66. ALDIZKARIA - 2024ko apirilaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2024 EBAZPENA, otsailaren 22koa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, irabazi-asmorik gabeko entitateei eta enpresei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, genero berdintasunaren eta kontziliazioaren arloko proiektuak gauzatu ditzaten. DDBN identifikazioa: 746016.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarri juridiko unibertsala da, giza eskubideei buruzko nazioarteko hainbat testutan aitortua, baita Europar Batasuneko funtsezko printzipioa ere, administrazio publikoek nahitaez bultzatu eta sustatu beharrekoa, politika aktiboen bidez, berdintasun printzipioa benetako bihurtzeko.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 5. artikuluak tratu eta aukera berdintasuna ezartzen du bai lan merkatuan sartzeari begira, baita lanbide prestakuntza eta sustapenari eta lan baldintzei dagokienez ere. Halaber, arau beraren 14.2 artikuluak aldarrikatzen du tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa integratu behar dela ekonomia, lan, gizarte, kultura eta arte politiketan, lanean bereizkeriarik izan ez dadin, eta ordainsari desberdintasunak ezabatzeko, baita emakumezko enpresaburuen ugaritzea bultzatzeko ere politiken eremu guztietan, eta emakumeen lanaren balioa indartzeko, etxeko lana barne.

Ildo horretan, 45.2 artikuluak ezartzen duenez, berrogeita hamar langile edo hortik gora dituzten enpresak beharturik daude berdintasun plan bat prestatu eta aplikatzera, eta hura Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzera (46. artikulua).

Berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan garatzen da aipatutako aurreikuspena, eta hartan ezarri ziren berdintasun planak eta organo legeztatuak negoziatzeko prozedura (5. artikulua) eta berdintasun planen gutxieneko edukia (8. artikulua). Lan arloko agintaritzak kontrolatuko ditu gai horiek, berdintasun plana Hitzarmen Kolektiboen, Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea eskatzen denean.

Emakumeen eta gizonen ordainsarien berdintasunari buruzko urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretuaren bidez, Langileen Estatutuaren 28.2 artikuluaren aurreikuspena garatzen da, eta enpresa guztiek beren plantilla osoaren ordainsari-erregistroa izan dezatela eskatzen da, zuzendaritzako kideak eta goi kargudunak barne. Berdintasun plana egiten duten enpresei dagokienez, ordainsariei buruzko auditoretza bat egitera behartzen ditu, auditoretzaren emaitzak, indarraldia eta aldizkakotasuna sar daitezen berdintasun planean, hori baita planen gutxieneko edukia, 901/2020 Errege Dekretuaren 8.2.d) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Diagnostikoa eta ordainsariei buruzko auditoretza aipatutako errege dekretuetan ezarritako arauzko betekizunak betez eginen badira, beharrezkoa da enpresen egoera aztertzea, eta lan hori ezagutza espezializatua eskatzen duen eginkizuna da, berdintasun plan bat behar bezala prestatzeko aurrez egin beharrekoa. Enpresetan, askotan, ez da izaten halako azterketak egiteko behar den profil teknikoa duen langilerik, ezta enpresen esparruan sexua dela-eta gerta daitezkeen desparekotasunak edo diskriminazioak –zuzenekoak nahiz zeharkakoak– prebenitzeko edo desagerrarazteko neurri egokiak eta jarduketak ezarri eta planifikatzeko gai denik ere, ez eta enpresak 3/2007 Lege Organikoak ezarritako berdintasun helburuak betetzeko behar dituen bitarteko eta baliabideak, helburu kualitatibo eta kuantitatiboak eta adierazleak ezartzeko ere.

901/2020 Errege Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen du berdintasun plana berrikusi beharko dela agerikoa denean ez datorrela bat lege eta erregelamenduen araberako betekizunekin; berrikuspen horrek diagnostikoa eta berdintasun planeko neurriak eguneratzea ekarriko du, behar den neurrian.

Ikusi da plantillan 10 eta 150 langile bitarte dituzten enpresa txiki eta ertainetan ez dagoela giza baliabide eta bitarteko ekonomiko nahikorik berdintasun planak gauzatzeko; horrexegatik, beharrezkotzat jotzen da esparru horretan kanpoko zerbitzu espezializatuak kontratatu daitezen sustatzea, zerbitzu horiek bidea emanen baitiete enpresei berdintasun plana idatzi aurretik egin beharreko diagnostiko eta ordainsariei buruzko auditoretza egiteko.

Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 1. artikuluak ezartzen du legearen xedea dela baldintzak sustatzea benetakoa eta eraginkorra izan dadin emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bizitzaren eremu eta etapa guztietan, Nafarroako Foru Komunitatean, eta, horretarako, genero ikuspegiaren zeharkakotasuna hartzen du politika publiko guztien informazio printzipiotzat. Orobat, 42.5 artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuak ekintzak sustatu eta bultzatuko dituela erantzunkidetasuna sustatzeko eta familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarriak izan daitezen ahalbidetzeko, emakumeen nahiz gizonen kasuan, eta 45.1.b) artikuluak, berriz, aurreikusten du ezen enpresaren eta lanaren arloan eskudun den departamentuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean, tresnak garatuko dituela berdintasun printzipioa aplikatzeko, gutxinaka, Nafarroako enpresa eta erakundeetan. Berebat, 48. eta 49. artikuluek ezartzen dute administrazio publikoek antolaketa aldatzeko prozesuak sustatuko dituztela, familia, lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitearren, eta jarduketak sustatuko dituztela, erantzunkidetasuna bultzatzeko.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko Zuzendaritza Nagusiaren eskumen esparruaren barruan dago "Nafarroako enpresetan aukera berdintasuna eta erantzunkidetasuna bultzatzea", Enpresaren Gizarte Erantzukizunaren eta Enpresa Ereduaren Atalaren bidez aukera berdintasuna eta erantzunkidetasuna sustatuz Nafarroako enpresetan (Eskubide Sozialetako Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuaren 21.g eta 24.c artikuluak).

Horregatik, laguntzen deialdi honen xedea da, alde batetik, Nafarroako enpresa txiki eta ertainetan eta lantokietan sustatzea nork bere borondatez ezartzea kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak, berdintasun planak idatzi aurreko diagnostikoa eta ordainsariei buruzko auditoretza egitea eta berdintasun arloko ekintzak gauzatzea, eta bestetik, laguntzea bete daitezen indarrean dauden berdintasun planetan finkatutako helburuak, 3/2007 Lege Organikoaren 49. artikuluan zehazturiko ildoari jarraituz, eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritakoak.

Dirulaguntza hau 2023-2025 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasoa dago (244. zenbakia).

Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateei eta enpresei dirulaguntzak emateko deialdi bat onestea, genero berdintasunaren eta kontziliazioaren arloko proiektuak gauzatu ditzaten 2024. urtean.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinetan jaso dira.

3. 250.000 euroko gastua baimentzea, 2024rako luzatutako 2023ko gastuen aurrekontuetako "Berdintasun eta kontziliazio proiektuak PE" izeneko 970000 97000 4819 494116 partidaren kargura, ebazpen honen ondoriozko konpromisoak betetzeko.

4. Baimendutako 250.000 euro horietatik 100.000 euro emanen dira Nafarroako entitate eta enpresetan kontziliaziorako metodologiak edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak finantzatzeko. Gainerako 150.000 euroak, berriz, laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko planen edo proiektuen garapena finantzatzeko erabiliko dira. III. eranskineko 2. oinarrian aipatzen diren enpresek ezin izanen dute eskuratu aurrekontuko partida honen %40 baino gehiago, hots, 100.000 euroko muga izanen dute.

Dirulaguntzaren bi lerroetako batean (berdintasun arloko metodologiak edo ekintzak) erabilgarri dagoen kreditua agortzen ez bada, geratzen den dirua beste lerroko ekintzak finantzatzeko erabiltzen ahalko da. Nolanahi ere, muga hau izanen da beti: enpresek ezin izanen dute jaso aurrekontu partidaren %40 baino gehiago.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2024ko otsailaren 22an.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

ERANSKINAK.–LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO ENTITATE EDO ENPRESETAN, 2024. URTEAN, KONTZILIAZIORAKO EDO GENERO BERDINTASUNA TXERTATZEKO METODOLOGIAK EZARRI, GARATU ETA APLIKATZEKO PROIEKTUETARAKO, ETA, OROBAT, BERDINTASUN ARLOKO EKINTZA PROIEKTUAK GARATZEKO LAGUNTZA EDO AHOLKULARITZA TEKNIKOKO KANPOKO ZERBITZUEN BIDEZ. OINARRI ARAUTZAILEAK

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRI KOMUNAK

1. oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea 10 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, horretarako Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ez eta telematikoki eta aipatutako fitxaren bitartez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ezin izanen dira zuzendu.

3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa II. eta III. eranskinetako 5. oinarrietan adierazitakoa izanen da, zein modalitate eskatzen den. Laguntzen fitxan dauden ereduak erabili beharko dira.

4. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Proiektuaren memoriari eta aurrekontu xehatuari buruzko dokumentazioa ezin izanen da zuzendu.

Aurrekoa gorabehera, Lan Zerbitzuak uste badu proiektua lausoa edo zehaztugabea dela, argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, betiere dirulaguntza eskatu dutenen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa errespetatuz, baina ezin izanen da aurkeztutako proiektua aldatu. Erantzuteko epea gehienez bost egun baliodunekoa izanen da.

2. oinarria.–Dirulaguntza emateko prozedura.

Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkezten diren eskaerak elkarren artean konparatuko dira lehentasun hurrenkera bat ezartzeko, deialdi honetako II. eta III. eranskinetako 6. oinarrietan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa II. eta III. eranskinetako 4. oinarrietan ezarritakoa izanen da, eta aurreko atalean ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituz emanen dira, harik eta deialdi honetarako aurrekontuan laguntza modalitate bakoitzerako erabilgarri dagoen kreditua agortzen den arte.

3. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak II. eta III. eranskinetako 6. oinarrietan ezarritako irizpideei jarraikiz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epealdi horretan berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

4. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

1. Onuradunek proiektua egin izana justifikatu beharko dute II. eta III. eranskinetako 7. oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, eskatu eta ematen den laguntzaren modalitatearen arabera.

2. Onuradunek aurkezten dituzten frogagiriak hizkera inklusiboan erredaktatu beharko dira. Orobat, pertsonei buruzko datuak sexuaren arabera bereizita eman beharko dira beti.

5. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean arautua, laguntzen fitxan eskura dagoen eredua erabiliz. Onuradunak ez badu betetzen gardentasunari buruz informatzeko betebehar hori, ez da ordainduko onartutako dirulaguntza.

b) Diruz lagundutako proiektua egitea eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala sartzea proiektuaren kargura prestatzen den materialean eta zabalkundekoan.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz, bai web korporatiboan bai diruz lagundutako proiektuaren gainean onuradunak prestatzen duen dokumentazioan.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua onartutakoaren %40tik beherakoa bada, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

6. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Frogagiriak aztertuta, organo kudeatzaileak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, frogatzen duena onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak, besteak beste gardentasunari buruzko adierazpena eta, behar bada, eskatutako dokumentazioa aurkeztu izana.

2. Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du hiru hilabeteko epean, frogagiriak aurkezten direnetik.

3. Onartutako dirulaguntza kobratzeko eskubidearen galera deklaratu, eta dagozkion zenbatekoak askatzen badira, halakoak erabiltzen ahalko dira behar adinako krediturik ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

7. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzen fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren barnean.

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb) eginen dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskatzaileak jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

8. oinarria.–Dirulaguntzaren bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz nazioartekoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria.–De minimis laguntza.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2023ko abenduaren 13an emandako 2023/2831 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2023ko abenduaren 15eko EBAO).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru urteko zerga-ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko urteko ekitaldian eta aurreko bi urteetako ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaeran.

10. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak argitaratuko dira, orobat, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko laguntzen fitxan.

11. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

II. ERANSKINA.–LAGUNTZEN DEIALDIA, NAFARROAKO ENTITATE EDO ENPRESETAN KONTZILIAZIORAKO EDO GENERO BERDINTASUNA TXERTATZEKO METODOLOGIAK EZARRI, GARATU ETA APLIKATZEKO PROIEKTUETARAKO

1. oinarria.–Xedea.

Irabazi-asmorik gabeko entitateentzako dirulaguntzak, Nafarroako entitate eta enpresetan kontziliaziorako edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak ezarri, garatu eta aplikatzeko.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradunak izan daitezke hurrengo betebeharrak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak eta enpresak:

a) Egoitza soziala Nafarroan izatea.

b) Langileek gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitate publiko edo pribatuek emana.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

d) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

e) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

f) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena jaso ez izana sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

g) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

h) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

2. 1. ataleko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan, ezin izanen dira onuradun izan zuzenbide publikoko erakundeez bestelako pertsona fisiko eta juridikoak, baldin eta irabazi-asmorik badute eta betetzen ez badituzte Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

Honako agiri hauen bidez frogatuko da bete egin direla ordainketa-epeak:

a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkezten ahal duten pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak. Egoera hori egiaztatzeko, b) letran aurreikusitako frogabideren bat ere erabil dezakete.

b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hauen bidez:

1. Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean (KAEO) inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiria, jasoko duena auditatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua, kontu horietatik ondorioztatzen denean lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak betetzeko maila, apartatu honetan zehaztutakoa (%90), oinarri hartuta uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.

Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2. Aurreko ziurtagiria ezin bada egin, KAEOn inskribatutako auditore batek egindako «Adostutako prozeduren gaineko txostena», non adieraziko baita ezen, berrikuspena eginda sozietatearen hornitzaileei erreferentziazko data batean ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bati (betetzea ziurtatzeko kontuan hartutako data deialdiaren argitalpen-data baino geroagokoa izan beharko da), ez dela salbuespenik detektatu abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko orduan, edo, halakorik detektatu bada, ez dutela eragozten hurrengo paragrafoan eskatzen den betetze-maila lortzea.

Ondorio horietarako, baldintza hori betetzat joko da 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzeko maila %90ekoa edo handiagoa denean (18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoa).

Nahi izanez gero, dokumentazio hori laguntza-eskaerarekin batera aurkezten ahalko da, eta, une horretan aurkeztu ezean, hilabeteko epea emanen da horretarako, dirulaguntza emateko ebazpenean. Hala ere, b) letrako dokumentazioa ezin bada lortu epe hori baino lehen, eskatu izanaren egiaztagiria aurkeztuko da, eta egiaztagiri hori eskuratu eta berehala aurkeztuko da.

Epe hori eskatutako dokumentazioa aurkeztu gabe iraganik, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira berariaz sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago zehaztuta sektore publiko instituzionala) eta Estatuko, Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatutako enpresa eta fundazio publikoak (lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian dago zehaztuta inbentario hori).

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuek bete beharreko baldintzak.

