I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Beste Xedapenak
ERABAKIA, 1996ko irailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, NA-172 errepideko Agoitz-Nagore tartearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, behin betikoz onesten duena.
I.-Aurrekariak.
Nafarroako Gobernuak, 1996.eko martxoaren 25ean egindako bilkuran, NA-172 errepideko Agoitz-Nagore tartearen proiektua, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea erabaki zuen eta, horretaz gainera, behin betikoz onetsi ahal izateko aipatu Departamentuak espedienteari zehaztapen hauek erantsi behar dizkiola:
"a) Errepide berriak Agoizko Arau Subsidiarioen hirigintzari buruzko aurreikuspenetan duen eraginaren azterlan labur bat erantsiko da, bai eta ukitutako eremuaren ordezko antolamendu bat ere, bere orientatzaile izaera galdu gabe, Agoizko Arau Subsidiarioak aldatuz eremu horren behin betiko antolamendua egiteko irizpideak emanen dituena.
b) Berrikusi eginen da Agoizko gunera sartzeko biribilgunearen diseinua, tokiko bide sistema eta inguru hurbileko hirigintza arloko aurreikuspenak kontutan harturik.
c) Ingurugiroaren gaineko eraginaren azterlanean aurreikusi ez diren zabortegi guztiak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izapidatu beharko dira, bakoitzari dagokion Lehengoratze Proiektuarekin batera.
Erabaki zuen, halaber, aipatu proiektuak ingurugiroaren gainean duen eragina ebaluatzea eta Proiektu Sektorialaren espedientea eta Ingurugiroaren gaineko Eraginaren azterlana jendaurrean jartzea, hogeita hamar laneguneko epe bakarrean biak, Erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu egunetik hasita, zein 1996ko apirilaren 17a (47. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) izan baitzen.
II.-Aurkeztutako alegazioak eta erantzunak:
Jendaurrean egon den bitartean lau alegazio aurkeztu dira:
1.-Francisco Javier Gorraiz Echamendi jaunak Itoizko Koordinakundearen izenean egindako alegazioa.
2.-Artzibarko Udaleko alkateak egindako alegazioa.
3.-Nagoreko kontzejuburuak egindako alegazioa.
4.-Agoizko Udaleko alkateak egindako alegazioa.
1. zenbakiko alegazioa:
Edukia: zuzenbide osoko deuseztapena eskatu du edo, subsidiarioki, haren deuseztagarritasuna, ondoko arrazoi hauengatik:
-Itoizko presari buruzko 02/89 Proiektua onetsi zuen egintza Auzitegi Nazionalak deuseztu du.
-Auzitegi Nazionalak agindu du Txintxurrenea, Iñarbeko arroila eta Gaztelu natur erreserbetako babesguneekin zer ikusirik duten obrak ezin izanen direla hasi.
-Komunitateak ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeari buruz eman xedapenen kontra jo da elkarrekin lotuta dauden obrak bereiztuz, bertzeak bertze Itoizko urtegi eta Nafarroako Ubidearekin lotuta dauden gainerako obretatik saihesbidearen trazadura bereiztuz.
Erantzuna:
1. Itoizko Koordinakundeak alegatu dituen dokumentuek, Proiektu Sektorialarenak eta ingurugiroaren gaineko eraginarenak, alegia, xede dute Agoitz-Nagore saihesbidea arautzea. Jarduketa honek, berez, entitate eta banakotasun propioak izan ditzake bertze edozein herrilanetatik, urtegia izan ala ez, jarduketa independiente gisa izapidatu ahal izateko. Ildo honetatik hau ez litzateke Nafarroan Agoitz bezain populaziogune inportanteetan barna ibilgailuen trafikoari aterabidea emanen liokeen lehenbiziko saihesbidea izanen.
Dena den, eta nahiz eta berez saihesbidea ederki justifikaturik izan, Nafarroako Gobernuak 1996.eko martxoaren 25ean hartu Erabakiak argiki adierazten du, ezkutatu gabe, Agoitz eta Nagoreren arteko errepidearen trazadura proiektuak ekartzen duela Itoizko urtegirako onetsi Udalez gaindiko Proiektu Sektorialean hasiera batean aurreikusitako tartearen aldaketa. Aldaketaren xedea da saihesbidearen tarte zehatz baten trazadura berria egitea, Agoitz eta Nagoreren arteko tartearena, hain zuzen, Agoizko populaziogunea komunikazio sareetatik baztertua ez uzteko.
Hortaz, Proiektu Sektorialaren helburua bikoitza da: alde batetik, Agoitz-Nagore tartearen trazadura onestea, Agoizko saihesbide gisa. Alde honek, arestian erran bezala, banakotasun aski du inoren buruan bide komunikaziotik at dagoen bertze herrilan batekin ez lotzeko. Bertzetik Itoizko urtegiaren proiektu sektoriala, lehenago ere Agoizko saihesbide bat, herri honetatik urrutiago, aurreikusten zuena, aldatzea.
