I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Xedapen Orokorrak. Foru Dekretuak
312/1996 FORU DEKRETUA, irailaren 2koa, hirigintza arloan aholkua emateko eskualdeko zerbitzuak sortzeko dirulaguntzen ematea arautzen duena.
Udalerriek garatu hirigintza jarduerak, Nafarroako Toki Administrazioari eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko Foru Legeek horri dagokionez esleitu eskumenek gehituak, eta partikularrek hirigintza arloko argibideak gero eta gehiago eskatzeak, maizago eskatzen dute jarduera hori gauzatzea hark berekin duen erantzukizunari egokitzen zaizkion neurri egokienekin bat etorriz.
Lurraldearen Antolamendu eta Ingurugiro Departamentuak apirilaren 13ko 142/1992 eta azaroaren 16ko 381/1992 Foru Dekretuen bidez diruz lagundu zituen gastu arruntak eta langileenak, hots, Lizarra eta Tafallako Etxebizitzak Zaharberritzeko Eskualdeko Bulegoek hirigintza arloan aholkua emateko zerbitzua abian jartzeak sortu zituenak; dirulaguntza horiek bi aurrekontu ekitalditako eman ziren.
Udalerri anitzek teknika eta ekonomia aldetik dituzten gabeziek eta arestion aipatu esperientzietan erdietsi emaitzek berretsi egiten dute lankidetza ekonomikoaren sistema behin betiko eta iraunkorra ezartzea komenigarria dela eta horrezaz gain beharrezkoa, hau da, toki entitateei hirigintza arloan aholkua emateko eskualdeko zerbitzuak ezarri eta behar den alderdian sortu eta toki ogasuneko diren hirigintza aferen gainean jendeari arreta egin eta argibideak eskaintzeko zerbitzuak bultzatzeko.
Administrazio zerbitzuak ez bikoizteko dagoen komenigarritasunak, horrek gastu ekonomikoa eta burokrazia gaitza berekin ekarriko baitzituen, gomendagarri egiten du gaur egun dauden etxebizitzak zaharberritzeko eskualde edo alderdiko bulegoetako eginkizunak handitzea, baita hemendik aitzina sor daitezkeenak ere. Hori horrela, bulego horiek beren gain hartuko lukete hirigintza arloan aholkua emateko zerbitzua eta zerbitzu horren ezarpena eraginkorra bihurtuko litzateke. Foru Dekretu honi ez zaio Iruñeko Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoa bilduko, udal horrek bere zerbitzuen bidez hirigintza arloan aholkua emateko aski ahalmen tekniko baitu.
Horrenbertzez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren bian egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat etorriz,
DEKRETATU DUT:
1. artikulua. Gaur egungo etxebizitzak zaharberritzeko eskualdeko bulegoek eta, etxebizitzak zaharberritzeko udal edo eskualdeko bulegoak finantzatzeko laguntzei buruzko abenduaren 14ko 289/1988 Foru Dekretuaren babesean hemendik aitzina sortuko direnek, aipatu Foru Dekretuko 2. artikuluak esleitzen dizkieten eginkizunez gain, ondorengo eginkizunak ere beren gain har ditzakete:
a) Alderdi bakoitzeko udal eta kontzejuei hirigintza arloan aholkua ematea.
b) Alderdi horretakoak izan eta toki eskumenekoak diren hirigintza aferetan jendeari arreta egin eta argibideak ematea.
2. artikulua. 1. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak diruz lagunduko ditu hirigintza zerbitzua emateko etxebizitzak zaharberritzeko bulegoen oinarrizko ekiporako behar diren langileen gastuak, Foru Dekretu honetako 3. artikuluan ezartzen diren zenbatekoen arabera eta beti ere ondorengo beharkizunetako baten bat betetzen bada:
a) Zerbitzu hori eskatzen duten alderdiko udalen kopurua, behar den alderdian dauden udalen kopuruaren % 75 edo handiagoa bada.
b) Zerbitzu hori eskatzen duten udalen biztanle kopurua, behar den alderdiaren biztanleri osoaren %50 edo handiagoa bada.
c) Zerbitzu hori eskatzen duten udalen biztanleen kopuru osoa, 5.000 biztanle edo gehiago duten udalak izan ezik, 15.000 edo handiagoa izatea.
2. Hirigintza zerbitzua, dirulaguntzaren xedekoa, izan nahi duten udalek horren gaineko udal erabakia hartu beharko dute.
4. artikulua. Hirigintza zerbitzua, dirulaguntzaren xedekoa, emateko behar diren langileak entitate publiko sustatzaileak kontratatuko ditu eta toki entitateendako indarra duen legeriak onartu kontratazio motaren bat har dezake.
5. artikulua. 1. Entitate publiko sustatzaileak Foru Dekretu honetan arautu dirulaguntza Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskatuko dio urteko bakoitzaren lehen hiru hilabeteetan eta eskariari dokumentazio hau erantsiko dio:
-Zerbitzua eskatu duten udalak eta horri dagokion udal erabakia eta, hala behar denean, aurreko ekitaldiei dagokienez egon litezkeen altak eta bajak.
-Foru Dekretu honetako 2. artikuluan ezarri beharkizunen egiaztagiriak eta, hala behar denean, udaleko biztanleen datuak eta hori kokatu alderdiko biztanle kopuru osoarenak.
-Kontratupeko langileak edo kontratua eginen zaienak, eta horien kontratu behar bezala eratuen kopia.
-Langileen gastuak zenbatsu izanen diren.
-Behar den urtekoan eginen diren jardueren txostena.
2. Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, aurkeztutako eskariak ikusirik, Foru Aginduaren bidez zehaztuko du dirulaguntza, hots, behar den aurrekontu ekitaldikoa bakarrik izanen dena; toki entitateek urtero berritu beharko dute dirulaguntzaren eskaria.
6. artikulua. 1. Dirulaguntzaren benetako ordainketa urteko bakoitzaren azken hiruhilekoan egiaztatuko da entitate publiko sustatzaileak kudeaketa txostena eta diruz lagundu diren gastuei dagozkien egiaztagiriak aurkezten badituzte.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Aurtengo ekitaldiari dagokionez, eskariak aurkezteko epea 1996ko urriaren 31n bukatuko da eta horri dagozkion gastuak ordainduko dira 1996ko gastuen aurrekontuko "Toki entitateei hirigintza arloan aholkularitza emateko dirulaguntza" izeneko 32100-4600-4321 kontusaileko 11650-3 lerroaren kargura.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari ahalmena eman zaio Foru Dekretu hau garatu eta burutzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Bigarrena.-Foru Dekretu hau ez zaio Iruñeko Udalak osatu I. Alderdiko Etxebizitzak Zaharberritzeko Udal Bulegoari ezarriko.
Hirurrena.-Foru Dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.
Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Juan Cruz Alli Aranguren.-Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, Javier Luis del Castillo Bandrés.
Iragarkiaren kodea: A9607233