edo sustapenek ez dute erregelamendu honetan ezarritako dirulaguntzarik jasoko.

3.-Laguntza motak.

Arronizko Udalak partituko dituen dirulaguntzak Udal honek onuradunei ematen dien laguntza edo ekarpen gisa ulertuko dira, eta erregelamendu honetan ezarritako baldintzak bete ondotik emanen dira.

4.-Udalaren baliabide ekonomikoak.

Erregelamendu honetan ezarritako laguntza ekonomikoetarako aplikatuko diren udal baliabideak Udalaren aurrekontuetan agertuko dira.

5.-Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.

5.1. Eraikinen kanpoko aldea berritzeko: 20 urtetik goitiko antzinatasuna duten eraikinak, eta berrikuntza hauetako bat egiteko: fatxada eta kanpo aldeko paretetan silarria edo manposteria edo bistako adreilu zaharra edo zarpeatua eta kisuztatua agerian uztea, eta teilatuak teila arabiar edo antzekoarekin berritzea.

5.2. Etxebizitzak eraikitzeko, maiatzaren 10eko 155/1993 Foru Dekretuaren 25. artikuluan eta hurrengoetan xedatzen dena betetzen baldin badute.

6.-Emanen diren dirulaguntzak.

6.1. Eraikinen kanpoko aldea berritzeko, dirulaguntza exekuzio materialaren aurrekontuko % 10ekoa izanen da, gehienez ere 75.000 pezeta eraikin bakoitzeko.

6.2. Araubide bereziko etxebizitzak eraikitzeko, dirulaguntza EIEZarengatik ordaindu beharreko kuotaren % 50ekoa izanen da.

7.-Dirulaguntzak jasotzeko modua.

Arronizko Udalak emanen dituen dirulaguntzak obrak akitutakoan jasoko dira, laguntzarako eskabidea eta, halakorik baldin badago, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztu behar direlarik.

8.-Planeamenduarekin bat egitea.

Dirulaguntza hauek jasoko dituzten proiektuek men egin behar diete Arronitzen indarrean dagoen hirigintzako planeamenduaren zehaztapenei eta haiekin bat heldu diren gainerako xedapen aplikagarriei.

9.-Bateraezintasunak.

Dirulaguntza hauek bateraezinak dira Nafarroako Gobernuak edo bestelako erakunde publikoek obra berbera edo antzekoengatik ematen ahal dituzten beste edozein laguntzarekin.

Iragarkiaren kodea: A9607194