6. ALDIZKARIA - 2024ko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1789E/2023 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte ijito-komunitatean osasuna sustatzeko eta osasun-hezkuntzako programak egin ditzaten. DDBN identifikazioa: 725245.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu egin beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipaturiko Dirulaguntzen Foru Legean ezarritakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen deialdi honen xedea da fundazioek, gizarte-ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek ekintza espezifikoak egitea, herritarrek parte hartzea ahalbidetzen duen inguruabarretan, osasuna sustatzeko, mantentzeko eta prebenitzeko programak gauzatzeko, bat etorriz osasun-politikaren esparru orokorrean Osasun Departamentuak bultzatzen dituen jarraibideekin, bereziki, indarreko Osasun Planean, 2022-2025 Nafarroako Osasun Publikoaren Planean, Ijitoen berdintasunerako, inklusiorako eta partaidetzarako 2021-2030 Estrategia Nazionalean eta Nafarroako ijitoen garapenerako 2019-2022 Estrategian aipatutako helburuak betetzearekin bat datozen helburuak dituzten ekintzak, betiere lerrokaturik badaude Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak bizimoduei buruz emandako gomendioekin.

Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta legearen araberakoak direla deialdia eta oinarri arautzaileak.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluaren bidez, Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluaren bidez eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa onesten duen abuztuaren 30eko 68/2023 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte ijito-komunitatean osasuna sustatzeko eta osasun-hezkuntzako programak egin ditzaten, bat etorriz ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan jasotako oinarri arautzaileekin.

2. 336.000 euroko gastua baimentzea, 2024ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura, zeina "Ijito-komunitatearen osasuna sustatzeko programetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4819-313903 partidaren baliokidea baita (2023ko gastu-aurrekontukoa), betiere nahikoa kreditu baldin badago ebazpen honetatik sorturiko konpromisoei erantzuteko.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez, eta zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko ez da egin beharko beste deialdi bat. Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik. Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio bidea, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da haren aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta. Hilabeteko epea izanen da horretarako, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

5. Ebazpen hau Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren barneko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera helaraztea, baita Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Osasun Departamentuko Ogasuneko Kontu-hartzailetza Delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera ere, izan beharreko ondorioak izan ditzan.

Iruña, 2023ko azaroaren 21a. – Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

1. ERANSKINA.–FUNDAZIOEI, GIZARTE-EKIMENEKO KOOPERATIBEI
ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA, 2023KO ABENDUAREN 1ETIK 2024KO AZAROAREN 30ERA BITARTE IJITO-KOMUNITATEAN OSASUNA SUSTATZEKO ETA OSASUN-HEZKUNTZAKO PROGRAMAK EGIN DITZATEN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, ijito-komunitatean osasuna sustatzeko eta osasun-hezkuntzako programa komunitarioak gara ditzaten eskualdeko zerbitzu eta baliabideekin lankidetzan, bizimodu osasungarriak sustatzen dituzten eta ijito-komunitatearen baliabideak indartzen dituzten talde- eta komunitate-ekintzen bidez.

Ijito-komunitatean osasuna sustatzeko eta osasun-hezkuntzako programa komunitariotzat hartzen dira talde eta komunitateen osasuna laguntzera eta hobetzera bideratutakoak, eta, horretarako, haien arteko talde-dinamiketan oinarritzen direnak (talde informalak, elkarteak, baliabideak eta zerbitzuak, administrazio publikoak eta abar). Era berean, talde eta komunitate horien ahalmenak garatzea bilatzen dute, eta ongizatera eta bizi-kalitatera bideratutako ekintza- eta jarduera-aukerak sortzen laguntzen dute, betiere argi izanik funtsezkoa dela xede-komunitateko prozesuetan parte hartzea, bai eta gizarteko sektoreen arteko lan partekatua, hau da, sareko lana.

2. Entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen bidez ezartzen diren dirulaguntzen onuradunak izan daitezke behar diren erregistroetan inskribatutako fundazioak, gizarte-ekimeneko kooperatibak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak, baldin eta deialdiaren aldian Nafarroako Foru Komunitatean egiten badituzte osasuna zaintzeko, sustatzeko eta mantentzeko ekintzak edo programak, betiere Osasun Departamentuak zehazturiko lehentasunei jarraikiz.

Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egiten den egunean.

Entitate eskatzaileak ez dira egoten ahal dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.

Entitate pribatuek gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 8. oinarriaren arabera.

Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, haien berri ematea.

