71. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

155/2024 EBAZPENA, martxoaren 19koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 2024ko uzta heldugaberako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoarekin.

2021eko abenduaren 2ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren bidez, arauak ezarri ziren Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetu ziren. Bada, erregelamendu horrek, 58. artikuluko 1. atalean, ardogintzaren sektorean egin daitezkeen esku-hartze motak ezartzen ditu, eta c) letra uzta heldugabearen esku-hartze motari dagokio.

Europako araudia aplikatuz, Mahastizaintza eta Ardogintzako Sektoreko Esku Hartzean aurreikusitako esku-hartze motak aplikatzeko, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua eman zen, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duena. Haren helburua da Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialean sartuta dauden esku-hartze motei aplikatu beharreko oinarrizko araudia ezartzea, 2023-2027ko Espainiako Erresumako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan. Plan hori 2022ko abuztuaren 31ko Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zuen Europako Batzordeak.

Bestetik, ardogintzaren sektoreari beste arau hauek ere aplikatuko zaizkio: abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, Plan Estrategikoko esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena; otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dituena; eta martxoaren 12ko 250/2024 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita, inbertsioen eta uzta heldugabearen arloan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duena.

Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalak uzta heldugabeari aplikatu beharreko oinarrizko araudia ezartzen du. 34. artikuluak ezartzen du ezen, autonomia erkidegoren batek uzta heldugabearen esku-hartzea aplikatzeko eskaera egiten baldin badu, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Produkzioen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiko Fruta eta Barazkien eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusiak, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko den ebazpen baten bidez, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialari esleitutako urteko funtsetatik aurrekontu esleipen bat ezarriko duela uzta heldugabearen esku-hartzerako, ardo bolumen bat merkatutik aterata merkatuaren oreka berreskuratzen laguntzeko.

Zenbait autonomia erkidegok eskatu dutenez uzta heldugabearen esku-hartzea abiatzeko, Nekazaritzako Produkzioen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiaren 2024ko otsailaren 15eko ebazpenaren bidez, diruz hornitu da uzta heldugabearen neurria, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialaren (MAEHS) barnean, 2024ko finantza ekitaldirako 21.400.000 euro esleituta.

Uzta heldugabearen neurria abiatzeko, autonomia erkidegoek honako alderdi hauek ezarri behar dituzte: laguntza eskaerak aurkezteko epea, aplikatuko diren lehentasun irizpideak, onartutako eskaerei uko egiteko epeak, laguntza ordaintzeko metodoa eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuei dagokien kostu unitarioen balioa (hektareako), bai eta galdutako diru-sarrerak kalkulatzeko aplikatu behar den mahatsaren batez besteko prezioa ere.

Bat etorrita martxoaren 12ko 250/2024 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren bosgarren apartatuarekin (errege dekretu horren bidez aldatzen baita, inbertsioen eta uzta heldugabearen arloan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duena), galdutako diru-sarreren konpentsazioa kalkulatzeko, kalkulutik kentzen ahalko dira, justifikatuta betiere, ohiz kanpoko inguruabarrak gertatu diren kanpainak, baldin eta inguruabar horiek oso nabarmen baldintzatu badituzte errendimenduak edo ekoizleek kobratu dituzten prezioak. Hori eginez gero, kendutako kanpainen ordez, aurre-aurrekoak erabiliko dira kalkulurako. 2020. eta 2021. urteetan, COVID-19aren pandemiaren gorabeherak direla-eta, bai eta 2022. urtean ere, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz, ardogintzako sektorearen merkatua nabarmen asaldatu zen, eta horrek eragin zuzena izan zuen urte horietako mahats-biltzeetan mahatsari ezarritako salmenta prezioetan. Gainera, 2023. urtean errendimendua murriztu zen, lehorteagatik. Horregatik, kanpaina horien ordez, 2017ko, 2018ko eta 2019ko mahats-biltzeak hartu dira.

