54. ALDIZKARIA - 2024ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

50/2024 EBAZPENA, otsailaren 29koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia onesten duena 2023-2024 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 746828.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea; izan ere, printzipio hori betetzeko dauden tresnarik eraginkorrenetako bat dira bekak eta laguntzak.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu da onestea 2023-2024 ikasturterako hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen deialdia 2023-2024 ikasturterako, I. eranskinaren oinarriekin bat.

2. 445.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2024ra luzatu diren 2023ko gastu-aurrekontuetako "Hezkuntza Berezirako Laguntzak" izeneko 420004-42700-4809-322400 aurrekontu-partidaren kargura. Zenbateko hori handitzen ahalko da, baldin eta partidari diru gehiago esleitzen bazaio 2024ko Nafarroako aurrekontu orokorrak onetsitakoan.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Beka Bulegora, Argibide eta Prestakuntza Bulegora eta Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko otsailaren 29an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA.–DEIALDIAREN OINARRIAK

Jarraian adierazitako oinarriek hezkuntza bereziko beken eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzen 2023-2024 ikasturteko deialdia erregulatuko dute, eta nahitaez bete beharko dira.

Lehen atalean, hezkuntza bereziko beken xedea eta bete beharreko baldintzak zehazten dira; bigarren atalean, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak; eta, azkenik, hirugarren atalean, bien oinarri komunak zehazten dira.

I.–HEZKUNTZA BEREZIKO BEKAK

Lehen oinarria.–Onuradunak.

Hezkuntza bereziko bekak Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren ondoko Hezkuntzan: beka hauen xedea da behar duten eskatzaileei laguntzea, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko (NHEBZ) programek proposaturik, honako hauetako batean edozein maila edo gradutako ikasketak egiteagatik sortutako gastuak ordain ditzaten: Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, egitura espezifikoetan (garai batean Hezkuntza Bereziko ikastetxeen gela alternatiboak eta/edo egokitzapen unitateak zirenak), berariazko curriculumeko unitateetan (BCU), Lanbide Heziketa Bereziko zikloetan (LHBZ) eta mugitzeko nahiz entzuteko desgaitasuna duten ikasleak lehentasunez integratzeko ikastetxe arruntetan.

Bekak honako kontzeptu hauetarako eskatzen ahal dira:

–Jantokia.

–Garraioa.

–Egoitza.

Beka lortu nahi duten ikasleek ezin izanen dute laguntzarik eskatu, honako hauek izan ezik:

–Haur Hezkuntzako ikasleak, psikomotrizitaterako.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak, baldin eta komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larria badute eta, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko Batzorde Teknikoaren oniritzia izanik, Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eskolatuak badaude honako egitura hauetako batean: berariazko curriculumeko unitateak (BCU), egitura espezifikoak (garai batean Bigarren Hezkuntzako Hezkuntza Bereziko ikastetxeen gela alternatiboak zirenak) eta lehentasunezko ikastetxeak.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Eskatzen diren baldintzak betez gero, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren 2023-2024 ikasturterako beka eskatu beharko da aurretik. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo beka horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak beka eskatu ez izanaren arrazoia adieraziko du. Horretarako, deialdi honetako V. eranskina beteko du, eta arrazoi hori behar bezala justifikatuko, batzorde teknikoak baloratu dezan.

2. Beka hauek eskatzeko, lehenengo oinarrian aipatutako baldintzak bete beharko dira eta eskaera egiten den egunean helbidea Nafarroan izan beharko da.

3. Adinari buruzko baldintzak: ikasleek 3 eta 21 urte bitarteko adina izan beharko dute 2023ko abenduaren 31n.

4. Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira, bakar-bakarrik, atal honetan adierazitako kontzeptuetan 2023ko irailetik 2024ko ekainera egindako gastuak.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko baldintza ekonomikoak.

1. Beka jaso dezakete 2022. urtean 18.000 euroko per capita errenta familiarra gainditu ez duten familia-unitateetako kideek, edo 2022. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera behartuta egon ez direnek. Per capita errenta kalkulatzeko, familia-unitateko kideen errenta aitorpenen zerga oinarriak batuko dira, eta, hala badagokio, epailearen erabakiz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak deskontatuko dira (errenta aitorpenaren 507 eta 8841 laukien batura eta 511 laukia kenduta). Hori guztia familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz zatituko da.

