8. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 11

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

IRUÑA
–UDALEKO HAUR ESKOLAK–

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin lanpostu huts hau:
dietista-nutrizionista / sukalde koordinatzailea

Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren Gobernu Batzarrak, 2023ko abenduaren 19an emandako ebazpen baten bidez, deialdia bat onetsi du, honako oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea dietista-nutrizionista / sukalde koordinatzailearen lanpostu bat, Iruñeko Haur Eskolak erakunde autonomoaren zerbitzukoa, lan-kontratudunen araubidekoa, lanaldi partzialekoa eta B mailakoa. Deialdia aurrera eramanen da honako hauen arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinak onesten baitu Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko erregelamendua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta oinarri hauek.

1.2. Aipatu den plaza hutsa betetzeko, txanda hau izanen da:

–Txanda irekia: plaza bat.

2. Baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa, jarraikiz Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuei.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Giza Nutrizioa eta Dietetikako diplomadun edo gradudun titulua edo baliokidea edukitzea, edo titulu hori eskuratzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, Europar Batasuneko xedapenen babesean eta lanbide arautuen esparruan eskuratu ere.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.

f) Jarraikiz ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoari (lege horrek hizpide du haurrak eta nerabeak babestea indarkeriaren aurrean), adingabeekin ohiko harremana duten edozein lanbide, ofizio eta jardueratan sartzeko eta aritzeko, baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez egotea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoaren VIII. titulua –Zigor Kodearen Lege Organikoa–), ezta gizakien salerosketaren delitu batengatik ere (zehazki, arau honetan tipifikatutako delitu batengatik: Zigor Kodearen VII bis titulua). Hartara, inguruabar hori frogatzeko, aurkeztu beharko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa.

2.2. Baldintza guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, eta dei egiten zaienean eta kontratazioak dirauen bitartean.

3. Eskabideak.

3.1. Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau iragartzen duen aipua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren testu osoa honako webgune honetan egonen da eskuragarri: www.pamplona.es/escuelasinfantiles. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskabidea aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskabidea, Internet bidez, www.pamplona.es/escuelasinfantiles helbidean, deialdi honen aipuan sartuz.

Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten edo denboretan eta baliabideetan zer moldaketa behar duten. Horretarako, izangaiak aurkez dezake egokitzat jotzen duen dokumentazioa, eskabidea aurkeztean, apartatu honen arabera.

3.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 22 euroko tasa ordaindu beharko da. Telematika bidez ordainduko da tasa hori, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Azterketa eskubideak ez dira itzuliko baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaizkien arrazoiengatik.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, betiere deusetan galarazi gabe jatorrizko agiriak edo kopia konpultsatu edo autentifikatuak aurkeztu beharra izendatuak edo kontratatuak izateko deitzen zaienean, indarreko legediak ezarritako moduan:

–Giza Nutrizioa eta Dietetikako diplomadun edo gradudun tituluaren fotokopia.

–Merezimenduak autobaloratzeko inprimakia (I. eranskina), behar bezala beteta.

–Frogatu nahi diren merezimendu guztien fotokopia, I. eranskineko merezimendu-balorazioari dagokionez.

3.5. Aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak ez dira onartuko deialdian, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

3.6. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4. Izangaiak onartzea. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea buruturik, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakariak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta hura ikusgai jarriko da www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean; halaber, aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4.2. Egun horretatik hasita, hurrengo hamar egun balioduneko epean, baztertutako izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte, eta akatsak zuzendu, halakorik egin bada. Horretarako, baliatuko dute 3.2 oinarrian eskabideak aurkezteko ezarri den izapide elektroniko bera.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakariak onetsiko du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila www.pamplona.es/escuelasinfantiles webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, harekin batera, agertuko dira deialdi honetan aurreikusitako hautaproba egiteko eguna eta tokia.

4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitara emanen da webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta, harekin batera, agertuko da deialdi honetan aurreikusitako hautaproba egiteko eguna eta tokia.

4.5. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu zaienik betetzen dituztela deialdi honetan eskatutako baldintzak. Izangaiek aurkeztu behar dituzten agiriak aztertutakoan, edo administrazioak bere eskuetan dauzkanak aztertutakoan, ohartuz gero baldintzaren bat ez dela betetzen, interesdunek galduko dituzte deialdi honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.

5. Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:

Epaimahaiburua: Eunate Ayestarán Ayerra. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko zuzendari gerentea.

Ordezko epaimahaiburua: Silvia Cruchaga Torremocha. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko zuzendari teknikoa.

Epaimahaikidea: Giuseppe Russolillo Femenías, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargokoa.