Nafarroako Foru Komunitateak 2024ko martxoaren 1a baino lehen jakinarazi zion Nekazaritzako Produkzioen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiari aplikatuko den ordainketa metodoa kostu unitarioen baremo estandar batzuen araberakoa izanen dela eta, orobat, zein izanen den kostu unitario horien balioa, eta zein hautatutako lehentasun irizpideak eta horien puntuazioak, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialaren (MAEHS) barnean sartzeko.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2024ko uzta heldugaberako laguntzen deialdia, Nafarroako Foru Komunitatean, bat etorriz urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalean xedatutakoarekin.

2. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasi eta 2024ko apirilaren 29an bukatuko da.

Uzta heldugaberako laguntza hartu nahi duten eskatzaileek horretarako eskaera aurkeztu beharko dute erregistro orokor elektronikoaren bitartez, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako beste edozein erregistro edo baliabide elektronikoren bidez. Eskaera Merkatuen Erregulaziorako Atalari zuzenduko diote, ezarritako ereduarekin bat, zeina eskuragarri baitago Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko zerbitzuen katalogoaren fitxan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

3. Laguntza eskaeran sartzen diren mahastizainek eta haien lurzatiek Mahastien Erregistroan inskribatuta egon behar dute eskaerak egiteko epea hasten den egunean.

4. Laguntza eskaeretan sartutako lurzatiak hautatzeko prozeduran honako lehentasun irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.–Lurzatiari lotutako lehentasun irizpideak:

a) Kalitate bereziko figura batean (JDB/AGB) inskribatutako lurzatiak, baldin eta horietako produkzioa JDB edo AGB horretako ardoa egiteko bideratu bada uzta heldugabea aplikatzeko kanpainaren aurre-aurreko bi kanpainetan gutxienez. 2,5 puntu emanen zaizkie JDBan inskribatutako lurzatiei, eta 0,5 puntu AGBan inskribatutako lurzatiei.

b) Mahats mota: beltza edo zuria. 3,5 puntu emanen zaizkie mahats beltzeko lurzatiei, eta 0,5 puntu mahats zuriko lurzatiei. Lurzati berean mahats beltza eta zuria badaude, lurzati bakoitzean azalera handiena hartzen duen mahats motari dagokion puntuazioa emanen da.

c) Ardotarako mahatsaren barietatea. 5 puntu emanen zaizkie Tempranillo Beltza barietateko lurzatiei, 0,5 puntu Garnatxa Beltza barietateko lurzatiei, eta 0,5 puntu Merlot barietateko lurzatiei. Lurzati berean mahats barietate bat baino gehiago badaude, lurzatian azalera handiena hartzen duen mahats barietateari dagokion puntuazioa emanen da.

d) Lurzatiaren azalera. 2 puntu emanen zaizkie Nafarroako Mahastien Erregistroko lurzatien azaleraren batez besteko baliotik gorako azalera dutenei; 0,8590 hektareakoa da balio hori.

2.–Lurzati bakoitzerako lehentasun irizpideak, eskatzaileari loturikoak:

a) Mahastizain gazteak; halakotzat hartuko dira laguntza eskaera aurkezten den urtean gehienez ere 40 urte dituzten eskatzaileak. 4 puntu emanen dira.

Eskatzailea pertsona juridikoa bada, dagokion dokumentazioaren bidez frogatu beharko da ezen, pertsona juridiko horren barruan erabaki-ahalmena duten pertsona fisikoen %50ek, gutxienez, baldintza hori betetzen dutela. Horrek esan nahi du mahastizain gazteen partaidetza pertsona juridikoaren kapital sozialean guztizko kapital sozialaren erdia baino gehiagokoa izan behar dela edo boto eskubideen erdia baino gehiago eduki behar dutela.

b) Ogibide nagusia nekazaritza duten eskatzaileak (pertsona fisikoen kasuan) edo lehentasunezko nekazaritza ustiategi bateko titularra (pertsona juridikoen kasuan). 2 puntu emanen dira.

5. Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 5 eguneko epea ezartzen da onartutako eskaerei uko egiteko, laguntza onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik.

6. Uzta heldugaberako laguntza kalkulatzeko bi konpentsazio hauek batuko dira: mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuena eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzearen ondoriozko diru galerarena.

