41. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

14/2024 FORU DEKRETUA, otsailaren 14koa, zeinaren bidez onesten baita nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat Ribaforadako udalerrian, Ribaforada II ("Aguas Rodadas") eremuan lurzatiak biltzeko eta ureztalurrak modernizatzeko, eta jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen baita.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 11ko 483/2017 Foru Aginduaren bidez, Ribaforada II (Ureztalurrak) eremuan nekazaritzako azpiegituretako jarduketak hastea onetsi zen, bat etorriz Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean xedatutakoarekin.

Ribaforada II (Ureztalurrak) eremuan, "Aguas Rodadas" edo "El Monte" izeneko grabitate bidezko ureztapeneko lurrak (Lodosako ubideko Aguas Rodadaseko ureztatzaileen elkarteak kudeatuak) eta "La Dehesa" grabitate bidezko ureztapeneko lurrak (kasuan kasuko ureztatzaileen elkarteak kudeatuak) daude.

Bi eremuak behin betiko bereiztea erabaki da, eta bi jarduketa bereizi egitea, elkarrengandik hurbil badaude ere.

Ekainaren 15eko 61/2022 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat onetsi zen Ribaforadako udalerrian, Ribaforada II ("La Dehesa") eremuan lurzatiak biltzeko eta ureztalurrak modernizatzeko, eta jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratu zen.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 2ko 66E/2024 Ebazpenaren bidez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendari Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako "Ribaforada II - Aguas Rodadas" eremuko lurzatiak biltzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 12. artikuluak ezartzen du Nafarroako Gobernuari dagokiola nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat onestea, eta hori foru dekretu baten bidez eginen duela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak proposatuta.

Horiek horrela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko otsailaren hamalauan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Onespena.

Onestea Ribaforadako udalerrian, Ribaforada II ("Aguas Rodadas") eremuan, lurzatiak biltzeko eta ureztalurrak modernizatzeko egin asmo den nekazaritzako azpiegituretako jarduketa, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legean ezarritako moduan.

2. Onura publikoaren eta presaz egin beharraren deklarazioa.

Ribaforada II ("Aguas Rodadas") eremuan lurzatiak biltzeko eta ureztalurrak modernizatzeko egin asmo den nekazaritzako azpiegituretako jarduketaren onura publikoa eta presaz egin beharra deklaratzen da, ondasunak eta eskubideak desjabetzeko, aldi baterako eta betiko okupatzeko eta bidezkoak diren zortasun iraunkorrak edo aldi baterakoak sortzeko.

3. Egin asmo diren jarduketen azalpena.

Aurreikusitako modernizazioa, nagusiki, ureztapen sistema aldatuz eginen da, grabitate bidezko egungo ureztapenetik presio bidezko ureztapenera pasatuta. Aurreikusitako modernizazioaren zati txiki batean grabitate bidezko ureztapen sistema mantenduko da.

Eremuko nekazaritza azpiegituren gaineko jarduketan sartzen dira, lehenik, lurzatien biltzea ureztapenak eskatzen duen egiturari egokitzeko obrak, eta, bigarrenik, modernizaziorako beharrezkoak diren obrak.

Modernizazio obren barnean, alde batetik, presio bidezko ureztapeneko eremurako obrak bereizi behar dira, honako hauek egitea ekarriko dutenak: Lodosako ubidearen deribazio obra, erregulazio putzua, itxarote putzua, ponpatze estazioa, bulkada hodia, parke fotovoltaikoa eta beharrezko instalazio elektrikoak, baita ureztapen unitateak hornitzen dituzten hidranteetarainoko banaketa sarea ere; azken horiek lurzatiko ureztapen sistemen parekotzat joko dira, eta nekazaritzako interes pribatuko obren kalifikazioa emanen zaie. Halaber, egungo bide sarea eta saneamendua hobetuko dira.

Bestetik, uholde bidezko ureztapenerako, lurrak sistematizatu eta erreten sarea egin beharko da, jarduketatik kanpo geldituko diren bi baratze eremuak hornituko dituztenak barne.

4. Ingurumen arloko alderdiak.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 2ko 66E/2024 Ebazpenaren bidez, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendari Nagusiak (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua) sustatutako "Ribaforada II - Aguas Rodadas" eremuko lurzatiak biltzeko eta ureztalurrak modernizatzeko proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen. Deklarazio horretan ezartzen da jarduera egin beharko dela espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoan jasotzen diren baldintzen arabera, eta, horrez gain, beste zenbait baldintza ere bete behar direla, arlo hauekin loturikoak: landaredia naturala eta nahitaez kontserbatu beharreko natura balioak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak, balio arkeologikoak, beharrezkoak diren obrako materialak eta soberakinak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena, ingurumena zaintzeko programa eta ingurumenaren arloko balioei buruzko informazioa ematea titularrei.