Bertze lanetatik egintza independiente gisa eta Agoizko saihesbide gisa, ez da Itoizko urtegiaren gaineko ebazpenekin lotutako oztopo juridikorik izanen proiektu sektorial honen kontra jo dezakeenik. Itoizko urtegiko Proiektu Sektorialaren aldaketa den aldetik, Koordinakundeak berak ezagutzen du proiektu sektorial honen legezko balioa, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Sailak, 1995.eko otsailaren 21ean eman epaian espreski adierazi zuelako, koordinakunde hori helegileetako bat zelarik. Beraz, organo judizial eskudunak jatorrizko proiektu sektoriala antolamendu juridikoarekin ados zela deklaratu bazuen, ez dirudi haren aldaketa, errepide baten trazadurari buruzkoa, legez kontrakoa izan daitekeenik alegazioan aipatzen diren arrazoiak direla kausa, Proiektuaren helburuarekin zer ikusirik ez duten arrazoiak, bertzalde.
Arrazoi gutxiagorekin har daiteke kontutan Auzitegi Nazionalaren Administrazioarekiko Auzien Sailak 1995.eko irailaren 29an eman epaia. Alegazioak berak aitortzen duenez, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Sailak 1996.eko maiatzaren 24an eman epaia ia hitzez hitz errepikatuz, "epaia ez da irmoa, Administrazio Zentralak, nola Nafarroako Foru Administrazioak kasazio helegitea paratu baitute. Bertzalde, aipatu behar da Sail hau ez dela lotzen lerrun bereko Auzitegien irizpide jurisprudentzialetara. Hortaz ez dago Sail honek, bere eskumenak erabiliz, Legeari eta Zuzenbideari jarraikiz, auzi hau ebatzi dezan galarazi edo oztopatuko duen baldintzarik". Beraz, ez da inolako arrazoirik Proiektu Sektorialaren aldaketa hau legetik kanpokotzat deklaratzeko, ez eta haren ez-onespenari edo gelditzeari ekiteko ere.
Gainera inportantzia handikoa da oroitaraztea Itoizko presaren Proiektua, Auzitegi Nazionalak aztertu zuena, Estatuko Administrazioaren egintza dela, horren eskumen hidraulikoei ekinez onetsia. Alta, orain helegin den egintza (Agoitz-Nagore saihesbidea) Administrazio desberdinak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, sortu du, errepideen gain historikoki duen eskumenari jarraikiz eta haren kontrol jurisdikzionala bakarrik Nafarroako Auzitegi Nagusiaren eskumena da, ez Auzitegi Nazionalarena. Honen ondorioz, Foru Administrazioaren berezko egintza dugu, Nafarroako Foru Komunitateak errepideen gainean dituen eskumenen barruan, eta honen kontrol judiziala Nafarroako Auzitegi Nagusiari dagokio. Honek, 1995.eko otsailaren 21ean eman epaian Agoitz-Nagore saihesbidearen jatorrizko trazadura, orain izapide egokiaren bidez aldatzen dena, antolamendu juridikoarekin ados zegoela argitasun osoz erabaki zuen.
2. Jendaurrean egon den Agoitz-Nagore saihesbidearen trazadurak ez ditu inolaz ere, zuzenean edo zeharka, ukitzen Txintxurrenea, Iñarbeko arroila edo Gazteluko natur erreserbetako babesguneak, ez Eskualdeko Hirigintza Arauei buruzko apirilaren 10eko 6/1987 Foru Legearen araberako mugapenari dagokionean (Lege horri jarraikiz ez baitzen babesgunerik mugatu), ez martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legearen arabera, ez eta, are gutxiago, berriki onetsi den Nafarroako Naturguneei buruzko uztailaren 17ko 9/1996 Foru Legearen arabera ere, azken honek erreserba horietako behe aldeetan babesgune periferikorik ez baitu aurreikusten.
Errana da Nafarroako Gobernuak, errepideen gainean dituen eskumen bereziak erabiliz, Agoizko saihesbide bat aurreikustea bidezkoa duela, Itoizko urtegia azkenean eraikitzen den ala ez aparte utzita, zeren herri bat ez baitaiteke betikoz kondena eskualde edo nazio mailako errepidea haren barna pasatzera, honek populazioari ekartzen dizkion kalteak direla eta.
3. Ez da egia Komunitateak ingurugiroaren gaineko eragina ebaluatzeari buruz hartu xedapenen aplikazioaz eman diren ebazpen judizial guztiak ados daudela, elkarri lotutako edo elkarren segidako obren ebaluazio bananduak egitea bidezko ez izatearekin.