Deuseztatzeko zuzeneko kostuen konpentsazioa izanen da kostu unitarioen baremo estandarren %50; I. eranskinean daude jasota kostu unitarioen zenbatekoak, ekintza diruz lagungarri bakoitzeko.

Galdutako diru-sarreren konpentsazio ekonomikoa izanen da laguntza eskatzen den lurzatian uzta heldugabea egiteak dakarren diru-sarreren galeraren %50. Diru-sarreren galera honela kalkulatuko da: laguntzaren xede den lurzatian azken hiru kanpainetan mahatsak izan duen batez besteko prezioa bider lurzati horrek datuak eskuragarri dauden azken hiru kanpainetan izan duen batez besteko errendimendua. Kasua bada, errendimendu horrek muga bat izanen du; zehazki, dagokion kalitate figuraren pleguetan ezarritako gehieneko errendimendua.

Galdutako diru-sarreren konpentsazioa kalkulatzeko, 2017ko, 2018ko eta 2019ko kanpainak hartuko dira aintzat.

Aintzat hartutako erreferentzia urteetarako daturik ez dagoen lurzatien kasuan, urte horietan ekoizten hasi gabe zeuden mahasti landaketak zirelako, Nafarroako Foru Komunitatean izandako batez besteko errendimenduen datu ofizialak erabiliko dira, kasuan kasuko lurzatien kokapenaren arabera.

Kontuan hartuko diren mahatsaren batez besteko prezioak honako hauek dira, mahastien kokapenaren arabera:

–"Nafarroa" jatorri-deitura babestuko lurzatiak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan aitortutako adierazpen geografiko babestuetakoak, lur-eremuko ardoetarakoak eta beste: 0,48 euro/kg.

–"Errioxa" jatorri-deitura kalifikatuko lurzatiak: 0,96 euro/kg.

Bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 59.3 artikuluarekin, uzta heldugaberako ematen den Europar Batasunaren finantza laguntza ezin da izan mahats-mordoak ezerezteko edo deuseztatzeko zuzeneko kostuei ezerezte edo deuseztatze horri loturiko diru-sarreren galera batuta ateratzen den zenbatekoaren %50 baino gehiago.

7. Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 42.3 artikuluarekin bat, laguntza ordaintzeko eskaeratzat hartuko da uzta heldugabearen gauzatze-dataren jakinarazpena, aipatu errege dekretuaren 78.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

8. Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua betez, 30.000 eurotik gorako dirulaguntza hartzen duten eskatzaileei eragiten baitie, eta kontuan harturik ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarritakoa, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da honako dokumentazio hau, kasu bakoitzean dagokiona:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hau:

1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian ordainketei buruz azaltzen den informazioaren transkripzio xehatua duena, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze maila, atal honetan zehaztu dena, horretarako oinarri harturik abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko zenbakian aipatutako ziurtagiria egiterik ez badago, «Adostutako Prozeduren Txostena» aurkeztu beharko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egina, non ondorioztatuko baitu ezen, oinarri harturik erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri baten berrikuspena, ez duela detektatzen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko salbuespenik, edo, halakorik detektatzen bada, salbuespen horiek ez dutela galarazten atal honen azken paragrafoan eskatutako betetze-maila lortzea.

Lege horren ondorioetarako, atal honetan eskatutako baldintza bete dela joko da baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila berdina edo handiagoa bada Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa baino.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak (lege horren bidez merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira).

9. Deialdi honetan aurreikusia ez dagoen orotan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da.

10. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

Iruñean, 2024ko martxoaren 19an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA–KOSTU UNITARIOEN BAREMO ESTANDARRAK, DEUSEZTATZEKO ZUZENEKO KOSTUENGATIKOAK

DEUSEZTATZE METODOA (*)

ZENBATEKOA (euro/ha)

Mekanikoa (eskuzko errepasoa barne)

556,00

Eskuzkoa

778,00

(*) Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 42.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, metodo kimikoa eta mekanikoa erabiltzen badira mahats-mordoak guztiz kentzeko, beharrezkoa izanen da eskuzko errepasoa egitea.

Iragarkiaren kodea: F2404716