5. Erabili beharreko prozedura.

Eremu honetako lurzatiak biltzeko, prozedura arrunta erabiliko da, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluaren IV. kapituluan jasota dagoena.

6. Jarduketaren lurralde-eremua mugatzea.

"Aguas Rodadas" eremua, "El Monte" ere esaten zaiona, Ebro ibarrean dago geografikoki, Nafarroako Foru Komunitatearen alderik hegoaldeenekoan. Iruñetik 105 km-ra dago, eta Tuteratik 14 km-ra. Eremuak 1.473 ha-ko azalera gordina du osotara.

Lodosako ubideko Aguas Rodadaseko ureztatzaileen elkarteak kudeatzen ditu "El Monte" eremuko ureztalurrak, han dauden ur aprobetxamenduen titularra baita. Aprobetxamendu horien egungo hartuneak Lodosako ubidearen gainean daude.

Presio bidezko ureztapen sistemara aldatuta modernizatuko den eremuak 1156,75 ha-ko azalera du, eta Ribaforadako udal mugartearen zati handi bat hartzen du. Zehazki, Aragoiko Ubide Inperialaren eta Lodosako ubidearen arteko lurrak, salbu eta hirigunea, familia-baratzeen eremua, industrialdeak eta uholde bidezko ureztapeneko eremuak.

Ureztapen sistema aldatu gabe modernizatuko den eremuak, non erreten bidezko ureztapenari eutsiko zaion, 238,79 ha du eta bi alderditan banatzen da:

–Lehenengoa, 49,40 hektareakoa, "El Ginestar" parajean dago, A-68 autobiaren hegoaldera, eta Fontellasko udal mugartea du mugakide mendebaldean eta hegoaldean.

–Bigarrenak 189,39 hektarea du eta "Las Dehesicas" eta "Campo del Moro" parajeen zati bat hartzen du. Lodosako ubidearen (hegoaldean), A-68 autobiaren (iparraldean), Buñuelgo udal mugartearen (ekialdean) eta eremuaren mendebaldean (A-68 autobiaren eta Lodosako ubidearen artean) eraikiko den bidearen artean kokatuta dago.

Jarduketa eremuko mugak dira:

–Iparraldean: Ubide Inperiala eta Ribaforadako hirigunea eta industrialdea.

–Hegoaldean: Lodosako ubidea.

–Ekialdean: Buñuelgo udal mugartea.

–Mendebaldean: Fontellasko udal mugartea, Ribaforadako industrialdea eta A-68 autobia.

Azpiegituretako jarduketaren perimetroa aldatzen ahalko da Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.4 eta 17.a artikuluetan xedatutakoaren arabera.

7. Ustiatzeko oinarrizko azalerak zehaztea.

Ribaforada II ("Aguas Rodadas") eremuan lehorreko lurrak ustiatzeko oinarrizko azaleren goiko eta beheko mugak 200 eta 40 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Ribaforada II ("Aguas Rodadas") eremuan ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azaleren goiko eta beheko mugak 25 eta 5 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko lurren eta ureztalurren arteko bihurketa-indizea 8,0 da.

Ureztalurrak ustiatzeko oinarrizko azaleraren beheko muga ureztatzeko oinarrizko azalera izanen da.

8. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak lehorreko lurretan 40 hektarea izanen dira, eta ureztalurretan 5 hektarea.

9. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluak.

Lurren Funtsaren esleipendunek ordaindu beharreko prezioa finkatzean lurren balioa ezartzeko, nekazaritza sozietateak eratzean ekarritako lursailak baloratzeko, bai eta ustiatzeko oinarrizko azalerak eratzeko eta nekazaritza ustiategiak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzeko ere, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat etorriz, lurzatiak biltzeko oinarrietan lehenengo mailakotzat sailkatutako lurrei aplikatu beharreko modulua, eremu honetarako, izanen da ekainaren 17ko 39/2015 Foru Dekretuan adierazten den lehenengo mailako lurren balioa (foru dekretu horrek azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretua aldatzen du, Nafarroako Foru Komunitatean dauden zenbait ondasun higiezin baloratzeko prozedura onetsi zuena, balorazioa egiteko merkatuan duten batez besteko prezioa egiaztatzeko metodoa erabiliz, oinordetza eta dohaintzen gaineko zergaren eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kudeaketan aplikatzeko). Bigarren mailatik aurrera sailkatutako lurrei aplikatu beharreko moduluak lortzeko, berriz, lehen mailako modulua biderkatuko da lurzatiak biltzeari buruzko arauetan zehazten diren kasuan kasuko konpentsazio koefizienteekin.

10. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinaraztea.

11. Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

12. Adieraztea foru dekretu honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka errekurtso hauetariko bat jartzen ahal dela:

–Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, foru dekretua jakinarazi edo Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2024ko otsailaren 14an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2402655