2. Baldintza hori ez da eskatuko hezkuntza bereziko ikastetxeetarako eskola garraioaren beken kasuan.

3. Salbuespen gisa, 1. puntuko baldintza ekonomiko hori ez da aintzat hartuko kasu hauetan: Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroak (NHEBZ) proposaturik, egitura espezifikoetan –hau da, garai batean Hezkuntza Bereziko ikastetxeen gela alternatiboak (GA) eta/edo egokitzapen unitateak (EU/AEN) zirenetan– eskolatuak dauden ikasleentzako jantokiko beken kasuan.

4. Eskaera aurkezten den egunerako, 2022. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu badira, familia-unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, harekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztuko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzorde teknikoak baloratu ahal izateko.

Laugarren oinarria.–Bekak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, Hezkuntza Bereziko bekak ematen ahalko dira, kontzeptu hauengatik eta gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

a) Jantokia: 500 euro bitarte. Muga hori ez da kontuan hartuko egitura espezifikoetan, hau da, garai batean Hezkuntza Bereziko ikastetxeen gela alternatiboak (GA) eta/edo egokitzapen unitateak (EU/AEN) zirenetan. Nolanahi ere, familiek 199,50 euroko gastua hartuko dute beren gain.

b) Garraioa: 2.500 euro gehienez.

Eskola autobusa edo zerbitzu erregularreko garraioa erabiltzen direnean, zerbitzu hori erabiltzean sortutako benetako gastuaren arabera zehaztuko da zenbatekoa.

Gainerako kasuetan, honela kalkulatuko da: udalerrien arteko distantzia (km), bider distantzia hori egunero egin beharreko aldien kopurua (joan-etorria), bider ikastetxera joandako egunen kopurua (175 eskola egun, gehienez ere), bider 0,34 euro (km-aren kostua).

Garraiobidea ibilgailu partikularra bada eta bi eskatzailek edo gehiagok partekatzen badute, gasturako beka eskatzaile horien artean banatuko da.

c) Egoitza: 1.800 euro gehienez ere, baldin eta 30 kilometro baino gehiago badaude familiaren etxetik ikastetxera. Laguntza hori eta jantokiko beka bateraezinak dira.

2. Bekak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Beketan, dirulaguntza kalkulatzean kontuan izanen da zer muga zehaztu diren aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako. Onartutako eskaera guztien zenbatekoak gainditzen badu deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradunen artean hainbanatuko da bekak emateko proposamenean.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. 2023-2024 ikasturterako bekak eskatzeko, www.nafarroa.eus web orrian dagoen eskabide eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidez identifikatzeak ematen du hartarako sarbidea: ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, Cl@ve sistema edo EDUCA.

Eskabidea bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, beka eskaera aurkeztuta eta sinatuta geldituko da ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskabide eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Telematika bidez betetzen diren eskabideen kasuan, ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez dutenak.

Eskabidearekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztuko dira, kalitate egokian eskaneatuak, ongi irakurtzeko moduan.

Beka eskaera, halaber, paperean aurkezten ahal da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskabidea behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da kasu guztietan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Beken eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio, ongi irakurtzeko moduan:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NAN/AIZren fotokopia. Agiri horiek ez dituzten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

b) Familia-liburu osoaren fotokopia edo etxebizitzan bizi den familia-unitateko kide bakoitzaren erregistro elektroniko indibiduala. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik badaude edo tutoreak badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren kargura dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia-unitateko kideek 2022an aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Eskatzailearen familia-unitateak ez badu egin 2022. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, egoera hori egiaztatzen duen agiria erantsi beharko du, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egina.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiri eguneratua (erroldatze ziurtagiria); agiri horrek hiru hilabeteko indarraldia du.

f) Banku-titulartasunaren ziurtagiria.

g) III. eranskina.

h) V. eranskina: Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren bekarik eskatu ez bada, justifikazioa jasotzen duen eranskina.

i) Eskaera paperean aurkeztuz gero: beka eskatzeko inprimakia.