Diruz lagunduko dira kontziliaziorako edo genero berdintasuna txertatzeko metodologiak entitate edo enpresetan ezarri, garatu eta aplikatzeko proiektuak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Eskaera egiten duen irabazi-asmorik gabeko entitateak proiektuaren xede den metodologiaren titulartasuna izatea.

b) Azaldu beharko dute proiektuaren metodologia, edukia eta irismena, ezarpen, garapen eta aplikazio jarduketak bereizita eta, behar bada, jarraipenekoak.

c) Ekintzak 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte egitea.

d) Ekintza horiek Nafarroako entitate, enpresa edo lantokietan egitea. Hori frogatuko da proiektuan adieraziz zein enpresatan jardun nahi den, zehaztuz haien izen soziala, IFZ, helbidea eta plantilla, sexuaren arabera bereizita.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era bitarte fakturatzen eta ordaintzen badira:

a) Proiektua gauzatzera zuzenean bideratzen diren entitate onuradunaren langileen gastuak, hartan diharduten bitartean. Azaroko aseguru sozialetako gastuak onartzen ahalko dira baldin eta horien zenbatekoa agertzen bada 7. oinarriaren arabera aurkezten den dokumentazioan, eta gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkezten badira 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen.

b) Proiektuko ekintzak gauzatzeko aipatu langileen joan-etorrien gastuak, dagokion nominaren bidez ordainduko direnak.

c) Aurkeztutako proiektuko ekintzekin zerikusia duten edukien zabalkunde gastuak. Zabalkunde horretan ez da emakumea diskriminatzen duen irudirik emanen, eta berdintasuna eta rol aniztasuna sustatuko dira. Halaber, hizkera sexista erabiltzea saihestuko da diruz lagundutako proiektuaren gainean prestatzen den dokumentazio guztian.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitateen publizitaterako egindako gastuak, publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Lokalak alokatzeko gastuak eta hornidura-gastuak (ura, argia, gasa, telefonoa).

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira. Salbuespen hori berariaz frogatu beharko da, Nafarroako Ogasunak emandako egiaztagiri baten bidez.

3. Dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez ere 100.000 eurokoa izanen da urte bakoitzean proiektu bakoitzagatik.

5. oinarria.–Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, zein bere artxiboan, eta bakoitza bere izenarekin identifikaturik:

a) Proiektua, eduki hau izan beharko duena:

  • Metodologiaren deskribapena.
  • Helburuen deskribapena, jarraipen eta efikazia adierazleak barne.
  • Proiektuaren esparrua (genero berdintasuna edo kontziliazioa eta erantzunkidetasuna), proposatutako ekintzak zehaztuta.
  • Helburuak lortzeko garatu gogo diren ekintzen deskripzioa, aurreikusitako kronograma barne, jarduketa mota zehaztuta.
  • Entitate edo enpresa jakin batzuetan jarduketak edo bisitak egiteko plana. Bakoitzean adieraziko da besteren konturako langileak zein diren, sexuaren arabera bereizita, eta Nafarroako Lurralde Estrategiako zein eremutan dauden.
  • Entitate edo enpresetan metodologia aplikatzearen gaineko seinaleei edo identifikazio zigiluei buruzko azalpena, haiek lortzeko/emateko prozedura, mantentzeko prozedura, mantentzeko epea, jarraipena eta eraginkortasuna.

b) Memoria ekonomikoa eta aurrekontua, zehaztuta gastu diruz lagungarriak zein diren, bereizketa hau eginez:

  • Langileen gastuak, identifikatuz zer pertsona bideratuko diren proiektua gauzatzera, eta proiektuan emanen duten denbora, hilabeteka banatua; orobat, zehaztuko da beren lanalditik zenbateko portzentajea bideratu duten proiektua aurrera eramateko, zehaztuz zenbat ordu hilabetean eta prezioa orduko.
  • Aipatu langileen joan-etorrietarako aurreikusten diren gastuak.
  • Proiektuko ekintzen zabalkunde gastuak.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, 6 oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko diren alderdiei buruzkoa, laguntzen fitxako ereduaren araberakoa eta, proiektuari dagokionez, honako hauek bilduko dituena:

  • Metodologiaren titulartasuna akreditatzea.
  • Metodologia zenbat urtez aplikatzen ari den akreditatzea.
  • Proiektuaren irismena akreditatzea: enpresak, plantillak eta horietan egin behar diren ekintzak.
  • Enpresetan metodologia aplikatzearen gaineko seinalerik edo identifikazio zigilurik baduten akreditatzea.

