112. ALDIZKARIA - 1996ko irailaren 16a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

Beste Xedapenak

ERABAKIA, 1996ko irailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, trenbidearen instalazioetarako eta Iruñerrian, Noaingo Akueduktuaren eta Zuastiren artean, Abiadura Handiko Trena iragateko behar diren instalazioetarako lurrak gordetzeko Plana Udalez gaindiko Eragina duen Plan Sektorial deklaratzen duena.

Nafarroako Gobernua jakitun da Abiadura Handiko Trena Nafarroatik eta Iruñetik iragateak duen garrantziaz eta, ondorioz, interes sozial eta onura publikokoa dela uste du. Hori horrela, urte batzuk badira jada RENFE eta Herrilan, Garraio eta Ingurugiro Ministerioarekin batera ikerketa zenbait egiten ari dela.

1990. urtean Oritz-Zuasti tartea ikertu zen eta 200 km/orduko ibili ahal izateko trenbidea bikoizteko Iruñerriko Trazaduraren Oinarrizko Proiektu gisa zehaztu zen. Ikerketa Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak eta RENFEk sustatu zuten eta Ineco enpresak burutu zuen.

Ikerketa horretan adierazitakoari jarraikiz, Mendebaleko Ingurubideko azpiegituren azpian iraganbideak aurreikusi eta eraikita utzi ziren.

Ministroen Kontseiluak 1994ko martxoaren 4an hartu zuen Erabakiaren bidez onetsi zen Azpiegituren Plan Gidarian (1993-2007) sartu zen "Nafarroako korredorea" izenekoa etorkizuneko Espainiako abiadura handiko sarearen eskeman eta haren nazioarteko loturetan; hori hala izanik ere, Madril-Zaragoza-Bartzelona abiadura handiko ardatz nagusiaren eraikuntza bukatu arte ez litzateke korredoreko lanekin hasiko.

1995ean lan bilerak izan ziren Herrilan, Garraio eta Ingurugiro Ministerioko eta RENFEko ordezkarien eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuetako ordezkarien artean, orain arte egin diren ikerketak zertzelada berriei egokitzeko asmoz.

Harreman horien ondorioz, ikusi da gaur egun alderdi zehaztugabeak daudela eta horiek zehaztea gaur egun ezinezkoa dela, bertzeak bertze, faktore hauen menpe baitaude:

a) Gaur egungo ikerketak Azpiegituren Planak eman jarraibide berriei egokitzeko beharra; Planean honako hauek zehazten dira: Madril-Zaragoza-Bartzelona Espainiako abiadura handiko ardatz nagusian lerro berri hori sartzea, abiadura handirako eta zabalera europarrerako eraikitzea eta bidaiarien garraio soilerako aztertzea, eta ikerketa horiek egin zirenetik honaino gertatu diren aurrerapen teknologikoak.

b) RENFEren trazadura salgaien garraiorako eta bidaiarendako bertze zerbitzu batzuetarako mantentzea.

Gaia zehatzago aztertuta eta Noaingo Akueduktua-Zuasti tarteari dagokionez, ondorio hauek atera dira:

1. Hirigintza eta industriako baldintzapenek eta horiek bertze azpiegitura mota batzuekin bateratu beharrak hein handi batean mugatuko dute eskura dagoen trazaduran aldaketa handiak egiteko aukera, nahiz eta etorkizunean eginen diren ikerketetako ondorengo aldietan aztertuko diren.

2. Abiadura handiko azpiegiturak eta RENFErenak, biak, plataforma beraren gainean joateko komenigarritasuna; horretarako, trazadura berria eginen da egungo bideak egiten duen ingurua (San Jorge, Geltokia, Berriozar) saihestu eta zuzenean Zuastirekin lotzeko.

3. Bidaiarien Iruñeko geltokia kokatzeko bi toki aurreikustea; bata, Zizur Nagusian, N-111 errepidearen ipar hegian eta Mendebaleko Ingurubideari itsatsita, eta bertzea, Zizur Txikian, aipatu errepidearen hegoaldean. Bi toki horiek elkarren ondoan daude eta aipatu N-111 errepidea horien erditik iragaten da.

Inguramen horretan eta ikerketak sakontzearekin batera gerta daitezkeen aldaketak gorabehera, gomendagarri da azpiegitura berri horretarako lurrak gordetzea, egun eskura dagoen trazadura oinarri harturik eta bidaiarien geltokia kokatzeko bi tokiak kontutan izanda.

Herrilan, Garraio eta Ingurugiro Ministerioak, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren lankidetzaz, foru lurraldeko trazadura eta Iruñeko Geltokiaren kokapena eta ezaugarriak aztertzen dihardu.

Iruñeko inguruetan lurralde esparrua ezartzeko eta horren antolamendua etorkizuneko trazaduraren bideragarritasunari eta hari lotutako abiadura handiko trenbidearen, geltokiaren, instalazioen eta azpiegituren kokapenari egokitu behar zaie eta hori dela eta Foru Administrazioak behar den Plan Sektoriala prestatu du.

Horrenbertzez, aurretik Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 1996ko martxoaren 15ean eta abuztuaren 26an eman adostasun txostenak, eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legearekin bat etorriz eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariaren proposamenari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

1. Trenbidearen instalazioetarako eta Iruñerrian, Noaingo Akueduktuaren eta Zuastiren artean, Abiadura Handiko Trena iragateko behar diren instalazioetarako lurrak gordetzeko Plana Udalez gaindiko Eragina duen Plan Sektorial deklaratzea.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta espedientea jendaurrean jartzea, honako hau argitara eman eta hilabetez.

Ondorio horietarako, espedientea eskura izanen da Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Alondegi kalea, 1-1., Iruña), bulego orduetan; egoki juzkatzen diren alegazioak epe horretan aurkez daitezke idatziz.

3. Erabaki hau ukitutako udalei eta Herrilan, Garraio eta Komunikazio eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza departamentuei jakinaraztea, bidezko ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamaseiko irailaren bian.-Lehendakaritza kontseilaria, Federico Tajadura Iso.

Iragarkiaren kodea: A9607321