3. Diruz laguntzekoak diren gastuak, diruz laguntzekoak ez direnak eta laguntzen zenbatekoak.

1. Diruz laguntzen ahal diren gastuak:

a) Onuradunaren jardueraren, material suntsigarrien eta langileen gastuak, aurkezturiko proiektu edo programarekin zuzenean lotuta daudenak.

Lokalen alokairua eta funtzionamendu-gastuak jarduera gastuei dagozkiela ulertuko da, baldin eta jarduera garatzeko helburu bakarrarekin alokatzen bada eta ez bada partekatzen beste inorekin. Gastuok beste batzuekin partekatzen badira, diruz lagunduko da bakoitzak bere gain hartzen duen gastuaren zati proportzionala.

b) Onuradunaren funtzionamendu gastu orokorrak (langileak, lokalen mantentze-lanak, bulego-materiala, eta abar), baldin eta dirulaguntzaren xedeko programari loturik badaude eta behar bezala egiaztatzen badira.

Dirulaguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko dira finantza-gastuak, lege- edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario- eta erregistro-gastuak, dirulaguntza jaso duen proiektua egiteko peritu-gastuak eta berariazko administrazio-gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatzeko edo egikaritzeko. Bankuetako kontuen zor-interesak ez dira inoiz izanen diruz lagungarriak.

Dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean (obraren exekuzioaren kostua izanez gero), edo 12.000 eurotik gorakoa denean (ekipamendu-ondasunen horniduraren edo aholkularitza- edo laguntza-enpresen zerbitzuen kostua izanez gero), onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela, salbu eta, dirulaguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketenak behar adina ez badira, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

Gastu hauek ez dute izanen dirulaguntzarik:

a) Gastu inbentariagarriak; produktu bakar batean egindako 500 eurotik gorako gastuak hartuko dira halakotzat.

b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak.

c) Inbertsioak.

d) Onuradunaren beraren publizitateari edo sustapenari loturiko gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Instrukzio-organoaren ustez programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.

g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.

h) Inprimatutako materiala: inprimatutako materialetarako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, baldin eta instrukzio-organoaren iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.

i) Jardunaldi, kongresu eta kanpamentuetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.

j) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerak.

k) Lan-osasuneko eta lanbide-prestakuntzako jarduerak, salbu eta monitoreen eta boluntarioen kasuan.

3. Laguntzen zenbatekoa.

336.000 euroko gastua 2024ko aurrekontuetan gaitzen den aurrekontu-partidaren kargura eginen da, zeina "Ijito-komunitatearen osasuna sustatzeko programetarako dirulaguntzak" izeneko 520001-51200-4819-313903 partidaren baliokidea baita (2023ko gastu-aurrekontukoa), betiere nahikoa kreditu baldin badago ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

Orobat, 200.000 euroko zenbateko gehigarria finkatzen da gehienez, eta zenbateko hori dirulaguntzei aplikatzeko ez da egin beharko beste deialdi bat.

Zenbateko hori eraginkorra izan dadin, kreditu gehigarria baimendu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 a) artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzeagatik.

Gastu gehigarriaren igoera baimentzeak eta argitaratzeak ez dakar eskabideak aurkezteko beste epe bat irekitzea, ezta ebazpena eman eta dirulaguntzak eman direla jakinarazteko gehieneko epearen kontaketa berriz hastea ere.

4. Eskabideak.

1. Noiz eta non aurkeztu.

a) Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Eskabideak elektronikoki tramitatuko dira Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera "laguntzen fitxa"), "Tramitatu" aukeratuta (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo cl@ve.

Dokumentazioa agiri bereizitan aurkeztuko da, zein bere izenaz identifikatuta, eta laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak nahiz izenak aldatu gabe.

Eskabideek helbide elektroniko gaitu bakarra adieraziko dute, eta hura baliatuko da komunikazio eta jakinarazpenetarako kanal gisa Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalaren eta erakunde eskatzaileen artean.

c) Eskabideak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

d) Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

2. Aurkeztu beharreko agiriak.

Inprimakiak laguntzen fitxan egonen dira eskuragarri.