Deklaratutako datuak bat etorriko dira proiektuaren edukian agertzen direnekin.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu. Halaber, ezin zuzenduzkoa izanen da proiektua edo memoria ekonomikoa ez aurkeztea.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Proiektuak baloratzeko orduan, irizpide hauek aplikatuko dira, oinarri hartuz entitateak erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan (laguntzen fitxan dago) deklaratutako datuak, zeinak, betiere, proiektuaren edukian agertzen direnekin bat etorri beharko baitira:

a) Azken 10 urteetan (2014tik 2023ra, biak barne), genero berdintasunaren eta/edo kontziliazioaren eta erantzunkidetasunaren arloan jarduketak egiten daukan esperientzia: 10 puntu gehienez. Puntu 1 emanen da esperientzia urte bakoitzeko.

b) Metodologia zenbat urtetan aplikatu den azken 10 urteetan (2014tik 2023ra, biak barne): 10 puntu gehienez. Puntu bat emanen da metodologia aplikatu den urte bakoitzeko.

c) Zein den proiektuaren aplikazio eremua, segun eta non kokatzen diren metodologian aurreikusitako ekintzak egin behar diren entitate, enpresa edo lantokiak, Nafarroako Lurralde Estrategian zehazturiko 10 eremuen arabera: 20 puntu gehienez.

Hauexek dira 10 eremu horiek: 1. eremua (Tuterako Erribera); 2. eremua (Argako eta Aragoiko Erribera); 3. eremua (Ebroko Erribera); 4. eremua (Lizarra); 5. eremua (Tafalla - Erriberri); 6. eremua: (Zangoza); 7. eremua (Pirinioak); 8. eremua (Baztan - Bidasoa); 9. eremua (Ipar-mendebaldeko Nafarroa); eta 10. eremua (Nafarroako eremu zentrala).

Proiektuan adieraziko da non kokatzen diren jarduketak egin diren entitateak, enpresak edo lantokiak, eremu geografikoen arabera sailkatuta. Eremu horiek puntuagarriak izateko, eremu bakoitzeko entitate edo enpresetan 2 jarduketa edo bisita egin behar dira. Puntuagarria den eremu geografiko bakoitzeko 2 puntu emanen dira.

d) Zenbat entitatetan edo enpresatan jardunen den: 20 puntu gehienez. Puntu bat emanen da entitate edo enpresa bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

e) Proiektuaren kalitatea: 30 puntu gehienez. Baloratuko dira planifikazioa (helburuen argitasuna eta deskribapena, eraginkortasunaren eta jarraipenaren gaineko adierazleak eta ekintza motak) eta metodologia.

f) Metodologia aplikatzen ari dela ziurtatzen duten identifikazio seinaleen (zigiluak edo bereizgarriak) aurreikuspena, eta horiek lortzeko/emateko eta mantentzeko prozedura, mantentze-epea, jarraipena eta eraginkortasuna: 10 puntu gehienez.

Gutxienez 40 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ezin dute dirulaguntzarik jaso.

2. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinduz gero, e) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da. Berdinketak jarraituz gero, c), d), f), a) eta b) letretan lortutako puntuazioa hartuko da kontuan, lehentasun ordena horren arabera, eta horrela hurrenez hurren, berdinketa desegin arte.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2024ko abenduaren 2ra arteko epea izanen dute proiektua justifikatzeko (egun hori barne): horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxaren bidez:

a) Memoria teknikoa, non justifikatuko baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua. Justifikatzeko memoria teknikoaren atalek bat egin behar dute dirulaguntza eskatzean aurkeztutako proiektuaren memoria teknikoan direnekin.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

  • Proiektuko ekintzak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, zehaztuz, batetik, beren lanalditik zenbateko portzentajea ematen duten proiektuari lotutako lanetan, eta bestetik, proiektuari egotzitako kostuaren kalkulua hilabeteka.
  • Proiektuari egotzitako nominak, bai eta nominak eta gizarte segurantzako kotizazioak ordaindu direla erakusten duten transferentzien eta banku laburpenaren kopia ere. Gizarte Segurantzako azaroko kostuak sartu nahi izatera, aurreikusitako zenbatekoa sartu beharko da, eta adieraziko da horren justifikazioa aurkeztuko dela 2024ko abenduaren 31 arte.
  • Joan-etorrien gastuen zerrenda, zer nominatan ordaintzen diren adierazita.
  • Aurkezten diren fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuak, eta haien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.
  • Fakturak eta ordainagiriak, dirulaguntza eskatzen duenaren izenean egon beharko direnak. Fakturen BEZa sartu nahi bada, adierazi egin beharko da berariaz, eta frogatu, dokumentu bidez, entitateak ezin duela ez berreskuratu ez konpentsatu aipatu BEZa.

c) Gizarte aseguruen azaroko ordainketa ez bada frogatzen 2025eko urtarrilaren 15a baino lehen, zilegi izanen da zenbateko hori itzultzeko prozedura abiatzea, berandutze-interesak barne.