Ordezko epaimahaikidea: Izaskun Arrarás De María, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargokoa.

Epaimahaikidea: Roncesvalles Garayoa Poyo, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargokoa.

Ordezko epaimahaikidea: Garikoitz Torregrosa Armendariz. Izartegi haur eskolako zuzendaria.

Epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko Langile Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatutakoa.

Ordezko epaimahaikidea: Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko Langile Batzordearen ordezkari bat, batzordeak berak izendatutakoa.

Epaimahaikide-idazkaria: Raquel Pérez García. Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko Giza Baliabideetako teknikaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: Ana Jiménez Marco. Iruñeko Udaleko letradua.

5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta erakunde autonomoko Gerentziari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Betiere, mahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza jaso dezake, bere eskumeneko jarduketa guztietarako edo batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Lehiaketaldia: izangaiek alegatu dituzten merezimenduak baloratuko dira, I. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetan, merezimenduak baloratuko dira lehenik, eta gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira I. eranskineko baremoari jarraikiz.

b) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez. Gaiak izanen dira II. eranskinean ageri den gai-zerrendakoak.

Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

a) Lehiaketaldia (merezimenduen balorazioa).

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira parte hartzeko eskabidearekin batera:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira erakunde autonomoaz besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, I. eranskineko baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera aurkezten dituzten merezimendu guztiak frogatzeko agiriak.

Honako hauek ez dira aurkeztu behar, deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari:

–Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoan egin eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.

Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatuko eta puntuatuko dira.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, baremoan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino. Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, halakorik aurkeztu bada, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira deialdiaren web-fitxan.

b) Oposizioaldia: proba bat eginen da.

Oposizioaldia 2024ko bigarren hiruhilekotik aurrera hasiko da. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onestearekin batera adieraziko dira proba egiteko eguna, tokia eta ordua.

Proba teorikoa. Proba teorikoa izanen da: test moduko 100 galderari (gehienez) erantzun beharko zaie idatziz, 120 minutuko gehieneko denboran. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiru erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Fase honetan, gehienez ere, 70 puntu erdiesten ahalko dira. Proba hasi baino lehen zehaztuko da proba baloratzeko irizpidea eta nola penalizatuko diren aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako okerrak. Proba gainditzeko, lortu behar da ezarritako gehieneko puntuazioaren %50 gutxienez (35 puntu).

Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak deialdiaren web-fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen da, puntuazioak argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek alegazioak aurkez ditzaten, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek azaldu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala (NANa), atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ) edo pasaportea. Baztertu eginen dira agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak.

Hautaproba egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

Proba kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu oposizioaldiko behin betiko emaitzak Haur Eskolen webgunean.

7. Proba gainditu duten izangaien zerrenda.

7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu proba gainditu duten izangaien zerrenda deialdiaren web-fitxan, guztira erdietsitako puntuazioaren ordenan, batuta izangai bakoitzak oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako kalifikazioak.

7.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.

Berdinketak segitzen badu, merezimendu profesionalen atalean ebatziko da puntuazio handiena lortu duenaren alde. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak segitzen badu, ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez.

8. Lanpostu hutsa hautatzea eta baldintzak frogatzea.

8.1. Izapide hori egin eta gero, deialdiko lanpostu hutsa hautatzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitekeen lanpostu hutsa eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten, eta 10 egun balioduneko epea dagoela lanpostu hutsa hautatzeko.

Informazio hori deialdiaren fitxan argitaratuko da, erakunde autonomoaren webgunean: https://www.pamplona.es/escuelasinfantiles/.

8.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, baldin sarrera-prozedurarako zehaztutako lanpostu kopuruan lekurik badute eta dei egin badiete lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldira, lehentasuna izanen dute lanpostu hutsa aukeratzeko, gainerako izangaien aurretik.

8.3. Lanpostu hutsa hautatzeko 10 egun balioduneko epearen barnean, izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu, horretarako ezarritako bidea baliatuz:

–Deialdiaren bigarren oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

9. Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Lanpostu hutsa hautatzeko eta frogatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak proposamen bat igorriko du, izenda edo kontrata dadin puntuazio handiena lortu duen izangaia, eta harekin batera igorriko du espediente osoa.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da erakunde autonomoaren webgunean: www.pamplona.es/escuelasinfantiles/

9.2. Proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztuko ditu, erakunde autonomoaren erregistro orokorraren bidez eta 10 egun balioduneko epean, izendapen edo kontratazio proposamena webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:

a) Nortasun-agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Epe horren barrenean, eta salbu aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan, agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia ezin izanen da izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe bere eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik gelditu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera (proba gainditu duten izangaiak), lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10. Izendapena edo kontratazioa, lanpostu hutsaren esleipena, eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia izendatu edo kontratatu eginen da, eta lanpostu hutsa adjudikatuko zaio.