Auzitegi Nazionalak 1995.eko irailaren 29an eman epaiak berak, bere 37. oinarri juridikoan, aitortzen du "ikusmolde juridikotik mugatu behar dela obra proiektu bakoitzaren exekuzioari lotutako ebaluazioa -1302/86 E.D. Legeak eta 1131/88 E.D.ak eskatzen dutena- alde batetik eta, bertzetik obra guztiaren -urtegia, ubidea, ureztatzeko lana- ingurugiroarekiko garrantzia neurtzea". Hortik abiatuta, Sailak berak helegileek defendatzen duten ingurugiroaren ebaluazio bakarra eta elkartua beharrezkoa izatearen argudioa ezesten du.
Halaber, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Sailak 1994.eko abenduaren 14an eman epaian hau bezalako zio-azalpena aztertu eta ezetsi zuen. Haren zortzigarren oinarri juridikoan, Sailak, hitz adierazgarri hauekin deklaratu zuen " (...) ez da beharrezkoa metodoaren diskurtsora jotzea osoa zatitan banatzea, haietako bakoitza banan banan aztertzea eta, ondoren, berriz ere, biltzen dituen oso horretan sartzea, kartesianoki perfektoa dela kreditatzeko; honek, behar den bezala egiten bada, ez du zatikako azterketan bihurdurarik sortzen, ez eta burutu beharreko oso horretan ere".
Azkenik, puntu honetan azpimarratu den gai bati heldu behar zaio: helegin den Proiektu Sektorialak Itoizko urtegiari buruzkoa, hots, errepide berrietako trazadura orokorra aurreikusi zuena, aldatzen du. Orain egiten dena aldaketa puntuala da, Agoizko saihesbideari eta Nagore Iruñeko inguruarekin eta Nafarroako hegoaldearekin lotzeari buruzkoa. Horretarako aski da aurkeztutako eta izapidatutako dokumentazioa, bere tenorean erabakitakoa berrikustea beharrezkoa izan gabe, hura aldatzen ez den bitartean balioa izanen baitu.
Hartaz, bidezko da alegazioa ezestea.
2. eta 3. zenbakietako alegazioak:
Edukia: Funtsean bat egiten dute euren eskaeretan. Ondoko hau eskatu dute:
A) Zazpen, Oloritzen eta Nagoreko Kontzejuan abeltzaintzako probetxamenduaren gaineko eragina kontuan har dadila: errepidearen bi aldeetan itxierak trafikoari eta aziendari balizko arriskurik ekiditeko, errepideak sortutako bi aldeen arteko komunikazioa (tunel edo gainbidearen bitartez) eta errepideak sortutako bi aldeen artean aziendarako pasabidea berma dadin, Durrundran Erreka izeneko parajean errepidearen azpiko bide batekin.
B) Errepide berritik Sagarmin parajeko baratze eta aisialdirako alderaino ibilgailuetarako bidea egin dadila.
C) Nagoreko guneko sarbideak birparatzeko obrak sar daitezen.
D) Nagoreko gunearekin mugatzen duen tartean errepidearen tratamendua egin dadin: Asnozko biderako aurreikusitako goibidearen parean gaurreguneko luebakia tunel edo tunel faltsu baten bidez ordeztea, eta alde habitagarriaren ingurunean zaratak ekiditeko errepideko ingurugiroaren gaineko tratamendua izan dadin.
E) Errepidetik Urrobi eta Irati ibaien artean dauden guneetaraino ibilgailuetarako sarbidea egin dadin.
Erantzuna:
A) A) atalari dagokionez, aurrekontuan osotara 12.500 m.ko arantza erako itxitura sartu da eskabide hauei aurre egiteko ezinbertzekoa den tarteetan.
Zazpeko abeltzaintzako probetxamenduari buruz, proiektuan ez da sestra desberdineko pasabiderik sartu. Itoizko urtegitik hurbilen dagoen aldean aziendarako ur hornidurak Aurpegi errekatik ponpaketa txikia eta 200 metroko luzeradun hodia beharko ditu, eraikuntza proiektuan sartu ez direnak.
Olorizko abeltzaintzako probetxamenduari buruz ez da pasabideko eskaera gehigarririk.
Nagoreko Kontzejuko abeltzaintza probetxamenduari dagokionez, Durrundan errekako parajean errepidearen azpitik pasabidea egitea ez da baliagarria, 60 metroko luzera beharko lukeenez, ez baita batere garbi aziendak berez erabiliko lukeen.
Bertzalde, eskatutako puntutik 240 metrotara sestra bereko pasabide bat berparatu da.