III. ERANSKINA.–LAGUNTZEN DEIALDIA, BERDINTASUN ARLOKO EKINTZAK GAUZATZEKO PROIEKTUETARAKO, LAGUNTZA EDO AHOLKULARITZA TEKNIKOKO KANPOKO ZERBITZUEN BIDEZ

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntzak ematea irabazi-asmorik gabeko entitateei eta enpresei berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko proiektuak gara ditzaten laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Dirulaguntza hauen onuradunak izan daitezke hurrengo betebeharrak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateak eta enpresak:

a) Helbide soziala Nafarroan izatea edo lantokia Nafarroan kokatua egotea eta 10 eta 150 langile bitarteko plantilla izatea proiektuari lotutako enpresan edo lantokian.

b) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

c) Tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuta izatea. Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

d) Ebazpen irmo baten bidez zehapenik jaso ez izana laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan arau-hauste oso astun bat edo bi arau-hauste astun baino gehiago egiteagatik, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan.

e) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena jaso ez izana sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

f) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta, kasua bada, ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

Egoera horretan dauden entitateak eta enpresak laguntzen onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra beteta badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian aurreikusitako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.

g) Ingurumen arloan neurri zuzentzaileak eskatzen dituen zehapen irmorik jaso ez izana aurreko bi urteetan, eskaerak aurkezteko epearen azken egunetik hasita. Zehapena izan bada, zehapen organoaren txosten baten bidez egiaztatu behar da neurri horiek abian jarri direla eta bete dela neurriak aplikatzeko egutegia.

2. 1. ataleko betebeharrak egunean dituela egiaztatzeko, eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da, eta bertan baimena emanen zaio Lan Zerbitzuari adierazitako datuak kontsultatu eta egiaztatzeko.

3. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira berariaz sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateak (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan dago zehaztuta sektore publiko instituzionala) eta Estatuko, Autonomia Erkidegoetako eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatutako enpresa eta fundazio publikoak (lege horren zortzigarren xedapen gehigarrian dago zehaztuta inbentario hori).

3. oinarria.–Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuek bete beharreko baldintzak.

1. Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen bidez berdintasun arloko ekintzak gauzatzea helburu duten proiektuek jasotzen ahalko dute dirulaguntza, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Proiektuaren xedea izatea entitateari edo enpresari laguntza ematea berdintasun arloko ekintzak gauzatzeko, kontuan hartuz ekintza bakoitza planifikatzea, gauzatzea, jarraipena egitea eta ebaluatzea. Proiektuan garatu beharreko ekintzak modalitate hauetakoak izan daitezke:

–Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuarekin bat, plantillan 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa edo entitateek indarrean dituzten berdintasun planetan aurreikusitako ekintzak.

–Plantillan 10 eta 150 langile bitarte dituzten enpresa edo entitateen berdintasun arloko ekintzak, honako esparru hauetakoak badira bakarrik:

  • Egoeraren diagnostikoa, Berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
  • Sexu jazarpenari eta sexuagatiko jazarpenari aurrea hartu eta aurre egiteko protokoloen diseinua eta ezarpena.
  • Enpresako langileentzako prestakuntza eta/edo sentsibilizazio ekintzak, berdintasunaren eta erantzukidetasunaren arloan. Esparru horretan, egiaztatu beharko da plantillaren %50 gutxienez bertaratu dela prestakuntzara.
  • Laneko arriskuen prebentzioko azterketa, genero ikuspegiduna.

b) Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzu batek (kanpoko aholkularitza enpresa edo profesional batek), garatzea eta gauzatzea proiektua, eta hango langileek gutxienez 120 orduko prestakuntza izatea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan, erakunde publikoek edo unibertsitate publikoek nahiz pribatuek emana.

c) Kontratatutako zerbitzuek gutxienez 40 orduko iraupena izatea.

d) 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 8ra arteko epean egitea.

e) Jarraipen adierazleak izatea, gertatzen ahal diren desbideratzeak atzemateko, eta ebaluazio adierazleak, proiektua egin ondoren haren eraginkortasuna neurtzeko.

2. Entitate edo enpresa bakoitzak proiektu bakar bat aurkez dezake.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta laguntzaren zenbatekoa.

1. Aipatu proiektuetako gastu hauek bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, 2024ko urtarrilaren 1etik azaroaren 8ra bitarte fakturatzen eta ordaintzen badira:

a) Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuaren langileria gastuak, betiere proiektua gauzatzeko eginkizunetan zuzenean diharduten langileena.

b) Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuko langileek proiektuko ekintzak gauzatzeko egin beharreko joan-etorrien gastuak.

2. Ez dira diruz lagungarriak izanen:

a) Entitate edo enpresa onuradunen edo laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuen publizitate gastuak, publizitate horrek aurkeztutako proiektuaren edukiarekin loturarik ez badu.

b) Dirulaguntzaren onuradun diren entitateen edo enpresen plantillako edo kontratatutako langileen gastuak.

c) Gastu diruz lagungarriak justifikatzeko aurkezten dituen fakturen balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) zenbatekoa, salbu eta gastu horiek entitatearen aldetik berreskuratzekoak edo konpentsatzekoak ez badira. Salbuespen hori frogatu beharko da, Nafarroako Ogasunak emandako egiaztagiri baten bidez.

3. Hauxe da dirulaguntzaren zenbatekoa:

  • Aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren %100 (proiektuko 5.000 euro gehienez ere) plantillan 10 eta 49 langile bitarte dituzten enpresa eta entitateen kasuan.
  • Aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren %75 (proiektuko 10.000 euro gehienez ere) plantillan 50 eta 150 langile bitarte dituzten enpresa eta entitateen kasuan.