10.2. Izendatzeak edo kontratatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontrataduna, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Hala, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), afiliaturik baldin badaude Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean, bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena edo kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (lege horrek hizpide du Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea).

10.4. Izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko du lanpostuaz izendatzen edo kontratatzen den izangaiak.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, jabetza hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko lan-kontratudun izateko. Hala gertatuz gero, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Lan-kontratudun bihurtzen den eta lanpostuan batere aritzen ez den izangaiari dagokionez, zuzenean eta berak eskatuta borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsaren hautaketa. Beraz, egoera horren ondoriozko lanpostua zuzenean adjudikatuko zaio lan-kontratudun berriari.

11. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Aldi baterako kontrataziorako izangaien honako zerrenda hauek eratuko dira, hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratu ez dutenekin, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari, oinarri honetan ezarritako prozedurari, eta Iruñeko Udaleko eta haren erakunde autonomoetako funtzionario eta administrazio-kontratudunen enplegu-baldintzei buruzko 2017-2019 urteetarako akordioari (horren bidez ezartzen da Iruñeko Udaleko langileak administrazio-araubidean kontratatzeko arauketa):

a) Proba gaindituta ere lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda.

b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.

11.2. Ebazpen baten bidez, hamar egun balioduneko epea emanen zaie –ebazpen hori eman eta biharamunetik hasita– aurreko apartatuaren arabera aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartzekoak direnei, honako agiri hauek aurkez ditzaten:

–Deialdiaren bigarren oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

Ebazpen hori argitaratuko da, ukitutakoen zerrendekin batera, Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoaren webgunean.

11.3. Eskatzen diren agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenak eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdian parte hartzeagatiko eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

11.4. Exijitutako baldintzak bete beharko dira sarrera prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.5. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, jarraikiko zaio 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da, zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautapen probak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.

12. Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, epaimahaiaren ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, deialdiaren fitxan argitaratuko da, erakunde autonomoaren webgunean: www.pamplona.es/escuelasinfantiles/.

13. Errekurtsoak.

Kalifikazio-epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, beronen oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, kalifikazio-epaimahaiak emanak ez badira, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bai aurkezten diren errekurtso guztiak, bai haien ebazpena, argitaratuko dira erakunde autonomoaren webgunean, jakinarazpenak eta epatze-deiak egin dakizkien hautapen-prozesu honetan interesdun direnei.

Iruñean, 2023ko abenduaren 19an.–Erakunde autonomoko lehendakaria, Carlos Salvador Armendariz.

I. ERANSKINA.–Merezimenduak baloratzeko eredua (PDFa).

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA OROKORRA

1. 3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa. 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa.

2. 61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, zeinaren bidez ezartzen baita Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma Nafarroako Foru Komunitatean.

3. 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, zeinaren bidez ezartzen baita Haur Hezkuntzako lehen zikloa Nafarroako Foru Komunitatean eta zeinaren bidez ezartzen baitira, orobat, ziklo hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak.

GAI ZERRENDA BERARIAZKOA

1. Giza elikaduraren bilakaeraren historia: elikadura-jokabidea testuinguru biologiko eta kulturalean; elikadura-estrategiak eta haren baldintzapenak; giza elikaduraren konplexutasun biosoziala; elikadura mundu globalizatu batean. Nolakoa izan den elikadura erlijio, kultura eta ideologien arabera.

2. Elikagaien mikrobiologia eta toxikologia: agente kutsatzaile nagusiak; mikrobioen metabolismoa; bakterien hazkuntzaren kontrola; elikagaien mikrobiologia; elikadurako parasitologia; elikagaien kutsadura naturala; elikagaien alterazioa; uraren, landareen, haragiaren eta arrainen bidez transmititutako parasito nagusiak; kutsadura abiotikoa; arrisku kimikoak; toxikotasunaren zergatiak, jatorria eta prebentzioa.

3. Higienea, elikadura-segurtasuna eta elikagaien kalitatearen kontrola: elikagaien alderdi higienikoak eta osasun arlokoak; baldintza higienikoak lantokian, ekipoetan, lanabesetan eta arlo pertsonalean; kalitate kontrola; elikadura-segurtasunaren kudeaketa eredua; elikagaien Osasun Erregistro Orokorra; Elikadura Segurtasuneko Helburuak (FSO); elikadura-segurtasuna kudeatzeko tresnak; trazabilitatea, elikadura arriskuaren analisia eta autokontrol sistema bat, oinarri dituena arriskuen analisia eta kontrol-puntu kritikoak (AAKPK), higieneko plan orokorrak eta arriskuen analisia eta kontrol-puntu kritikoak.