3. Edonola ere, eskatzen diren baldintzak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahal zaizkie eskatzaileei.

II.–HEZKUNTZA-LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUZTEN IKASLEENTZAKO LAGUNTZAK

Lehen oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolatuak dauden eta honako hezkuntza-laguntzako berariazko premia hauek dituzten ikasleentzako laguntzak:

–Desgaitasun intelektualari, AENri, komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larriari, entzuteko desgaitasunari, ikusteko desgaitasunari, mugitzeko desgaitasunari eta jokabidearen nahasmendu larriari lotutako hezkuntza premia bereziak.

–Heltze-atzerapena Haur Hezkuntzako etapan.

–Adimen gaitasun handia izateagatik ikastetxeko prestakuntza osatzeko jarduerak behar izatea.

–Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua, 5 urtetik aurrera logopedia-arreta behar duena.

–Arreta-defizita (AFHN), arlo instrumentaletan ikasturte bateko edo gehiagoko curriculum atzerapena eragiten duena, betiere hezkuntza-errefortzuko programak (HEP) eta curriculumean sartzeko neurriak aplikatzen ari badira eta Educan HEP + Sartzeko neurriak dituela jaso bada.

–Ikasteko nahasmendua, larritasun maila ertain edo larrikoa, ukitutako trebetasunetan ikasturte bateko edo gehiagoko curriculum atzerapena eragiten duena, betiere curriculumean sartzeko neurriak eta errefortzu neurriak aplikatzen ari badira eta Educan HEP + Sartzeko neurriak dituela jaso bada.

Kasu horietan guztietan, txosten psikopedagogikoa eta, kasua bada, txosten medikoa beharko da.

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Derrigorrezkoaren ondoko Hezkuntzan, honako hauek espresuki baztertzen dira:

–Lehen Hezkuntzako lehen zikloan teknika instrumentalak ikasteko laguntzak.

–Ospitaleetan edo etxean berean arreta emateko programetan arreta jasotzen duten ikasleentzako laguntzak.

–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako logopedia laguntzak, salbu eta komunikazioaren eta hizkuntzaren nahasmendu larria badute eta, Nafarroako Hezkuntza Ekitaterako Baliabide Zentroko Batzorde Teknikoaren oniritzia izanik, Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan eskolatuak badaude honako egitura hauetako batean: berariazko curriculumeko unitateak (BCU), egitura espezifikoak (garai batean Bigarren Hezkuntzako Hezkuntza Bereziko ikastetxeen gela alternatiboak zirenak) eta lehentasunezko ikastetxeak.

–Logopediako arreta ahotsaren eta erritmoaren nahasmenduetarako (disfoniak, disfemiak...).

–Psikoterapiako tratamenduak, psikomotrizitateko tratamenduak, fisioterapiako tratamenduak edo optometriako tratamenduak. Eskolatik kanpoko bestelako tratamenduak.

Psikomotrizitateko tratamenduak Haur Hezkuntzako etapan laguntzen ahal dira, baina ez besteetan.

Kasu guztietan, laguntzatik kanpo geratzen dira ikastetxean bertan tratatzen ahal diren arazoak, dela aniztasunari erantzuteko neurrien bidez, dela aniztasunari erantzuteko ohiko edo ohiz kanpoko baliabide pertsonalen bidez.

2. Desgaitasuna izanik, derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza ez-unibertsitarioan ari diren ikasleentzako laguntza: desgaitasun intelektuala, sentsoriala edo mugitzekoa edo nahasmendu mental larria duten ikasleak, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe batean eskolatuak badaude, laguntza pedagogiko berezia edo garraio egokitua behar dutenean.

Hauexek osatzen dute derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza ez-unibertsitarioa:

–Batxilergoa.

–Erdi mailako eta goi mailako Lanbide Heziketa.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak, hala erdi mailakoak nola goi mailakoak.

–Erdi mailako eta goi mailako Kirol Irakaskuntzak.

Bigarren oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

1. Eskatzen diren baldintzak betez gero, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren 2023-2024 ikasturterako laguntza eskatu beharko da aurretik. Baldintza horiek betetzen ez badira, edo laguntza horien epean salbuespenezko inguruabarrengatik betetzen ez badira, eskatzaileak beka eskatu ez izanaren arrazoia adieraziko du. Horretarako, deialdi honetako V. eranskina beteko du, eta arrazoi hori behar bezala justifikatuko, batzorde teknikoak baloratu dezan.