5. oinarria.–Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, eskaneatuta, zein bere artxiboan, eta bakoitza bere izenarekin identifikaturik:

a) Proiektua, eduki hau izan beharko duena:

  • Gauzatu beharreko ekintzen deskribapena, berdintasun planean aurreikusitakoekin lotuz, kasua bada; horretarako, adieraziko da berdintasun planaren zer orrialdetan eta ataletan dauden jasota ekintza horiek. Ekintza bakoitza gauzatzeko aurreikusten diren epeak ere adieraziko dira, planifikazioari, exekuzioari eta/edo jarraipenari eta ebaluazioari dagokienez.
  • Identifikatu behar da kanpoko zer enpresak edo profesionalek emanen duen laguntza edo aholkularitza teknikoko zerbitzua, eta adierazi behar da, orobat, proiektua gauzatzeko aurreikusitako ordu kopurua eta kronograma.
  • Proiektuaren exekuzioa jarraitzeko eta ebaluatzeko adierazleak zehaztu behar dira.

b) Memoria ekonomikoa eta aurrekontua, zehaztuta gastu diruz lagungarriak zein diren, bereizketa hau eginez:

  • Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzuko langileria gastuak.
  • Aipatu langileen joan-etorrietarako aurreikusten diren gastuak.

c) Behar den dokumentazioa, frogatzeko ezen laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman behar duen enpresak edo profesionalak baduela 3.1.b) eta 6.b) oinarrietan jasotako prestakuntza emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan. Ondorio horietarako, pertsona horien curriculumak aurkeztuko dira, haien prestakuntza frogatzen duten tituluekin batera, halakorik baldin badute.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, 6. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko diren alderdiei buruzkoa, laguntzen fitxako ereduaren araberakoa eta, proiektuari dagokionez, honako hauek bilduko dituena:

  • Gauzatuko diren ekintzen kopurua; bereizi beharko dira berdintasun plan batean aurreikusitakoak eta aurreikusi gabekoak.
  • Berdintasun planaren inskripzio zenbakia Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan.
  • Azken 5 urteetan izan duen parte-hartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo beste administrazio publiko batzuek 50 langiletik beherako enpresek berdintasun planak egin edo berraktibatu ditzaten deitutako dirulaguntza-prozeduretan.
  • Eskaera aurkezten den egunean gauzatuak dituen proiektuak edo gauzatze bidean daudenak, adierazita zer portzentaje dagoen gauzatua.
  • Enpresak edo entitateak InnovaRSE metodologiaren araberako iraunkortasun txosten bat egin izana azken 4 urteetan (2020, 2021, 2022 eta 2023).
  • 6. oinarriko g) puntua frogatzeko egoki jotzen diren agiriak.

2. Aurkeztutako dokumentazioak betebehar horiek betetzen ez baditu, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

3. Proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa denean, Lan Zerbitzuak eskatzaileari eskatzen ahalko dio eskaera berregiteko, proiektua eman daitekeen dirulaguntzaren arabera doitu dezan.

6. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Proiektuak ondoko irizpideen arabera baloratuko dira; horiek aplikatzeko kontuan hartuko dira entitateak edo enpresak erantzukizunpeko adierazpenaren ereduan (laguntzen fitxan dago) deklaratutako datuak (datu horiek bat etorri beharko dute proiektuaren edukian agertzen direnekin):

a) Gauzatu beharreko ekintzak: gehienez ere 20 puntu. 5 puntu emanen dira gauzatu beharreko ekintza bakoitzeko. Nahitaezkoa da gauzatze horrek honako fase hauek izatea: planifikazioa, exekuzioa eta/edo jarraipena eta ebaluazioa. Irizpide hau horrela baloratuko da harik eta 20 puntu lortu arte, hori baita irizpide honetarako puntuaziorik handiena.

b) Prestakuntza espezializatua: gehienez ere 15 puntu. Balorazio honetatik kanpo dago deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskatzen den gutxieneko prestakuntza (3.1.b oinarrikoa).

I.–5 puntu bitarte emanen dira kanpo aholkularitzako enpresa kontratatuaren langileek berariazko ikastaroak egin badituzte berdintasunaren arloan, erakunde publikoen edo unibertsitate publiko zein pribatuen eskutik.

1. Egiaztatutako ikastaro bakoitzeko 0,5 puntu emanen dira, baldin eta 30 ordutik gorakoak eta 49tik beherakoak badira. Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

2. Egiaztatutako ikastaroak 50 ordutik gorakoak badira, 1 puntu emanen da ikastaro bakoitzeko, eta 3 puntu gehienez ere.

II.–10 puntu emanen dira kanpo aholkularitzako enpresa kontratatuaren langileek berdintasun arloko graduondokoren bat egin badute (200 ordukoa gutxienez) erakunde publikoen edo unibertsitate publiko zein pribatuen eskutik.

c) Berdintasun plan bat erregistraturik edukitzea Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan: gehienez ere 15 puntu.

I.–Eskatzailea plantillan 50 langiletik gora dituen enpresa bat bada, 15 puntu lortzen ahalko ditu, baldin eta egiaztatzen badu deialdi honen aurretik berdintasun plan bat erregistratu duela Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan, eta plan hori indarrean badago eskaera aurkezteko unean.