4. Bromatologia: elikagaien sailkapena; animalia eta landare jatorriko elikagaiak; elikagai osagarriak; elikagai transgenikoak; elikagai funtzionalak; elikagaien osaera, propietateak eta elikadura-balioa; elikadura berezi baterako produktuak; bularreko haurrentzako eta ume txikientzako elikagaiak; erabilera mediko berezietarako elikagaiak, landareetan oinarritutako elikagaiak eta beganoentzako elikagai berriak.

5. Sukaldaritzako trebetasunak: sukaldaritzako teknologia, dieta askotarikoak egiteko eta subjektu bakoitzari egokitutako dietak egiteko; aurretik egin beharreko eragiketak, eta giro-tenperaturan egiten diren prozesuak; egostea ingurune ez-likidoan, ingurune koipetsuan eta ingurune akuosoan; egosketa mistoak eta bereziak; sukaldaritzako prozesuen kalitatea eta segurtasuna, eta plateren fitxa teknikoak.

6. Nutrienteen metabolismoa erregulatzea: nutrizioaren oinarri fisiologikoak; anatomia eta digestio-sistemaren eginkizuna; nutrienteen digestioa, xurgapena eta bioerabilgarritasuna; metabolismoa eta balantze energetikoa; balantze hidrikoa; termogenesia eta substratu energetikoen erabilera erregulazioa; ahoratzea erregulatzea.

7. Nutrizioarekin lotutako immunologia eta farmakologia: immunitate-sistema; sistema immunearen alterazioa; desnutrizioaren eta infekzioaren arteko erlazioa; infekzioaren kontrako mekanismo immunologikoak; elikagaiaren eta medikamenduaren arteko interakzioa; farmakoterapia eta nutrizioarekin duen erlazioa.

8. Elikagaia, egoera fisiologiko desberdinetan: eginkizun metabolikoak nola aldatzen diren bizitzan zehar; sistema endokrinoaren aldaketak bizitzako lehenbiziko etapan; nutrizio-beharrak haurdunaldian eta esnea emateko garaian; fisiologia eta elikadura-jarraibideak haurtzaroko hazkuntza-etapetan (amak bularra ematean eta haurtzaroan elikagai gehiago ematen hastean); nutrizio-beharrak kirolean eta jostetan; elikatzeko modu alternatiboak (dieta bejetarianoa eta benagoa, eta beste dieta alternatibo batzuk).

9. Dietak eta menuak plafinikatzea eta prestatzea: dietak gramajeen eta trukeen arabera prestatzeko sistemak; sukaldaritzako errazioa eta zatia/neurria, etxean erabiltzen diren neurriak; softwarea erabiltzea jardun profesionalean; elikagaien osaera-taula informatizatuak; nutrizio-ebaluaziorako sistemak, menuak diseinatzea eta planifikatzea.

10. Elikadura, kolektibitateetan: menuak planifikatzea elikadura-zerbitzu batean; kolektiboentzako otorduak prestatzean gehien erabiltzen diren sukaldaritzako teknikak; kolektibitate sozial bereziak; nutrizio-parametroak aplikatzea kolektibitateen nutrizio-egoera ebaluatzean; eskoletarako otordu-prestaketa; erosketak eta hornidura kudeatzea; sukalde bateko oinarrizko ekipamendua ezagutzea; ildo hotza eta beroa.

11. Osasun publikoa eta komunitate-nutrizioa: osasunean eragina duten faktoreak; gaixotasunaren historia naturala; osasun sistemak; osasun arloko plangintza eta ebaluazioa; osasun demografia; nutrizio-epidemiologikoa; elikagaien kontsumoaren ebaluazioa; elikadura-inkestak; elikadura-nutrizio politikak eta gidak populazioarentzat; erreferentziako dieta-ahoratzeak; esku hartzeko plangintza eta programazioa; nutrizio-programa nazionalen eta nazioartekoen analisia; nutrizio-hezkuntzako programak diseinatzea; nutrizio-hezkuntzarako esku-hartze ereduak zenbait maila sozialetan.

12. Metodologia zientifikoa nutrizioan: metodo zientifikoa; ezagutza zientifikoaren iturriak osasun zientzietan; lan zientifikoen irakurketa kritikoa; azterlan epidemiologikoen parametro bioestatistikoak; ikerketa proiektuetarako prestaketarako funtsezko oinarriak (diseinua eta plangintza, bilaketa bibliografikoak); nutrizioaren metodologia, ebidentzian oinarritua.

