8. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

87/2023 FORU AGINDUA, abenduaren 27koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita 030 eredua, "Helbidea edo datu pertsonalak aldatu izanaren jakinarazpena" izenekoa.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 37.3 artikuluak ezartzen duenez, zergapekoak helbidearen aldaketa jakinarazi behar dio zerga administrazioari, berariazko adierazpen baten bidez.

Berariazko adierazpen hori egiteko 030 eredua erabiltzen da, "Helbide aldaketaren edo norberaren edo familiakoen datuen aldaketaren berri ematea. Bikote egonkorren Erregistro fiskala" izenekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 4ko 117/2014 Foru Aginduaren bidez onetsitakoa.

Foru aginduak 2. artikuluan adierazten du eredu hori erabiliko dela, halaber, norberaren edo familiakoen beste datu batzuen aldaketaren berri emateko, identifikazio fiskaleko zenbakia eskatzeko, bikote egonkorren erregistro fiskalean izena emateko izapideak egiteko eta ezkontzaren edo bikote egonkorraren araubide ekonomikoaren gaineko itunak aurkezteko.

Foru aginduak indarra hartu zuenetik hainbat aldaketa gertatu dira, araudikoak nahiz bestelakoak, eta beharrezkoa da, beraz, eredu berri bat onestea.

Zehazki, apirilaren 14ko 27/2021 Foru Dekretuak bikote egonkorren erregistro bakarra sortu zuen eta, horrela, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioa edo Foru Berria aldatu eta eguneratzeko apirilaren 4ko 21/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenaren agindua bete zen. Erregistro hori izaera administratiboko erregistro publiko bat da, non inskribatzen ahal diren, hala nahi izanez gero, Nafarroako Foru Berriaren arabera osatutako bikote egonkorren egintzak, publizitatearen ondorioetarako eta frogabide gisa. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita batgarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, Nafarroako Foru Komunitateko bikote egonkorren erregistro bakarrean izena emanik dagoen bikote egonkorretako kideak ezkontideen parekoak dira ondorio fiskaletarako.

Parekatze fiskal hori izan zuen helburu, halaber, otsailaren 19ko 73/2014 Foru Aginduaren bidez sortu zen bikote egonkorren erregistro fiskalak. Horrenbestez, Zenbait zerga aldatzeari eta beste tributu neurri batzuk aldatzeari buruzko abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legearen xedapen indargabetzaileak indargabetzen ditu, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, bai 73/2014 Foru Agindua, bai 117/2014 Foru Aginduan bikote egonkorren erregistroaz egiten diren aipamenak. Geroago, Zenbait zerga aldatzeari eta beste tributu neurri batzuk aldatzeari buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legearen azken xedapenetako bigarrenak 2024ko urtarrilaren 1era arte atzeratu zuen indargabetze hori, erregistro fiskalean izena emanik egon, eta ondorio fiskaletarako ezkontideen parekoak izaten segitu nahi zuten bikote egonkorrek beste urte bat izan zezaten Nafarroako bikote egonkorren erregistro bakarrean izena emateko, edo aplikatzekoa zaien araudi zibilaren arabera dagokion erregistroan.

Beste alde batetik, urte hauetan gizartea eskatzen hasi da komunikazio bide arinagoak erabili ahal izatea Administrazioarekiko harremanetan. Eskaera hori aintzat harturik, telefono mugikorraren eta posta elektronikoaren bidezko komunikaziorako, Nafarroako Foru Ogasunak beste bide batzuk gaitu ditu, eta horregatik gelditu dira horiek 030 eredutik kanpo, informazio hori aurkezteko bideak ez bikoizteko eta balizko kontraesanak saihesteko.

Genero ikuspegia inprimakietan eta araudian txertatu beharra beste arrazoi bat da 030 eredua eta hura arautzen duen foru agindua beste modu batera idazteko.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. 030 eredua onestea.

Onesten da 030 eredua, "Helbidea edo datu pertsonalak aldatu izanaren jakinarazpena" izenekoa. Haren edukia eranskinean dago.

2. artikulua. 030 eredua erabiltzea.

Pertsona fisikoak diren zergapekoek honako hauetarako erabiltzen ahalko dute 030 eredua:

a) Interesdunaren, ezkontideen edo bikote egonkorraren egoitza fiskalaren aldaketa jakinarazteko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren (PFEZ) bidez egin ez bada.

b) Interesdunaren, ezkontideen edo bikote egonkorraren helbidea, jakinarazpenetarako erabiliko dena, jakinarazteko, egoitza fiskalaz beste bat baldin bada.

c) Egoera zibilaren aldaketak jakinarazteko.

d) Telefono finkoaren zenbakia edo haren aldaketa jakinarazteko.

e) Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eskatzeko pertsona horientzat zeinak, espainiarrak nahiz Espainiako nazionalitaterik ez duten pertsona fisikoak izanik, tributu arloko eragiketak edo tributu arloan eragina dutenak egin behar baitituzte edo horietan parte hartu behar baitute, beharturik ez badaude Nortasun Agiri Nazionala izatera edo Atzerritarren Identifikazio Zenbakia ez badute, hurrenez hurren.