B) B) atalari dagokionez, alde honetako sarbide berririk egitea ez da beharrezkoa izanen. Gaurreguneko sarbidea, Nagoretik Iruñeko Bidean barna, erabat bideragarria izanen baita Eraikuntza Proiektuan aurreikusitako jarduketekin.
C) C) atalari dagokionez, eskatu den tartea planifikatutako baina egun burutzen ari diren obretan sartuta ez dagoen hirigintza jarduketa bati dagokio.
Errepidea eraikitzeko proiektuan aurreikusitakoaren mugatik eta egiten ari den hirigintza jarduketaren arteko bide lotura egitea gutxieneko luzera da, beraz haren burutzea bereganatzen ahal da jendaurrean paratutako proiektuan. Ez, ordea, SG-1 unitateak aurreikusten ahal dituen eta bide loturak ez diren gainerako hirigintza jarduketak.
D) D) atalari buruz, bere tenorean proiektatu zen tunel faltsuaren aterabidea atzera bota zen antiekonomikoa zelako, errepide gaineko gainbide motako bat hartu zelarik.
Ez da zaratatik heldu diren aferei buruz mintzatzerik, errepidea, tarte honetan, altuera frankoko luebakian iraganen baita. Alde honi tratamendu egokia emanen dion ingurugiroaren gaineko neurri zuzentzaileetako proiektua egin da.
E) E) atalari dagokionez, ez da Agoitz-Nagore tartea jendaurrean dagoen bitartean aztertzeko gaia, Nagore- Orotz-Betelu tarteari dagokiona baizik.
Ondorioz, bidezkoa da alegazioak hein batean aintzat hartzea.
4. zenbakiko alegazioa:
Edukia: aurreikusitako hasierako hiru biribilgunek herrian indarra duten Arau Subsidiarioen zehaztapenak ukitzen dituztenez, eskatu du adierazitakoa kontuan har dadila, Udal Zerbitzu Teknikoak prestatzen ari diren eta ahalik eta lasterren Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentura igorriko den dokumentazioa oinarritzat hartuz.
Erantzuna:
Alegazioaren edukia etorkizunean, geroago igorriko den dokumentazioa oinarritzat hartuz, adieraziko denari buruzkoa denez eta gaur arte dokumentazio hori ofizialki ez baita aurkeztu, ez zaio alegazio horri erantzunik ematen ahal hark edukirik ez baitu.
Ondorioz, bidezkoa da alegazioa ezestea.
III.-Erantsitako zehaztapenak.
Espediente honen izapidaketari hasiera eman zion Nafarroako Gobernuaren Erabakian ezarritako zehaztapenen betetzea azterturik, ondorio hau atera da:
a) eta b) zehaztapenak: Bide Zerbitzuak Agoizko hirigintza aurreikuspenetan errepide berriak duen eraginaren azterlanari buruzko txosten ulerkor bat igorri du, bai eta ukitutako eremuaren ordezko antolamenduari eta Agoizko gunera sartzeko biribilguneari buruzko dokumentazio grafikoa ere.
c) zehaztapena: abuztuaren 1eko 807/1996 Foru Aginduaren bidez, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak adostasun txostena eman dio, ingurugiroaren ondorioetarako, NA-172 errepideko Agoitz-Nagore tartearen trazadura proiektuaren garapenari.
Hori horrela, Lurraldearen Antolamendurako Batzordeak 1996.eko abuztuaren 26an aldez aurretik adostasun txostena emanik, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat, Nafarroako Gobernuak, Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,
ERABAKI DU:
1. Aurkeztutako alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian adierazitako eran.
2. Behin betikoz onestea NA-172 errepideko Agoitz- Nagore tartearen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, honako zehaztapenekin:
a) Errepide berriaren exekuzio proiektua, Agoizko gunera sartzeko biribilguari dagokionean, Bide Zerbitzuak horri buruz egindako diseinu grafikoaren arabera garatuko da.
b) Agoizko Udalak agiri orientatzaile gisa erabiliko du Proiektu Sektorialak Agoitzen ukitutako eremuaren ordezko antolamendua, horren behin betiko antolamendua egin ahal izateko, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearen 62.1 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
3. Erabaki honen kontra administrazioarekiko helegitea paratzen ahal da Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailean, jakinarazpenaren ondoko egunetik hasita bi hilabeteko epean.
4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, Proiektu Sektorialaren behin betiko onespena jendaurrean egon dadin eta orok ezagutu dezan.
5. Erabaki hau jakinaraztea Agoitz, Longida eta Artzibarko Udalei; Ekai (Longida), Olaberri (Longida) eta Nagoreko (Artzibar) Kontzejuei; eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Hezkuntza, Kultura, Kirol eta Gazteri Departamentuari (Ondare Historikoaren Atala) eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren bian.-Lehendakaritza kontseilaria, Federico Tajadura Iso.
Iragarkiaren kodea: A9607322