13. Dietoterapia, digestio-sisteman eta horri lotutako patologietan: dietoterapia, patologia hepatikoan eta biliarrean; dieta, dumping berantiarraren sindromerako eta digestio hodia ukitzen duten patologietarako; elikagaiei ematen zaien erantzun immunologiko alteratua; histamina gutxiko dietaren oinarriak; tiramina, sulfitoak, glutamatoa, bentzoatoak eta abar murrizteko dietaren oinarriak; intolerantziak eta elikagaiekiko alergiak (laktosarekiko, fruktosarekiko eta sorbitolarekiko intolerantzia); alergiak eta intolerantzia haurtzaroan; gaixotasun zeliakoa, zeliakoa izan gabe glutenarekiko intolerantzia izatea; FODMAP gutxiko dieta; alergia eta intolerantzia zer elikagairi zaion diagnostikatzeko probak; ordezko produktuak.

14. Nutrizio pediatrikoa: indize gluzemikoa eta elikagaien karga gluzemikoa; elikagai bereziak diabetesa duten pazienteentzat; nutrizio arloko gomendioak, diabetesari lotutako konplikazioak tratatzeko; haurren diabetesa; obesitatearen tratamendu integrala haurrekin; obesitaterako lehen mailako programak; minbizia duten haurrentzako elikadura; digestioetako patologia, nutrizio gabeziak; dietoterapia, metabolismoko jaiotzetiko akatsetarako; dieta zetogenikoak epilepsia tratatzeko.

15. Elikadura jasangarria: Milango ituna. Garapen Jasangarrirako Helburuak. Elikadura-sistema jasangarriak. Elikadura-burujabetza. Elikagaien ekoizpen ekologikoa eta integratua. Merkaturatze-zirkuitu laburrak. Elikagaiak xahutzea. Elikagaiak aprobetxatzeko sukaldaritza.

16. Udalaren haur eskolak: Iruñeko Udaleko Haur Eskolen ildo pedagogikoa. Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoa. Erakundearen antolaketa orokorra eta ikastetxeen egitura. "Hemengoak-De Aquí" proiektua. Haur eskolako arduren kudeaketa eta familien parte-hartzea haurren elikaduran: gosariak, merenduak, amaren esnea.

17. Lanbidearen deontologia eta etika: bioetika eta arreta edo laguntza ematea; antolamendu juridikoa eta lanbidearen erregulazioa; dietista-nutrizionistaren lanbide-profila; Giza Nutrizioa eta Dietetika unibertsitate-titulua ematen duten unibertsitateen eta Dietista-nutrizionisten Elkarte Espainiarraren adostasun agiria; Dietista-nutrizionisten Lanbideko Kode Etikoa, Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialeko Kontseilu Orokorrak emana; ekainaren 9ko 6/2004 Foru Legea, Nafarroako dietista-nutrizionistei buruzkoa; urtarrilaren 16ko SCB/85/2019 agindua, zeinaren bidez argitaratu baitziren Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialeko Kontseilu Orokorraren behin-behineko estatutuak.

18. Elikadura arloko legedia, eta intereseko osasun-araudia nutrizioaren eta dietetikaren arloan: uztailaren 5eko 17/2011 Legea, Elikadura-segurtasunari eta Nutrizioari buruzkoa (2011-07-06ko Estatuko Aldizkari Ofiziala); azaroaren 21eko 44/2003 Legea, Lanbide Sanitarioei buruzkoa, elikagaien publizitatearen lege-esparrua; elikagaien nutrizio- eta osasun-adierazpenak; elikagaien etiketak eta publizitatea; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1924/2006 (EB) Erregelamendua, 2006ko abenduaren 20koa, hizpide dituena elikagaien nutrizio adierazpenak eta propietate osasungarriak; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko urriaren 25eko 1169/2011 (EB) Erregelamendua, elikagaien informazioari buruzkoa; 126/2015 Errege Dekretua, otsailaren 27koa, zeinaren bidez araudi bat onesten baita azken kontsumitzaileari eta kolektibitateei saltzeko ontziratu gabe aurkezten diren elikagaien gaineko informaziorako; 1021/2022 Errege Dekretua, abenduaren 13koa, zeinaren bidez higiene-baldintza batzuk arautzen baitira elikagaiak ekoiztu eta merkaturatu daitezen txikizkako merkataritzako saltokietan.

GOMENDATUTAKO BIBLIOGRAFIA

Deialdiaren web-orrian argitaratuko da gomendatutako bibliografia.

Iragarkiaren kodea: L2318248