3. artikulua. 030 eredua betetzea.

1. 030 eredua, oro har, banaka beteko du helbidearen edo bere datu pertsonalen aldaketa jakinarazi nahi duen zergapeko bakoitzak.

2. Halere, eredua bi ezkontideek edo bikote egonkorraren bi kideek bete eta sinatzen ahalko dute, honako hauek jakinarazteko erabiltzen denean:

a) Egoitza fiskalaren aldaketa, bi pertsonentzat berbera denean.

b) Jakinarazpenetarako helbidearen aldaketa, bi pertsonentzat berbera denean.

c) Egoera zibilaren aldaketa ezkontzaren ondorioz.

4. artikulua. 030 eredua aurkezteko epeak.

1. 030 eredua noiznahi aurkez daiteke, aurkeztu beharra ekartzen duen arrazoia gertatzen den egunetik hasita, salbu eta hurrengo atalean xedatutakoa tartean denean.

2. Pertsona fisikoen egoitza fiskalaren aldaketa jakinarazteko denean, 030 eredua aurkezteko epea hiru hilabetekoa izanen da aldaketa hori gertatzen denetik.

Halere, epe hori bukatu aurretik bukatzen bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkezteko epea, egoitza fiskalaren aldaketaren jakinarazpena aitorpen horretan aurkezten ahalko da, aitorpena aurkezteko epearen barruan.

Egoitza fiskala aldatu izanaren jakinarazpenak aurkezten den unetik izanen ditu ondorioak.

5. artikulua. 030 eredua aurkezteko modua eta tokia.

1. Zergapekoak honako modu hauetako edozein aukeratzen ahalko du 030 eredua aurkezteko:

a) Paperean, Nafarroako Foru Ogasunak inprimakiak sortzeko garatu duen zerbitzuaren bidez lortzen ahal dena; zerbitzu hori Nafarroako Foru Ogasunaren Interneteko atarian eskura dago.

Papereko eredua Nafarroako Foru Ogasunak jendeari arreta emateko dituen bulegoetan aurkeztuko da.

b) Bide elektronikotik, Internet erabiliz, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

2. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 1. artikuluak aipatzen dituen zergapeko guztiek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa egin beharko dute nahitaez. Foru agindu horren bidez arautzen dira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

6. artikulua. 030 eredua modu elektronikoan aurkezteko gaikuntza eta baldintza orokorrak.

1. 030 eredua Internet bidez modu elektronikoan aurkeztuko dute horrela aurkeztera behartuta daudenek edo haien ordezkariek.

Aurkezpena egiten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen telematiko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. 030 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Eredua elektronikoki aurkezteko, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dira, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait tributu aitorpen baliabide telematikoen bidez edo ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 030 eredua modu elektronikoan aurkezteko prozedura.

Hau izanen da modu elektronikoan aurkezteko prozedura:

1. Joan Ogasunarekiko izapideen zerbitzura Nafarroako Gobernuaren web-orritik, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

2. Hautatu 030 eredua, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko behar diren datu guztiak bete.

3. Kasuan kasuko dokumentazioa erantsi, 8. artikuluari jarraikiz.

4. Aurreko urratsak bete ondoren, bidali aukera erabili.

Aitorpena zuzen egina bada, sistemak baliozkotu eginen du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.

Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

8. artikulua. 030 ereduarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Egoera zibilaren aldaketa jakinarazten denean, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dira; horretarako, banaketaren, dibortzioaren edo ezkontza deuseztasunaren gaineko epaia onartuko da, edo egungo egoera zibila egiaztatzen duen erregistroko egiaztagiria edo familia liburua.

2. Eredua bide elektronikotik aurkezten bada, 1. atalean aipatzen diren agiriak erantsiko dira eredua aurkezteko web zerbitzuan, adierazpena bidali aurretik, 7. artikuluan adierazten den bezala.

3. Eredua paperean aurkezten bada, adierazpenerako arrazoia diren agiriak aurkeztuko dira adierazpena aurkezten den unean bertan, Nafarroako Foru Ogasunak jendeari arreta emateko dauzkan bulegoetatik edozeinetan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetzen da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 4ko 114/2014 Foru Agindua, onesten duena 030 eredua, "Helbide aldaketaren edo norberaren edo familiakoen datuen aldaketaren berri ematea. Bikote egonkorren Erregistro fiskala" izenekoa.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek 2024ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abenduaren 27an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

ERANSKINA.–030 eredua, "Helbidea edo datu pertsonalak aldatu izanaren jakinarazpena" (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2318461