35. ALDIZKARIA - 2024ko otsailaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2024 FORU AGINDUA, urtarrilaren 26koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2024. urterako eguneratzen baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan ezarritako zenbatekoak, alargun eta erretiro pentsioengatiko kenkariei dagozkienak.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluak alargun eta erretiro pentsioengatiko kenkariak arautzen ditu, eta A).4.Hirugarrena eta B).4.Laugarrena apartatuetan jasotzen ditu, hurrenez hurren, kasu bakoitzean aplikagarria den kenkaria kalkulatzeko zenbatekoak eta kenkaria aplikatzeko aukera ematen duen errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak.

2018 eta 2019rako egindako eguneratzeei jarraikiz, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluko B).4.Laugarrena apartatuan ezarritakoarekin bat, kotizaziopeko erretiro pentsioengatiko kenkarirako oinarritzat hartu beharreko zenbatekoak eta kenkari horretan errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak parekatu ziren, 2019rako, alargun pentsioengatiko kenkarietan kontuan hartzen diren zenbatekoekin.

Hurrengo urteetan, zenbatekoa Nafarroako KPIaren igoeraren eta Nafarroako batez besteko soldaten artean balio handiena aurreko urteko zenbatekoari aplikatzetik datorrena izanen da, erregelamenduz ezartzen den moduan, eta modu berean eguneratuko dira errenta mugaren kalkulurako kontuan hartu beharreko zenbatekoak.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 57.bis.2 artikuluak ezartzen duenez, zergari buruzko Foru Legearen 68.A) 4. Hirugarrena) eta 68.B) 4. Laugarrena) artikuluan ezarritako zenbatekoak eguneratuko dira zerga arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez, eta eguneraketak urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorioak. Eguneratze portzentajea balio hauetako handiena izanen da: Nafarroan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) izandako urteko batez besteko igoera eta Nafarroako batez besteko soldatek izandakoa, lan kostuen gaineko hiru hilean behingo inkestan jasotzen den soldaten kostu arruntaren arabera kalkulatuta, aurreko urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoetan eta urte horren aurreko urteko azken hiruhilekoan izandakoa kontuan hartuta, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. Bi adierazle horien bariazio tasak negatiboak diren aldietarako, eguneratze portzentajea zero izanen da.

Estatistikako Institutu Nazionalak 2024ko urtarrilaren 15ean argitaratutako datuen arabera, Nafarroako KPIaren urteko batez besteko igoera ehuneko 3,65ekoa izan da Nafarroan 2023an.

Bestalde, lan kostuen gaineko hiru hilean behingo inkestaren datuen arabera, soldaten kostu arrunta, 2023ko lehendabiziko hiru hiruhilekoak eta 2022ko azkena kontuan hartuta, ehuneko 6,38 handitu da. Datu horiek Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu ditu.

Beraz, 2024rako eguneratu behar dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluan jasotako zenbatekoak, artikuluan bertan ezarritakoaren arabera, aipatutako bi adierazle horien balioetako altuena hartuta, Nafarroan soldaten kostuak izandako igoerari dagokiona, kontuan hartuta 2023ko lehen hiruhilekoak eta 2022ko azkena.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. 2024. urterako eguneratzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan ezarritako zenbatekoak, eta ehuneko 6,38ko igoera aplikatzea, Nafarroan, 2023ko lehen hiruhilekoak eta 2022ko azkena kontuan hartuta, soldaten kostuak izan duen igoerari dagokiona. Foru Lege horren testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

2023

ZENBATEKOEN IGOERA 2024

Kenkaria kalkulatzeko zenbatekoa

11.826,70

%6,38

12.581,24

Banakako errenta muga

20.322,98

%6,38

21.619,59

Baterako errenta muga

23.652,96

%6,38

25.162,02

2. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusira igortzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko urtarrilaren 26an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2401499