70. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

440E/2024 EBAZPENA, martxoaren 7koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdirako gastua eta aldatzen baitira haren oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 744602.

Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, bitartekaritza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2024. urtea baino lehen onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, bidezkoa da 2024. urterako gastua baimentzea, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzetarako.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 195E/2019 Ebazpenaren bidez, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioetarako dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Aldatzen da orain Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 195E/2019 Ebazpenaren bidez onetsitako deialdia, haren zenbatekoa egokitu eta moldatzeko, arinagoa eta errazagoa izan dadin eta indarreko araudiarekin bat etor dadin. Ebazpen horren bidez, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzen deialdia eta haren oinarri arautzaileak onetsi ziren.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2024ra luzatutako 2023ko gastu-aurrekontuaren kargura 697.000 euroko gastua baimentzea deialdi honetarako: "Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko dirulaguntzak". Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 21eko 195E/2019 Ebazpenaren bidez arautu ziren dirulaguntza horiek (741197 zenbakia dute Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean), eta 2024ra luzatutako 2023ko gastu-aurrekontuko "Ekonomia sozialeko enpresen inbertsiorako laguntzak" izeneko 950001 96100 7709 241200 partidaren kargura ordainduko da gastua.

2. 100.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, legez xedatutako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere.

3. Deialdiaren 5.3, 6.2 eta 16. oinarri arautzaileak aldatzea, ondotik adierazten den moduan:

3.1. 5.3 oinarria honela gelditzen da idatzirik: "Enpresa batek ezin izanen du jaso urtean 10.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza. Muga hori urte horretako ekitaldiaren aurrekontuari egotzitako gastuari dagokio.

3.2. 6.2 j oinarria honela gelditzen da idatzirik:

j) Ordainketa enpresa onuradunaren kontuan eginen da, Nafarroako Gobernuaren Diruzaintzan agertzen den horretan. Kontu hori kontsultatu eta, hala badagokio, alda daiteke esteka honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta, ziurtagiri digitalaren edo Cl@ve-ren bidez. Onuradunak ezin badu bere kontua helbide elektroniko horretan erregistratu ez duelako ziurtagiri digitalik edo Cl@ve, laguntzaren ordainketa jasotzeko, transferentzia bidez ordaintzeko eskaera bat aurkeztu beharko du, inprimakia helbide honetatik hartuta: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-administrazioaren-inprimaki-orokorrak".

3.3. 6.2 oinarriari atal hauek gehitzen zaizkio:

q) Erantzukizunpeko adierazpena, non enpresak adierazten baitu dirulaguntza hauen onuradun izateko behar den izaera juridikoari eusten diola.

r) Lurrak edo eraikinak erosten badira, Jabetza Erregistroaren ohar soil bat erantsi beharko da. Eraikinetan inbertsioak egiten badira, obra lizentzia edo toki erakundearen adierazpena erantsi beharko da, lizentzia ez dela behar dioena. Era berean, ibilgailuetan inbertsioak egiten badira, ibilgailu horien fitxa teknikoaren eta zirkulazio-baimenaren kopia erantsi beharko da. Administrazio emakiden kasuan, emakidari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko da; jabetza industrialaren kasuan, patenteen erregistroaren dokumentazioa; merkataritza funtsaren edo eskualdatzeko eskubideen kasuan, kontratuaren kopia.

3.4. 16. oinarria ("De minimis araubidea") honela idatzita gelditzen da:

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, Europar Batasuneko estatu batek enpresa bakar bati emandako de minimis laguntzen zenbateko osoa ez da 300.000 eurotik gorakoa izanen hiru urteko edozein alditan.

16.2. Horretarako, enpresek hiru urteko edozein alditan jasotako beste minimis laguntzak aitortu behar dituzte".

4. 2024ra luzatutako 2023ko aurrekontuaren kargura erantzutea martxoaren 21eko 195E/2019 Ebazpenaren babesean aurkeztu eta 2023ko ekitaldian ebatzi gabe geratu ziren eskariei, oinarrietan ezarritakoaren arabera ebatzita; izan ere, aipatutako ebazpen horrek Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko egiten diren inbertsioetarako dirulaguntzak arautu zituen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko martxoaren 7an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2404437