2. Laguntza hauek eskatzeko, ezinbestekoa da lehenengo oinarrian kasu bakoitzerako adierazten diren hezkuntza-laguntzako berariazko premiak izatea eta eskaera egiten denean helbidea Nafarroan izatea.

3. Adinari buruzko baldintzak:

a) Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituztenentzako laguntzak jasotzeko, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta DBHn eskolatuak dauden ikasleek 3 eta 18 urte bitarteko adina izan beharko dute 2023ko abenduaren 31n.

b) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzarako laguntzak jasotzeko, ikasleek 16 eta 21 urte bitarteko adina izan beharko dute 2023ko abenduaren 31n.

4. Gastu diruz lagungarritzat joko dira, bakar-bakarrik, oinarri honetan adierazitako kontzeptuetarako 2023ko irailetik 2024ko ekainera egindakoak.

Hirugarren oinarria.–Onuradun izateko baldintza ekonomikoak.

1. Laguntza jaso dezakete 2022. urtean familiaren per capita errenta 18.000 euro baino handiagoa izan ez duten familia-unitateetako kideek, edo 2022. urteko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera behartuak egon ez direnek. Per capita errenta kalkulatzeko, familia-unitateko kideen errenta aitorpenen zerga oinarriak batuko dira, eta, hala badagokio, epailearen erabakiz ezkontidearen alde ordaindutako konpentsazio pentsioak deskontatuko dira (errenta aitorpenaren 507 eta 8841 laukien batura eta 511 laukia kenduta). Hori guztia familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz zatituko da.

2. Eskaera aurkezten den egunerako, 2022. urteko diru-sarrera aitortuak asko murriztu badira, familia-unitatean errentak jasotzen dituzten kideetako bat hil delako edo lanerako ezintasun nahiz langabezia egoeran dagoelako, eskatzaileak hori espresuki adieraziko du eskaerari erantsitako orri batean eta, harekin batera, egoera berria frogatzen duten agiriak aurkeztuko ditu, deialdia ebazteko izendatutako batzorde teknikoak baloratu ahal izateko.

Laugarren oinarria.–Laguntzak. Gehieneko zenbatekoak.

1. Aurreko baldintzak betez gero, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak ematen ahalko dira, kontzeptu hauengatik eta gehieneko diru kopuru hauek gainditu gabe:

1.1. Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako edo DBHko ikasleentzako laguntzak:

a) Hezkuntza-premientzako laguntza: 1.300 euro gehienez.

b) Goi mailako gaitasunak dituztenentzako laguntza: 700 euro gehienez.

c) Psikomotrizitateko tratamenduak, Haur Hezkuntzako ikasleentzat bakarrik: 1.300 euro gehienez.

d) Hezkuntza-laguntzako zentrora joateko garraioa: 500 euro gehienez ere, bizilekutik 8 kilometrotik gorako distantzia badago.

1.2. Desgaitasuna izanik, derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza ez-unibertsitarioan ari diren ikasleentzako laguntzak:

a) Laguntza: 1.500 euro bitarte.

b) Hezkuntza-laguntzako zentrora joateko garraioa: 500 euro bitarte, bizilekutik 8 kilometrotik gorako distantzia badago.

2. Laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da. Laguntzen kasuan, aurreko puntuetan modalitate bakoitzerako zehazten diren mugen barruan kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa. Onartutako eskaera guztien zenbatekoak gainditzen badu deialdi honetarako baimendutako gehieneko gastua, salbuespen gisa, dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa onuradunen artean hainbanatuko da laguntzak emateko proposamenean.

Bosgarren oinarria.–Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. 2023-2024 ikasturterako laguntzak eskatzeko, www.nafarroa.eus web orrian dagoen eskabide eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidez identifikatzeak ematen du hartarako sarbidea: ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa, Cl@ve sistema edo EDUCA.

Eskabidea bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, laguntza eskaera aurkeztuta eta sinatuta geldituko da ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskabide eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Telematika bidez betetzen diren eskabideen kasuan, ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez dutenak.

Eskabidearekin batera, jatorrizko dokumentuak aurkeztuko dira, kalitate egokian eskaneatuak, ongi irakurtzeko moduan.