Gizarte-erakundeek gehienez hiru programa aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren dirulaguntza-deialdietara urte berean, eta programa bakarra dirulaguntza-lerro bakoitzeko.

a) Eskabide-orri ofiziala.

b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.

c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatuta eskatzailea, egoitza Nafarroan badu; egoitza Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo dutenen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzailearen ordezkariak egina, adierazten duena eskatzailea, haren administratzailea eta/edo ordezkaria ez daudela dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

f) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala beteta.

g) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 10. oinarriko 1. puntuan xedaturikoarekin bat, eskatzaileak oinarri horretan ezarritakoaren arabera aurkeztu beharko du dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik zuzkitu behar direla azaltzen duen dokumentazioa.

h) Eskatzailearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso duen adierazten duena.

i) Toki-erakundeak ordezkatzen dituzten gizarte-ekimeneko kooperatibek hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.ean xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri diren espedientea edo deialdia adierazten bada eta ez bada gertatu aldaketarik aurkeztu zirenez geroztik.

Eskabidea aurkezteak berekin dakar Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

3. Eskabidea zuzentzea.

Eskabideak ez baditu betetzen adierazi diren betebeharrak, instrukzio-organoak entitate interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio, hala egin ezean, haren eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 68. artikuluan xedatzen den bezala.

5. Prozeduraren instrukzio- eta ebazpen-organo eskudunak.

1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak izapidetuko ditu eskaerak, eta Gizarte Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atala izanen da instrukzio-organoa, zeinak dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen diren egiaztatuko baitu eta eskaerak ofizioz baloratuko baititu, deialdi honetan jasotakoari jarraikiz.

Instrukzio-organoak programak ebaluatu eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.

2. Osasuneko zuzendari nagusia da dirulaguntza-eskabideen prozedura ebazteko organo eskuduna. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie interesdunei, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, ezetsitzat joko dira eskabideak.

6. Dirulaguntzak emateko prozedura eta balioesteko arau orokorrak.

1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen dira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Eskabideak 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera baloratuko dira, deialdiaren 3. eranskinean ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

Ikusten bada programak edo jarduerak 3. oinarriaren 2. puntuaren arabera diruz laguntzekoak ez diren gastuak dituela, edo ez dagozkiola deialdi honen eremuari, horiek erretiratu eta berriz eginen da eskabidearen ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.

7. Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduerak eskabideetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, eta Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Osasun Departamentuari beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen betiere. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio-memoriarekin batera. Eskabidea egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan eta hura aldatzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat. Horren berri aurretiaz eman behar zaio instrukzio-organoari.

Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

d) Jarduerak gauzatu bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio-organoari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, hizkera inklusiboaren erabilera bermatuko da programa idazteko nahiz hedapen- eta betearazpen-proposamenak aurkezteko sortzen diren agiri eta material guztietan, eta bermatzekoak izanen dira, orobat, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-balioak, genero-rol ez-estereotipatuak eta zainketen erantzunkidetasuna azaltzen duten irudiak ere.

f) Jardueretan taldeko ariketa fisikoak proposatzen dituzten eskabideetan, teknikari zuzendariek Nafarroan kirol-lanbidean hasteko eta jarduteko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legean eskatzen diren kualifikazio profesionalak izan beharko dituzte.

g) Orobat, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

8. Gardentasun-betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde publikoen kontura dirulaguntzak lortzen dituzten erakunde pribatuek, baldin eta 20.000 eurotik gorakoa bada dirulaguntza horien urtebeteko zenbateko osoa (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa interpretatuta), edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko diru-sarrera guztien gutxienez %20 badira (eta 5.000 eurora iristen badira), gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoen osaerari, karguen zerrendari eta dedikazio-araubideari buruzko informazioa eman beharko dute, bai eta erakundeak kargu bakoitzarengatik jasotako ordainsari gordinei eta gainerako konpentsazio ekonomikoei buruzkoa ere, kontzeptuen arabera banakatuta. Orobat, urteko kontuak ere jakinaraziko dituzte, argitara eman ahal izateko.

Informazio hori dirulaguntzen fitxan ezarritako izapidearen bidez aurkeztuko da. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Muga kuantitatibo horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira.

Onuraduna ez badago behartua gardentasun-betebeharra betetzera, ez direlako gertatzen aurreikusitako inguruabarrak, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasi eta hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu egin beharko ditu, batetik, espedientea, eta, bestetik, dagokion dirulaguntza-deialdia.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekartzen ahal dituen zehapenak galarazi gabe, eginbeharrok bete ezean ordaindu gabe utziko da onartutako dirulaguntza, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, bai eta aurrerakinak ere, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9. Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero, haren berri eman beharko zaio dagokion instrukzio-organoari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.

Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketaren eskabideetan; gertatu bezain laster formulatuko dira eta dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen betiere. Aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta, bidezkoa bada, laguntza aldatuko da, eta, kasuaren arabera, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu-moten artean gehienez ere %5eko desbideraketa ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.

Onuraduna, berari egoztekoak ez diren gerora sortutako arrazoiengatik, ez bada gauza diruz lagundutako programetako bat garatzeko, jakinaren gainean jarriko du instrukzio-organoa. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kobratutakoa itzuliko du.

10. Dirulaguntza ordaintzea.

1. Ordainketa aurreratua.

Onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean beharrezkoa dela funts likidoen hornidura egitea dirulaguntzaren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emandako dirulaguntza.

Horretarako, dirulaguntza-eskabidearekin batera, aurreko urteko bukaerari dagokion kontu-egoeraren orria aurkeztu beharko da, bai eta 2024ko diru-sarreren eta gastuen mugimendu-aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.

Ordainketa aurreratua jaso duten erakundeen kasuan, 2024ko abenduaren 18an amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

2. Jarduera osorik justifikatu ondotik ordaintzea.

Erakundeak ez badu eskatzen ordainketa aurreraturik, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez eginen da ordainketa, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera egin ondotik.

Ordainketa aurreratua jaso ez duten erakundeen kasuan, 2024ko azaroaren 30ean amaituko da justifikazioa aurkezteko epea.

11. Dirulaguntza justifikatzea.

1. Memoria tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute justifikazioa, zeinean adieraziko baita egin dela jarduera eta zer gastu egin diren 2023ko abenduaren 1etik 2024ko azaroaren 30era bitartean.

2. Entitateak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, eredu ofizialean (laguntza-fitxan dago eskuragarri) eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Osasuna Sustatzeko eta Politika guztietan Txertatzeko Atalari zuzenduta.

3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari faktura eta ordainagirien kopia erantsiko zaio. Fakturak zerrenda zenbakitu batekin aurkeztuko dira, kontzeptuka xehatuta, euskarri informatikoan (kalkulu-orri elektronikoa). Fakturazio-betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakora egokituko dira.

Memoria ekonomikoak barnean hartuko du diruz lagundutako programaren gastua. Langileak kontratatuz gero, 2025eko otsailaren 5era arte onartzen ahalko da Gizarte Segurantzako eta PFEZeko gastuak aurkeztea.

4. Memoriak aurkezteko epea bukatu eta haiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondotik, kudeaketa-organoak itxi eginen du espedientea, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.

12. Azpikontratazioa.

Onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu diruz lagundutako jarduerak , diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, behar bezala justifikatzen bada.

Azpikontratazio-aurreikuspena nahitaez eta xehe zehaztu beharko da aurkezten diren eskabideetan.

Gastu diruz lagungarria 12.000 eurotik gorakoa bada, entitate onuradunak frogatu beharko du efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu duela enpresa hornitzailea, hiru hornitzaileren aurrekontu bana aurkeztuz, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 28.3 artikuluan xedaturikoarekin bat.

Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, dagokion idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa. Azpikontratazioetan, orobat, nahitaez betetzekoak izanen dira Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak.

Azpikontratatzen direnak onuradunaren mende soilik egonen dira, eta hark hartuko du bere gain diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa Administrazioaren aurrean.

Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da entitate onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea –hala nola monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten–, betiere entitate onuradunak egiten badu programaren plangintza eta jarraipena.

13. Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, salbu xede bererako erabiltzen ahal diren Osasun Departamentuaren beste dirulaguntza batzuekin.

Alabaina, administrazio publikoek, erakunde pribatu edo publikoek, partikularrek, eta estatukoek edo nazioartekoek programa bererako emandako dirulaguntza guztien zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere izanen haren kostu osoa baino handiagoa.

14. Itzulketa eta ez-betetzeak.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli egin beharko da, osorik edo partez, ez bada programa gauzatzen, ez badira betetzen dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo ez badira betetzen deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3. Onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

4. Behar den dokumentazioa ez bada aurkezten justifikazioa egiteko epeetan, baina bai ondoko 5 egun buruan, hauxe izanen da atzerapenagatiko penalizazioa: %5 murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Atzerapeneko seigarren egunetik aurrera, penalizazioa %1 handituko da igarotzen den egun bakoitzeko, 15 egunera arte gehienez ere.