II.–Eskatzailea plantillan 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bat bada, 15 puntu lortzen ahalko ditu, baldin eta egiaztatzen badu deialdi honen aurretik berdintasun plan bat erregistratu zuela Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan, eta gauzatzeko proposatzen dituen neurriak plan horretan badaude.

d) Azken 5 urteetan izan duen parte-hartzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo beste administrazio publiko batzuek berdintasun planak egiteko edo berraktibatzeko deitutako dirulaguntza-prozeduretan: 5 puntu. 5 puntu lortzeko, dirulaguntza ordaintzeko ebazpenaren kopia aurkeztu beharko du entitateak edo enpresak.

e) Eskaera aurkezten den egunean gauzatuak dauden proiektuak edo gauzatzen ari direnak: 20 puntu. 20 puntu emanen zaizkie eskaera aurkeztean gauzatuak dauden proiektuei, eta 10 puntu, berriz, gutxienez %50 gauzatua dutenei. Hori frogatzeko, eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko da, entitatearen edo enpresaren legezko ordezkaritzak sinatua, baita laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua ematen duen pertsonak edo haren ordezkaritzak sinatua ere.

f) Enpresak edo entitateak InnovaRSE metodologiaren araberako iraunkortasun txosten bat egin izana azken 4 urteetan (2020, 2021, 2022 eta 2023): 5 puntu. Hori frogatzeko, aski izanen da 5. oinarrian aipatzen den erantzukizunpeko adierazpenean adieraztea.

g) Eskaera aurkezten duen enpresak edo irabazi-asmorik gabeko entitateak berdintasunarekin duen konpromisoa (gehienez 20 puntu).

  • Enpresak/entitateak berdintasunaren alde egindako ibilbidea (berdintasuneko bereizgarriak, Reconcilia, Nazio Batuen Itun Globala), gehienez 10 puntu.
  • Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza organoetan, gehienez 5 puntu.
  • Emakumeen parte-hartzea langileen legezko ordezkaritzan, gehienez 5 puntu.

3. Proiektuei ematen zaien puntuazioan berdinduz gero, e) letran lortutako puntuazioa kontuan hartuta ebatziko da. Berdinketak badirau, a) ataleko puntuazioa baloratuko da, eta hala ere berdindurik jarraituz gero, hurrengo atalei begiratuko zaie, duten hurrenkeran.

7. oinarria.–Diruz lagundutako jarduketa justifikatzea.

Onuradunek 2024ko azaroaren 8ra arteko epea izanen dute proiektua justifikatzeko (egun hori barne): horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik:

a) Memoria teknikoa, non justifikatzen baita proiektua egin dela eta zenbateraino lortu den bilatzen zen helburua, bertan ezarritako eraginkortasunaren gaineko adierazleen arabera. Justifikatzeko memoria teknikoaren atalek bat egin behar dute dirulaguntza eskatzean aurkeztutako proiektuaren memoria teknikoan direnekin. Horrez gain:

  • Prestakuntza ekintzak egin direla justifikatzeko (betiere horrelako ekintzak gauzatzea aurreikusten denean), emandako prestakuntzari buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baita horietan izan diren pertsonen zerrenda izendunak ere.
  • Egoeraren diagnostikoa egin dela justifikatzeko, diagnostikoa aurkeztu beharko da memoria teknikoarekin batera.

b) Memoria ekonomikoa, honako hauek barne:

  • Laguntza eta aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman duen enpresak edo profesionalak luzatutako fakturen zerrenda, bakoitza bere zenbakiarekin, eta horiei dagozkien ordainagirien zerrenda korrelatiboa.
  • Fakturak eta ordainagiriak, entitate edo enpresa onuradunaren izenean. Fakturak kontzeptuz kontzeptu zehaztuak aurkeztuko dira, gastu diruz lagungarriak xehatuz (langileen gastuak, adieraziz fakturatutako orduen kopurua, joan-etorrien gastuak eta zabalkundeari dagozkion gastuak). Fakturen BEZa sartu nahi bada, adierazi egin beharko da berariaz, eta frogatu, Ogasuneko Departamentuaren ziurtagiriaren bidez, entitateak ezin duela ez berreskuratu ez konpentsatu BEZ hori.
  • Laguntza edo aholkularitza teknikoko kanpoko zerbitzua eman duen langile autonomoaren fakturan kendu den PFEZa ordaindu dela justifikatzeko, onuradunak Ogasunari aitortu eta ordaindu diola frogatzen duen agiria aurkeztu beharko du.

8. oinarria.–Onuradunen berariazko betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Enpresek eta/edo entitateek dirulaguntza hartzen badute egoeraren diagnostikoa egiteko (Berdintasun planak eta haien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, betiere), beharturik egonen dira plana 2024an idaztera eta hura behar bezala erregistratzera Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan.

2. Aurreko puntuan zehaztutakoa betetzen ez bada, Lan Zerbitzuak dirulaguntza itzultzeko dagokion prozedura abiatuko du, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan adierazitakoarekin bat.

Iragarkiaren kodea: F2404188