Laguntza eskaera, halaber, paperean aurkezten ahal da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskabidea behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Eskaera aurkezteko 20 egun balioduneko epea izanen da kasu guztietan, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2. Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako eta, desgaitasuna izanik, derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza ez-unibertsitarioan ari diren ikasleentzako laguntzen kasuan, honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio eskabideari, ongi irakurtzeko moduan:

a) Aitaren, amaren edo tutorearen NAN/AIZren fotokopia. Agiri horiek ez dituzten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

b) Familia-liburu osoaren fotokopia edo etxebizitzan bizi den familia-unitateko kide bakoitzaren erregistro elektroniko indibiduala. Ikaslearen gurasoak bereizirik edo dibortziaturik badaude edo tutoreak badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren kargura dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Eskatzailearen familia-unitateko kideek 2022an aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, bi gurasoen aitorpenen fotokopia.

d) Eskatzailearen familia-unitateak ez badu egin 2022. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, egoera hori egiaztatzen duen agiria erantsi beharko du, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak egina.

e) Familiaren bizilekuaren ziurtagiri eguneratua (erroldatze ziurtagiria); agiri horrek hiru hilabeteko indarraldia du.

f) Banku-titulartasunaren ziurtagiria.

g) IV. eranskina.

h) V. eranskina: Hezkuntza eta Kultura Ministerioaren bekarik eskatu ez bada, justifikazioa jasotzen duen eranskina.

i) Laguntza-zerbitzua emanen duen entitatearen txostena, programaren laburpena eta dagokion ikastetxearekiko koordinazioa aipatuta, eta laguntzaren kostuaren aurrekontua ziurtatzen duen agiria.

j) Eskaera paperean aurkezten bada: laguntza eskatzeko inprimakia.

3. Desgaitasuna izanik derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza ez-unibertsitarioan aritzen diren ikasleentzako laguntza jasotzeko eskaeren kasuan, aurrekoez gainera, honako agiri hauek ere aurkeztuko dira:

a) Laguntza pedagogikoa ematearen aldeko txostena, ikastetxeko orientazio departamentuak egina.

b) Desgaitasun mailaren kalifikazioaren ziurtagiria, adierazten duena desgaitasun intelektualaren edo ikusteko, entzuteko edo mugitzeko desgaitasunaren gradua %33koa edo handiagoa dela.

c) Nahasmendu mental larria duten ikasleen kasuan, ziurtagiri medikoa.

4. Edonola ere, eskatzen diren baldintzak justifikatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko zaizkie eskatzaileei.

III.–OINARRI AMANKOMUNAK BAI HEZKUNTZA BEREZIKO BEKETARAKO, BAIHEZKUNTZA-LAGUNTZAKO BERARIAZKO PREMIAK DITUZTEN IKASLEENTZAKO LAGUNTZETARAKO

Lehen oinarria.–Deialdiaren izaera.

Beka eta laguntzetarako deialdi hau Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren deialdiaren osagarria da, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko zaio Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari.

Bigarren oinarria.–Organo eskudunak.

1. Hezkuntza bereziko bekak eta hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzako laguntzak Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebaluazio batzordeak eginen duen txostena oinarri harturik.

2. Batzorde horrek kide hauek izanen ditu:

a) Inklusio Ataleko burua.

b) Hezkuntza Premien Bulegoko burua.

c) Orientazio Bulegoko burua.

d) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.

e) Komunitatearentzako zerbitzuetako langile bat, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroari (NHBBZ) atxikia.

f) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikari bat (arlo juridikoa).

3. Hezkuntza Departamentuak, espedienteak aztertu ondoren eta horietan agertzen diren datuak egiaztatzeko asmoz, dokumentazioa, txostenak edo argibide osagarriak eska ditzake, beharrezkoak badira.

Hirugarren oinarria.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako bekak eta laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako edozein organok, beste administrazio publiko batzuek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo partikularrek helburu beretarako emandako beka eta laguntzekin.

2. Hala ere, emandako laguntzak, bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin baturik, ez du gaindituko onuradunek eginiko jardueraren kostua.

Laugarren oinarria.–Prozedura eta erreklamazioak.

1. Eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta ikastetxeei eta eskatzaileei jakinaraziko zaie posta elektroniko bidez.

Gainera, emandako beken eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahal diote Hezkuntza Departamentuko Inklusio Atalari, 10 egun balioduneko epean, ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Horretarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bide erabiltzen ahalko dute.

3. Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin betiko zerrenda, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako, eta posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie ikastetxeei eta eskatzaileei.

Gainera, emandako beken eta laguntzen zerrenda hori ikastetxean berean eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuan kontsultatzen ahalko da.

4. Onartu eta baztertutako beka eta laguntzen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Bosgarren oinarria.–Beken eta laguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Laguntzak eta bekak kobratzeko, onuradunek egindako gastuak eta ordainketak justifikatu beharko dituzte. Justifikazioa aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Jakinarazpena egiteko, emandako eta ukatutako beken eta laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren web-orrian. Justifikatzeko dokumentuak aurkezteko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein erabiliko da. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Garraio, jantoki eta egoitzako beken kasuan, ikastetxeak egindako ziurtagiria, non adieraziko baita ikaslea ikastetxera joan dela ordainketa eskatu den egunera arte eta egunean dituela behar diren zenbatekoen ordainketak.

Garraioaren kasuan, honela eginen da:

–Eskola autobusa: ordainketaren ziurtagiria, ikastetxeak egina, ordaindutako zenbatekoa zehaztuta.

–Zerbitzu erregularreko garraioa eta norberaren ibilgailua: bertaratutako egunen ziurtagiria, ikastetxeak egina.

–Taxia: zerbitzu horregatik ordaindutako fakturak emanen dira.

b) Laguntzen kasuan, behar bezala egiaztaturiko zer zentro edo profesionalek eman dion arreta, harexek egindako ziurtagiria, honako hauek jasoko dituena: nolako arreta eman zaion, guztira zenbat saiotan, saio bakoitzaren iraupena, zer hilabetetan eman zaion arreta eta guztira zenbat ordaindu den horregatik.

2. Beka eta laguntzak ordaintzeko baimena Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen da, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, eta eskatzaileari ordainduko zaio eskaeran adierazitako bankuaren bitartez.

3. Nolanahi ere, beken eta laguntzen azken ordainketa egiteko, oinarri honetan zehazten diren frogagiriak aurkeztu behar dira.

Seigarren oinarria.–Laguntzak itzultzea.

1. Onuradunek edozein unetan gal ditzakete hartutako laguntzak; horretarako, eskabidean adierazi ziren eta laguntza emateko oinarritzat hartu ziren datuen egiazkotasuna frogatzeko espedientea ireki beharko da. Espediente horri Hezkuntza Departamentuak emanen dio hasiera, eta hark ebatziko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz.

2. Espedientearen ondorioz laguntza itzuli behar dela erabakiz gero, jasotako diru kopuruak itzuli beharko dira, deusetan galarazi gabe eskatzaileak izaten ahal dituen erantzukizun administratibo, zibil eta penalak.

Zazpigarren oinarria.–Hezkuntzako etapa bakoitzerako gehieneko gastua.

Guztirako gehieneko gastua, 445.000 eurokoa baita, honela banatuko da hezkuntzako etapen artean:

a) Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza: 260.000 euro.

b) Haur Hezkuntza: 165.000 euro.

c) Derrigorrezkoaren ondoko hezkuntza: 20.000 euro.

Kontuan hartuta deialdi honen helburua aukera berdintasunaren printzipioari laguntzea dela, etaparen batean soberakinik badago, gainerako etapetan erabiltzen ahalko da, oinarri honetan agertzen den lehentasun hurrenkerari jarraituz.

Zortzigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasita.

II. ERANSKINA.–ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA

Eskaera aurkeztuz eskatzaileak adierazten du:

1. Onartzen dituela beka edo laguntza deialdi honen oinarriak.

2. Jakin badakiela deialdi hau Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren deialdiaren osagarri dela, eta, edozein administrazio edo entitate publiko nahiz pribatutatik beste beka bat eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari.

3. Baldintzak betetzeari dagokionez: ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan aipatzen diren egoeretatik bakar batean ere, hau da:

–Ez dagoela gabetua, epai irmo bidez ezarritako kondenaren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukeraz.