15. Erantzukizuna eta zehapen-araubidea.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradun den entitatea Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen da, eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

16. Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

17. Bidezko diren administrazio-errekurtsoak.

Gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da aplikatzeko egintzen aurka, Osasuneko kontseilariari zuzenduta eta hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.

18. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/eu/ webgune ofizialean eta Espainiako Dirulaguntzen Datu Basean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

19. Datuen babesa.

Eskabidean eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web-helbide honetan: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa.

2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK

a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira: https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak. Bestela, berriz, haien lan-hitzarmenean indarra dutenak.

Proiektuari egotzitako langileen orduak zehaztu beharko dira, baita haien lanbide-kategoria eta hitzarmena ere.

b) Jardunaldi, irakaskuntza, prestakuntza, jarduera eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifak:

–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakasteko gehienekoa Foru Komunitateko administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.

Irakaskuntza-jarduera bat prestatzeko orduei dagokienez, 4 ordu izanen dira jarduera berriak egiteko/gauzatzeko ordu bakoitzeko, eta 2 ordu dagoeneko sortutako jardueretarako.

–Hitzaldiak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkia, zineforuma: gehienez ere 155 euro saio bakoitzeko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programako, salbu eta zenbait eskualde hartzen dituzten proiektuetan (behar bezala justifikatuta).

–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez ere 500 euro programako.

–Ariketa fisikoko taldeak: gehienez 250 euro taldeko hilean, eta, gehienez, 3 talde programako, salbu eta toki-erakundeek oinarrizko laguntzako zentroen laguntzarekin egiten dituzten programetan, zeinetan talde-kopurua oinarrizko laguntzako zentroek esaten dutenaren araberakoa izanen baita. Garraioa eskualdeko programetan soilik lagunduko da diruz.

–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programako.

–Paper-gauzetako gastua jardueretarako; gehienez 350 euro programako. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programako.

Eranskin honetan aurreikusitakoak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, horien beharra justifikatu beharko da, eta dagokion instrukzio-organoak onetsi beharko ditu jarduerak egin baino lehen. Bestela, eranskinean aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.

3. ERANSKINA.–PROGRAMEN BALORAZIOA

Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. apartatuan lortu beharko dira (programaren kalitatea).

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, ehuneko bat aplikatuko zaio programaren kostuari, lorturiko puntuak adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada eta aurrekontuan jasotakoaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren zenbatekoen arabera.

Balorazio-irizpideak.

Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:

1.–Aurkezturiko programa bat etortzea eta/edo osagarria izatea Osasun Departamentuaren lehentasunezko arlo eta helburuekin: 25 puntu gehienez.

1.1. Nafarroan edo estatuan indarrean dauden plan eta estrategiekin bat etortzea: 15 puntu gehienez. Hauexek dira kontuan hartuko diren plan eta estrategiak:

–Osasun Sistema Nazionalean osasuna eta prebentzioa sustatzeko estrategia.

–Nafarroan indarrean dagoen Osasun Plana, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuarena.

–Osasun Publikoaren 2022-2025eko Plana, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarena.

–Ijitoen berdintasunerako, inklusiorako eta partaidetzarako 2021-2030 Estrategia Nazionala.

–Nafarroan ijitoen garapenerako indarrean dagoen 2019-2022 aldirako estrategia.

Programak osasun-arloko gai hauetakoren bat lantzen ote duen baloratzen da:

–Gurasotasun positiboa: 15 puntu.

–Elikadura eta/edo ariketa fisikoa: 15 puntu.

–Segurtasuna eta istripuen prebentzioa: 15 puntu.

–Ongizate emozionala: 15 puntu.

–Tabakoa: 15 puntu.

–Beste norbait zaintzea eta nork bere burua zaintzea: 15 puntu.

–Ijitoen aurkako jarrerak: 15 puntu.

Programak gai bakar bati heltzen badio, dagokion puntuazio guztia esleituko zaio. Gai bati baino gehiagori heltzen badie lehentasun mailak ezarrita, batez besteko puntuazioa esleituko zaio.

1.2. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eta Osasun Departamentuaren lehentasunezko osasun-helburuak: 5 puntu gehienez.

–Haurtzaroko eta/edo zahartzaroko bizi-etapetan lan eginez gero: 5 puntu.

1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea: 5 puntu gehienez.

–Genero-ikuspegia kontuan hartzea: puntu 1.

–Desberdintasun sozioekonomikoak kontuan hartzea: puntu 1.

–Jarduketak herritar baztertuekin: puntu 1.

–Jarduketak haurrekin eta nerabeekin: puntu 1.