–Ez duela eskatu konkurtso-deklarazioa, ez dutela kaudimengabe deklaratu inolako prozeduratan, ez dagoela konkurtso-deklarazio baten pean, ez dagoela inolako esku-hartze judizialen mende eta ez dela desgaitua izan Konkurtsoei buruzko Legearen arabera, non ez den bukatu konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako desgaikuntza aldia.

–Ez duela inoiz eragin Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmorik kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

–Ez duela indarreko araudian ezarritako bateraezintasunik.

–Ez duela egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotzen den herrialde edo lurralde batean.

–Ebazpen irmo batean ezarritako zehapenaren ondorioz, ez dagoela gabeturik dirulaguntzak lortzeko aukeraz, foru lege honetan edo tributuei buruzko lege orokorretan xedatutakoari jarraikiz.

–Egunean dituela Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak eta zerga arlokoak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

4. Datuen eguneratzeari dagokionez: hitz ematen duela adierazpen honetan zehazten diren laguntzen gainean gertatzen den edozein aldaketa departamentu honi adieraziko diola idatziz, jakinarazten denetik 15 egun naturaleko epean, eta helburu bererako laguntza eskatu dien gainerako entitate publikoei ere adieraziko diela.

5. Eskaera honetan emandako datuen egiazkotasunari dagokionez: aitortzen du eskaera honetan emandako datuak benetakoak direla, eta, faltsuak edo desegokiak izanez gero, etor daitezkeen erantzukizun guztiak onartzen dituela.

6. Informaziorako sarbideari dagokionez:

–Eskatzaileak baimena ematen diola, espresuki, deialdia egin duen administrazio unitateari telematika bidez lor ditzan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzeari buruzko datuak, bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren 6. artikuluan ezarritakoarekin (2018ko 294. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 6koa) eta otsailaren 21eko 209/2003 Errege Dekretuan xedatutakoarekin (2003ko 51. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 28koa), non arautzen baitira erregistro eta jakinarazpen telematikoak eta baliabide telematikoen erabilera, herritarrek ziurtagiriak ekarri beharrean horrelakoak erabil ditzaten.

–Eskabidean adierazitako datuak fitxategi automatizatu batean erregistratzen ahalko dira, horien kudeaketa eta tratamendu estatistikoa hobeki egiteko asmoz.

Nahi izanez gero, datuetan sartzeko eta haiek zuzentzeko, ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, eramateko eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzakezu, zeinak ezarri baitira Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan.

7. Laguntza eskaera aurkezteak berekin dakar hezkuntza administrazioei baimena ematea beste administrazio publiko batzuei edo edozein erakunderi informazioa eskatzeko, laguntza eskaera ebazteko beharrezkoak diren datu guztiak zehaztu, ezagutu eta egiazta ditzaten (identifikazio datuak, inguruabar pertsonalak, akademikoak eta familiakoak, eta errentari eta ondareari buruzko datuak).

8. Hezkuntza Departamentuak zilegi du onuradunei buruzko identifikazio datuak eta haien ikasketei, beken zenbatekoei eta laguntzak eman edo ukatzeko kontzeptuei buruzkoak lagatzea Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioari, udalei, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari eta ikastetxeei.

9. Ez dagoela sartuta Nafarroako Foru Administrazioak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste dirulaguntza edo laguntza bat dela kausa irekitako diru itzulketa edo zehapen prozedura batean.

10. Badituela eskaerarekin batera aurkeztutako datu guztiak egiaztatzen dituzten jatorrizko frogagiriak, eta horiek ere aurkeztuko dituela horretarako errekerimendua egiten bazaio.

III. ERANSKINA, IV. ERANSKINA ETA V. ERANSKINA

Nafarroako Gobernuaren tramiteen fitxa (gaztelaniaz):

https://www.navarra.es/es/tramites/on/-/line/becas-de-educacion-especial-y-ayudas-para-alumnado-con-necesidades-especificas-de-apoyo-educativo

Nafarroako Gobernuaren tramiteen fitxa (euskaraz):

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/hezkuntza-bereziko-bekak-eta-hezkuntza-laguntzako-berariazko-premiak-dituzten-ikasleendako-laguntzak

Iragarkiaren kodea: F2403757