–Jarduketak zaharrekin: puntu 1.

2.–Aurkeztutako proiektuaren kalitatea: 40 puntu gehienez.

2.1. Hasierako egoeraren deskripzioa eta helburuak: 13 puntu gehienez.

–Egoeraren deskripzioa eta beharraren justifikazioa: 7 puntu gehienez.

–Hasierako egoera eta erantzun nahi diren osasun-premiak behar adina deskribatzen badira edo programaren beharra justifikatzen bada: 7 puntu.

–Partzialki deskribatuz gero: 3 puntu.

–Helburuen formulazioa: 3 puntu gehienez.

–Formulatzen diren helburu orokorrak eta berariazkoak garrantzitsuak, zehatzak eta argiak izatea: 3 puntu.

–Helburu orokorrak formulatuz gero: puntu 1.

–Kalitatea eta beharretarako egokiak izatea: 3 puntu gehienez.

–Helburuak beharretarako egokiak izanez gero: 3 puntu.

–Partzialki egokiak izanez gero: puntu 1.

2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu gehienez.

–Atzemateko eta motibatzeko estrategiak eta/edo jarduerak: 3 puntu gehienez.

–Erabiltzen badira: 3 puntu.

–Populazio onuraduna: 5 puntu gehienez.

-20 pertsona edo gehiago: 5 puntu.

–20 pertsona baino gutxiago: 3 puntu.

–Iraupena: 5 puntu gehienez.

–10 ordu baino gehiago: 5 puntu.

–10 ordu edo gutxiago: 3 puntu.

2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu gehienez.

–Osasuna sustatzeko erabilitako estrategiak (biztanleriari buruzko informazioa, talde-osasunerako hezkuntza, esku-hartze komunitarioak, inguruneko neurriak):

  • Estrategia bat erabiltzen bada: puntu 1.
  • 2 estrategia erabiltzen badira: 2 puntu.
  • 2 estrategia baino gehiago erabiltzen badira: 5 puntu.

–Jardueren deskribapena:

  • Jarduerak oso-osorik deskribatuz gero (zer, nola, noiz, iraupena): 3 puntu.
  • Partzialki deskribatuz gero: puntu 1.

–Egokitasuna:

  • Jarduerak helburuetarako, populazio onuradunarentzat eta estrategietarako egokiak izanez gero: 3 puntu.
  • Partzialki egokiak izanez gero: puntu 1.
  • Ebaluazioa: 3 puntu gehienez.
  • Ebaluazioan zer, nola, nork eta noiz eginen den azalduz gero: 3 puntu.
  • Partzialki azalduz gero: puntu 1.

3.–Entitateak programa aurrera eramateko duen egokitasun-maila: 35 puntu gehienez.

3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin, behar bezala arrazoitua eta/edo justifikatua: 9 puntu gehienez.

–Entitate eskatzaileaz gain, beste 2 entitatek/zerbitzuk/baliabidek baino gehiagok parte hartzen badute: 9 puntu.

–2 entitate/zerbitzu/baliabidek parte hartuz gero: 6 puntu.

–Entitate/zerbitzu/baliabide batek parte hartuz gero: 3 puntu.

3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea eta autolaguntza sustatzea: 9 puntu gehienez.

–Xede-populazioak programaren diseinuan parte hartuz gero: 5 puntu.

–Proiektuaren garapenean parte hartu behar badu: 3 puntu.

–Gizarte-ekintzako entitatea bada: 4 puntu.

3.3. Entitatearen lankidetza eta erantzunkidetasuna (entitatearen beste programa batzuk osasun-programarekin elkarlanean aritzea): 5 puntu, gehienez.

–Programa batean lankidetzan jardutea: puntu 1.

–Bi programatan lankidetzan jardutea: 2 puntu.

–Bi programatan baino gehiagotan lankidetzan jardutea: 5 puntu.

3.4. Programa gauzatzeko gaitasun teknikoa: 6 puntu gehienez.

–Entitatearen ibilbide historikoa proiektuekin bat badator: 3 puntu gehienez.

–Baliabideak programarako egokiak izatea: 3 puntu gehienez.

3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu gehienez.

–Proiektuan zerbait egiten badute: 3 puntu.

–Halakorik badago: puntu 1.

3.6. Lokal publikoak erabiltzea edo/eta baliabideak eta lokalak beste entitate batzuekin partekatzea: 3 puntu gehienez.

Iragarkiaren kodea: F2316872